Zabortegia
Xabier Mendiguren
Zabortegia
Xabier Mendiguren
Elkar, 1993
Zabortegia
Xabier Mendiguren
Elkar, 1993
[aurkibidea]

 

2. AGERRALDIA

 

(Sirena hots ozen eta zaratatsua entzungo dugu, hura laguntzen duten giza deiadarrekin batera. Handik pixka batera ezkerreko muinotik behera, hala moduzko goitibehera batean buruz behera jarrita eta eskuan martxan dabilen sirena bat daramala —bere argi eta guzti— MUTIKOA jaisten da, izugarrizko iskanbila eraginez. AMAk eta AMONAk lehenbiziko uneetan belarriak estaltzen dituzte; ondoren isiltzeko esaten diote oihuka eta “katxarro” hori itzaltzeko, nahiz eta bien garrasiak ezer gutxi entzuten diren zarata guzti horren erdian; azkenik, MUTIKOA agertokian zehar tximuen tankeran korrika abioi baten imintzioak eginez dabilela, zoruan aurkitzen dituzten zakarrak jaurtikitzen dizkiote: patin bat, plastikozko botila, lata zahar bat, teila pusketak, erretailu bat, gurpil zulatu bat eta abar. MUTIKOAk jolasean segitzen du, jaurtigailu horiek eskibatzearenak eginez. Bi emakumeek, gero eta zoratuago, etengabe botatzen dizkiote aldamenean topatzen dituztenak eta azkenean lorontzi batekin edo bete-betean asmatzen dute MUTIKOAren buruan. MUTIKOA supituki jausten da lurrera konortea galduta, martxan segitzen duen sirena lurrera erortzen utziz. MUTIKOAri jaramonik egiteke, AMA eta AMONA sirena dagoen lekuraino joan eta kolpeka eta ostikoka hasten zaizkio harik eta itzali edo hondatu arte. Bitarte horretan MUTIKOAk burua altxatzen du noizbehinka bi atsoei begiratzeko, eta berriz ere korderik gabe balego bezala jartzen da; garbi dago beraz, jolasean ari dela, hilarena eginez. AMA eta AMONA, sirena ixilarazi dutenean, MUTIKOArengana doaz, haserre bizian, beti bezala beren ibilkera baldarrez)

 

AMA: Ume demonio hau...

AMONA: Malapartatua...

AMA: Sasikumea...

AMONA: Madarikatua...

AMA: Harrapatzen baldin badut...

AMONA: Astindu...

AMA: Berotu...

AMONA: Lehertu...

AMA: Birrindu...

AMONA: Txikitu...

AMA: Egingo dut.

 

(MUTIKOAganai.no iritsi eta joka hasten dira bi atsoak)

 

AMONA: Ustela!

AMA: Kalamidadea!

 

(Orduan MUTIKOA altxatu egiten da tximista bezala eta alde egiten du heldu nahi duten atsoen atzaparretatik)

 

AMONA: Etzak ihes egin, kabroia.

AMA: Harrapatuko haut, alu hori.

 

(Urruti samar dagoenean keinu lizunak eta isekazkoak egiten dizkie MUTIKOAk eta horrekin batera hots arraroak, ez baitu hitzegiterik nonbait)

 

AMONA: Burla egin ezak orain, baina ikusiko duk gero.

AMA: Ez etorri neri titi eske gose haizenean.

AMONA: Begiak aterako dizkiat lo haizenean.

AMA: Gasolina sartuko diat aho barruan.

AMONA: Nazkagarria.

AMA: Zikina.

AMONA: Lotsagabea.

AMA: Kabroia.

AMONA: Ustela.

AMA: Putakumea.

 

(MUTIKOAk ez die jaramonik egiten; zabor artean miaketan aritu ondoren bolante bat aurkitzen du. Ibilgailu bat martxan jartzearen gutxigorabeherako imintzio eta hotsak egin ondoren bolantearekin hara eta hona ibili eta azkenean muinoetako baten atzetik desagertzen da)