5. AGERRALDIA
(Argiak piztean, bertaren ama dago egongelako leihotik kalera begira. Pentsakor, isilean dago. clitemnestra sartuko da, eskuan buztinezko pitxer batekin)
CLITEMNESTRA: Andrea... (amak goibel begiratuko dio) Phytoi [28] honetan, sukaldean beti hotza dagoen armairu horretatik hartutako ur moduko edari laranja bat daukat. Zergatik ez dugu apur bat edaten, kyboi-an [29] jolasten dugun bitartean?
AMA: Ze, Menestra? (Triste dago, pentsakizunetan murgildua)
CLITEMNESTRA: Zatoz. (Besotik helduko dio) Kyboi-an jolastuko dugu.
(Beste eskuan dakarren dado jolasa erakutsiko dio)
(Sofan eseriko dira eta mahai gaineko traste guztiak lurrean utzita, dado jokoan jolasten hasiko dira hitz egiten duten bitartean)
AMA: Zenbat denbora dado jokoan ibili gabe! Txikitan Bertari asko gustatzen zitzaion. Zer egiten zen fitxa hauekin?
CLITEMNESTRA: Symbolon [30] horiek, jokaldia irabazten duenari ematen zaizkio. Gureak askoz politagoak dira, astunagoak. Baina bueno, bota.
(Jolasean dabiltzan bitartean, laranja zukua edango dute)
CLITEMNESTRA: Haserre al zaude?
AMA: Ez ba, penatua Menestra. Bere buruaz baino ez da kezkatzen. Bi urte alargundu nintzela eta bakar-bakarrik nago ni ere. Senarra eta biok elkarrekin egon garen urte mordo hauetan, beste inoren beharrik ez genuen sentitu eta orain, bera falta izatean... Inguru bat egin izan bagenu... Egoera ikusita, ez diot Bertari asko eskatzen.
CLITEMNESTRA: Ez, badakit.
AMA: (Jokoan jarraituz) Nire garaian ez zen horrela.
CLITEMNESTRA: Nirean ere ez da horrela.
AMA: Denbora gutxian, ohitura on asko galdu ditugu. Zer esango ote luke gure amak, edo aitak, hilobitik altxatuko balitz?
CLITEMNESTRA: Niri esango didazu! Baina ez zaitez goibeldu... Ez dakit nola esan. Niretzako ezinbestekoa dena eta ez daukadana, zuek badaukazue eta aldiz, zuei falta zaizuena, guk badaukagu.
AMA: (Ezer ulertu ez duenaren begirada luzatuko dio) Polita zirudien esan duzun horrek, baina ez dizut ezer ulertu.
CLITEMNESTRA: Pentsatzen nuen, baina berdin da. Hurbildu iezaidazu kyboi-a, mesedez. (Buztinezko ontzia gerturatuko dio) Hau ezagutzeko beharra neukan. Nirea preziatzeaz gain, lasaiago bizitzeko. Jakinda, etorkizunak, aukerak eskainiko dizkigula. Bueno, dizkietela.
(anaia sartuko da. Beti bezala, makina bat paper eta libururekin)
ENEKO: Kaixo. (Paperak uzteko tokirik ez dago inon eta lurrean utziko ditu)
AMA: Ze, seme?
ENEKO: Museotik bueltan. Zuek ze, jokoan?
AMA: Kyboi-an laztana. Jolastu nahi?
ENEKO: Aizu, ez da ideia txarra. Horrela, atseden hartuko dut.
(Mahaitxoaren inguruan belaunikatuko da)
CLITEMNESTRA: (eneko gertu sentitzean, zertxobait urrundu egingo da. Gizonezkoen ondoan egotea zaila egiten zaio) Zeusengatik! Hau logura... (Aharrausi eginez)
AMA: Egin ezazu ba lo apur bat gehiago emakumea. Bertaren moduan, petral-petral eginda egongo zara bestela.
CLITEMNESTRA: Ez, oraindik ez.
ENEKO: Aizu, Clitemnestra. (Dadoak botatzen dituen bitartean) Museoan gauza interesgarriak ikusi ditut. Atenastarrek nahiago izaten omen zuten neguan eta ilargi betea zenean ezkontzea.
CLITEMNESTRA: Camelion-ean. Eta?
ENEKO: Urtarrilean beraz. Hori ez nekien. Eta Espartan, senarrak mutil gaztea eramaten omen zion emazteari seme-alaba sendo eta osasuntsuak izan zitzan.
CLITEMNESTRA: Atenas eta Esparta bi mundu desberdin dira. Gurean senarrak dira etxetik kanpo asetzen direnak.
ENEKO: Bai, gaurko ikuspegitik, ordungo demokraziaren azter...
CLITEMNESTRA: (Moztu egingo dio. Jenio bizi-bizian hitz egingo dio) Lehenago ere esan dizut nik ez daukadala horretan zer ikusirik. Zuk diozu garai garrantzitsua dela, aldaketaz betea eta demokrazia aipatzen duzu behin eta berriz. Baina ezetz ba, nik ez dakidala ezer horretaz! Niri sukaldea, jostea, irakurketa, musika eta kalkulu gutxi bat baino ez didatela erakutsi. Etxekoak zaintzen, hantxe, inora joan gabe.
AMA: Seme, zenbat aldiz esan behar dizut politika kontuez ez hitz egiteko? Ez al dakizu mundu guztiak ez duela zure moduan pentsatzen? Utz iezaiozu bakean.
ENEKO: (Kexuka) Ama, ez naiz politikaz ari. Ni...
AMA: Ez? Hor ari zara ba demokrazia gora eta behera...
ENEKO: Ezetz ama...
(eneko eta ama eztabaidan ari diren bitartean, ateko txirrina entzungo da. clitemnestra, poliki-poliki sofatik altxa eta atea irekitzera joango da, beste biek eztabaidan jarraitzen duten bitartean. pablo da)
PABLO: (clitemnestra ikustean, garrasi egingo du. ama eta eneko aterantz begira geratuko dira) Ondo al zaude? (clitemnestra-ri) Ez al duzu garrasi egin behar? Ez al zara zorabiatuko, e? Bestela banoa!
(clitemnestra-k, ez dio jaramonik egingo. pablo, pertsonaia xelebre bat da berarentzat)
AMA: Aurrera Pablo. (Sofatik altxatuz) Trastegelako apalena egitera al zatoz?
PABLO: Sukaldea amaitu beharko dut aurrena. Ze, jokoan?
AMA: Aizu, etorri zu ere, oso entretenigarria da.
PABLO: Ea ba. (Mahaitxora hurbilduko da. eneko bezala, lurrean belaunikatuko da, clitemnestra-rengandik ahalik eta urrunen)
CLITEMNESTRA: Nire Danaorekin, horrela, lasai egotea izango banu... Milaka urte pasa behar horretarako... (Geroz eta nekatua dago)
PABLO: Azaldu al da tipo hori?
ENEKO: Atenasen izango dik zain.
AMA: Bidaia zaleak zarete orduan, e? Senarra Kanarietatik Atenasera eta zu berriz, Euskal Herrira, ha!
(berta sartuko da etxean. Han ikusiko ditu laurak jokoan. Oihuka hastera doa baina arnasa sakon hartuko du. ama eta clitemnestra, berta ikustean, serio jarriko dira)
BERTA: Kontxo! Kuadrilatxoa elkartu zarete. Erosoa al da hotela? Izarrez betea, (Laukotea seinalatuz) eta... (Ingurura begira) Zerrikeriz betea ere bai.
PABLO: (Zutituz) Ni lanean hastera nindoan.
BERTA: Nik ez dizut deitu, Pablo.
PABLO: Agindutakoa betetzen ari naiz, besterik ez.
BERTA: Ze agindutaz ari zara, Pablo? Bat-batean aberasteko asmotan?
PABLO: Aberastu? (Lan-jantzia jantziz) Azkena eta aurrena promes egiten dudala. Egunak beharko ditut hemengoa amaitzeko eta deskuidatzen banaiz, etxe berria eraiki beharko dizut. Zure amak, ez dagoen tokian ere lana ikusten ez du ba! (Etxe barrurantz ezkutatuko da)
BERTA: (Harrituta. Ez du ezer ulertzen) Ama, barkatu iezadazu. Momentu txarrean harrapatu nauzu, eta... Izan ere, etxe honetan urduri jartzen naiz. Horrenbeste jende... gaurkoak, atzokoak, gustukoak, ez hain gustukoak... (anaiari begira)
AMA: Atzokoa naiz, bai, zaharra. Nahi baduzu, joan egingo naiz. Niregatik ez kezkatu. (Zutitu egingo da)
BERTA: Ez ama! (amarengana joanez) Ez nintzen zutaz ari. Zaila da azaltzeko... Berdin dio. Mesedez, ez zaitez joan. Sentitzen dut, ama. Gaurkoagatik, betikoagatik... Itsutua nengoen ama. Lagun bati esker, ba... (clitemnestra-ri begira)
AMA: Ondo dago, Berta. (Muxu emango dio alabari) Saiatu egingo gara. Badakit hauek ez direla zuretzako unerik hoberenak, baina, ez ahaztu, azken urte hauek, niretzako ere ez direla batere gozoak izan. Horregatik, saia gaitezen, ahalik eta hobekien buelta ematen desadostasun hauei. Konforme? (amak ez dio gaiari buelta gehiegi eman nahi) Iluntzen ari du eta afaria prestatzera noa. Egina dagoenean, deituko dizuet.
ENEKO: Hi barkamena eskatzen? Ikusi egin behar sinesteko!
BERTA: Hiri ez diat ba eskatuko, arrazoirik ere ez zegok eta. Hik eskatu beharko hidake, hona okupa moduan etorrita.
ENEKO: Bueno, bueno... (Jaiki egingo da) Oihuka hasi baino lehen, banoan. (Etxe barrurantz joango da)
(clitemnestra eta berta, geroz eta nekatuagoak daudela ikusi behar da. Uneoro zehazten ez bada ere, logurak daudela nabarmena izan behar du) (clitemnestra dado jokoari begira dago, serio)
BERTA: Clite, ez dakit zer esan...
CLITEMNESTRA: Bai, Berta. Badakizu zer esan, baina ez dakizu nola esan. Ezin zintezke zure zilborrari begira bizi. Ahaztu egin al duzu jendea daukazula inguruan? Zutaz kezkatzen den jendea...
AMA: Amaren bizitzarekiko filosofia ordea...
CLITEMNESTRA: (Moztu egingo dio) Amak berea dauka eta zuk, zurea. Nik ezin dut ametsik ere egin! Nik bai ez daukadala filosofiarik, Berta. Ez al duzu ulertzen?
BERTA: Baietz ba, Clite. (Sentitzen duela esatea, asko kostatzen zaio) Nik...
CLITEMNESTRA: Berta, nik garbi ikusten dut. Begien aurrean horrenbeste daukazu, eta... Ezin duzu ikusi!!
BERTA: Ez nuke nahi gu biok berriro haserretzerik.
CLITEMNESTRA: Ez, nik ere ez.
(ama oihuka hasiko zaie etxe barrutik)
AMA: Neskak! Afaltzera!
CLITEMNESTRA: Ikusten? (Amaren borondate ona bertari azaldu nahita)
(clitemnestra eta berta etxe barrurantz ezkutatuko dira. Berehala, ateko txirrina entzungo da. ama joango da irekitzera. esteban da)
ESTEBAN: Andrea...
AMA: Kaixo. Oraintxe bertan afaltzen hastera gindoazen, baina gaur gauean panegiria bat egitekotan gara eta zergatik ez zatoz?
ESTEBAN: Ni etorri? Zertara? (Harrituta dago. amak eskema guztiak puskatzen dizkio)
AMA: Aizu, tertuliara. Bertaren auzokidea zara, ez? Ba, elkarrekin egoteko. Hamarrak inguruan etorri, ados?
ESTEBAN: Barkatu andrea. Nire logelako hiru bonbilak oraintxe erre direla esatera nentorren. Lehertu egin dira!
AMA: Ipini berriak eta kitto. Merke-merkeak dira. Ale, gero arte orduan.
ESTEBAN: Baina... (amak ateraino lagunduko dio)
(amak, sukalderako bidean, pablorekin topo egingo du)
AMA: Ez al zara afaltzen geratuko?
PABLO: Ui, ez andrea, eskerrik asko. Emaztea dagoenekoz zain izango dut.
AMA: Zeuk nahi duzun moduan. Baina afalostean, panegiria bat egingo dugu eta zu ere etorri zintezke nahi izanez gero.
PABLO: Barkatu andrea? (Ez daki panegiria-k zer esan nahi duen)
AMA: Lagunarte polita elkartuko gara. Bertarengatik egiten dut. Badakizu, ez da oso ondo sentitzen eta apur bat alaitzearren.
PABLO: Ja! Etxea konpontzeaz gain, animoa altxatzen ere lagundu egin behar! (amak ez entzuteko moduan) Eskerrik asko andrea. Ikusiko dut zer egiten dudan. Baina, dena dela, Bertak ez dit esan festa bat egitekoak zinetenik.
AMA: A ez? Ahaztu egingo zitzaion.
PABLO: Ez dakit ba... Agur ba. (Eta joan egingo da)
(anaia egongelan agertuko da. amaren bila dator)
ENEKO: Ze ama, ba al zatoz? Afaltzen hastera goaz.
AMA: Bai seme. Pablorekin ari nintzen. Gaueko panegiria-ra gonbidatu dut. Bertari ahaztu egingo zitzaion.
ENEKO: (Harrituta) Bertak... ba al daki panegiria-rena?
AMA: Lehen komentatu dugu eta... Eta bestela, sorpresa. Badakizu asko gustatzen zaizkiola sorpresak.
ENEKO: (Ahopean) Bai. Batez ere zuk eta nik ematen dizkiogunak. Ea, goazen afaltzera.
AMA: Bai, seme.
(Etxe barrurantz joango dira. Argiak itzaliko dira)