VI. AGERRALDIA
Gela kasik ilunpean dago eta Aita Aritzabelar sartzen da, azote bat eskuan. Bere sotana gerriraino jautsi eta, belaunikatzen da eta bere bizkarra zafratzen hasten.
AITA ARITZABELAR
AITA ARITZABELAR: (Minaren gatik botatzen dituen orroen artetik). Diou biban! Diou biban! Zer erran dut! Bainan zer erran dut! Nolaz zaut Gaskoinezko erran hori besten aintzinean ahotik atera! Zer ahalgea! Diou biban! Zendako naiz erderarat lerratu denen bixtan? Gainera Gaskoina hain hastio dutalarik! (bere bizkarra azotatzen segitzen du eta ukaldi bakotxa) Hau Maurice Bordenave deitzen direnentzat, Hau Adrien Pinaquy guzientzat, hau Rene Ducassentzat, hau Antoinette DubouiIhentzat (xutitzen da, sotana soinean emaiten eta balkoinerat joaiten ate lehioa idekiz). Urrikal jauna, urrikal: Ene ahuleziak barkatuko ahal dizkidazu! (eta balkoinaren ixkinera doa, ez dela gehiago gelatik ageri! Bat batean, oihuka hasten da). Bainan! Zer egiten duzu hemen zuk? Zergatik ene besoari lotzen zira? Utz nezazu!!! Zer nahi duzu nitarik? Mintzatuko zirea? Ez nezazula pus... (Ez du bere erranaldiaren bururatzeko astirik: lehenik ozen eta gero ahulduz doan Aita Aritzabelaren oihu luzea entzuten da).
oihala