Clitemnestra-ren itzulera
Alaitz Olaizola
Clitemnestra-ren itzulera
Alaitz Olaizola
Kutxa, 2004
Clitemnestra-ren itzulera
Alaitz Olaizola
Kutxa, 2004
[aurkibidea]

 

Nire bizitzan dauden, eta, egon diren
Berta eta Clitemnestra guztientzat.

 

 

AZALPENAK

 

            Antzezlan honen ardatza, Berta eta Clitemnestra diren arren, inguruko pertsonaiek garrantzi handia dute. Inguruko pertsonaia hauek izango dira lan hau komedia egingo dutenak.

            Clitemnestra duela 2500 urteko greziar emakumea da eta hau nabarmena izan dadin, bere janzkera, ohitura eta hizkuntzan nabarituko da. Hainbat hitz, grekera klasikotik hartuak daude eta antzezlanean zehar agertuz joango dira. Honek nahasmena sortuko du sarritan eta beste zenbaitzutan, pertsonaien arteko konplizitatea.

            Berta eta Clitemnestra, garai ezberdinetako emakumeak izanda ere, ez dira hain desberdinak eta hau kontutan izatea garrantzitsua da, elkarrekin topo egitearen arrazoia hauxe izango bait da. Elkar ezagutzean, bizitzaren ikuspegi ezberdin bat izatera iritsiko dira eta horretarako funtsezkoa izango da bi garaiak zehaztea.

            Bertak ikusiko du, nola Clitemnestra-k, ezer gutxirekin eta hiruzpalau ametsekin, bere bizitza eraikitzeaz gain, aurrera aterako duela, poliki-poliki eta ametsez-amets. Aldiz, Clitemenestra-ri, Bertaren egoera ikustean, ikuspegia zabalduko zaio eta berriro Greziara itzuliko den arren, emakumearentzako garai hobeagoak etorriko direla ikusita, lasaiago hartuko du arnasa eta bera konturatu ezean, Bertaren bizitzari buelta emango dio, eta sinpletasunetik aberastasunerako bidea nola egin azalduko dio.

            Bertaren etxera, jendea poliki-poliki ustekabean agertuz joango da eta Bertaren bizitza serio eta aspergarria hankaz gora jarriko dute, bere zoritxarrerako hasera batean.

            Nahasmen orokor hau, lanaren haseratik bukaerara nabarmenki apreziatzea oso interesgarria izango litzateke: nahasmena hizkuntzarekin, ulermenarekin, garai ezberdinen talkarekin, pertsonaia beraien itxurarekin, etxearen desitxuraketarekin...

            Hasiera batean, etxea txukun eta garbi dagoen arren, denbora aurrera doan heinean, geroz eta narratsagoa ikusiko da. Gauzak beren tokietatik kanpo, jan hondarrak, paperak, Pablo langilearen arrastoak...Pertsonaien kasuan, batez ere Berta eta Clitemnestra-rengan ikusi beharko litzateke desitxuraketa hau. Bertak eta Clitemnestra-k bi gau igaroko dituzte lorik egin gabe eta honek nabarmena izan behar du, nekeak begibistakoa izan behar du.

            Orokorrean, lanaren amaieran, nahasmenak orokorra izan behar du, aldaketak zentzu guztietan eman direla garbi geratu dadin. Elkarrizketek azalduko dizkiguten aladaketez gain, fisikoki aldaketa hori ikustea, lagungarria gerta liteke benetan.

            Esteban, Pablo, ama eta Enekoren presentziak garrantzi handia izango du nahasmen hau sortzeko garaian.

            Bi datu oso kontutan izan beharrekoak dira lan honetan. Batetik, Berta bakarrik jabetuko da benetan Clitemnestra-ren jatorriaz, benetako istorioaz. Gainontzekoak, bakoitzak bere pelikula egingo du Clitemnestra-rekiko, bakoitzari modu ezberdinean eragingo dio.

            Gero, aipatu beharra dago, fantasia nabarmena den lan honetan, Clitemenestra-ren itzulerak, bere garaira itzuliko den modua, etorri den adinako fantasiotsua izango dela. Ia bi gau lorik egin gabe egin eta gero, lokartzen denean, ikuslegoak ulertu behar du, bere garaira itzuliko dela eta hemen antzerkiaren amaierara iritsiko garela.

            Horregatik nioen, progresio hau nabarmentzea ezinbestekoa dela: etxe txukunetik, nahasira. Esna egotetik, lokartzera.