Zabortegia
Xabier Mendiguren
Zabortegia
Xabier Mendiguren
Elkar, 1993
Zabortegia
Xabier Mendiguren
Elkar, 1993
[aurkibidea]

 

3. AGERRALDIA

 

AMA: Seme bat hazten hainbeste lan hartu eta holakoa atera behar.

AMONA: Gaurko umeak ez dira lehengoak bezalakoak.

AMA: Ez horixe!

AMONA: Lehen bazen errespetua.

AMA: Bai horixe.

AMONA: Eta gurasoen esanak bete egiten ziren.

AMA: Noski.

AMONA: Gaur berriz...

AMA: Alderik ere ez.

AMONA: Lehengo gazteak ordea...

AMA: Ezta konparatzerik ere.

AMONA: Garai batean, amari erregaloak eta guzti egiten zizkioten.

AMA: Gaur berriz, mokadua kentzen zaio ahotik.

 

(AMA konturatu egiten da egin duen hankasartzeaz eta ixilik geratzen da, lotsatuta bezala; AMONA ere konturatu da eta gorritu egiten da amorruz)

 

AMONA: Eta ez dun lotsarik hori esateko? Nork ez dit xomorrorik eman? Nork jan du oso-osorik amari ezertxo eman gabe?

AMA: (harroxko erantzunez) Nik; eta zer?

AMONA: Ez din lotsarik ematen ama hola uzteak?

 

(Zalapartaka eta builaka hitz egiten dute biek batera, bestearena ia entzun gabe)

 

AMA: Nik bilatu dut xomorroa eta neretzat zen.

AMONA: Zorria ere hik jan dun baina hurrengoa neretzat dela esanez.

AMA: Baina xomorroa ez zen zorri bat eta gainera nik ikusi dut.

AMONA: Dena hiretzat hartzen dun eta amari ezer ere ez.

AMA: Ni ere ama naiz eta nere semea zaindu behar dut.

AMONA: Hi ez haiz ez ama ez alaba. Goseti hutsa haiz.

AMA: Zikina.

AMONA: Sorgina.

AMA: Nazkagarria.

AMONA: Ustela.

AMA: Puta.

AMONA: Eta hi putagoa.

 

(Tximetatik tiraka borrokan bukatzen dute, zoruan arrastaka, elkarri zatarkeriak esaka, borrokak eragindako arnasa larrituekin batera; halako batean hasieran pilatzen ari ziren bi zabor meten gainera erortzen dira, biak deuseztuz. Gelditu egiten dira orduan, bere haserrea bukaturik; izututa bezala daude, harriturik eta herabe)

 

AMA: Begira.

AMONA: Ene.

AMA: Puskatu egin da.

AMONA: Bai.

AMA: Dena lurrera erori zaigu.

AMONA: Dena pikutara (negar-zotinka hasiz)

AMA: Hain polita zegoen...

AMONA: Hain dotore...

AMA: Hainbeste ordutako lana...

AMONA: Hainbeste neke...

AMA: Ezertarako ez.

AMONA: Dena lurrean.

 

(Ixilune bat)

 

AMA: Zer esango ote digu aitak?

AMONA: Auskalo?

AMA: Beldur naiz.

AMONA: Ni ere bai.

 

(Ixilune bat)

 

AMA: Berriro hasi beharko dugu.

AMONA: Berriro hasi?

AMA: Bai.

AMONA: (Beste ixilune baten ondoren) Bueno.

AMA: Berriro gauzak biltzen hasi behar.

AMONA: Nola egingo dugu?

AMA: Nik gauza beltzak eta zuk koloretakoak.

AMONA: Jo! Ez negon konforme.

AMA: Zergatik?

AMONA: Koloreak oso zailak ditun.

AMA: Bai, egia da.

 

(Ixilunea; biak pentsatzen ari dira)

 

AMONA: Badakit, badakit. (ilusio biziz)

AMA: Esan, esan. (berdin)

AMONA: Nik gauza zuzenak bilduko dizkinat eta hik borobilak.

AMA: Ez zait gustatzen.

AMONA: Zergatik ez?

AMA: Ez dakit.

AMONA: Bai, arrazoi dun. Ez dun oso polita.

 

(Beste ixilune bat, biak pentsatzen edo ari direla)

 

AMA: Badakit, badakit.

AMONA: Zer? Zer?

AMA: Batek gauza txikiak bilduko ditu eta besteak handiak.

AMONA: Nik txikiak.

AMA: Ez; zuk handiak zaharragoa zarelako.

AMONA: Handiak hik.

AMA: Zuk.

AMONA: Hik.

AMA: Zuk.

AMONA: Hik.

AMA: Handiak zuk eta txikiak nik.

AMONA: Ez, nik.

AMA: Nik.

AMONA: Nik.

AMA: Nik.

AMONA: Nik.

AMA: Nik.

AMONA: Ba orduan ez dut jolasten.

AMA: Ez duzu nahi zuk handiak eta nik txikiak?

AMONA: Ez.

AMA: Orduan nik txikiak eta zuk handiak.

AMONA: Bueno. Konforme. (bukatutzat eman behar du . eta zereginean hasi, baina konturatu egiten da zerbait oker dagoela) Ez. Hori ere ez.

AMA: Zergatik?

AMONA: Hargatik.

AMA: Zuk baietz esan duzu.

AMONA: Ez.

AMA: Bai.

AMONA: Ez.

AMA: Bai.

AMONA: Ez.

AMA: Bai.

AMONA: Ez.

AMA: Orain ezin duzu atzera egin.

AMONA: Bai.

AMA: Ez.

AMONA: Bai.

AMA: Ez.

AMONA: Bai.

AMA: Ez.

AMONA: Bai.

AMA: Ez.

AMONA: Zer?

AMA: Ez dakit baina ez.

AMONA: Ez dakit baina bai.

AMA: Orduan handiak jasoko dituzu?

AMONA: Bai. (berehalaxe) Ez.

AMA: Bai ala ez?

AMONA: Zer?

AMA: Zera!

 

(Ixilunea)

 

AMONA: Orduan...

AMA: Bion artean egingo dugu lana.

AMONA: Ederki.

AMA: Hemen gauza handiak jarriko ditugu eta hemen txikiak.

AMONA: Konforme.

AMA: Lagundu hau eramaten.

AMONA: Bai.

 

(Berogailu zahar bat jartzen dute gauza handien txokoan eta lanean hasten dira biak. Gauza txikiak nork bere kasa pilatzen ditu, ahal dela bata bestearen gainean dorre moduko bat eginez; handiak bien artean garraiatzen dituzte; gauza hauek era guztietakoak ditugu: hemen batzuk besterik ez ditugu aipatuko. Lan hauetan ari direla beren hazkatze eta bestelako narraskeriekin segituko dute, ohi duten ibilkera aldrebesaz)

 

AMA: Ama. (liburu zaharkitu bat eskuan)

AMONA: Zer?

AMA: Zer da hau?

AMONA: Gauza bat.

AMA: Zein gauza?

AMONA: Hauxe bera. Ez al dun ikusten?

AMA: Baina zer izen du?

AMONA: Katxarro.

AMA: (Handik aldi batera, kafetera hondatu bat erakusten diola) Eta beste honek?

AMONA: Katxarro.

AMA: Eta zertarako balio du?

AMONA: Auskalo!

AMA: (Berriz ere bilaketa aldi baten ondoren, kubo bat erakutsiz) Eta beste hau zer da?

AMONA: Gauza bat.

AMA: Katxarroa?

AMONA: Bai.

AMA: Eta ezertarako balio al du?

AMONA: Horrek bai. (hartuz) Hau euria ari duenean burutik behera sartzen dun eta ez haiz bustitzen.

 

(Kuboan sartzen du AMONAk burua eta orduan AMAk hautsontzi batez jotzen du kuboan)

 

AMONA: Ai, ai, ai! Zer izan da hori?

AMA: Zer?

AMONA: Kolpe bat, hor barruan nengoela.

AMA: Katxarroren bat.

AMONA: Nik emango dinat hiri katxarroa. Hi izan haiz, gaiztoa, gaizto halakoa!

 

(Joka hasten da AMONA, eta AMAk eskuak eusten dizkio)

 

AMA: Ez, ez, nik ez. Ni ez naiz izan. Airetik etorriko zen gauza bat.

AMONA: (zertxobait baretuta) Ikusiko dun hik. Ikusiko dun bai.

AMA: (gauzak biltzen segituz, halako batean ipurdirik gabeko edalontzi luze bat eskuan) Eta hau zer da?

AMONA: Hori? Gauza bat.

AMA: Eta’zertarako balio du?

AMONA: Horrek? Urrutiko gauzak ikusteko.

AMA: Urrutiko gauzak? Nola? Nola? (ilusio handiz)

AMONA: Begi batean jarri eta bestea itxita.

AMA: Aber, aber... (edalontzia hartu eta katalejoa bezala jartzen du, AMONAri begira) Ui, zein txiki ikusten zaitudan!

 

(AMONAk kolpe bat ematen dio eskuaz katalejo muturrari)

 

AMA: Ai, ai, ai, ze mina! Ze mina!

AMONA: Zer gertatu zain?

AMA: A ze kolpea hartu dudan begian! Ai! Ai!

AMONA: Urrutiko gauzaren batek emango zinan.

AMA: Gezurra. Zu izan zara. Zuk jo nauzu.

AMONA: Nik? Nola egingo nion nik holakorik nere alabari?

AMA: Zu izan zara bai. Gaiztoa, sorgina, zikina!

AMONA: Ez, ez naun ni izan.

AMA: Ikusiko dugu.

 

(Gauzak biltzen segitzen dute; pila aski handiak dituzte honezkero; jasotako hainbat gauza buru gainean jartzen dute: kopazko sonbreiru zahar bat, bizikleta baten llanta...)

 

AMA: Eta hau zer da, ama? (marko handi bat hartuta)

AMONA: Gauza bat.

AMA: Eta nola du izena: katxarro?

AMONA: Ez. Horren izena da... koadratua!

AMA: Eta zertarako da?

AMONA: Hori? Itxoin; utzi pixka batean pentsatzen.

AMA: Pentsa, pentsa.

AMONA: Hori... alde batetik bestera pasatzeko dun.

AMA: Nola...?

AMONA: Alde batetik bestera pasatzeko dela.

AMA: Eta nola egiten da hori? Nola?

AMONA: Utzi neri.

 

(Ondoren AMONAk markoa hartu eta alde batetik bestera pasatzen saiatzen da, bere gorputza igaroarazten alegia; hala ere, inoiz ez denez zutik jartzen ezin pasa daiteke eta nekeza egiten zaio edozein mugimendu; asko kostata hanka bat alde batera pasatzea lortzen du; lan horretan ari den bitartean hasperenak egingo ditu etengabe AMONAk, eta izerdia sikatzeko keinuak ere bai; AMA bien bitartean adi-adi dagokio AMONAri so, honen mugimendu bakoitza, keinu bakoitza berak ere airean errepikatuz)

 

AMA: Utzi; utzi neri ere.

 

(AMA ere gauza bera egiten saiatzen da kontrako aldetik edo; AMONA bultzatuz hanka bat beste aldera pasatu nahi du; hala ere biek enbarazo egiten diote elkarri)

 

AMONA: Ez, ez. Ni ari naun.

AMA: Baina orain neri utzi behar didazu.

AMONA: Zergatik?

AMA: Koadratua nik bilatu dudalako.

AMONA: Baina hik ez hekien zertarako zen.

AMA: Eta zer?

AMONA: Ez dinat utziko.

AMA: Utzi beharko didazu.

AMONA: Ez. Nerea da.

AMA: Ba ni ere sartu egingo naiz.

AMONA: Saia hadi ahal badun.

AMA: Horixe egin behar dut.

 

(Horrela eztabaidatzen duten bitartean ahaleginak egiten dituzte eta biek hanka bana eta gorputzaren erdia pasatzea lortua dute, baina halako moldez eta jarreraz non trabatuta geratzen diren, ez aurrera ez atzera egin ez dezaketela; hala ere ez dira baretzen; aitzitik gero eta su handiagoz dihardute bere ekinean)

 

AMONA: Ni lehenago pasatuko naun bada.

AMA: Horretarako utzi egin beharko dizut.

AMONA: Amari ez al dion utziko?

AMA: Eta zuk alabari?

AMONA: Ez dun berdina.

AMA: Ez dela berdina?

AMONA: Ez da.

AMA: Bada.

AMONA: Ez da.

AMA: Bada.

AMONA: Ez da.

AMA: Izango ez da ba.