Clitemnestra-ren itzulera
Alaitz Olaizola
Clitemnestra-ren itzulera
Alaitz Olaizola
Kutxa, 2004
Clitemnestra-ren itzulera
Alaitz Olaizola
Kutxa, 2004
[aurkibidea]

 

1. AGERRALDIA

 

(Argiak piztean, gaur egungo etxe bateko egongela bat ikusiko da. Atzean, kalera ematen duen leiho bat egongo da. Aldamenean, armairu bat eta mahaitxo bat, gainean, haririk gabeko telefono bat dagoela. Aurrealdean, sofa luze bat eta egurrezko mahaitxo txiki bat, harizko mantal batez estalia. Kalera ematen duen atearen aurrean, aterkiontzia egongo da aterkiz betea. Egongela txukuna ikusiko da, jasoa) (berta ageri da eszenategian. Haririk gabeko telefonoa dauka belarriari itsatsia, eskuak, bere poltsan eguneroko trasteak gordetzeko erabiltzen ari da. Egongelaren alde batetik bestera mugituz dabil, presaka)

 

BERTA: (Serio ari da, haserretu gabe baina serio) Eneko, beti ezin ibiliko gaituk kontu berdinarekin bueltaka... (Isiltasuna). Bai, baina hori argitu genian. Aitaren testamentuan argi adierazita zegoan. (Isiltasuna) Bai hi, ni ere bolada txar bat pasatzen ari nauk baina ez nauk besteei errua botatzen ari. Heurea heuk konpondu beharko duk. (Isiltasuna) Bueno hi, nahikoa diagu. Lanera joan behar diat eta berandu nauk. Ahaztua bahengoen ere, batzuk lanera joaten gaituk. Ez Eneko, utzi iezadak bakean... ez idak belarria berotu eguna hasi orduko. Bueno hi, hitz egingo diagu. Orain agur! (Eta telefonoa bere tokian utziko du eta kaleko aterantz abiatuko da, baina zerbait ahaztu izan balu bezala, berriro eszenatokian agertuko da. Etxe barrurantz oihuka hasiko da)

BERTA: Pablo! Pablo!

PABLO: (Entzun egingo zaio baina ikusi ez) Bai Berta?

BERTA: Zatoz mesedez, banoa eta!

PABLO: (Korrika batean agertuko da, eskuan silikona ontzi bat duela) Bazoaz orduan?

BERTA: Komunekoa amaitzen duzunean, mahaitxo honen hankatxoa konpondu ezazu, kulunkan dago eta. Ea behingoz beheko gizonak bakean uzten nauen. Mahaiaren kulunka entzuten duela esan ez zidan ba lehengo egunean!

PABLO: Ba, komunekoari behin-behineko konponbidea baino ez diogu emango. Silikonak dutxako ura geldiaraziko du baina tutu sistema zeharo zahartua dago eta ez da harritzekoa izango ura beheraino...

BERTA: (Moztu egingo dio) Bale Pablo, baina hilabete batzuetarako bakea ziurtatzen al didazu? (Mahai gaineko kafesne kikarari zurrut eginez)

PABLO: (Batere presarik gabe) Baietz esango nuke nik.

BERTA: Amaitzen duzunean, giltzatu atea eta eman iezazkiozu giltzak atezainari.

PABLO: Nire kontu Berta, zuk segi lasai.

BERTA: Lasai ez, banoa korrika batean. Edozer izanda ere, (Bere poltsatik papera eta boligrafoa aterako ditu eta zerbait idatziko du) deitu telefono honetara. (Paper zatia luzatuko dio) Emakumezko bat aterako zaizu eta esan 1412 arekin jartzeko. Ados?

PABLO: (Jaramon handiegirik egin gabe) Ala, zoaz.

 

(bertak alde egin bezain pronto, pablok, atzealdean dagoen armairua ireki eta...)

 

PABLO: Ez dakit ondo ote dagoen egiten ari naizena baina, ze demontre! Ez nau inork ikusten eta goseak amorratzen nago. Hemen ardo goxoa...hemen kakahueteak... (Dena besoetan hartu eta sofan eseriko da, lasai, oinetako zikinak mantal zuriaren gainera luzatuz) Berta itzultzen denerako, dena eginda! Baita gosalduta ere!

 

(Bat-batean argiak itzaliko dira, erabateko iluntasuna egingo da. Tximistaren moduko argi zuri bat ikusiko da eta trumoi zarata izugarria entzungo da, eztanda handia. Jarraian, argia egongo da berriro ere)

 

PABLO: (Sekulako sustoa hartuko du eta eskuetan dituen kakahueteak, egongela guztian zehar zabalduak geratuko dira) Ai ama! Ze izan da hori! (Korrika batean, sofaren atzean ezkutatuko da)

 

(Isiltasuna egingo da une batez. Gero, etxe barrualdetik, clitemnestra agertuko da, oinutsik dator. Ez daki non dagoen, txundituta dago, apur bat zorabiatua, toki guztietara begira)

 

CLITEMNESTRA: Danao? Danao? Non zaude Danao? Zeusengatik!! Zer gertatu zaio gure oikía-ri? [1]

PABLO: (Jaiki egingo da emakumearen ahotsa entzutean) Dana? Oraintxe hasi naiz eta! Laster amaituko dut baina denbora eman beharko didazue, ez? (Kakahuete hondarrak arropatik astinduz) Konforme, lanean egon behar nuen baina gosetu egin naiz eta ze demontre! Ezingo ote nuen ba zerbait jan? Beti besteak lanean ikusteko konforme eta zeu ze, e? (Pixkanaka berotuz)

 

(clitemnestra-k, pablo ikustean, sekulako garrasia egingo du eta erabat izututa, zorabiatu egingo da, luze-luze lurrera eroriz. clitemnestra-ren garrasiak pablo izutuko du eta beronek ere garrasi batez erantzungo dio)

 

PABLO: (Bere burua lasaitzen ahaleginduko da) jesus emakumea! A ze ustekabekoa eman didazuna! (emakumea lurrean ikusten duen arren, ez da batere izutuko) Esan ez dizut ba oraintxe hasiko naizela lanean? Zirkorik ez niri, e? Eta gainera, nor zara zu, horrela, bat-batean hemen agertzeko? Bertak ez dit esan inor geratzen zenik etxean. Ez zara ba Bertak bidalitako ikuskatzaileren bat izango, e? A ze konfidantza falta! (Haserre) Ederra kontua! (clitemnestra mugitzen ez dela ikustean, hurbildu egingo zaio) Aizu andrea, entzuten al didazu? Nahikoa da, e? (Zorabiatu egin dela konturatuko da) Ai ama, seko geratu ez duk ba! Baina jakin al daiteke zerk eman dion halako sustoa emakume honi? Bertari esaten diodanean... Eta bitartean hiltzen bada? Hiltzailetzat hartuko naute! "Hombre para todo asesina mujer en casa ajena..." Ostra! (bertak emandako paper-zatia aterako du lan-jantziko patrikatik eta telefonoz deituko du. Urduri dago, benetan uste du clitemnestra hila egon daitekeela) berta! A, ez...1202, ez itxoin!... Ze zenbaki esan ote dit? 1612. Hori ere ez? Aizu, Berta Iparragirreri esan iezaiozu jartzeko! Horrenbeste zenbaki eta misterio...Zenbakia behar duzula? Aizu, ez niri adarrik jo. Presa daukat, presa handia. (Telefonoa besapean hartuta, clitemnestra-ri zuzenduko zaio) Ez zaitez hil, mesedez. Zin egiten dizut, zera, zer...hiltzen ez bazara, doan egingo dizkiodala hemendik aurrera lan guztiak Bertari! Horixe! Zer diozu? Zure lagun Bertak sekulako poza hartuko du! Dena, nahi duen guztia egingo dut, den-dena muxutruk. Bueno, baina kakahueteena ez diozula esango zin egin behar didazu, e? (Berriro telefonoarekin) Berta? Pablo naiz, bai. Etorriko al zinateke une batez? Arazotxo bat...Berta! Berta! (bertak telefonoa eseki diola konturatuko da) Jolin, Berta. (Ateko txirrina entzungo da) Joe! (Urduri, egongelan atzera eta aurrera mugitzen hasiko da. Berriro txirrina) Kitto, nahikoa da! Zerria izango naiz baina beldurtia ez. (clitemnestra sofaraino arrastaka eramango du. Atea irekitzera joango da eta ireki bezain pronto, etxeko txabusina itsusi bat jantzia daukan gizon argal bat sartuko da egongelan. Oso haserre dator)

ESTEBAN: Non dago Berta!

PABLO: Bertan ez behintzat.

ESTEBAN: Adarra jotzen? Etxe honetakoa jasan ezina da. Gau eta egun zaratak, oihuak...normala irudituko zaizu...

PABLO: Barkatu, zu ez zara ba beheko bizilaguna izango?

ESTEBAN: Lo egin ezinda dabilena hain zuzen ere! Eta zu, zu nor demontre zara?

PABLO: "Hombre para todo", lo egin ezinda dabilen jaun agurgarri hori. (Erreberentzia bat egingo dio)

 

(Adarra jo nahi diola ikusita, estebanek kolpe egin nahiko dio buruan pablori eta ahalegin honetan ari dela, clitemnestra ikusiko du sofan luze-luze etzanda)

 

ESTEBAN: Banekien, banekien bai nik etxe honetakoa ez zela normala! (Bihotzeko bat izateko puntuan dago) Esaten nion emazteari, etxe honetan joan-etorri arraroak bazirela. Emagaldua eta zerri zikina bertan topatu behar... Hori ez nuen sekula pentsatuko!

PABLO: (clitemnestra seinalatuz) Et et et... hau, zu bezala agertu da etxe honetan. Egia esan, atea jo gabe baina horrela, bat-batean. Emagaldua bada ere nik ez dakit, beraz...

ESTEBAN: Alde egin ezazu hemendik oraintxe bertan! orain!

PABLO: (Oso lasai) Aizu, bale bale, lasai, banoa eta. (Alde egiten hasiko da baina bat-batean, buelta eman eta estebani hurbilduko zaio)

PABLO: Orain hori diozula... Hemen alde egin behar duen bakarra zu zara. Beraz... alde!!

ESTEBAN: (Gorri-gorri eginda eta totelka) Hau, hau ez da horrela geratuko! Datorrela polizia eta orduan hitz egingo dugu. (Alde egiterakoan, ateari danbatekoa emango dio eta aterkiontzia lurrera eroriko da, aterki guztiak lurrean sakabanatuz)

 

(pablo zeharo harrituta dago, ezin du sinetsi gertatzen ari zaiona. Lanera etorri da, beste askotan bezala, eta ez daki egoera berezi honen aurrean nola jokatu)

 

PABLO: (Sofara gerturatuko da. clitemnestra bertan dela ziurtatu eta besterik gabe, hantxe eseriko da, clitemnestra-ren izterrak bere hanken gainean jarriz) Badakizu? (Konortea galdua dagoen clitemnestra-ri) Hogei urte baino gehiago daramatzat lan honetan, etxez etxe hau eta bestea konpontzen eta sekula ez zait horrelakorik gertatu. Ba badakizu zer esaten dizudan? Gaurkoa dela honetan aritzen naizen azken eguna. Besteen etxeetan sartuta, besteen arazoez kargu egiten... Aspaldidanik daukat anaia bere lantokira joateko erreguka, ni bezalako bat ondo etorriko zaiola eta. Ba kitto, hantxe hasiko naiz eta bukatu dira nire ondoezak. Ez duzu uste? Bueno, nik agindutakoa beteko dut, baina horretarako badakizu! Kakahuete triste batzuengatik... (Bere buruari) Emakume ederra zara gero, bai horixe! (clitemnestra-ri izterrak laztanduz)

 

(Une horretan, berta sartuko da etxean. Arnasestuka dator. Aterkiak ikusiko ditu lurrean sakabanatuta eta eskuak burura eramango ditu. pablo ikusiko du sofan lasai eserita)

 

BERTA: pablo!

PABLO: berta!

BERTA: Nola Berta? Baina ze demontre gertatu da hemen? Nork bota ditu aterki guzti hauek lurrera?

PABLO: Beheko sarjentu horrek Berta. A ze nolako txabusina itsusia zeukan jantzia!

BERTA: (estebani buruz ari dela jabetzean) Zeeee?

PABLO: Hara Berta, jakin ezazula ni ez naizela hiltzailea, ezta emagalduekin ibiltzen den horietakoa ere.

BERTA: Zertara dator hori Pablo? (Zerbait ulertu nahi eta galdezka) Baina, nor da emakume hau? Zer egin duzu? Esteban hemen izan al da? (Eskuak burura eramanda)

PABLO: (Sofatik jaikiz) Hau, ez dakit nor den eta Esteban, beheko bizilaguna bada, bai, hemen izan da.

BERTA: Ezin dut sinetsi...

PABLO: Ba, bizilaguna zurea da eta emakume hau hemen agertu bada, zurekin zerikusia izango duelako izango da. Beraz, (bere erreminta kaxa eskuetan hartuz) hemen luze etzanda dagoen hau esnatzen bada, deitu iezadazu mesedez. Banoa, Bertatxo.

BERTA: Baina nora zoaz potroso hori? (Haserre)

PABLO: Anaiarengana, kontutxo batzuk zehaztera. (Aterantz hurbilduko da) A! Hau ez dago lo, konortea galdua baizik. Bueno, hilda ez ote da egongo! (Eta joan egingo da)

BERTA: Pablo! Pablo! Hilik?? Inozo horri ez zitzaion medikuari deitzea ere bururatuko! Ez ninduen ba hildako batekin etxean bakarrik utziko! (clitemnestra-ri gerturatuko zaio) Aizu andrea... aizu... Agian ur pixka bat emanda... (Ura ekarriko du eta ezpainak bustiko dizkio. Mugitzen ez dela ikusita...) Agian horrela... (Oin azpiak kilimatuko dizkio. clitemnestrak mugitu gabe jarraitzen du) Ai ama... (Hasperenka) Aizu, aizu! (Sorbaldetatik heldu eta gogor astinduko du, bertak ezpainak estutzen dituela. Halako batean, clitemnestra esnatu egingo da eta kolpe batez, eseri egingo da. bertari sekulako sustoa emango dio eta garrasi bat aterako zaio)

CLITEMNESTRA: Hemen ez al dago garrasi egiten ez duenik? Non dago Danao?

BERTA: Nor da Danao? Nor zara zu? Zer egiten duzu hemen? Pablok ekarri al zaitu? (Zeharo harrituta dago)

CLITEMNESTRA: Danao nire thyroros-a [2] da. Zein da zurea?

BERTA: Zure zeeeeee? Nire zee? (Ez du ezer ulertzen) Eta arropa hori? Nondik atera zara zu?

CLITEMNESTRA: Poples [3] hau, emakumeen artean oso preziatua da, ez ezazula pentsa. Esango didazu nola zabiltzan zu, emakumea izanda, anaxirides-ak [4] soinean dituzula. Aristofanes bera ere ez litzateke horrelakorik egiten ausartuko bere komedietan, Dionisioren zigorra segurua izango luke, Zeusengatik! (bertari adi-adi begira)

BERTA: Aris ze? Ez dizut piperrik ere ulertzen. (Eskuak aurpegian igurtziko ditu eta arnasa lasai hartzen saiatuko da) Ez dakit nor zaren, ezta zer egiten duzun hemen ere. Baina berdin dio. Alde egin ezazu hemendik, mesedez, eta ahaz dezagun dena, den-dena.

CLITEMNESTRA: Nora joango naiz, non nagoen ez baldin badakit? (Etxeari erreparatuz. berta, aho zabalik clitemnestra-ri begira geratuko da)

 

(Ateko txirrina entzungo da. clitemnestra izutu egingo da txirrina entzutean. Sekula entzun gabeko zarata da berarentzat)

 

CLITEMNESTRA: Ze izan da hori?

BERTA: Esteban izan baietz? Polizia agian... Hau nahaspiloa! (Atera hurbilduko da) Zu eseri zaitez hor (clitemnestra-ri mahai ondoko aulkia seinalatuz) eta ez ezazu ahorik ireki.

 

(Atea irekitzean, emakume dotore bat sartuko da zuzen-zuzenean egongela erdiraino)

 

BERTA: ama! (Ustekabean harrapatu du amaren bisitak eta ez dio batere pozik emango)

AMA: Sorpresa! Alaba ikusi gabe denbora gehiegi nengoela pentsatu dut eta hemen nauzu, laztana. Ez al didazu muxurik eman behar? (Masaila muxuaren zain ipiniko du)

BERTA: (Muxu ematera joango zaio, gogo txarrez. clitemnestra biei begira dago) Bai ama, baina abisatu egin behar zenidan. Horrela, bat-batean...

AMA: (Egongelan zehar dabil atzera eta aurrera, maletak eskuetan dituela) Bat-batekoak ez al dira ba bertsorik hoberenak? Sorpresa!

BERTA: Bat-bateko gehiegi egun bererako. (Ahopean)

AMA: Zer diozu Berta?

BERTA: Asko pozten naizela zu ikusteaz. (Aurpegian eskuak igurtziz, eman berri dioten ezusteko desatseginaren seinale)

AMA: (clitemnestra-ren presentziaz jabetuko da) Ez al didazu zure laguna aurkeztu behar?

BERTA: E? Bai, eee... Aizu, aizu! (clitemnestra-ri)

CLITEMNESTRA: Bai?

BERTA: Hau nire ama da eta hau... (Ez daki zein den bere izena)

CLITEMNESTRA: (berta isilik geratu dela ikustean) Clitemnestra, Danaoren emaztea.

BERTA: (Izena entzutean, begiak zabal-zabalik dituela clitemnestra-ri begira geratuko da) Zeeeeee?

AMA: Kanpotarra izango zara zu. Menestra esan al duzu?

 

(clitemnestra hitz egitera doan unean, bertak aurre hartuko dio)

 

BERTA: Ez ama! Bai ama. Hara, eraman itzazu maletak gela gorrira eta, ai ama! Lanera joan behar ez dut ba!

 

(ama etxe barrurantz ezkutatuko da)

 

BERTA: Baina zu erotua al zaude? Nola esan diozu amari izena duzula?

CLITEMNESTRA: Clitemnestra, Danaoren emaztea.

BERTA: Cli, Cli... Zarena zalera. Ez dakit hemen zer gertatzen den eta gainera ez daukat txantxetarako batere gogorik. Lanera noa eta itzultzean, aldegina zarela ikusi nahiko nuke. Mesedez eskatzen dizut. Ama, gero arte! (Joan egingo da)

CLITEMNESTRA: Aldegin? Nora ordea? Danao zeharo haserre egongo da. Ecclesía-tik [5] bueltan izango da seguruenik. Gineconomoari [6] nire faltaren berri eman baietz oikía-n topatzen ez banau... Eta beste horrek ze esan du, lanera doala? Ágorara [7] akaso oihalak saltzera? Noren emaztea ote da?

AMA: (Bizi-bizi agertuko da) Nolatan zu hemen? Bertaren laguna?

CLITEMNESTRA: (clitemnestra-k ez daki amak ez duela ondo entzuten) Ez dakit, bat-batean. Eta laguna, ez dirudi. (Oraindik ezin du egoera berriaz behar bezala jabetu)

AMA: La Lagunakoa beraz, kanariarra orduan. Aaaa... Horregatik izen hori. Eta zer zaude, oporretan edo?

CLITEMNESTRA: (amaren komentarioak ezin ulertuta) Oikía-an, sandaliak kentzen ari nintzela, poliki-poliki argi zuri batek inguratu nau eta lokartzen ari nintzela sentitu dut, goxo-goxo. Oso sentsazio atsegina zen, gozoa, ederra... Eta bat-batean, hemen agertu naiz, besterik gabe. (Gorputz guztia erabiliko du pasarte hori sentitu bezala adierazteko) Aizu, zer da "kanariarra"?

AMA: (Barre eginez) Horixe, edozein estakuru ona da laguna bisitatzera etortzeko. Gainera, jakinaren gainean egongo zara, ez?

CLITEMNESTRA: Jakin... (Ez daki ama zertaz ari den)

AMA: Bai, berak normalean ez dio inori kontatzen. Gaixoa... Triste dabil. Niri ez dit ezer kontatu, ni ez kezkatzearren egingo zuen. Izeba Maitek deitu zidan iragan astean eta hark esan zidan triste dabilela. Arazoak lanean, aspertua. Badakizu, lanari buru-belarri heldu zion eta gainontzekoaz ahaztu! Eta hemen dena zaindu beharra dago. Gero, bakardadea, isolamendua... Bere munduan sartuta, petral-petral eginda.

CLITEMNESTRA: Um, nere moduan orduan. Ez dakit non nagoen, nortzuk zareten... (Bere buruari) Hori bai bada bakarrik egotea.

AMA: Bertari sorpresak izugarri atsegin zaizkio eta halaxe etorri naiz. Salamankan bizi naiz, bueno, jakingo duzu Bertak esanda. Bi urte alargundu nintzela eta beste zereginik gabe, bixitara etortzen natzaio. Badakit asko pozten dela ni ikusteaz, esaten ez badu ere.

 

(clitemnestra-k ez daki ama zertaz ari den. Ezer ulertzen ez duenaren espresioa ageri da bere aurpegian)

 

CLITEMNESTRA: Hara emakumea, esango al zenidake Atenasa nola itzuli? Ágora-tik gertu dagoen etxean bizi naiz ni, iturritik gertu, dromos-aren [8] amaieran. Etxera itzuli beharra daukat.

AMA: Apenas bai ezer kontatzen duenik. Baina hementxe gaude gu bakardadearen zama astun hori zerbait arintzeko, ezta? Ze iruditzen gosaltzen badugu? Menestra esan al didazu? (Erantzunaren zain geratuko da)

CLITEMNESTRA: (Bere buruaz kezkatua dago) Andrea, atsegina zara nirekin eta gustura hartuko nuke zurekin acratismos-a [9] baina benetan esaten dizut Danao zain izango dudala eta paidesak [10] ere bai. Oraindik txikiak dira eta guztien eunesia-z [11] arduratu beharra daukat.

AMA: Bale orduan? Soinean daramazun jantzia gustatzen zait. Kanarietako klimarentzat aproposa izango da, freskoa eta sueltoa. Goazen sukaldera.

CLITEMNESTRA: Poples honegatik al diozu? (Bere tunika eskuekin igurtziz) Festa erlijiosoetara eta antzerkira joateko baino ez dut erabiltzen, baina gamelion-ean [12] Deyamira ezkonduko da eta bere etxean izan naiz eramango dudana erakusten. Ai... Nola itzuli ote ninteke? (Bere buruari) Aizu, aizu! (ama, joana da dagoenekoz, clitemnestra bakarrizketan utzita. clitemnestra bere atzetik joango da)

 

(Itsumustuan, arnasestuka eta korrika sartuko da clitemnestra eszenategian, erabat izututa. Handik alde egin nahi du, baina ez daki ez nola ez eta nora ere. ama etorriko da bere atzetik barre algara batean, eskuetan bi kafe kikara dituela)

 

AMA: Bete-betean asmatu duzu Bertari bisitara etorrita. Oso dibertigarria zara! Sukaldetik horrela korrika batean aldegitea bururatzea ere...

CLITEMNESTRA: Pi, pi hori... (Sukaldera seinalatuz. Mikrouhin labearen zaratak izutu du)

AMA: Ha, Ha! Mikrouhin labearen txistuak lasterketari hasera eman dio! (Oihuka) Ha, Ha! Oso dibertigarria zara benetan!

CLITEMNESTRA: (Izutua jarraitzen du) Ez dakit manía-tua [13] nagoen edo zerbait apotropaico-a [14] gertatu al den baina nire doxa [15] jokoan dago. Zeusengatik! Benetan ez duzula Danao ezagutzen? Zure senarra zenari ez al zenion sekula entzun logógrafo-ari [16] buruz hitz egiten? Sekula ez bezala aurkitzen dut faltan, andrea. (Sofan eseria dago, buru makur, negarrez hasteko zorian)

AMA: Kanariarrok oso hizkera kuriosoa duzue. (Kafea edanez) Hiria ezagutzen al duzu?

CLITEMNESTRA: (clitemnestra-k ez du kaferik probatu ere egingo) Asko ez, zuk bai hala? Ez zara ba metekoren baten emaztea izango? (Gorpua amarengandik urrunduz) Ni bezalako emakume batek etxean egon behar du, handik kanpora gertatzen denaz inongo interesik jarri gabe. Legeak eta araudiak betetzen ditugu, gustatu edo ez.

AMA: Gustatuko zaizu. Azokara eramango zaitut.

CLITEMNESTRA: Ágora-ra? Zer diozu? (Asaldatuta) Hara gizonak eta esklabuak baino ez dira joaten! Debekatua daukagu Ágora-ra joatea! Ahaztu egin al duzu? (Oihuka ari delako, amak entzun egingo dio)

AMA: A, hemen ez. Kanarietan debekatua al daukazue? Hori gauza xelebrea. Ea, jantzi oinetakoak eta goazen. (jaiki egingo da)

CLITEMNESTRA: (Zutik jarri eta amari begira) Baina.. Ágora-ra... Ez daukat oinetakorik!

AMA: (Goitik behera begiratuko dio clitemnestra-ri. Ikusten du zerbait arraroa berarengan, baina grazia egiten dio) Berehala konponduko dugu hori. (Etxe barrurantz ezkutatuko da)

CLITEMNESTRA: Endeixis [17] bat sartuko didate Ágora-n ikusten banaute! (Etsituta) Baina, oikía-ra itzuli nahi badut, kalera joan beharko dut. Ezin du urruti egon, hemen inguruan behar du. (Pentsakor)

AMA: Tori, jantzi hauek. (bertarenak diren kirola egiteko oinetako koloretsu batzuk luzatuko dizkio) Ez dakit zure soinekoarekin ondo datozen. Ze esaten ari zinen?

CLITEMNESTRA: (Oinetakoak eskuetan dituela aho zabalik) Endeixis-a, zera, salatu egingo nautela andrea. Hauekin nahi duzu ni Ágorara joatea?

AMA: Salatu? Ez emakumea! Nork daki ba zureak diren edo ez. Ea, goazen. (Kaleko aterantz hurbilduko da)

CLITEMNESTRA: Ez nazazu bakarrik utzi Zeusek ahaztutako toki honetan! (amari oihu egingo dio. Nola edo hala oinetakoak jantziko ditu eta kordak lotzen ari dela, eskuin hankako oinetakoaren korda puskatuko zaio) Ai ba!

AMA: Ze, ba al zatoz? (Korda puskatua ikusiko du) Ai... gure Bertak amaren beharra badu oraindik. Izan ere, sekula kordarik egoera onean izan duenik...

CLITEMNESTRA: (Pozik) Andrea, baieztatu uste dudana. Eskuin hankako korda dela esan iezadazu. Esan baietz...

AMA: Bai, eskuinekoa da, bai.

CLITEMNESTRA: Ha! Gezurra dirudi! Etxetik gertu nago, seguru. Eskuineko korda puskatzen bada, zerbait onaren abisu izan ohi da! (Nola edo hala lotuko du korda, jaiki eta amari musu emango dio)

AMA: A bai? Bitxia sineskeria. Kanariarrok erabat ezberdinak zarete, eta egia esa, ez dago hain urrun.

CLITEMNESTRA: (Bere buruari) Amets gaizto honen amaieraren seinale, seguru.

AMA: Ea, goazen. Agian azokan, zortea lagun, bila nabilen oherako estalki merkea aurkituko dugu eta. (Elkarri besotik helduta, aterantz abiatuko dira) Orduan, ezkerrekoa bada puskatzen dena, zorte txarra... (Berriketan, ezkutatu egingo dira. Argiak itzaliko dira)

 

 

 

[1] Etxea.

[2] Senarra.

[3] Tunika.

[4] Prakak.

[5] Batzarra.

[6] Emakumeen portaera aztertzeko ardura duena.

[7] Azoka.

[8] Bidea.

[9] Gosaria.

[10] Haurrak.

[11] Ongizatea.

[12] Urtarrila.

[13] Erotasuna, estasia.

[14] Magikoa.

[15] Fama.

[16] Abokatua.

[17] Salaketa.