1. AGERRALDIA
(Oihala altxatzean, erdian ageri dira AMA eta AMONA, zoru gainean eserita, kuxkurtuta. AMONA zorriak kentzen ari zaio AMAri. AMAk aurrean dituen bi zabor pilatan beste batzuk eransten ditu. Bere keinu eta mugimenduetan erabat nazkagarri gertatzen dira biak: AMAk bere behatzak gorputzeko zulo guztietan sartuko ditu, txandaka eta aldizka: sudurrekoetan, belarrietan, ipurdian eta potorroan. Behatza zuloan sartu eta aztarrika eraginez ibili ondoren ahora eramango du eta han xurgatu. Gustoko aurpegia jartzen du halakoetan, salbu eta belarri zuloan sartu duenean, hori mikatza edo suertatzen baitzaio, nahiz hurrengoan ere berdin egingo duen. Sudur zuloetan aritzen denean behatzean erantsita muki lehor edo bustiak ateratzen ditu, eta begien aurrean behaketan erabili ondoren ahora eramaten ditu, jateko. Horrez gainera hazka ere arituko da gorputz atal gehientsuenetan. AMONA AMA baino altxatuxeago dago, honi zorriak kentzen ari baitzaio; AMONA ez da hazka eta zuloetan miaka arituko, baina txistua eta batez ere karkasa botatzen jardungo du etengabe. Puzker zaratatsuak ere botako ditu noizik eta behin. Ixilik ari dira beren zeregin horietan, eta ez dute gehiegi hitz egiten. Ekintza hasi eta dexente geroago hasiko dira hizketan, baina bitartean eztarriko soinu batzuk egin ditzakete. Oso gutxi mugitzen dira; AMONA batez ere oso trakestua dago)
AMONA: Hara, hara, hara, hara. Beste bat. Bilatu dut beste zorri bat.
(AMAren iletik zer edo zer hartu du eta miretsita eusten du behatzen artean)
AMA: (ume txiki baten antzera) Eman, eman, eman, eman.
AMONA: (bere kolkoan gordetzeko keinua eginez) Zer?
Denak hiretzat ala?
AMA: (mainati) Jo, ama! Eman neri...
AMONA: (esku itxiak lepo azpian izkutatuz) Ez.
AMA: Ama, faborez. Eman... eman...
AMONA: Eta neretzat zer, e? Orduan neretzat zer?
AMA: Hurrengoa zuretzat, ama, baina eman hori. Jo, ama...
AMONA: (mesfidati) Hurrengoa neretzat seguru?
AMA: Bai, ama. Baina eman hori neri. Goseak nago...
AMONA: Bueno, tori. Baina hurrengoa neretzat izango da!
(AMAk AMONAk eskuan luzatu diona gogo biziz hartu eta zalapartaka ahora eramaten du; ondoren atseginezko aurpegiera jartzen du)
AMA: Eskerrik asko, ama. Ze goxoa zegoen!
AMONA: Amak beti egin behar seme-alaben gustokoa.
(Isilik segitzen dute aldi batez bere zereginetan)
AMA: Ama...
(AMONAk ahots bat egiten du eztarriaz, gehiegi jabetu ez den seinale)
AMA: (handik pixka batera) Ama...
AMONA: Zer...?
AMA: Zergatik ez dugu zorri gehiago?
AMONA: Bizitza honetan, alaba, on guztiak izaten dira motxak.
(Beren lanei jarraitzen diete beste aldi luze batez)
AMA: (artega) Ama, ama, ama...
AMONA: Zer?
AMA: Gauza bat ikusi dut.
AMONA: Zer gauza?
AMA: Ez dakit.
AMONA: Orduan zertarako hasten zara builaka? (isilunea)
AMA: Horia zen.
AMONA: Eta?
AMA: Hankak zeuzkan. Jan daiteke?
AMONA: Ez dakit. Aulki bat zen?
AMA: Zer da aulki bat?
AMONA: Ez dakit.
(Ixilunea)
AMA: Mugitu egiten zen.
AMONA: (bapatean asaldatuta) Orduan harrapa ezan!
Mugitzen den guztia jatekoa da.
(AMA arrastaka hasten da zoruan, zabor artean miaka, eta AMONA ere bai, ondoren, askoz ere baldarrago, lau oinetan jarrita, trasteak altxatuz)
AMONA: Nolakoa zen?
AMA: Gauza bat.
AMONA: Zer gauza?
AMA: Ez dakit. Hankak zituen.
AMONA: Hankak... Hankak...
(Horrela ari dela AMONAk haurrentzako gurditxo bat ikusten du; haraino joaten da, hartzen du eta AMAri erakutsi)
AMONA: Hau da? Hau da?
AMA: Ez. Ileak zituen.
AMONA: Ileak... Ileak... Ileak... (plumero bat bilatzen du eta lehengo operazio bera) Hau, hau... hau al da?
AMA: Ez; begiak zeuzkan buruan.
AMONA: Begiak... Begiak... Begiak... (linterna bat hartuta) Hau?
AMA: Ez; borobilagoa zen.
AMONA: Borobila... Borobila... Borobila...
(AMONAk baloi erdi hustu bat hartzen duen une berean AMA zalapartaka hasten da, zerbaitekiko borrokan balebil legez)
AMA: Hemen... Hemen... Hementxe dago.
AMONA: (lau oinen gainean harengana doala; sutsu) Eutsi horri! Ez utzi aldegiten. Gogor. Hirea dun eta! Buruan emaion, buruan!
(Bitartean AMA txilipurdika lurrean, izugarrizko borrokaldi baten itxurak eginez, arnasestuka, intziriak eginez)
AMONA: (gero eta sutsuago hau ere) Jo beldurrik gabe. Akaba ezan. Helduion potroetatik, horrexek egingo zion min gehien eta. Eman gogor. Hori dun eta. Segi horrela! Txikitu ezan madarikatu hori! Kosk egion begian.
(AMONA ere AMAren gainean etzanda, zerekin borrokatu behar duen asmatu ezinik. Azkenik AMAk besoak luzatu egiten ditu, behatz puntetan zer edo zeri eutsiz eta alaitasunezko irrintzi bat egiten du)
AMA: Ba al dakizu zer den?
AMONA: Gauza bat.
AMA: Eta ba al du izenik?
AMONA: (buruan hazka aritu ondoren) Xomorro.
AMA: Xomorro, orro, orro.
AMONA: Hori-horia dun.
AMA: Eta hanka asko ditu.
AMONA: Bai. Eta ileak ere bai.
AMA: Ze gustora jan behar dudan.
AMONA: (haserre) Hik ez. Nik jango dinat.
AMA: (haserretuz hau ere) Zuk ez. Nik jango dut.
(Ondoko tirabiran gero eta ozenago hitz egingo dute eta biek batera; AMAren eskuetan dagoena erdietsi nahiz honen eskuak beregana ekarriko ditu tiraka AMONAk, etaAMAk berriro bere aldera, gero eta indartsuago)
AMONA: Nik.
AMA: Nik.
AMONA: Nik.
AMA: Nik.
AMONA: Nik.
AMA: Nik.
AMONA: Nik.
AMA: Nik.
(Azkeneko honetan AMAk AMONAren eskuak bere gainetik askatzen ditu eta txokorantz baztertzea lortzen du, AMONArengandik urrundu nahiz, hau pixkanaka harengana hurbilduz doalarik bere lau oinetako pauso makaletan)
AMONA: Neretzat izan behar zinan (erdi negarrez)
AMA: (haur berekoien gisa) Nik harrapatu dut eta neretzat izango da.
AMONA: Gainera hik esan didan lehentxeago hurrengo zorria neretzat izango zela.
AMA: Hori bai. Baina hau ez da zorri bat.
AMONA: Emaidan neri... Nik ez dinat zorririk jan.
AMA: Hau nik ikusi dut eta nik jango dut.
AMONA: Faborez... Emaidan... (AMAganaino iritsi da eta lehengo tirabira berean hasten dira, keinuz eta hotsez)
AMA: Ez.
AMONA: Bai.
AMA: Ez.
AMONA: Bai.
AMA: Ez.
AMONA: Bai.
AMA: Ez.
AMONA: Bai.
AMA: Ez.
(AMA berriro ere askatu egiten da, eta AMONAri ezer egiteko astia eman baino lehen ahora eramaten du eskukoa, xomorro edo dena delakoa janez; AMONA hasieran hitzik esan ezinik geratzen da, baina berehala arrantzaka hasiko da, haur ttiki baten tankeran)
AMONA: (baretu ezinezko negarren artean) Gaiztoa! Ustela! Nahikoa huen neri pusketatxo bat ematea eta... Sorgina! Zekena! Ustela! Dena beti hik jan behar. Nazkagarria! Gaiztoa! Zikina! Horixe dun amari ematen zaion esker ona. Ustel hori! Sorgina!
(Bitarte guzti horretan AMA gero eta irribarre gozoagoz dago, mastekatzen ari den bitartean, atsegintasun betezko aurpegiera batez; azkenik, AMONAk guzti horiek bota ondoren AMAk korrokada eder eta luze bat egingo du)