3. AGERRALDIA
(Goiza da. Eguna argitzen ari du. Argiak piztean, berta eta clitemnestra agertuko dira sofan erdi etzanak. Gau osoa igaro dute berriketan eta eguna argitu du. janari hondarrak daude mahaitxoaren gainean. Egongela, geroz eta nahasia dago, jaso gabea, paperez, kafe kikaraz betea... bi emakumeak logurak daude)
BERTA: Ea ulertzen dudan... Orduan aitak aukeratu zuen zuretzako senarra...
CLITEMNESTRA: Kyrios-ak [20] aukeratzen du. Aita ez badago, anaia, aitona...
BERTA: Zenbat urte zenituen?
CLITEMNESTRA: 14 urte.
BERTA: (Eseri egingo da) Zer diozu? Oso gaztea zinen eta! Eta zu konforme?
CLITEMNESTRA: Aaaaaa.... Konforme edo ez, halaxe izan ohi da, ez zuek bezala, nahi duzuenean eta nahi duzuenarekin.
BERTA: Zuretzako arrotza den batekin ezkontzen zara. Zertarako? Eta haurrak izateko. Zenbat? Senarrak nahi adina. Bat edo bi, ez? Nahi baino gehiago baldin badira, senarrak erabakiko du zer egin, jaiotzean hiltzen utzi edo jaio aurretik hil. Hori pasada bat da! Gutxienez zuk erabakiko bazenu... Konformatu egiten al zara Clite?
CLITEMNESTRA: Guretzako gamoi-a [21] beharrezko gaitz bat da, ezkontzen ez dena, gaizki ikusia egon ohi da.
BERTA: Baina zu, etxe oneko alaba zara, zure senarra legegizona da. Maila ona daukazu.
CLITEMNESTRA: Bai, Danao logógrafo-a da eta drakmarik ez zaigu falta. Baina nik eguna etxean igarotzen dut, haurrak zaindu, josi... Kalean emakume gutxi ikusiko dituzu. Metekoen emazteren bat, nekazariaren emaztea, hetairai-ak [22], guztientzako diren emakumeak alegia...
BERTA: Egia da orduan emagalduaren lanbidea zaharrenetarikoa dela... (Pentsakor) Eta zu, konforme.
CLITEMNESTRA: Bitxia da. Zenbat aldiz egin ote diot galdera hori bera neure buruari... Dena daukat, eta, dena falta zait...
BERTA: Harrigarria da. Gure garaiak oso desberdinak diren arren, zu eta ni, biok, antzeko egoeran gaude.
CLITEMNESTRA: Zu eskubidedun emakumea zara, zure bizitza propioa duzu. Erabakiak har zenitzake, Berta. Emakumezkoek zein gizonezkoek, errespetuz tratatzen zaituzte.
BERTA: Bai? Hori al da hemen ikusi duzuna? Nik ez daukat ba, sentsazio hori!
(ama agertuko da berriketan ari diren bitartean. Ohetik jaiki berria da. Ilea nahasia dauka eta pijamarekin dago)
AMA: Egun on bikote! Ez esan gau guztian hemen egon zaretenik!
(clitemnestra eta berta logurak amorratzen daude)
CLITEMNESTRA: Bai, andrea. Aintzinako kontue...
BERTA: (Moztu egingo dio) Kontu asko genituen elkarri kontatzeko, ama.
AMA: Berta, zu ez al zoaz gaur lanera?
BERTA: Egia! (Erlojuari begiratu eta arrapaladan jaikiko da) Lana ekarri nuen atzo eta egin gabe utzi ez dut ba! (Ilea eskuekin txukundu, begiak igurtzi eta joan egingo da)
AMA: Acratismos-a hartu gabe joan ez da ba! Horrela esaten al zen, Menestra?
(Ateko txirrina entzungo da. amak irekiko du atea eta pablorekin sartuko da egongelan)
AMA: Egun on. Zerbait nahi al zenuen?
PABLO: (clitemnestra ikustean) Joño! Esan nion ba nik Bertari telefonoz deitzeko... Kezkatua nengoen eta neu etorri naiz. (Erreminta kaxarekin dator)
CLITEMNESTRA: Zu... gizon hura...
PABLO: Bai, beste hura. (amak ez ikusteko moduan, jaten ari denaren keinua egingo dio, kakahueteen pasartea gogoratuz) Ondo zaude beraz... Sekulako sustoa eman zenidan. Baina, agindutakoa betetzera nator. (clitemnestra-ri begiekin keinu eginez. clitemnestra-k ez daki zertaz ari den)
AMA: Elkar ezagutzen duzue, beraz... Jesus! Ez nekien Bertak horrenbeste lagun zituenik. Ni, Bertaren ama naiz.
PABLO: Orduan, zuk jakingo duzu zer gehiago dagoen etxe honetan egiteko, zer gehiago konpondu behar dudan. Anaiarengana joan behar dut gero tratua ixtera eta zerbait aurreratzearren etorri naiz.
AMA: Lagun onak ditu ba nire alabak, bai. Laguntzera zatoz beraz? Primeran, premia badauka.
PABLO: Laguntzera, laguntzera... (clitemnestra-ri begira. clitemnestra-k barretxo inozo batez erantzungo dio, ez baitaki pablo zertaz ari den)
AMA: Begira. Sukaldean, ontzien armairuko apala erortzear dago. Kanpaia olioz betea dago eta ez du batere kerik jasotzen. Labeko ateari malguki bat falta...
PABLO: (Moztu egingo dio) Bueno, bueno, bueno! Poliki emakumea. Handik hasiko naiz orduan. (Eta sukaldera joango da)
AMA: Menestra, atsegina dirudi zuen lagun honek.
CLITEMNESTRA: Nik ez dakit ezagutzen dudan ere eta Bertak, ez dakit ba laguna duen. Queironax [23] bat zela esan zidan Bertak, drakma batzuren truke lanera etortzen dena.
AMA: Queironax izena du orduan. Kanariarra ote da hau ere?
(Eta joan egingo da)
(anaia sartuko da etxean. Maletak eskuetan dituela dator, liburu eta paper mordo batekin besapean)
ENEKO: Aupa! Ufff... Azkenean iritsi naiz.
(ama agertuko da etxe barrutik txabusina bat jantzita)
AMA: Eneko, laztana. Atzo ez al zenuen aldegin berehala itzultzekotan?
ENEKO: (Liburuak mahai gainean utziz) Bai, baina ondo pentsatu eta gero, egun batzuetarako etortzea erabaki dut eta Iñakirenean izan naiz trasteak jasotzen.
AMA: Iñaki? Nor da, zurekin bizi den lagun hori?
ENEKO: (amak ez entzuteko moduan) Ni naiz bere etxean bizi dena. (Ozenago) Horixe bera, ama.
AMA: (Biei) Acratismos-a hartuko al dugu? Pelanos [24] batzuekin gaur, e, Meñestra?
ENEKO: Aiba ama!
AMA: Bai Eneko, eta gosaria acratismos. Kanarietara joaten naizenerako prestatzen. Ze orduan?
CLITEMNESTRA: Berandu hartu genuen deipnon-a [25] atzo. Eskertzen dizut, andrea. Oso atsegina zara.
AMA: Deipnon, deipnon... Utzi pentsatzen... Afaria izan baietz!
ENEKO: (Erabat harrituta dago) E, ez, ni... ni gosalduta etorri naiz, ama.
AMA: Konforme. (Eta joan egingo da)
ENEKO: Harrigarria da gure amak daukan ikasteko gaitasuna. Baina, zurea, harrigarriagoa iruditzen zait.
CLITEMNESTRA: Neuri ere bai.
ENEKO: Itxura guztietara, (Bere tunika seinalatuz) Grezia klasikoarekiko duzun zaletasuna izugarria da. Horrelako arropa eramaten al zuten?
CLITEMNESTRA: Atenasen, batzuk, horrelakoak eramaten ditugu. Hau oso kalitate onekoa da, neuk josia.
ENEKO: Antzerkilari ona zara gero! Garaikoa izango bazina bezala hitz egiten duzu. Garai hura faltan aurkituko bazenu bezala da, e?
CLITEMNESTRA: Hona heldu nintzenean, korrika batean bertara itzultzea baino ez nuen pentsatzen... Baina orain...
ENEKO: Esan iezadazu, Clitemnestra al zen zure izena? (clitemnestra-k baietz egingo dio buruarekin) Izena ere garai hartatik hartu duzu. Oso ondo. (Hitz egiteaz gain, datuak paperean jasotzen joango da)
(clitemnestra deseroso sentitzen da anaiarekin berriketan. Ez dago gustura)
ENEKO: Liburuetan begira aritu naiz eta aizu, gutxi gora-behera, ideia bat badaukat: Pericles K. a V. mendea, Aristofanes... (Idazten jarraituko du). Periclesen garaian, demokrazia jaio zela diote. Baina, dena dela, esklabotzak existitzen du.
CLITEMNESTRA: A bai, guk ere baditugu. Haiei eskerrak! Zama astunak nola eraman bestela? Eta lan gogorretan? Hoberenak dira. Baita etxean laguntzeko ere. (Oso konbentzitua)
ENEKO: (Oso serio begiratuko dio clitemnestra-ri baina adarra jotzen ari zaiola irudituko zaio, garaiko emakumearen papera betetzen ari dela) Pufff!... Une batez, benetan ari zinela pentsatu dut. Zurea bai dela historia bizitzea eta sentitzea. Lastima da, ordungo eraikuntzetatik hondar hauek baino ez geratzea. (Liburu lodikote bateko argazkiak erakutsiko dizkio)
CLITEMNESTRA: (Begiak irten beharrean) Zer da hau?
ENEKO: Akropolia argazkietan.
CLITEMNESTRA: Zer diozu? (Zutitu egingo da) Nola izango da ba! Hauek harri puska batzuk baino ez dira eta!
ENEKO: Lasai, emakumea. (Estututa. Liburua eskuetatik kenduko dio) Agian ez dira argazkirik hoberenak baina bueno, komentario bat baino ez zen. Ez dut uste horrela jartzeko modukoa denik.
(clitemnestra erabat nahastua dago. Aldaketak handiegiak dira berarentzat. Badaki garai desberdinean dagoela baina zaila egiten zaio egoera desberdinera egokitzea)
ENEKO: (Zutitu egingo da, dagoen tokian geldirik geratuz. Betaurrekoak garbitzen hasiko da) Dena dela, milaka urte pasa dira eta ez da harritzekoa.
(eneko hitz egiten ari dela, pablo agertuko da egongelan, baina bietako inor ez da jabetuko bere presentziaz. Bata bizkarra emanda dago eta bestea betaurrekoak garbitzen. Arreta erabat galdua dagoen clitemnestra-ri hurbilduko zaio eta, behatz batez, sorbalda ukituko dio)
PABLO: Aizu...
CLITEMNESTRA: (Oso urduri eta pentsakor dagoen clitemnestra-ri, sekulako sustoa emango dio eta garrasi egingo du) Aaaaaaaa!!
PABLO: (clitemnestra-ren ustekabeko garrasiak, pablo bera izutuko du eta beronek ere garrasi batez erantzungo dio) Aaaaaa!!
(enekori betaurrekoak eroriko zaizkio eskuetatik)
PABLO: Joe neska! A ze sustoa! (Eskua bihotzera hurbilduz)
CLITEMNESTRA: (Arnasa falta zaio) Berta, non dago Berta?
PABLO: Ai ama, atzo horrela hasi zen. Dana edo horrelako norbaitengatik galdetzen zuen.
ENEKO: (clitemnestra-ri hurbilduko zaio) Lasaitu zaitez, neska.
(Eskutik helduko dio, sofaraino eramateko asmotan)
CLITEMNESTRA: (Bortizki, eskua askatuko dio) Mesedez, ez nazazu ukitu! Ez nazazu begiratu ere egin! (pablori begiratuko dio) Zuk ere ez! (pablok atzera egingo du) Zer egiten dute hainbeste gizonek etxean? Zer esan behar du gineconomo-ak, ni hemen, hetairai moduan ikusita? (Bere onetik irtenda)
(ama agertuko da)
AMA: (pablori) Amaitu al duzu, mutiko?
PABLO: Oraingoz bai. Hemen uzten ditut lan-jantzia eta erramintak. Esan Bertari, ahal dudanean etorriko naizela berriro. (amak eta clitemnestra-k ez entzuteko moduan, enekori zuzenduko zaio) Hi, argi ibili, agian zorabiatu egingo duk. Esan iezadak. Hain itsusia al nauk?
ENEKO: (Goitik behera begiratuko dio) Bueno, oso polita ez haiz...
PABLO: (Moztu egingo dio) Hi, ba, zorabiatu heuk ere nahi baduk. Ni banoak hemendik! (Joan egingo da)
AMA: (clitemnestra ondo ez dagoela konturatuko da) Eneko, zer egin diozue?
ENEKO: Guk, ama? Urduri jarri da, besterik gabe eta lasaitzera hurbildu naizenean, gineconomo...
(Bere paper artean hitzaren esanahia bilatu nahita dabil)
AMA: Horixe Eneko, ginekologoarenetik pasa berria izango da eta sentibera egongo da. Hori gizonok ezin ulertu, ordea! (clitemnestra-ri hurbildu eta besarkatu egingo du)
ENEKO: Baina ama! (Kexuka) Ze ginekologo eta ze...
AMA: Bai ba Menestra, atzotik lorik egin gabe zaude eta horrela ezin da. Ale, egin ezazu lo apur bat eta gero hobeto sentituko zara. Zer dira, kiste batzuk? Zu lasai... (Eta etxe barrurantz ezkutatuko dira biak)
ENEKO: Gineconomo: Emakumeen portaera aztertzeko ardura duena. Ea... Joe ama! (Oihuka) Zer ulertu ote du gure amak? (Sofan eseriko da berriro) Nik uste bezain erraza ez da izango lan hau burutzea. Gezurra dirudi emakume hau Bertaren laguna izatea. Berta hain hotza, hain lurrekoa... Eta beste hau berriz, hain bitxia, hain desberdina... Horrela izaten omen da! Jainkoak egin eta Jainkoak elkartzen omen!
(Argiak itzaliko dira)