Clitemnestra-ren itzulera
Alaitz Olaizola
Clitemnestra-ren itzulera
Alaitz Olaizola
Kutxa, 2004
Clitemnestra-ren itzulera
Alaitz Olaizola
Kutxa, 2004
[aurkibidea]

 

2. AGERRALDIA

 

(Argiak piztean, inor ez dago eszenatokian. Telefonoa jo eta jo ari da, baina inork ez du hartuko. Inor ez dago etxean. Isildu egingo da. berta sartuko da. Lanetik bueltan etxera dator liburu mordo batekin eskuetan. Lana dakar etxera)

 

BERTA: Ama!, Ama! (Etxe barrurantz joango da. Berriro eszenategian agertuko da) Joana izango da. (Kafe ontziak mahaitxoaren gainean ikusiko ditu) Joe, kafe ontziak ere jaso gabe. Bi kafe ontzi... Beste hori oraindik hemen ote dabil? Baina, nor arraio ote da?

 

(Ateko txirrina entzungo da eta irekitzera abiatuko da. Bere anaia eneko da. bertaren atzetik sartuko da etxean)

 

BERTA: (Oso serio, anaiari begiratu ere egin gabe) Zer nahi duk?

ENEKO: Badakin hik ondo asko. (Lasai asko sofan eseriko da) Kafe bat egingo al didan?

BERTA: Baita zera ere! Hau "nire" etxea duk, entzun? Lanetik etorri berria nauk eta lana ekarri diat, "orain" egiteko.

ENEKO: Telefonoz deitu dinat eta ez hengoen. Horregatik etorri naun.

BERTA: Eneko, aitaren testamentuari buruz, mila bider hitz egin diagu eta...

ENEKO: (Moztu egingo dio) Ez dun nahikoa. Aitak ez zinan banaketa parekatua egin. Bere liburutegia eta autoa niretzako eta etxe hau hiretzako. Banaketa zuzena irudituko zain...

BERTA: Hi, (Behatzarekin anaia seinalatuz, beste eskua gerrian jarria duela) Aitaren nahia horixe izan huan.

ENEKO: Baina ez dun zuzena. Liburuek ez zidaten goserik kentzen eta autoa zertarako dinat, gidatzen ez baldin bazekinat!

BERTA: Alferra hintzen txikitan eta handitzean ez haiz batere aldatu. Egin ezak lan eta erosi ezak etxea! Edo saldu itzak autoa eta liburuak edo atera ezak gidatzeko baimena! Nik zer zekiat ba!

ENEKO: Hik erraz esaten dun, hiri ez zain ezer falta.

BERTA: Hik ze jakingo ote duk! Eta axolik ere ez dik gainera. Etxe hau nirea duk, bale?

ENEKO: (Oinak mahai gainean jarrita) Epaitegian erabakiko diten. Bitartean, nirea ere badun.

BERTA: Hi burutik jota hago! (Bero-bero eginda dago) Kabroia haiz gero... Seme txarra hintzen eta ze nahi huen ba? Aitak kontutan hartzea?

ENEKO: Aitaren gogokoena izan hintzen beti...

BERTA: Izena ere halaxe zeukeat ba, aitaren gogokoena. berta! Polita irudituko zaik!

ENEKO: (Barrez) Ez, egia esan ez. Baina jarritakoarekin pairatu behar.

BERTA: Aguantatu zak ba hik, utzi diatenarekin!

ENEKO: Egia esan, ezin dinat ulertu aitak nola jarri zinan izen hori. (Barretxoa ezin gordeta)

BERTA: (berta, anaiaren iseka ezin jasanda dago) Eneko, aldegin ezak hemendik mesedez. Mesedez eskatzen diat!

ENEKO: Hi, errespetu pixka bat anaiari eta ez idan oihurik egin mesedez, mesedez eskatzen dinat. (Adarra jotzen ari zaio)

BERTA: Eneko, egunero hamar mila aldiz deitzen didak telefonoz eta berdinari mila buelta eman zizkioagu. Aitaren nahia bete duk eta kitto! Ez zegok besterik! (Eskuak bortizki mugituz) Egin ezak lan apur bat eta kitto.

ENEKO: Anfibioei buruzko lan bat egiten ari naun eta nahikoa dinat horrekin. Hi bezala nahi al dun? Lana besterik ez dun egin eta begira iezaion heure buruari, bakar-bakarrik hago.

BERTA: Betiko moduan, lan alferretan habil. Orain anfibioak, bihar tenplarioak eta etzi zer, inkak akaso?

ENEKO: Hi aizan, ez dun ideia txarra.

 

(berta bero-bero eginda dago. Ez daki eneko nola bota etxetik. Azken bi urteotako haserreak ezin ditu ahaztu eta anaiaren presentzia hutsak urduri jartzen du.

Halako batean, ama agertuko da, erosketan egiten ibili denaren seinale, poltsaz beteta. Irribarrez dator, alai, betiko moduan. Momentuan, bakarrik agertuko da)

 

AMA: Berta! Kaixo laztana.

ENEKO: ama! (Korrika batean kenduko ditu hankak mahaitxoaren gainetik eta zutitu egingo da. amari muxu ematera gerturatuko da)

AMA: Aiba, a ze sorpresa! Familia guztia elkartua. Berta, ez didazu esan Eneko etortzekoa zenik.

BERTA: Neuk ere ba al nekien ba!

AMA: Azokan izan gara. Gauza mordo bat erosi ditugu. Bila nenbilen oherako tapakia ere bai, laranja-laranja. Ikusi nahi?

BERTA: (Harrituta) Nola gara, ama? (Bien bitartean, eneko amaren poltsak husten hasiko da)

AMA: Zure laguna eta biok. Ez zuen igogailuan igo nahi. Hor dator.

 

(clitemnestra sartuko da eszenategian. enekok "menestra" entzutean, amari begiratuko dio harrituta)

 

BERTA: (clitemnestra ikusiko du poltsa mordo batekin eskuetan. Ezin izan du bere etxea aurkitu eta buru makur dator) Oraindik zu hemen? Ez al dizut esan alde egiteko? (eneko clitemnestra-ri begira-begira dago)

AMA: Strofion [18] bat ekarri dizugu ágora-tik. (Bularretako bat aterako du poltsa batetik)

BERTA: (Bularretakoa ikustean, garrasi egingo du) Nola strofion bat, ama?

AMA: Kanarietan, bularretakoei strofion esaten omen zaie eta azokari, ágora. Kuriosoa, ez? Baietz? (clitemnestra-k baietz egingo dio buruaz. Atzealdeko aulkian dago eserita, neka-neka eginda eta lur jota) Bai ba, asko ibili gara eta orain nekaneka eginda zaude. Oso gustura ibili da (bertari) Emozioz betetako garrasi batzuk egin ditu tarteka, zerbait berria ikusten zuenean. Korrika saioren bat ere egin du semaforoen aurrean. Kanarietan ez omen daukate semafororik.

 

(Ateko txirrina entzungo da. amak irekiko du. esteban agertuko da)

 

ESTEBAN: Ea, zuetako nor da jendez betea dagoen etxe honen jabea? (Haserre, betiko moduan) Hitz pare bat egin nahiko nituzke berarekin.

ENEKO: Neu gizona. (estebani hurbilduz) Laster neu.

BERTA: Isildu hadi babu hori! (Txutxu-mutxuka anaiari) Ze erabaki genian? Amak ez zuela gure liskarraren berri izan behar, ez? (estebani) Zer nahi duzu Esteban?

ESTEBAN: Zer nahi dudan? Bakean bizi. Hemengo danbatekoekin bi egun ere ez didate irauten egongelako bonbilek!

ENEKO: Kable sistema ez duzu ondo izango. (Sano-sano)

BERTA: Itxiko al duk ahoa?

ESTEBAN: Nik dena ondo daukat, entzun? Hemen ondo ez dauden bakarrak zuek zarete. Nazka-nazka eginda nago zuen oihuak entzuteaz. Hurrengoan, salaketa bat sartuko dizut! (bertari) Edo dizuet! (berta eta enekori) Batek daki nori zuzendu behar zaion hemen!

BERTA: Hara Esteban, egin ezazu nahi duzuna. Askotxo gaude etxe honetan eta benetan esaten dizut soberan zaudela.

ESTEBAN: Horixe diot nik ere, askotxo zaudetela etxe honetan, normala ez dena. Eta goizekoa? Gizonkote lodi hura, horrekin (clitemnestra seinalatuz) sofan etzanda! Esaten diot nik emazteari...

BERTA: (Moztu egingo dio eta berak amaituko du esaldia. Askotan entzuna baitauka) Etxe honetan joan-etorri arraroak ikusten direla, ezta?

 

(clitemnestra, estebanen oihu bakoitzeko geroz eta gehiago izutuko da, aulkian geroz eta gehiago kizkurtuz)

 

ESTEBAN: Laster amaituko da hau guztia, benetan diotsuet! (Mehatxatuz)

BERTA: Oraintxe bertan Esteban. (Eta bultzaka bere etxetik aterako du, estebanen kexuen artean) Posible ote da hau guztia niri gertatzea?

AMA: Auzokideak gozoago hartzen hasi beharko duzu, laztana.

BERTA: Gozoago? Zer egin diot ba nik horrela jartzeko?

AMA: Ni ez naiz hemen bizi, baina dena dela...

BERTA: (Moztu egingo dio) Ama, mesedez... (Arnasa lasai hartu nahita) Zergatik ez zoaz gelara erosi duzuna jasotzera? Eta eraman ssstro... hau! (Bularretakoa jaurtikiz)

AMA: Strofion, Berta. (Etxe barrurantz joango da)

ENEKO: (Erabat harrituta dago) Strofion esan al du? Ágora hitza erabili al du gure amak, Berta? Ezin dinat sinetsi!

BERTA: Heuk ere entzun diok.

ENEKO: Ikasten hasi al da? Zergatik ez didan esan etortzekoa zenik?

BERTA: Neuk ere ba al nekian ba? Etxe honetara nahi duen guztia nahi duenean etortzen duk, nik deitu gabe.

ENEKO: Zergatik esan du strofion kanariar hitza dela?

BERTA: Nik zer zekiat ba!

ENEKO:  Amarengana noan, Berta. Hau argitu behar dinat. (Etxe barrurantz joango da)

BERTA: Bueno, eta zu ze panpoxa? (clitemnestra-ri) Esango al didazu oraindik zertan zauden hemen?

CLITEMNESTRA: (Aulkitik jaiki gabe) Neure oikía-ren bila igaro dut goiz guztia eta ezin izan dut topatu. Zure amak Ágora-ra eraman nau, (Erdi negarrez) gizonez betea zegoen Ágora-ra! Zarata beldurgarriak entzuten nituen toki guztietan, milaka argi gorri, berde... Etxebizitza ikaragarriak... Ni ezin naiz hemengoa izan... (bertaren izenaz ez da gogoratzen)

BERTA: Berta, Berta da nire izena. Hemengoa ez bazara, nongoa zara orduan? (Pazientziaz hartzen saiatuko da)

CLITEMNESTRA: Atenasen bizi naiz, iturritik gertu, dromos-aren amaieran. Han dago nire oikía.

BERTA: Etxea esan nahiko duzu...Ba, urruti zabiltza guapa, Euskal Herrian gaude eta. Ja! (Ezin sinetsita)

CLITEMNESTRA: (Izututa) Non? Espartatik gertu?

BERTA: Baita zera ere! Zergatik zaude hemen?

CLITEMNESTRA: Ez dakidala ba! Bat-batean hemen agertu naiz. Argi zuria...

BERTA: Logurea... Geroztik hemen nago... Berta. (Ezin du entzuten ari dena sinetsi) Ia... Horrela, bat-batean. Ziria sartu nahian?

CLITEMNESTRA: Olinpoko jainkoen zigorra izan behar du, ezin liteke. Atenas... ezagutu behar duzu! Han bizi naiz ni, Danao, bi seme-alaba eta lau esklaburekin.

BERTA: Esklabuak? (Geroz eta gutxiago ulertzen du)

 

(eneko agertuko da)

 

ENEKO: Hi Berta, Menestra izeneko kanariar batek erakutsi omen zizkion hitz horiek. Ezagutzen al dun?

 

(bertak clitemnestra seinalatuko dio)

 

ENEKO: A! Zeu zara beraz... Nola dakizu horrela hitz egiten?

BERTA: Atenastarra duk, (Ahopean, anaiak ez entzuteko moduan) edo hori ziok.

ENEKO: Kanariarra esan din ba amak. Berdin dun. Baina hitz egiteko modu hori... (Pentsakor)

BERTA: Ze esan nahi duk?

ENEKO: Kristo aurrekoek hitz egiten zinatela horrela, greziar klasikoek.

BERTA: Hangoa baduk, ikasi egingo zian. Hi, segiok heurearekin. (Ez du enekorekin egon nahi)

ENEKO: Baina... (Kexati)

BERTA: Aldegiteko!

 

(eneko etorritako bidetik joango da)

 

BERTA: (Une batez isildu egingo da. Pentsatzen ari da) Ea ulertzen dudan. Atenastarra zara, esklabuak dituzu etxean, Danao delako bat da zure senarra, ez dakizu non zauden eta kaletik zeharo izutua etorri zara. Cero, zure izena oso arraroa da eta hitzegiten duzunean, erdirik ez zaizu ulertzen. Gaixorik al zaude?

CLITEMNESTRA: Hauek ez dira garai onak. Malariak jota jende asko hiltzen da baina gu zorionez oso ondo gaude.

BERTA: Grezian malaria? (Poliki baina gertatzen ari denaren ideia bat egiten hasia dago) Aizu, nor da Atenasko agintari nagusiena? Orain alegia, une honetan.

CLITEMNESTRA: (Eserita jarraitzen du, aurpegi goibelarekin) Periclesek hartzen ditu erabakiak. Ezagutuko duzu, ez? Akropoliaren berreraikuntzarako drakma mordo bat eman ditu. Berak ordaintzen die Fidias, Friso... guztiei.

BERTA: Ea... (Gauzak geroz eta argiago ditu. Etxe barrurantz eramaten duen sarrerara hurbilduko da) Eneko, nor izan zen Pericles? (Oihuka)

ENEKO: (Entzun bakarrik egingo zaio) Pericles? K.a bostgarren mendekoa dun, garaiko mandataria Atenasen, k.a 450. urte inguruan bizi izan hunan. Bere garaiari, Periclesen mendea deitzen zaion. Demokraziaren...

BERTA: (Moztu egingo dio) Hi bale, nahikoa diat! (clitemnestra—ri) Esaten duzuna egia bada, duela 2500 urtekoa zara zu. Ha, ha, ha! Alegia, gutxienez 2500 urte jaio zinela! (Barre algara batean hasiko da) Eroetxera eraman nazatela! Ha, ha!

CLITEMNESTRA: 33 urte ditut eta ez 2500. Berta, etxera itzuli nahi dut. Nire filotimid [19] jokoan da. Eraman nazazu nire bizilekura!

 

(Erreguka)

 

BERTA: Nora, duela 2500 urteko Atenasera? (Egongelan, alde batetik bestera mugitzen hasiko da, bekokiko izerdia lehortuz) Ai ama, ai ama... (clitemnestra-ri hurbilduko zaio eta bi besoetatik gogor helduko dio) Cli, Cli...

CLITEMNESTRA: Clitemnestra.

BERTA: Clitemnestra, Jainko maitea! Ez iezaiozu inori ezer kontatu. Niri kontatu didazun hau ez iezaiozu inori esan, entzun? Entzuten al didazu?

CLITEMNESTRA: Zer gertatzen da? Non nago?

BERTA: Non zauden ez, noiz zauden!

CLITEMNESTRA: Ez dizut ulertzen.

BERTA:  Ba, zure garaitik, 2500 urteko jauzia egin duzula etorkizunerantz, horixe! Nola azalduko nizuke... (clitemnestra begira-begira dauka, ezer ulertu gabe) Ez duzu inguratzen zaituen ezer eta inor ezagutzen. Denboran zehar bidaia bat egin duzu, ulertzen? 33 urte zenituela esan duzu, ba bizi zaren garaitik hona, halako asko eta asko pasatu dira, baina asko eta asko! Ulertzen al didazu?

CLITEMNESTRA: Ulertzen dut azaldu nahi didazuna, baina... hori ezin liteke!!

BERTA: Jakina ezin litekeela! Baina, badirudi balitekeela! Zu hemen zaude! Baina, zer gertatu ote da?

 

(eneko agertuko da)

 

ENEKO: Aizu, (clitemnestra-ri) Historialaria naiz, Bertaren anaia. (Eskua luzatuko dio baina clitemnestra-k, bere bi eskuak gerri atzean ezkutatuko ditu, enekoren harridurarako) Hitz egin al dezakegu?

BERTA: ez!! (Lehor)

ENEKO: (bertaren jenio biziaz apur bat izututa) Gero agian, eeee... kalera noan mandatu bat egitera, laster etorriko naun. Hi, anfibioak utzi eta Grezia klasikoari buruzko lantxo bat egingo dinat, gaur egungo emakume greziarraren ikuspegitik. Zer dion?

BERTA: Aldegiteko hemendik! (Kanpoko atea seinalatuz)

CLITEMNESTRA: Berta, zerbait egin behar dut. Lagundu egin behar didazu. Nola itzuliko naiz nire garaira? Hartzen nion nik, bai, itxura txarra honi guztiari.

BERTA: Akaso hobeto bizi al zara zu?

CLITEMNESTRA: Hobeto ez dakit, baina ni hangoa naiz. Hemen neure onera ezin etorrita nago.

BERTA: Jakingo bazenu zer nolako kaka muntatzen ari zaren... Nik zer esan behar ote dut? Nik ez daukat zuri zertan lagundu.

CLITEMNESTRA: Ni zu bezain harritua nago honekin guztiarekin. Ni zuretzat arrotza naizen moduan, zu eta zure inguruko denak ere arrotzak zarete niretzako. Zuk adina gogo daukat hau argitu eta hemendik aldegiteko. (Lehenengo aldiz ikusiko du clitemnestra serio hitz egiten)

BERTA: Baina zergatik niri?

CLITEMNESTRA: Eta niri?

BERTA: Eseri gaitezen eta lasaitu gaitezen apur bat. Hemen zaudenez gero, konta, konta iezadazu zutaz zerbait. Hau ez da egunero gertatzen eta total! Nagoena baino asaldatuago ez naiz egongo!

 

(clitemnestra bere ondoan eseriko da)

 

BERTA: E! Zapatila horiek nireak dira! (clitemnestra-ren oinei erreparatuta)

CLITEMNESTRA: Zure amak... (Eta berriketan ari direla, argiak itzaliko dira)

 

 

 

[18] Bularretakoa.

[19] Ohorea.