Lekua:
Hondakindegi izugarri handi bat da agertoki osoa, pentsa ahala zabor biltzen dituena. Hondakin hauek era guztietakoak dira: trasterik zaharrenak zenbait berri eta teknifikaturekin batera, halako giro anakroniko bat sortuz: txarlestonaren garaiko automobil baten karrozeriaren alboan robot hondatu bat kausi daiteke, esate batera. Jokalekua zakarrez estalirik dago erabat, eta zabor hauek bi alboetan atzealdean muinotxo bat osatzen dute, zeinen atzetik sartu-irtengo diren pertsonaiak behar denean. Erdian berriz, bada halako laugune bat non dauden jarrita ia mugitzen ez diren bi pertsonaia emakumezkoak. Hondakin organikorik ere bada, gutxi baina: fruitu zuztar iharturen bat edo beste, zenbait abereren adar eta kaskezurrak, eta gizaki eskeleto ia osatu bat, besteak beste. Ortzemugan nabari den zeru sabaiak halako itxura psikodeliko eta apokaliptikoa izan behar du: kolore bero eta estrainioak nahasian forma bihurri batzuk hartzen dituztela. Agertu beharreko hainbat eta hainbat gauzaki unean uneko aipamenetan adieraziko ditugu.
Dramatis personae:
AMA
AMONA
MUTIKOA
AITA
Haien itxura erdi futurista erdi prehistorikoa izan daitekeen nahaste-borrastea da. Jazkera gisa burutik behera sartutako zaku moduko larru bat besterik ez daramate, baina badira aro moderno batean kokatzen dituen hainbat xehetasun: apaingarri eta zintzilikarioetan nabari da batipat hori. Hondakindegian bertan bizi dira itxura denez. Mugitzen direnean lau oinen gainean egiten dute edo tximuen antzera makurtuta. Tximak luzeak, zikinak eta harrotuak, apaingarri zenbaitekin. Lekuan bezala pertsonaiengan ere zikinkeria eta zabarkeria nagusi.