5. AGERRALDIA
(Une horretan iristen da AITA; bi muinoen artean agertzen da soka batetik tiraka, izerdi patsetan. Barrenerago sartzen denean sokatik tiraka zer garraiatzen duen ikusten dugu: ahal bada, sidekarra duen moto zahar bat, edo bestela bi gurpiletako gurdia, besterik ezean. Sidekarraren edo gurditxoaren barruan zabor mordo ikaragarria, gainezka. Zabor hauek, orain arte ikusi ditugunak ez bezala, organikoak dira gehienbat. Era guztietakoak ditugu, baina hondarrak dira ia denak: oilasko erre bat ia haragirik gabe (azalak eta hezurrak), sagar, madari eta antzekoen txurtenak, landare hosto ximel batzuk, txerri-belarri gordinak, abereren baten larrua, paper zaharrak, arrain buru eta hezurrak, zigarrokinak, laranja azalak eta bestelakoak; AITA agertzearekin batera MUTIKOA beste bazterrera doa, zakarretan aztarrika segituz)
AITA: (azaldu baino lehen ere builaka zetorrena, orroaka)
Eup! Hemen garela ba.
AMA: Ai!
AMONA: Ai ene!
AMA: Lagundu mesedez.
AMONA: Etorri laguntzera.
AITA: (oso baldar eta zakarra; ahots lakar eta lodia; besteak bezain narrats eta zikina, hazka eta haztamuka aritzeari dagokionez batipat) Zer dugu hemen?
AMA: Ai!
AMONA: Ai ene!
AITA: (ikuskizunak eraginda barrez hasten da) Jo-jo-jo-jo. Zer festa dugu gaur? Jo-jo-jo-jo. Hau da piura, hau! Jo-jo-jo.
AMA: Seme kabroi hori izan da.
AMONA: Begira nola gauden.
AITA: (irriz) Gaixoak.
AMA: Zure seme alu horrek utzi gaitu horrela.
AMONA: Ez ziguk lagundu nahi izan.
AITA: Errukarriak!
AMA: Lagun iezaguzu ba zuk altxatzen!
AMONA: Ez gaituk ba hemen utziko?
AITA: Oso ondo zaudete horrela. Jo-jo-jo-jo. (gurdi edo sidekarrera joan eta ekarri dituen zabor guztiak zorura botatzen hasten da, AMA eta AMONA arrenkuraka ari diren bitartean) Holaxe segituko duzue puska batean.
AMA: Ai! Lagundu mesedez.
AMONA: Nere bizkarrezurra erabat okertuta zegok.
AMA: Hemen segituz gero lizundu egingo gara.
AMONA: Usteldu.
AMA: Herdoildu.
AMONA: Goroldioa atera.
AMA: Txixagura naiz gainera.
AMONA: Eta ni kakagale.
AMA: Libra gaitzazu.
AMONA: Otoi!
AMA: Arren!
AMONA: Mesedez!
AMA: Faborez!
(AITAk bukatua du deskargatze lana; ingurura begira ari da, ikusten ez duen zerbait antzeman nahiko balu bezala; haserre bizian)
AITA: (ostikoka hasten dela, zaborren kontra lehenbizi eta atsoen kontra ondoren) Non dira nere bi pilak?
AMA: E... zera, .zure pilak...
AMONA: Zera... Ba...
AITA: Non diren nere bi zabor pilak? (gero eta haserreago)
AMA: Ba... guk... zera...
AMONA: Nahi gabe izan da... baina...
AITA: Zer izan da nahi gabe?
AMA: Puskatu...
AITA: Puskatu?
AMONA: Ez; guk ez.
AITA: Nork puskatu ditu?
AMA: Ez gara gu izan.
AMONA: Ez, gu ez.
AITA: Nor izan da orduan?
AMA: Semea...
AMONA: Bai, semea izan da.
AITA: Semea?
(Une horretan gelditu egiten da; atzeraka begiratzen du AITAk, MUTIKOA dagoen aldera; hau beste irrati batekin zebilen jolasean oharkabean, baina errua leporatzen diotela entzutean buruaz ezezka hasten da, orroaka bera ere. AITAk begiratzen dionean berriz, ihesari ematen dio korrika bizian, eskuan klaxon bat hartuta. AITA atzetik abiatzen da zalapartaka eta oihuka, bide batez lurretik jasotzen dituen zaborrak jaurtikitzen dizkiola. Luzaz ibiliko dira horrela (MUTIKOA klaxona joz, AITA builaka eta zabor botaka) katua eta xagua bezala)
AITA: Etzak aldegin, alua! Harrapatzen bahaut jostorratz herdoilduak sartuko dizkiat eztarrian hire kurrinkak entzuteko. Kabroia. Harrapatu egingo haut eta orduan ikusiko dituk hik gorriak. Sufretan sartuko diat hire buru handi hori. Astakirten hori! Amaren antzekoa atera haiz bai. Potrosoa! Hator hona, ahuntz madarikatua. Ipurtzuloa josiko diat eta belarrietatik egingo duk kaka. Eroa! Urdea! Alua!
(Bitarte guzti horretan AMA eta AMONA, bere markoari josita, adi-adi daude lasterketari begira, AITA animatuz eta aurretik pasatzen den bakoitzean MUTIKOAri zakarrak jaurtikiz, zatarkeriak esatearekin batera)
AMA: Putakume ustela!
AMONA: Ostikoka akabatuko haugu!
AMA: Pipiak joko ahal hau, kaka potoa!
AMONA: (AITAri) Harrapa ezak eta txikitu bertan!
(Horretan ari direla, halako batean MUTIKOA aurretik pasatzean AMAk hanka luzatuz zangartekoa egin eta muturrez behera erorrarazten du; AITA ere atzetik zetorrenez gainera erortzen da, sekulako nahaspila sortuz denen artean. AMA eta AMONA berriz ere kexaka ari diren bitartean —beste biak gainera erori baitzaizkie—, AITAk MUTIKOA harrapatu eta ederki jipoitzen du)
AMA: Ai!
AMONA: Ai ene!
AITA: Harrapatu haut, basapizti nazkagarria!
AMA: Ai nere hanka gaixoa!
AMONA: Ai nere giltzurrinak!
AITA: Orain jasoko dituk ordainak, kabroi madarikatu horrek!
AMA: Ai nere belaun gaixoa!
AMONA: Ai nere lepoa!
AITA: Zergatik izorratu dituk nere bi zabor pilak, hainbeste kostata horren txukun eta dotore neuzkan pila ederrak? (MUTIKOAk ezetz egiten du indarrez buruaz eta klaxonaz) Ez al haiz hi izan? Nor izan duk orduan?
AMA: Bai, bai, bera izan da.
AMONA: Bera izan duk, bai. Ez sinetsi gezurra esaten badu.
AITA: Isilduko al zarete, atso berritsu horiek? Hemen nik agintzen dut eta denek izango dute bere zigorra.
AMA: Ai!
AMONA: Ai ene!
(AITAk MUTIKOA txorkatiletatik heldu eta buruz behera sartzen du zakar artean. Altxatu eta berriro sartu, holaxe jardungo du aldi luze samar batez, atsoak kexaka, AITA builaka eta MUTIKOA klaxona joz ari diren bitartean)
AITA: Madarikatua. Holaxe ikasiko duk behar ez dena ez ikutzen. Kabroia. Noiz ikasiko duk aitari laguntzen? Egun osoan janari bila ibili, eta hi bitartean gure etxea hondatzen. Lotsarik ez al duk? Gaurko semeak bai etxe-hondatzaileak! Kalamidadea! Hirekin ez zegok aurrera egiterik. Madarikatua. Ezer uzten bazaik izorratu egiten duk; etxekaltea!
AMA: (bitarte osoan holakoak esaka) Ai nere izter-hezurra!
AMONA: (berdin) Ai nere besoak!
AITA: Zuek ere ez al duzue ixildu behar?
(MUTIKOA zakarretan buruz behera sartuta uzten du atsoengana joz eta ostikoka hasten zaie han AITA biei, beren arrenkuren artean; MUTIKOAk bere bazterrerantz ihes egiten du ixil eta azkar asko)
AITA: Hartu! Tori! Zuek ere baduzue errurik.
AMA: (kolpe artean bitarte osoan) Ez!
AMONA: Zergatik?
AITA: Zuek zaindu behar zenituzten pila horiek eta ez utzi mukizu horri hurbiltzen.
AMA: Bainaguk...
AMONA: Guk ez...
AITA: Zuek ere ez duzue ezer egiten. Nork utzi dio kakazu horri nere pilak txikitzen?
AMA: Honek...
AMONA: Ez; honek.
AMA: Zuk.
AMONA: Hik.
AMA: Zu izan zara.
AMONA: Hi izan haiz.
AMA: Zu.
AMONA: Hi.
AITA: Ixo! Maripurtzil halakoak. Jipoi ederrak merezi dituzue biek. Ni jo eta ke eta zuek denbora pasa.
AMA: Ez, ni ez...
AMONA: Gu...
AITA: Isiltzeko, puņeta! Nazkatuta naukazue. Tori muturrekoa, tori ostikoa. Ea giltzurrinak sendatzen zaizkizuen.
AMA: Ui!
AMONA: Ai!
AITA: Zuek zarete harria, zuek!
(AITA nekatu da kolpeak jotzen. Atsoen arrenkurek emeki segitzen duten bitartean hazka arituko da pixka batean eta ondoren gurditxotik atera dituen zabor guztien erdian eseri)
AITA: Eta orain, bazkaria.
AMA: Bazkaria, bazkaria! (atsekabeak bapatean ahaztu eta ilusioz)
AMONA: (berdin) Ze ondo: bazkaria!
(Pozez txoratzen, AMA eta AMONA txaloka hasten dira; MUTIKOA ere bere bazterra utzita erdi aldera hurbiltzen da, eskua zakarretara luzatuz)
AITA: (MUTIKOAri eskua zanpatuz) Geldirik hor. Hemen nik esandakoan jango duzue denok. Eta zer egin behar da aurretik? (MUTIKOAri) Esan! Zer egin behar duk? (MUTIKOAk ezjakin edo ezaxolazko keinua egiten du) Esan zuek biok: zer egin behar duzue jaten hasi aurretik?
AMA: Eskerrak eman...
AMONA: Eta mahaia bedeinkatu.
AITA: Horixe. Egin ezazue ba.
AMA: Baina horrela ezin dugu.
AMONA: Enbarazo egiten digu koadratu honek.
AITA: Holaxe egin beharko duzue ba; bestela ez dago bazkaririk.
AMA: (kexaka) Jo...
AMONA: Mesedez...
AITA: Ez mesedez eta ez faborez.
AMA: Gure egoeragatik...
AMONA: Erruki pixka bat...
AITA: Ze erruki eta ze erruki ondoko! Egin ezazue azkar edo nik bakarrik bazkalduko dut.
AMA: (AMONAri) Ez dugu beste erremediorik.
AMONA: (AMAri) Saiatu egin behar.
AMA: Ea ba.
AMONA: Aurrera!
(AMA eta AMONA AITAri begira jartzen dira eta ahal duten moduan belaunikatuta eta besoak luzatuta kopeta lurreraino makurtu, AITA gurtzen ari balira bezala, otoitz kutsuko esaldiak esaten dituzten bitartean)
AMA: Oi gure aita on eta maitakorra...
AMONA: Hementxe gaude zure zerbitzari ttipi eta apalok...
AMA: Gaur ekartzen dizkiguzun janari hauengatik...
AMONA: Zuri esker beroenak eskaintzeko.
AMA: Zain gaitzazu orain bezala egunero...
AMONA: Eta egunero gurtuko zaitugu merezi duzun bezala.
AMA: Hala izan dadila betirako...
AMONA: Hala biz, halaxen!
(Guzti hori entzutean AITA harro-harro egon da atseginezko irribarrez. Bukatu dutenean MUTIKOAri begiratzen dio haserre, ixil eta geldirik baitago hau)
AITA: Zertan ari haiz hi hor? Ez al duk mahaia bedeinkatu behar?
(MUTIKOA ere atsoen gisa hasten da gurtzen, arinago eta hots batzuk eginez)
AITA: (MUTIKOAri kolpetxoak emanez buruan, pozik) Holaxe, holaxe, Entzun ezak hau ondo, seme: ohitura onak ez dituk inoiz galdu behar. Aditu duk? Ohitura onak ez dituk sekula galdu behar.
AMA: Hori duk arrazoia!
AMONA: Hori irakaskintza!
AITA: (harro-harro) Ez da ez, batere erraza etxearen ardura izan eta aurrera ateratzea!
AMA: Ez horixe!
AMONA: Zein ederki hitz egiten duen!
AITA: Eta berriketak alde batera utzita, has gaitezen bazkaltzen.
(Laurak hasten dira bapatean zerrien moduan atzaparrak luzatu eta zaborrak jaten. Gauzak heldu, ahora eraman, zertxobait usaindu eta ahora eramaten dituzte; jatean izugarrizko zarata egiten dute edo pixka batean xurgatu ondoren bota egiten dute berriro ere; batzuetan batek baino gehiagok nahi du jaki bera, eta borroka eta atzamarka arituko dira, tirabiran, azkenean haietako batek lortu arte. Batzuk haserre eta builan ari diren bitartean besteak lasai asko jaten. Hitzik ez dute egiten, baina haserraldi horietan elkarri irain garratzak esaten dizkiote ahoa beterik dutela. Beste batzuetan txistua okotzetik behera dariela “ze ona”, “ze goxoa” esan dezakete. Azken batean lortu beharrekoa halako ikuskizun bitxi eta nardagarria da. Nazkagarrikeria guzti hauekin aurrez aurre atsoetako batek edo bestek izan dezake noizbehinkako fineziazko arrasto bat; adibidez, batek jakiren bat hartu eta muzin eginda beste bati uzten dionean, honen arrapostua honakoa izan liteke: “Ez, ez, nik ez dut bestek ukitutakoa jan nahi”; halako ateraldi bitxi eta kontrastagarri gehiago ere izan daiteke; adibidez, halako batean MUTIKOAk jakiren bati bi oinez eutsi diezaioke bi eskuak libre utzirik, eta AMAk edo AMONAk demanda: “Ze kuxidade da hori? Ez al dakik mahaian eskuez jan behar dela?”; bazkaria aurrera doan bitartean ohi duten moduan hazka ere arituko dira lau lagunok, eta belarriko, ipurdiko eta abarreko zuloetan behatza sartuz ere bai; hala ere, aldian behin beren arropa zarpailetan eskuak igurtzi ditzakete, “jaterakoan garbitasuna eta hijienea behar-beharrezkoak dira” esanez- Lauren artean biribil bat osatuz jaten dute; beraz ikusleen alderditik ez da ikusten zehazki zer jaten duten, sumatu besterik ez. Pixkanaka-pixkanaka badirudi nekatuz doazela lau lagunok, gero eta zarata gutxiago ateratzen baitute ahoaz, eta beren borrokak gero eta bakanagoak baitira; honekin batera ugariagoak egingo dira korrokadak, puzkerrak eta txistu-karkasa botatzeak, okaztagarri gertatzeraino. Bukatzen ari direla, MUTIKOA altxatzen hasten da baina zutitzea lortu baino lehen AMONAk, oraindik ere AMArekin markoari josita, eskua luzatu eta galerazi egiten dio)
AMONA: Nora hoa, mutiko? Ez al dakik mukizu horrek, mahaitik ezin dela mugitu etxeko jauna altxatu arte?
AITA: (korrokada eder bat bota ondoren) Hori, hori.
(AITA nagiak kentzen hasten da zarata eta aharrausi handiak eginez)
AMA: Zer? Logale al zara?
AITA: (zakar) Bai
(AITA altxatu eta bi atsoak lotuta dauzkan markoa apurtzen hasten da)
AMA: Ze ondo! Ze ondo!
AMONA: Askatu egingo gaituzte!
AMA: Hau poza!
AMONA: Hau hezurretako lasaitua!
(AITAk puskatua du markoa eta askaturik geratu dira bi atsoak baina gorputzeko hezur gehienak minduta nonbait, kexaka eta aieneka ari dira oraindik ere, eskerronezko adierazpenekin batera)
AMA: Eskerrak!
AMONA: Bai ona zarela!
AMA: Ai nere belaun gaixoak!
AMONA: Ai nere bizkarrezurra!
(AITA hazka ari da une batzuez: buruan lehenbizi, ipurtaldean gero eta sabelpean azkenik; ondoren, ezer esan gabe, marmar ulerkaitz bat ezpainetan, AMA tximetatik heldu eta arrastaka muinoen atzealderantz darama, kurrinka eta garrasika)
AMA: Ai, ai, ai, ai. Nora naramazu? Ai, ai, ai, ai!
AITA: (marmar artean) Badakizu.
(Muino baten atzealdera eramanda lurrean uzten du AMA AITAk; ondoren hau ere etzan egiten da basapizti baten jauzia eginez AMAren gainera. AMAk garrasi egiten du orduan, eta AITA orroaka hasten da, gero eta indartsuago eta ozenago. Bien hankak ditugu begien bistan, ez besterik, eta elkarrekin nola trabatzen diren, nola lotzen eta askatzen, nola batenak bestearenen gainean eta alderantziz dabiltzan ikusiko dugu. Biak builaka arituko dira etengabe tarte luze honetan, baina oihu horiek oso tankera eta erregistro desberdinak izango dituzte saioan zehar. AMArenak garrasi histerikoak izango dira hasiera batean; gero kateme amorratu batenak, eta azken aldera minez edo atseginez urtzen ari denarenak; AITArenak baldarrak hasiera-hasieratik: aurrena oihaneko tigre batenak, gero eta haserreago, eta bukatzerakoan akabatzen ari diren zerri batenak. AITA eta AMA beren jardunean ari direla, MUTIKOA beti bezala zakar artean bilaka hasi da, eta beste gauza askoren artean karraka bat bilatzen du azkenean. Honekin hotsak egiten hasten da, batetik bestera, eta gurasoak dauden lekurantz ere abiatzen da. Orduan AMONA, zeina txistu botaka aritzeaz gain janari zakarren artean jateko beste zer edo zeren bila dabilen xurgatu eta botatzeko, asaldatu egiten da eta MUTIKOArengana jo)
AMONA: (oihuka) Ez, ez! Hori ez. Hori inola ere ez. Ezta pentsatu ere!
(AMONA baldarki badabil ere, MUTIKOA oharkabean zegoenez, gurasoei begira edo, AMONAk harrapatu egiten du eta belarritik tiraka erdiko lauguneraino ekarri)
AMONA: Ez al diat esan hor ez ibiltzeko? Ez al duk aditu, lotsagabe horrek? Ez al dakik amonaren esanak betetzen? (laugunera iritsi eta berarekin eserraraziz sermoiarekin segitzen du AMONAk) Gauza horiek ez dituk ikusi behar. Hi oraindik txikia haiz eta horiek handientzako zerak dituk. Beraz, ezta hurbildu ere. Aditu didak? Ezta hurbildu ere. Handitzen haizenean ikasiko duk behar den guztia, baina bitartean hemen: amonarekin.
(MUTIKOA halako batean askatu egiten da eta AMONAgandik metro batzuk urrundu. Han berriro ere karrakarekin hasten da zarataka eta AMONAri lizunkeriazko keinu lotsagabeak egiten dizkio, handiek zer egiten duten badakielako seinale)
AMONA: Baina, baina... Zer da hori? Zer lotsagabekeria...?
(AMONAren harridura eta izua areagotzeko, txilibitua erakusten dio MUTIKOAk bere larru-zakua altxaturik eta eragiteko keinuak ere egiten dizkio, barre artean eta karrakarekin gelditu gabe)
AMONA: Ai ene! Ai ene! Tapatu hori. Tapatu, tapatu hori azkar!
(AMONA nola edo hala, ahal duen bezala altxatu egiten da MUTIKOAganaino heldu eta belarriondoko batzuk emateko asmoz. MUTIKOA ordea, arinagoa izanik AMONAren inguruan jira-biraka hasten da, barrez, karrakari eraginez eta bere keinu lotsagabeak eginez. AMONA gaixoa ere MUTIKOAren atzetik jiraka dabil baldarki, gero eta okerrago)
AMONA: Baina... Gelditu...! Egon hadi geldirik... Ezin haut ikusi... Non habil? Non hago, lotsagebe hori...? Geldituko al haiz? Txorabiatu egingo nauk... Ai!... Ai!... Gelditzeko! Ai ene...! Egongo al haiz geldirik... ? Mutiko alu hori... Ai ene!
(Jira-bira hori eraman ezinik erori eta etzanda geratzen da AMONA, hezur guztiak minduta)
AMONA: Ai, ai! Ai ene! Ai nere bizkarrezurra! Ai nere lepoa, nere izterrak, nere buru gaixoa! Ai! Ai ene!
(MUTIKOAk aprobetxatu egiten du une hori eta AMONA ostikoka jotzen hasten da; geldirik egon beharrean inguruan korrika dabil, ostikoak eta bestelako kolpeak joz, karrakari eraginez eta siouxek filmeetan egin ohi dituzten bezalako gudu irrintziak eginez)
AMONA: (burua defenditzen alferrik saiatuz, MUTIKOAren mugimenduak aurrikusi ezinik, besterik ezean kexaka) Ai! Ai! Ai! Ez, ez jo. Ez, mesedez. Mesedez, giltzurrinetan ez. Ai! Ai! Ai mesedez, mesedez ez jo! Ez jo horren gogor. Ai! Ai ene! Ai ene! Utzi! Utzi mesedez, otoi!
(Une horretan, edo lehentxeago hobe, bukatua dute beren jarduna AITAk eta AMAk, azken aldera intzirika aritu ondoren; une zehatz baten ostean AITA hasperenka hasiko da, hasperen luze eta errepikatuetan; horrekin batera, ordura arte elektraindarrak jota bezala mugitzen ziren hankak eta oinak gelditu egiten dira eta baretu. AITAren hasperen hori arnasa lasai eta sakona egiten denean AMAk AITA gainetik nola kentzen duen ikusten dugu —egia esan, bien hankak besterik ez ditugu ikusiko—, eta ondoren AMA zutitu egiten da: tximak harrotuago dauzka eta soinekoa zimurtuago, baina ez da horiek txukuntzen arduratzen; aitzitik, harrotuago utziko ditu tximak bi eskuez hazka ibili ondoren; beste gorputz ataletan ere hazkura kentzen arituko da, eta zuloetan behatzez arakatzen ere bai; oraingoan ordea potorroan arituko da batez ere, minduta geratu balitzaio bezala, ez baitu atsegintasunezko aurpegia erakusten, gogaitua baizik. AMA ikustearekin batera MUTIKOAri arrenka gehiago ez jotzeko eskatzen ari zitzaion AMONA laguntza eske hasiko zaio AMAri)
AMONA: Etorri! Etorri ni laguntzera. Lagundu, mesedez! Kendu basapizti hau nere gaintik. Alua! Zerria! Madarikatua! Lagundu, mesedez, hil egingo nau bestela. Lagundu!
(AMA ohartu da azkenik laguntza eskatzen diotela; hasiera batean begira geratzen da, ezer egiteko gogo handirik gabe; ondoren pentsakor geratzen da une batzuez eta MUTIKOA eta AMONA dauden lekuraino joanda harekin elkartzen da hau bien artean jo eta zigortzeko, bera ere builaka eta irrintzika. AMA eta MUTIKOA beraz jira-biraka dabiltza ostikoak emanez, zapalduz, txistua botaz...)
AMONA: (negarretan blai, ezin konpreniturik, alde guztietatik datozkion kolpeetatik ahal duen moduan babestuz) Ai, ai! Ez, ni ez! Jo ezan semea. Bera hasi dun! Bera dun hemen sesiantea. Ai! Ni ez. Neri ez, mesedez! Ez. Ai! Ai, ai, ai! Ai! Ez jo, mesedez. Nik ez dizuet ezer egin. Ez jo gehiago, arren. Hil egingo nauzue. Ez, mesedez! Nik ez dut ezer egin. Barka nazazue. Barkatu eta ez gehiago jo, arren. Ai! Ai ene! Ai, ai, ai!
(MUTIKOA ordea, lehen gogo biziz bazebilen ere, AMA elkartu zaionetik aspertu egin da, ez du jadanik lehengo poza, ez du oihurik egiten, eta behartuta bezala segitzen du aldi batez AMONA joka; berehalako batean ordea, AMAren atzealdean paratzen da eta ustekabean ostiko eder bat ematen dio ipurdian AMAri, AMONAren gainera erorraraziz. Bere karraka joz eta siouxen irrintzia eginez bazterrera urruntzen da beste behin)
AMA: (minez eta amorratuta) Sugea, putrea, kabroia! Harrapatzen bahaut bertan txikituko haut. Pozoitua, zirauna, putasemea!
AMONA: Ustela, alua, madarikatua!
AMA: Zikina!
AMONA: Zerria!
AMA: Nazkagarria!
AMONA: Malapartatua!
AMA: Hi haiz hi, traidore zikina. Laguntzera etorri eta halako saldukeria egin.
AMONA: (AMAri oraingoan, joka hasiz) Hi bai haizela traidore, ustel, saldu eta nazkagarria!
AMA: Ai, ai, ai!
AMONA: Nori esan diot nik laguntzeko? Eta zer egin dun hik ordea? Gaiztoa! Zerria! Madarikatua!
AMA: Ai, ai, ai!
AMONA: Begiak aterako dizkinat, zapoa alaena!
AMA: (bera ere joka hasiz; biak lurrean etzanda dabiltza sesioan) Zu bai zarela zikina eta nazkagarria. Mando bat baino gizenagoa. Gainerako guztiek baino gehiago jaten duzu zuk.
AMONA: Gezurra, gezurra, gezur hutsa. Mingain ustel hori ebaki egingo dinat, gezurti halakoa!
AMA: Ni gezurtia? Eta zu zer, e? Esan. Zer zara zu?
AMONA: (elkar jotzea bapatean geldituz; erantzuna asmatu nahiz pentsakor) Ni naiz... Ni naiz...
AMA: Ikusten? Ikusten duzu? Beti gezurretan. Ez dakizu zer esan orain.
AMONA: Gezurra, gezur ustel eta nazkagarria. Hi berritsu hutsa haiz eta nahastu egin naun.
AMA: Ni berritsua?
AMONA: Bai; berritsua.
AMA: Berritsua ni?
AMONA: Bai; hi.
AMA: Ez.
AMONA: Bai.
AMA: Ez.
AMONA: Bai.
AMA: Ez.
AMONA: Egin ezan proba ba. Egon hadi ezer esan gabe.
AMA: Egingo dut ba.
AMONA: Egin ezan ba.
AMA: Egingo dut ba.
AMONA: Egin ezan ba.
(Bapatean AMA ixilik geratzen da, ahoa estu estu itxita; AMONA ere bai, biak eserita, lehen baino altxatuxeago. AITAren zurrunkak entzuten dira argi. Aldi bat pasa eta gero, MUTIKOAk, beti bezala bilaka, gustoko zerbait kausitu du: futboleko arbitroenen antzeko txistu bat. Ezpainetara eramanda jo eta ke hasten da zarata ateratzen, AMA eta AMONAgana joanda haien inguruan)
AMONA: (hasieran zarata eraman arren aspertu eta nazkatuta, oihuka eta zaborra jaurtikiz) Alde egin ezak hemendik, nazkagarri horrek?
AMA: Aspergarria!
AMONA: Gorraizea daukagula uste al duk?
AMA: Narratsa!
AMONA: Ustela!
AMA: Putasemea!
AMONA: Kabroia!
AMA: Alua!
AMONA: Madarikatua!
(Urrundua da MUTIKOA harrezkero)
AMA: Ffff! Hau lasaitua!
AMONA: Bai.
AMA: Aspertuta nengoen hainbeste denbora hitz egin gabe pasatuta.
AMONA: Ni ere bai, egia esan.
AMA: Ez da batere xamurra ixilik egotea gero.
AMONA: Ez horixe!
AMA: Ze ederki egoten den berriketan, ezta?
AMONA: Dudarik ez.
(Biak barrezka hasten dira)
AMA: (algarak bukatu dituztenean) Orain falta zaigun bakarra zer jana da.
AMONA: Bai. Zorri bat edo beste bagenu...
AMA: Ui! Hau gosea.
AMONA: (buruan hazka ibilita, etsipenez) Baina ez zaigu honezkero batere geratzen.
AMA: (etsita) Ez. (isiltasunezko une batzuen ondoren, berriro ilusioz) Badakit, badakit.
AMONA: Zer? Zer?
AMA: Zera: (ahapeka, AITA seinalatuz) horri kenduko dizkiogu.
AMONA: (gaiztakeriaren bat egin behar duen haurraren pozez) Horri?
AMA: Bai.
AMONA: Eta esnatzen bada?
AMA: Kontuz ibiliko gara.
AMONA: Orain?
AMA: Bai, bai. Oraintxe bertan.
(Bi atsoak ohi duten bezala altxatu —lau oinetan— eta ahalik ixilen AITA lotan datzanekora doaz: iritsitakoan irribarrez hasten dira, baina beldurrez ez dira ikutzen ausartzen)
AMA: Har ezazu zuk.
AMONA: Ez, ez. Hartu hik.
AMA: Ez, nik ez. Zuk hartu.
AMONA: Ez, ez, ez. Har ezan herorrek, indar gehiago daukan eta.
AMA: Baina zure eskuak trebeagoak dira. Zuk hartu.
AMONA: Hik hartu, eta esnatzen badun, esaion jolasetarako gogoa dunala oraindik ere. (barrezka hasten dira biak)
AMA: (behatza ezpainetara eramanez) Ixxx! Esnatu egingo zaigu.
AMONA: Orduan nola mugituko dugu?
AMA: Bion artean hartuko dugu.
AMONA: Konforme. Baina nola?
AMA: Nik hanketatik eta zuk besoetatik.
AMONA: Ez, ez, ez, esnatzen bada muturreko bat emango zidan eta.
AMA: Bestela nik besoetatik eta zuk hanketatik.
AMONA: Ez, ez, ez, esnatuz gero ostikoz joko nau eta.
AMA: Orduan zer nahi duzu?
AMONA: Ez zekinat.
AMA: Lepotik har ezazu.
AMONA: Ez.
AMA: Pitilinetik orduan.
AMONA: Baita zera ere.
AMA: Zoaz pikutara.
AMONA: Hoa herori.
AMA: Kaka!
AMONA: Putza!
(Ixilune bat, biak AITAri begira)
AMA: Donaka egingo dugu?
AMONA: Bai, bai, bai.
AMA: Tuntuna ateratzen denak hanketatik helduko du eta besteak burutik. Konforme?
AMONA: Bai, bai.
AMA: Gero ez esan ezetz.
AMONA: Ez, ez.
AMA: Hasi egingo naiz: “dona, dona...”
AMONA: Ez, ez, ez: nik kantatuko dinat.
AMA: Bueno ba: zuk egin ezazu.
(AMONAk “dona dona katona sutondoan nahi duna...” edo antzekoren bat kantatzen du bien arteko zozketa eginez; ez du axolarik nola geratzen den)
AMA: Bueno; orduan...
AMONA: Nik hanketatik eta hik besoetatik. (edo alderantziz)
AMA: Ea ba.
(Bien artean altxatzen dute zurrungaka ari den AITA; honen zurrungak larritu egiten dira une batzuez baina bi atsoen besoetan jarrera egokia hartutakoan sakon eta luzeak dira berriro ere; poliki-poliki erdialdeko laugunera daramate)
AMA: Kontuz, kontuz.
AMONA: Bai, bai.
AMA: (arnasa azkartuta eta izerdi patsetan iristen ari) Kontuz.
AMONA: (berdin) Bai, bai. Kontuz nabil.
AMA: Utzi hor.
AMONA: Hemen?
AMA: Ez; hor!
AMONA: A! hementxe.
AMA: Bai, baina poliki.
AMONA: Hola?
AMA: Polikiago. Holaxe, holaxe.
(Azkenean utzi egiten dute lur gainean, burua altxatuxeago jarrita; berehala jartzen dira AMA eta AMONA alde banatan eta AITAren ileetan zorri bila hasi)
AMA: (denbora pixka bat pasatu eta gero) Hara! Hemen bat, hemen bat!
AMONA: Hau poza!
AMA: (behatzen artean eutsitako zerbait erakutsiz) Begira, begira.
AMONA: Hara!
AMA: Ze polita!
AMONA: Ze ederra!
AMA: Ze lodia!
AMONA: Ze gizena!
AMA: Ze sendoa!
AMONA: Ze guria!
AMA: Guria ez: nerea.
AMONA: Nola hirea? (haserre)
AMA: Bai: nerea. Nik aurkitu baitut.
AMONA: Biok ari gintunan bila...
AMA: Eta zer?
AMONA: Eta gainera lehen esan dun hurrengo zorria neretzat izango zela.
AMA: Eta?
AMONA: (Arrantzaka hasiz) Aaaa! Beti berdin egiten didan!
AMA: (izututa; ahoa tapatzen dio AMONAri) Ixo! Esnatu egingo da eta.
AMONA: (ume mainontzi baten erara) Nik nere zorria nahi dinat.
AMA: Tori zure zorria eta ixil zaitez behingoz.
AMONA: Hau zoriona!
(AMONAk AMAren eskutik zorria hartu eta jan egiten du, zoriontasunezko aurpegiz- Ondoren berriro hasten dira biak AITAren ileetan bilaka. AITAk zurrungaka segitzen du noizbehinkako jarrera eta arnasera aldaketez, atsoen larrialdia eraginez. Bitarte guzti horretan MUTIKOA zaborretan ibili da, gauzak hartu eta utziz, tresna elektrikoak zirenetan piztuz, hotsen bat ateratzen duen aparailuren bat ikustean zarata eraginez- Halako batean pistola bat aurkitzen du: errebolber zahar bat. Esku artean hartzen du eta batera eta bestera erabili. Ez bide daki zer den edo zertarako balio duen, baina halako jarrera mirespenezko bat hartzen du, gauzaki sakratu bat dela sumatuko balu bezala. Geldi-geldirik geratzen da pistola begien aurrean jarrita, AMONAk ikusten duen momentura arte)
AMONA: Aaaa!
AMA: Zer duzu?
AMONA: (pistola erakusten dio AMAri behatzez) Begira. Han...
AMA: (ahoa zabalik baina ulertu gabe) Zer da?
(MUTIKOA atsoengana hurbiltzen da, pistola aurrean duela; AMA eta AMONA begira dagozkio, hauek ere mirespenez liluratuta; MUTIKOA haien parera iristean AMONAk ere esku artean hartzen du pistola, MUTIKOAk ere ez du askatzen eta AMAk bereak gainean jartzean sei dira pistola estutzen duten eskuak; ez dute haatik elkarrekin borrokatzen. AMAk AITAren burua askatzean honek kaskarreko bat hartzen du eta esnatu egiten da, umore txarrez)
AMA: Zer da? (errespetu osozko jarreraz)
AMONA: Gauza bat. (berdin)
AMA: Zer gauza?
AITA: (esnatu berria, umore txarrez) Zer demontre da hau?
AMA: Nola du izena? (AITAri inolako kasurik egiteko)
AITA: Zertan zabiltzate hirurok?
AMONA: (pentsakor aritu ondoren) Pistola.
AMA: (harriturik errepikatzen du hitza) Pistola!
AITA: (zer dagoen ikusirik, bera ere asaldaturik) Pistola!! Ama, aita eta
AMONA: Pistola!!!
(Ondoren datorrena Stanley Kubricken 2.001 filmearen parodia bat da; hango musika bera erabiliz, hango tximinoek egiten zuten gisa berean altxatu egingo dute denen artean pistola, beraiek ere lehenbiziko aldiz erabat zutituz —nahiz ondoren berriro ere makurtuta geratuko diren—. Poliki-poliki gertatuko da guzti hori, solemnitate handiz eta jokalarien ixiltasun osoaz, argiek ere efektu berezi hori lortzen lagunduko dutelarik)
(Puntu gorenera iristean argia lehengo ohizkotasunera itzultzen da, musika ere ixildu egiten da, eta lau lagunak bere zutikako jarreraz ohartzean biluzik baleude bezala sentitzen dira, lotsaturik, eta berehala itzultzen dira lehengo makurtasunera. Une batzuez izan duten garbitasuna galdua dute, eta laurok borrokan hasten dira pistola bereganatu nahiz, bi gizonezkoak batez ere, MUTIKOAk izan ezik beste hirurek gelditu gabe hizketan dihardutela)
AITA: Utzi neri pistola hori. Utzi neri.
AMA: Ez, neri.
AMONA: Ez; eman neri!
AITA: Nik behar dut! Nik behar dut pistola hori.
AMONA: Nik ezagutu dut; emaidazu!
AMA: Ez; neretzat da. Neretzat da!
AITA: Eman neri! Eman neri!
AMA: Neretzat da.
AMONA: Zuek ez dakizue zertarako den ere. Eman!
AITA: Utzi!
AMA: Ekarri!
(Borroka eta tirabira horretan, pistola MUTIKOAk eusten duela eta AITAk kendu nahi diola, tiro bat entzuten da, eta tiro horrek AITA jo du)
AITA: Aaa! Ne... re... a!
(AITA erori egiten da lurrera, hilda, eta MUTIKOAk dauka eskuetan pistola; AMA eta AMONA urrundu egiten dira pixka batean, ez dira hortik aurrera pistola berriro hartzen saiatzen; aho zabalik geratzen dira, isilik, berriz ere liluratuta eta MUTIKOA eta honen ahalmen berezia miretsiko balituzte bezala. MUTIKOA bere pistolari begira dago, zer gertatu den konprenitu eta sinetsi nahiko balu bezala. AMA eta AMONA belauniko jartzen dira MUTIKOAren aurrean eta lehen AITA gurtu duten bezalaxe gurtzen dute hau ere: kopetaz lurra ukitzeraino makurtu eta gora eta behera erabiliz besoak luzatu, gurtze otoitzetan ari diren bitartean)
AMA: Oi gure gizon handi eta indartsua.
AMONA: Zure oinetara makurtzen gara zure zerbitzari ttipi eta apalok.
AMA: Zu gurtzeko eta zure laguntza eskatzeko.
AMONA: Babes gaitzazu beti zure ahalmen bereziaz.
AMA: Gorde gaitzazu beti munduko etsai eta arriskuetatik.
AMONA: Erakuts iezaguzu egin beharreko bide zuzena.
AMA: Zuk agindu zure borondate on mugagabeaz.
AMONA: Eta guk beti beteko ditugu jaun horren esanak.
AMA: Hala izan dadila beti.
AMONA: Hala biz, halaxen!
(Gurtze hau amaitzearekin, MUTIKOAk pistola gerriko moduko batean sartzen du, eta esku bakoitzarekin AMA eta AMONA tximetatik heltzen ditu, eztarriaz ahots lakar eta garratzak eginez; horrela helduta MUTIKOAk arrastaka eramango ditu bi atsoak muinoen atzealderantz, lehen AITAk AMA bezalaxe. Bi atsoak kexaka hasten dira “ai, ai, ai”, baina usadiozkoak dira beren intziriak, errito jakin bati jarraituz eginak, arrenkuretan gozotasun berezi bat aurkituko balute bezala. Horrela, MUTIKOAk AMA eta AMONA arrastaka daramatzala, argiak itzali egiten dira eta oihala erortzearekin)
amaitu da