4. AGERRALDIA
(Horretan ari direla kanpai hots errepikakor eta jarrai bat entzuten da, eta horrekin batera MUTIKOAren hots arraroak, sirenarenak antzeztuz. Entzun eta geroxeago agertzen da berriro ere tximuen gisa ibiliz muinotik behera. Txilipurdika bukatzen du eta bere txilipurdi horietan bi atsoek egindako zabor pilak —gauza handiena batetik eta txikiena bestetik— bertan behera botatzen ditu lurrera, ondoren bera altxatu eta kanpaiarekin agertokian zehar korrika eta zalapartaka segituz. MUTIKOA entzun dutenetik eta batez ere ikusi dutenetik izututa zeuden AMA eta AMONA, eskuak buru gainean, zer gerta ere beldurrez- Beraiek eraikitako bi pila horiek suntsituta ikustean oihuka eta aieneka hasten dira)
AMONA: (pilak birrindu aurretixe) Ai ene, ai ene, ai ene!
AMA: (birrinduz geroz) Kabroia, zikina!
AMONA: Kalamidadea.
AMA: Malapartatua.
AMONA: Madarikatua.
AMA: Putakumea.
AMONA: Inutila.
AMA: Hator hona eta ikusiko duk.
(Biak, AMA eta AMONA, mugitzen saiatzen dira baina bakoitzak alde batera egiten du eta ez dute askatzen, ez aurrera egiten, ez markotik ateratzen)
AMONA: Itxoin ezak pixka batean harrapatu arte.
AMA: Oraintxe askatuko nauk eta gorriak ikusiko dituk. Utzidazu ateratzen.
AMONA: Hik utzi. Nik ezin dinat hanka atera.
AMA: Nik ere ez. Joan zaitez haraxeago, ni askatzeko.
AMONA: Hik beso hori baztertzen ez badun ezin naun mugitu.
AMA: Ukondoa pasa ezazu nere lepo atzetik ea horrela...
AMONA: Aber ba.
AMA: Orain biok egingo dugu batera ea ateratzen garen.
AMONA: Ea egia den.
AMA: Nik bat, bi eta hiru esandakoan. Listo?
AMONA: Listo.
AMA: Bat, bi eta hiru!
(Biak mugitzen dira baldarki eta markoari josita erortzen dira elkarrekin. Bitarte horretan MUTIKOAk bota egin du kanpaitxoa zakar artera eta beste tresna baten bila dabil, gauzak jasoz, nahasiz eta berriro jaurtikiz. Halako batean txirrin bat aurkituko du eta hura joka hasi)
AMONA: (erortzean intzirika hasiz) Ai! Ai!
AMA: (berdin) Ui! Ui! Ui!
AMONA: Ai, nere bizkarrezurra!
AMA: Ui nere izterrak!
AMONA: Ai nere belauna!
AMA: Ui nere lepoa!
AMONA: Hau muturrekoa hau!
AMA: Hau ipurdikoa!
AMONA: Ai!
AMA: Ui!
AMONA: Ai!
AMA: Ui!
AMONA: Ezin naun altxatu.
AMA: Ni ezin naiz mugitu ere egin.
AMONA: Ai ene!
AMA: Ea biok batera, elkarri lagunduz altxatzen garen.
AMONA: Ez dakit ba.
AMA: Eta hi ixilik egon hadi hire txirrin zahar horrekin!
AMONA: Ez dun guri laguntzera etorriko ez.
AMA: Ai ama! Ea oraingoan asmatzen dugun.
AMONA: Ea bada.
AMA: Nik bat, bi eta hiru esandakoan. Listo?
AMONA: Listo!
AMA: Bat, bi eta hiru!
(Zertxobait altxatzea lortzen dute baina lehen bezala erortzen dira berehala. MUTIKOAk izugarrizko algarak egiten ditu nahaspila hori ikusiz)
AMA: Seme kabroi hori. Harrapatzen bahaut txikitu egingo haut.
AMONA: Horrek edoskitako esneak pozoituta egon behar zinan.
AMA: Putakume sasiko halakoa!
(MUTIKOAk txirrina utzia du eta beste zerbaiten bila dabil. Irrati bat aurkitu du eta martxan jarri. Hotsak eta zaratak entzuten dira bertatik. MUTIKOAk etengabe aldatzen du uhin maiztasuna, eta bolumena oso altu jarrita ez da inon gelditzen musika aditzen. Bi atsoak berriro ere belarriak estalita)
AMA: Uztak hori bakean.
AMONA: Etor hadi gu laguntzera.
AMA: Ez izan gaiztoa eta lagundu hemendik ateratzen.
AMONA: Zorri bat emango diat laguntzen badiguk.
(Zorriarena entzun eta irratia botata hantxe doakie MUTIKOA, baina lagundu aurretik eskua luzatzen die, eskean)
AMONA: Orain ez diagu. Lagun iezaguk altxatzen eta gero emango diat.
(MUTIKOAk ostiko batzuk ematen dizkie orduan, hots batzuk eginez, eta ondoren urrundu bere txokora)
AMA: (haserre, ostikoetatik babestu ezinik) Kabroia!
AMONA: (berdin) Ustela!
AMA: Alua!
AMONA: Madarikatua!
AMA: Putakumea!
AMONA: Lehertuko ahal haiz!
AMA: Tximistak joko ahal hau!
(MUTIKOAk bitartean zabor artean bilaka dihardu gauzak hartu eta boteaz, bide batez jaurtikitzen dizkiotenak eskibatuz; halako batean, flash aparailu bat aurkitzen du, argazki kamarek daramatzatenetakoa. Ez daki zer den eta bazter guztietatik begira eta ikutuz aritu ondoren azkenean beharrezko eragingailuarekin topo egiten du flashkada indartsu bat egiten baitio aurpegiaren aurrean. Atzeraka erortzen da MUTIKOA eta barrez lehertzen hasten dira AMA eta AMONA)
AMONA: Ikusi dun? Ikusi dun? Ja-ja-ja.
AMA: Atzeraka bota du, ja-ja-ja.
AMONA: Itsutu egingo zinan, ja-ja-ja.
AMA: Edo hizketa itzuliko zaio bestela, ja-ja-ja.
AMONA: Ondo merezia din, astopotro horrek.
AMA: Lurrean dagoela emango nizkioke lehengo ordainak.
(MUTIKOA hala ere altxatu egiten da laster, eta flasha eskuetan hartuta atsoengana doa. Han flashkadez izutu eta itsutu egingo ditu. Bera barre zoroz ari den bitartean AMA eta AMONA oihuka, nolabait ezkutatzen saiatzen dira, nahiz MUTlKOAk batera eta bestera ibiliz beti harrapatzen dituen bete-betean bere pozerako eta besteen atsekaberako)
AMA: Ai, ai, ai!
AMONA: Ene, ene, ene!
AMA: Lagundu, mesedez!
AMONA: Ai! Itsutu egin naiz, itsutu!
AMA: Ai! Hau da mixeria, hau!
AMONA: Hau da harria!
AMA: Hau da mixeria gorria!