Clitemnestra-ren itzulera
Alaitz Olaizola
Clitemnestra-ren itzulera
Alaitz Olaizola
Kutxa, 2004
Clitemnestra-ren itzulera
Alaitz Olaizola
Kutxa, 2004
[aurkibidea]

 

4. AGERRALDIA

 

(Argiak piztean, eneko, lo dago sofan etzanda. Mahaitxoa, paper, liburu, janari hondar eta kafe kikaraz betea dago. Atzealdean, pablok utzitako erraminta kaxa, silikona poto batzuk eta lan arropa lurrean pilatuta alde batean eta bestean, enekoren maletak ikusiko dira)

(berta kaletik dator. Eskuan dakarren maletatxoa sofara jaurtiko du. Ez du eneko ikusi)

 

BERTA: Hau da etxearen "kuxidadea"... (Logurak dago, nekatuta)

ENEKO: (Sekulako sustoarekin, kolpe batez esnatuko da) Hi, sekulako kolpea eman didan! (Bekokia igurtziz)

BERTA: Baina, baina... Hik zer egiten duk hemen? Lo al hengoen?

ENEKO: Maletak egiten igaro dinat gau guztia eta logurak nengonan.

BERTA: (Maletak ikusiko ditu) Nola maletak! Ez iezadak esan maleta mordo hori hirea denik! (Etsita)

ENEKO: Epaileak zerbait erabaki artean, hemen geratuko naun.

BERTA: (Oso haserre) Ez zegok ezer erabakitzeko. Hartu itzak hire maletak eta alde egin ezak hemendik. (Atea seinalatuz)

ENEKO: Hire lagun horrekin lan bat egiten ari naun...

BERTA: Aldegiteko!!

 

(ama agertuko da)

 

AMA: Laztana, deika ari al zinen?

BERTA: E... ez ama, Enekorekin ari nintzen.

ENEKO: (ama aurrean dagoela aprobetxatuz) Bere etxean geratzen uzteagatik eskerrak ematen ari nintzaion.

BERTA: Nola utzi?

 

(enekok begirada maltzurra luzatuko dio)

 

BERTA: Bai ama, aspaldi ez dugula elkar ikusi eta gera dadila, ez?

 

(Ezpainei hortzaka egiteaz gain, ukabilak estutuz)

 

AMA: Primeran! Urteak dira denok elkarrekin ez gaudela. Aita poztuko zen. Zuri ondo etorriko zaizu, Bertatxo. Konpainia eta giro alaia izango dutugu etxean. Panegiria [26] bat egin genezake.

BERTA: Eeee? (Aurpegia zimurtuz)

ENEKO: (Paperei begira) Festa handia esan nahi din, Bertatxo.

 

(Iseka eginez)

 

BERTA: Horixe bakarrik falta zitzaidan! Pane... delakoa!

AMA: Goibel dagoena alaitzeko, emakumea. Bihar larunbata da gainera, atseden hartzeko eguna. Kanarietan ez omen daukate atseden hartzeko egun fijorik, ba!

ENEKO: Horixe, Bertatxo! Panegiria bat egingo dugu. (bertari ahopean) Etxearen banaketa ospatzeko, arrebatxo. (Ozenago) Emakume atsegina zara ahizpatxo.

 

(Ateko txirrina entzungo da. berta joango da irekitzera. esteban da eta beti bezala oso haserre dator)

 

ESTEBAN: Duela bi orduko garrasi eta oihuak entzun ditut, e? Emazteak eskatuta geratu naiz etxean! Berak eskatu didalako!

BERTA: Ba orain, nik eskatzen dizut. Geratu zaitez zeure etxean, Esteban.

ESTEBAN: Ez jauna! Ez, ez eta ez! Etxeko sabaia pitzatu didazue gaur goizean. Horko mailu eta zulagailu hotsa...

ENEKO: Pablo edo beste hori izango zen. Zure lagun hori Berta.

BERTA: (ama eta anaiari) Nire laguna? Pablo hemen izan al da? Nik ez diot eta deitu!

ESTEBAN: Ikusten? Joan-etorri arraroak badirela hemen! Banekien...

ENEKO: Hori zure emazteari esango zenion, ez?

ESTEBAN: Bai ba! Ezinezkoa da horrela lasai bizitzea, zaratak eta txikizioak sekulakoak direla ba!

BERTA: Hara Esteban... (Bero-bero eginda)

AMA: Oso atsegina zara hona abisua ematera etorrita. Hitz eginez gero, auzotarrak askoz hobeto konpontzen dira. Gaur goizean, Bertaren lagun bat konponketa batzuk egiten izan da.

ESTEBAN: Horixe izango zen entzungo zenuena, hura lanean. Dena dela, ni hemen egon naiz denbora guztian eta ez zait horrenbesterako iruditu. Antzemateko adina, baina gehiago ez. Zu lasai, saiatuko gara eta, zarata gutxiago egiten. Ez zela horrenbesteraino? Zerri lodi hori al zen? Atzo goizean emagalduarekin bete-betean harrapatu nuena?

 

(anaia eta berta, erabat harrituta geratuko dira)

 

AMA: Zin egiten dizut ez zaizula berriro zerri lodikoterik joango behera.

 

(estebanek ez daki zer esan, amaren hitzek jokoz kanpo utzi dute)

 

AMA: Gero arte ba, Esteban. (Eta ateraino lagunduko dio)

ENEKO: Zer esan du aitona horrek?

BERTA: Nik zer zekiat ba! Benetan Pablo hemen izan dela?

AMA: Ene, sukaldea primeran utzi du. Ahal duenean berriro itzuliko dela esan du. Zure logelako leihoarena esan diot, trastegelako apalena... Lagun ona mutil hori... (Eta etxe barrurantz ezkutatuko da)

BERTA: Nola laguna? (Etxe barrurantz begira) Ordaintzen diodanean ikusiko dugu zenbaterainoko laguna den! Baina nola liteke bi egunean nire bizitza, modu honetan, hankaz gora jartzea?

ENEKO: Hankaz gora ia hire lagun hori erori dun.

BERTA: Clite? Zer egin diok?

ENEKO: (Oso lasai) Nik ezer ez. Akropoliaren argazki bat erakutsi zionat...

BERTA: Joe!!

ENEKO: Arraroa dun hire lagun hori. Zertxobait ikutua zegon. (Bere baldokia ukituz) Atenasekin obsesionatua zegon...

BERTA: Obsesionatua... Hi, joan hadi buelta bat ematera eta ea aire apur batek hiri ere etxe honekiko obsesioa kentzen dian.

ENEKO: Clitemnestra-rekin lan hau burutu behar dinat.

BERTA: orain ez! Lasai egon nahi diat, bale? (Atea seinalatuz, betiko moduan)

ENEKO: Bale hi, ondo zegon, ez hadi horrela jarri. Museora joango naun. Han zerbait gehiago bilatuko dinat. (Inor agurtu gabe, kalera joango da)

 

(berta, oso nekatua eta umore txarreko dago, baina etxea hankaz gora ezin duenez ikusi, txukuntzen hasiko da. Ez daki nondik hasi ordea, zer egin pablo eta anaiaren trasteekin... Bat-batean, clitemnestra-z oroituko da)

 

BERTA: Clite! Clite! (Silikona potoekin estropezu egingo du eta erortzeko puntuan egongo da) Hau marka! Emozioak nahi al zenituen Berta? Hemen ditun ba, bat bestearen atzetik! (Bere buruari)

 

(clitemnestra, bertaren deiari erantzunez, egongelan agertuko da. Soineko zimurra dakar, ileak nahastuak, erdi lotan)

 

BERTA: Ai Clite! (Berari hurbilduko zaio. bertari, ia inoiz ez bezala, barretxo bat ikusiko zaio ezpainetan) Ez didazu sinetsiko, baina poztu egiten naiz zu ikusteaz.

CLITEMNESTRA: Ai Berta... (Etsituta, ondoezik)

BERTA: Benetan e? Logurak amorratzen pasa dut goiz guztia, baina gauean hitz egindakoari bueltak eman eta eman aritu naiz. Ikaragarria da zu hemen, horrela, bat-batean agertzea. Ez dauka inongo azalpenik!

CLITEMNESTRA: Ez, ez dauka. Ezerk ez dauka azalpenik edo nik behintzat, ezin dut ezer ulertu. Zure anaia hori... Berdin da. Berta, entzun iezadazu arretaz. Lo pixka bat egiteko asmoz, etzan egin naiz eta ba al dakizu, Berta?

BERTA: Ez. Baina itxura txarra daukazu eta eseri zaitez. Orraztu egingo zaitut. Zatoz.

CLITEMNESTRA: (clitemnestra sofan eseriko da. bertak ilea txukuntzeari ekingo dio) Begiak itxi ditut eta berehala, lokartzen ari nintzela nabaritu dut. Bat-batean, nire oikía-n nengoela sentitu dut. Poliki-poliki, geroz eta garbiago ikusi dut nire irudia eta berehala konturatu naiz, ez nintzela ametsetan ari, benetan gertatzen ari zela.

BERTA: (clitemnestra-ri iletik tirako dio) Zer esan nahi duzu? (clitemnestra-ri begira geratuko da, orrazia bere ilean itsatsia utziko duela)

CLITEMNESTRA: Begiak ireki ditut orduan Berta, ireki egin ditut. Berta, badakit nola itzuli, badakit!

BERTA: Ez dizut ulertzen, Clite.

CLITEMNESTRA: Lo hartzen badut, han esnatuko naizela, adiskide. Kitto. Ez dago besterik.

BERTA: Clite! (Une batez isiltasuna egingo da) Esan iezadazu, (clitemnestra-ri begiratu gabe, egitera doan galdera egitea asko kostatuko balitzaio bezala) Zergatik esnatu zara, etxerako bidea bilatu baduzu? Zergatik ez duzu lotan jarraitu?

CLITEMNESTRA: (Pentsakor) Ez nago oso seguru, Berta. Hona iritsi bezain pronto gertatu bazitzaidan... Baina orain... Ez dizut gezurrik esaten, hemen ondo ez nagoela esaten badizut, baina, itzultzen naizenean, hura betirako izango da eta hau berriz...

BERTA: Zerbait egin genezake zu hemen hobeto sentitzeko... Ez dakit. Hiria ezagutu, zinera joan... Zer diozu? (Laguna animatu nahian)

CLITEMNESTRA: Ez al duzu ulertzen, Berta? Inork ezin al du ulertu? Dena, hemen dena da berria niretzako, baina, ez horregatik hobea. Oikía-ko emakumea naiz ni, etxekoa Berta. Eta beste garai batekoa. Amets batzuk banituen Berta, baina honek, denak gainditu ditu.

BERTA: Baina zer nahi duzu? Ez, egia da ezin zaitudala ulertu. Askatasuna ez al da ba, nahi zenuena? Zure iritziak kontutan hartzea? (Pipertzen hasia dago) Aprobetxa ezazu orain badezakezula neska!

CLITEMNESTRA: Ze askatasun eskaintzen didazu, neurri gabekoa? Bat-batekoa, egun batetik besterakoa? Ze erabaki hartzea nahi duzu hemen? Nire bizitza han dago, Berta.

BERTA: Hemen hobeto egongo zara eta!

CLITEMNESTRA: Ez Berta. Ez da gutxi, denborarekin gauzak aldatuko direla ikustea. Denborarekin.

BERTA: Gutxirekin konformatzen zara. Hemen, han ez bezala, hiritarra izan zintezke. Ecclesía edo antzeko zerbaitean parte hartu. Eskubideak izan azken finean!

CLITEMNESTRA: Nik han hartuko nuke hau. Han. Han dago nire bizitza.

BERTA: Mesedez Clite, izan zentzuduna. (Egongelan atzera eta aurrera mugituz. Ezin du laguna ulertu)

CLITEMNESTRA: Zentzuduna diozu? Akaso zoriontsu al zara zu? Beti umore txarreko, gizonei eta emakumeei oihuka. Zu ez zaude...

BERTA: (Moztu egingo dio) Bueno, bueno, bueno... Falta zitzaiguna! Nor zara zu niri kontuak hartzera etortzeko?

 

(Azkenerako haserretu egin da)

(ama sartuko da)

 

AMA: Aizue neskak, zergatik ez goaz...

BERTA: (Moztu egingo dio) Ama! Ezingo al dut neure etxean elkarrizketa bat bakean izan? Zergatik ez gaituzu bakean uzten?

AMA: (Begiak zabal-zabalik dituela geratuko da. Penatua) Nik ez nuen...

BERTA: (Moztu egingo dio) Bai, zuk sekula ez duzu nahi, baina beti egiten duzu!

CLITEMNESTRA: Berta! Zure ama da. Nola hitz egin diezaiokezu horrela?

 

(Zutitua, besoak energiaz mugituz eta haserre)

 

BERTA: Nire amari nahi diodan moduan hitz egingo diot. Ados?

 

(ama, burumakur etxe barrurantz joango da)

 

CLITEMNESTRA: Guk, gure gurasoak zaindu eta maitatu egiten ditugu. Guretzako geroboskia [27] ezinbestekoa da. Hori al da, ahoa bete-bete eginda ahoskatzen duzun errespetua? (Hau ere, etxe barrurantz ezkutatuko da)

BERTA: Clite! Clite! Ez haserretu... (Bakarrik geratu da) Joan hadi ba, nahi badun! Egin ezan lo eta ospa!! (Kaleko ateari danbateko bat emanez, kalera aldegingo du)

 

 

 

[26] Festa handia.

[27] Adineko gurasoak zaintzeko beharra.