Lamindegiko lamiak
Pantzo Hirigarai
Lamindegiko lamiak
Pantzo Hirigarai
Kutxa Fundazioa, 2000
Lamindegiko lamiak
Pantzo Hirigarai
Kutxa Fundazioa, 2000
[aurkibidea]

 

III. AGERRALDIA

 

(Biharamun goiza da. Gelan dago Aita Aritzabelar, otoitzean. Peio Xirulet sartzen da)

 

 

AITA ARITZABELAR - PEIO XIRULET

 

PEIO XIRULET: Egun on deneri! Egin dea lo! Ah, Aita Aritzabelar! Jadanik iratzartua?

AITA ARITZABELAR: Ez! Lo zurrungan, ikusten duzun bezala! (mutur)

PEIO XIRULET: (irriz) Plazerrekin ohartzen naiz zuk baduzula umorea, ez idurian! Maite duzu arrallerian artzea, eh?

AITA ARITZABELAR: (so gaixto eta mutur ilun batekin). Itsuski! Ez duzu sekulan ikasi, behar dela debozionetan ari denaren bildutasuna errespetatu? Zure goizeko otoitzak eginak dituzia, bederen?

PEIO XIRULET: (beti irriz) Eta banakien zerbait ahanzten nuela!

AITA ARITZABELAR: Egin ezazu irri, ahal duzuno! Urrikituko zauzu Jondoni Petriren atean jo beharko duzularik!

PEIO XIRULET: Ez du oraino tirrinta instalatua? (zapartegina irriz). Zer izpiritu fina dut!

AITA ARITZABELAR: Ez “dut” bainan “dutan”! “Zer izpiritu fina dutan!”. Otoi, enekin solastatzerat menturatu baino lehen, lant ezazu zure gramatika!

PEIO XIRULET: Hutsa nahitarat egin dut zure takinatzeko, ikusten baitut zirikan artzeko gogo izigarria duzula goiz huntan! Ez dea hala?

AITA ARITZABELAR: (otoitzean) Jauna! Izpiritu saindua igor iezaiguzu, begira gaitzan gramatika hutsetarik!

 

(Ramuntxo Aztalarin eta Amedée Xango sartzen dira)

 

 

AITA ARITZABELAR - PEIO XIRULET
RAMUNTXO AZTALARIN - AMEDÉE XANGO

 

RAMUNTXO AZTALARIN: Ongi pausatu zirea Amedée?

AMEDÉE XANGO: Ez dut zurekin mintzatzeko gutiziarik!

RAMUNTXO AZTALARIN: Zergatik? Barda, musean nagusitu naizelakotz?

AMEDÉE XANGO: (fede txarrez) Ez du horrek deus ikustekorik! Zer inporta zaut? Ez naiz galtzaile txar horietarik eh, gero! Partida irabazi duzu eta kitto! Funtsean, jokoa badelarik ez da mereximendu handirik! Edozoin tonto nagusi laike!

RAMUNTXO AZTALARIN: Ez zira samur, beraz?

AMEDÉE XANGO: Ni samur? Zergatik? Mus partida baten gatik? Gehiago behar dut! Funtsean, burutik ere joana zitzautan!

RAMUNTXO AZTALARIN: Hola nahiago dut!

AMEDÉE XANGO: Hogoita hamahiru tzar bat nuela jokoan eta zuk hogoi ta hameka! Ados! Normal zen ene hordagoari eman zinezan! Diot bakarrik suerte ikaragarria ukan duzula eta ez dakit emazterik baduzunez bainan...

PEIO XIRULET: Ez! Ez du!

AMEDÉE XANGO: Hobe! Bestenaz, ongi begistatzeko aholkua emanen baitnauzun!

PEIO XIRULET: (jelos) Zoin emaztetaz mintzo da, Ramuntxo?

RAMUNTXO AZTALARIN: Ez Peio! Amedée-k dio: izan banu!

PEIO XIRULET: Zerbaiten jakinean zira Amedée?

RAMUNTXO AZTALARIN: Peio! Ez zira zu ere hasiko!

PEIO XIRULET: Zendako “ni ere”? Bada beste bat?

RAMUNTXO AZTALARIN: Ez! Diot ez ahal zirela zu ere, Amedée bezala, enekin kexatuko!

PEIO XIRULET: Ah! Harreman partikular bat baduzu Amedéerekin?

RAMUNTXO AZTALARIN: Bake emazu Peio! Ridikula zira! (Peio mutur eta erdi nigarrez)

AITA ARITZABELAR: “Partikular”! “Ridikuloa”! (otoitzean). Jaungoikoa! Mundu iñorent hau argituko duten milaka hiztegi bota iezaizkiguzu zerutik!

AMEDÉE XANGO: Ez naiz ni mus partida bat galdu dutelakotz haserretzen diren hoietarik! Behar da galtzea onartu! Ez naiz tematuko! Ez naiz berriz hortarat jinen!... Bakarrik diot muslari ona dela kartarik gabe ttanttoak egiten dituenak!

 

(Eulalia de Taulagain, Xalbattin eta Panpi Sare sartzen dira)

 

 

AITA ARITZABELAR - PEIO XIRULET
RAMUNTXO AZTALARIN - AMEDÉE XANGO
EULALIA DE TAULAGAIN - XALBATTIN - PANPI SARE

 

EULALIA DE TAULAGAIN: Zer aments xoragarria egin dutan gau huntan!

XALBATTIN: Nik ere! Zuk zertaz zinuen?

EULALIA DE TAULAGAIN: Nik antzerkiaz!

XALBATTIN: Nik atzarkiaz!

 

(Pantxika Solsoprano sartzen da hatsankatua eta nigarrez)

 

 

AITA ARITZABELAR - PEIO XIRULET - RAMUNTXO AZTALARIN
AMEDÉE XANGO - EULALIA DE TAULAGAIN
XALBATTIN - PANPI SARE - PANTXIKA SOLSOPRANO

 

PANTXIKA SOLSOPRANO: Zatozte! Fite! Zatozte! Izigarrikeri bat gertatu da!

PANPI SARE: Zer? Kantu berri bat asmatu duzu?

PANTXIKA SOLSOPRANO: Maixan... Maixan Lumaeder hil da! Bere logelako atea erdi idekia zen eta nola ez zuen nere agurrari erantzuten sartu naiz eta han aurkitu dut, gorputz!

 

(Pantxika Solsopranoren ondotik lasterka ateratzen dira Eulalia de Taulagain, Ramuntxo Aztalarin, Peio Xirulet, Amedée Xango eta Xalbattin. Haatik, gelan gelditzen dira Aita Aritzabelar eta Panpi Sare)

 

 

AITA ARITZABELAR - PANPI SARE

 

(ixilune bat: Aita Aritzabelar-ek otoitzean segitzen eta Panpi Sarek pilota punpa-arazten)

 

PANPI SARE: Orduan, Aita Aritzabelar: ez zoaz hilaren ikusterat?

AITA ARITZABELAR: Ez dut ene goizeko otoitza bururatua!

PANPI SARE: Zu, elizako gizona izanki eta, ez duzu uste Maixanen ondoan laikeela zure tokia? Naski, tenore huntan, otoitz beharretan den edozoin bezain bat!

AITA ARITZABELAR: Gauza bakotxa bere aldian! Eta galdea itzultzen ahal dauzut: zu ere ez zira mugitu!

PANPI SARE: Ni ere lasterka abiatzen banintz, besteak bezala, zer alda lezake? Ez du horrek emazte gaixo hori berpiztaraziko! Hila balin bada, hila da! Zer nahi duzu! Hala beharra!

 

(Xalbattin sartzen da platera bat eskuan! Atzarki xerra dauka)

 

 

AITA ARITZABELAR - PANPI SARE - XALBATTIN

 

PANPI SARE: Zer da berri Xalbattin? Maixan zinez hila dea?

XALBATTIN: Ez dakit! Ez naiz bere ganbararat izan! Sukaldean nintzan! Barda, etzan aintzin, Maixanen sukaldea miatuz, atzarki xerra huni ohartu naiz eta nihaurren baitan egin dut goiz huntan janen nuela askaltzeko! Bainan! Zer zozoa! Hotza dut! Bame hau nahasiko zaut ez badut berotzen! Behar dut zertainean pasaarazi!

PANPI SARE: Ez du iduri heriotze horrek hain penatu zaituenik!

AITA ARITZABELAR: Gizon lotsagarria! Ez duzu biziarentzat atxikimendu izpirik! Zoaz bi otoitzen eskaintzera heriotzak bere kapa beltzaren perat bildu duen presuna dohakabe horri!

XALBATTIN: (bertsutan hasten da, kantuz, zortziko handian) Maixan zenari nik ere dakot Eginen nere otoitza, Jakin ezazue zuek bezainbat Triste dutala bihotza Gertakari hain iluna dugu Lagun horren heriotza Bainan tripa zaut beti nahasten Jatean atzarki hotza!

 

(eta ateratzen da sukalderat. Hau atera orduko, ganbararat igan bostak berriz agertzen dira, kopeta ilun...)

 

 

AITA ARITZABELAR - PANPI SARE - PANTXIKA SOLSOPRANO
EULALIA DE TAULAGAIN - RAMUNTXO AZTALARIN
PEIO XIRULET - AMEDÉE XANGO

 

PANPI SARE: Beraz? Maixan zinez hila dea?

AMEDÉE XANGO: Bai! Segurtatzen ahal dauzut ez dela gehiago musean ariko!

RAMUNTXO AZTALARIN: Eztare fandangotan!

PEIO XIRULET: Eztare txistu...

RAMUNTXO AZTALARIN: Bon! Aski da Peio! Ulertua dute!

PANTXIKA SOLSOPRANO: (orroaz hasten da) Nork hil du? Hobendunak aitor dezala!

EULALIA DE TAULAGAIN: Zer derasazu Pantxika! Ala atsegabeak zaitu burxoarazten! Argi da bere buruaz beste egin duela bere erremedio untzia hustuz: lo egiteko pilula guziak iretsi ditu!

PANTXIKA SOLSOPRANO: Ni bezala ikusi duzu pilula horietarik batzu nola barreatuak ziren ohearen gainean eta lurrean, eta untzia falta, ohea bera nola desegina zen eta Maixanek soinean zuen gaueko arropa urratua! Borrokatu da erremedioak bortxaz iretsarazi dazkonarekin!

EULALIA DE TAULAGAIN: Dena den ez naiz oren bat gehiago hemen geldituko! Banoa nere funtsen bila! (ateratzen da)

 

 

AITA ARITZABELAR - PANPI SARE
PANTXIKA SOLSOPRANO - RAMUNTXO AZTALARIN
PEIO XIRULET - AMEDÉE XANGO

 

PEIO XIRULET: Alo Pantxika! Gu bezala badakizu gogoa zoin iluna zuen barda, etzaterat joaitean! Ageri zen ez zuela gehiago bizitzeko gutiziarik!

PANTXIKA SOLSOPRANO: Ahanzten duzu erraitea gutarik bat zuzenki hunkitzen duen eskandala bat goiz huntan salatu behar zitzaukula! Eta delako horrek ez zuen behar bada nahi segretu hori bestek entzun zezaten! (Aita Aritzabelar eta Panpi Sare-ri). Jaunak, zatozte nerekin ikusterat, ea zer diozuen!

 

(Pantxika Solsoprano, Aita Aritzabelar eta Panpi Sare ateratzen dira)

 

 

RAMUNTXO AZTALARIN
PEIO XIRULET - AMEDÉE XANGO

 

RAMUNTXO AZTALARIN: Egia da morala zangopetan zuela gaixo Maixan-ek! Ez zuen euskaltasunaren desagertzea bere begiez ikusi nahi! Nahiago izan du lehenago berak beste mundurat joan!

PEIO XIRULET: Gutti aski zuen halere! Nik kondatu banakon euskal soinua zoin gaizki dugun: baditu urteak ez dutala euskal tresna baten pratikatzerat etorri den ikaslerik ikusi ene musika eskolan! Denak gitarra elektrika okaztagarri hartarat doatzi! Balakite bihotza nola pizten zauzun, doinu alai eta arinak jalgitzen dituzularik xixtuaren xiloetarik, errexiñularen pare! Eta duela zonbait aste, gazte bat jin zaut txistuaren ikasterat! Ezin sinetsia! Berehala eskatu diot zer ziren bere motibazioneak: ihardetsi daut bere burrasoek zutela igorria, gaztiguz edo punizionez, ez zuelakotz eskolan deus onik egiten! Huna zertaratuak giren: txistua zigorra bilakatua da!

AMEDÉE XANGO: Eta zertan da orai? Segitzen du beti?

PEIO XIRULET: Bah! Zera! Txistutik ateratzen zituen notak eskolakoak bezain txarrak izanez, gitarra elektrika ikasterat bidali dut!

AMEDÉE XANGO: Kartetan, hein berean gira! Orai, gatz eta biperrik gabeko belota hortarat lerratzen dira denak! Ez dute sekulan jakinen zer zoriona ekartzen duen musak: nola, bi errege sartzen zauzkizularik, gorputz guzia bozkarioz burrustaka betetzen zauzun!

 

(Xalbattin sartzen da)

 

 

RAMUNTXO AZTALARIN - PEIO XIRULET
AMEDÉE XANGO - XALBATTIN

 

XALBATTIN: Bertsularitzan berdin da! Iparraldeko azkenetarik bat naiz! Duela zonbait urte nola eskuara oraino doi bat egiten bazen ere, ez zen gehiago nehor bertsolaritzari lotzen, legeak errextu ginituen gazten interesaarazteko! Badakizue lehenago “Poto”-ak debekatygk zirela... badakizue zer den poto-a! (bestek ezetz) bertsu berean hitz bera baliatzea bi lerro muturretan! Denboran, Poto batek punduak galarazten zituen xapelketa batean! Orai, Poto gehiago egin eta pundu gehiago ardiesten duzu! Sebastien Lizaso izeneko batek zaukun ideia proposatu! Badakizue nor zen Lizaso?

AMEDÉE XANGO: Zikiro jale bat?

XALBATTIN: Ez bakarrik! Bainan molde hunek ere fruitu gutti eman zuen! Bah! Igual du, azkenean! Zikiro bestak badireno!

 

(Pantxika Solsoprano, Panpi Sare eta Aita Aritzabelar berriz sartzen dira)

 

 

RAMUNTXO AZTALARIN - PEIO XIRULET
AMEDÉE XANGO - XALBATTIN - PANTXIKA SOLSOPRANO
PANPI SARE - AITA ARITZABELAR

 

PANPI SARE: Jaunak, neretzat ez da dudarik! Heriotza norbaitek eman dio Maixan Lumaeder-i. Aita Aritzabelar nerekin ados da!

AITA ARITZABELAR: Debruaren aztaparra! Ezin uka!

XALBATTIN: Ez erran zozokeririk! Maixan-ek bere buruaz beste egin du eta kitto!

 

(bertsutan kantuz hasten da; Zortziko nagusian)

 

            Zure solaser eman nezake

            Ergelkeriaren prima

            Hortako bota behar dauzkizut

            Berehala bi errima:

            Gure Maixan-en hiltze triste hau

            Ez da inoiz izan krima,

            Ezin zuen jasan Euskal Herriak

            Galtzea bere arima!

PANTXIKA SOLSOPRANO: Zer dakizu! Ez duzu Maixanen gorputza ikusi ere! Eta nola esplikatzen duzu bere pilula untziaren desagertzea!

            Xalbattin (kantuz koplaka)

            Ez da gutarik nehorren falta

            Bilakatu bada gorputz

            Nik berriz diot: zuen erranek

            Ez dute balio bi putz.

 

(Eulalia de Taulagain sartzen da)

 

 

RAMUNTXO AZTALARIN - PEIO XIRULET
AMEDÉE XANGO - XALBATTIN - PANTXIKA SOLSOPRANO
PANPI SARE - AITA ARITZABELAR - EULALIA DE TAULAGAIN

 

EULALIA DE TAULAGAIN: Banoa! Nork lagunduko nau behererat?

PANPI SARE: Ez ahal duzu ihes egiten?

EULALIA DE TAULAGAIN: Nik? Batere! Bainan jandarmak ere abisatu behar ditugu!

RAMUNTXO AZTALARIN: (ate lehioaren idekitzerat doa). Naski hemen gelditu beharko duzun!... So egizu! Barda eztitu bada ere, elur tenpesta sekulan baino azkarrago da! Lamindegian kokatuak gira!

AITA ARITZABELAR: Ez da hemendik nehor lekutuko, Maixan zena nork hil duen jakin baino lehen! Ikusiz ez dela barda, gutaz kanpo, elementuen gatik nehor hunarat hurbildu ahal izan, hobenduna gutarik bat da! Bai! Ez balin badu itxuraz hala emaiten ere, gutarik bat ero kriminal bat da! Bainan delako horrek jakin beza bere zortea ezin ilunagoa dela, dedikatua baita, goiz edo berant, Luzifer-en eltze haundian irakitzerat!

PANPI SARE: Ez du, gau huntan, nehork Maixan-en oihurik entzun? (bestek ezetz). Beraz ez dakigu noiztsu gertatu den!

PEIO XIRULET: Errex izanen da hiltzailearen atxemaitea: barda azkenik etzan dena ditaike! Zoin zen?

XALBATTIN: Ni! (denak huni so, mesfidantza ainitzekin. Hunek ez du iduri hortako arranguratua denik). Eta lehenik jeiki dena balitz? Nor da lehenik jeiki?

AITA ARITZABELAR: Ni! (hor ere joko bera: denek mesfidantzarekin so egiten diote). Eta nork du hilik aurkitu?

PANTXIKA SOLSOPRANO: Nik! (denak huni so). Bainan ez ahal duzue uste. Eta nor da Maixanekin batean etzaterat joan?

EULALIA DE TAULAGAIN: Ni! (besten soa). Zuzenkontrako pensaketa horiek berehala kenzkizue burutik!

XALBATTIN: (irriz) Irringarriak zirezte denak: inkesta inutiletan ari zirezte, Zakarias Putxapal detektiboaren gisan, gertatu ez den hilketa batentzat!

AMEDÉE XANGO: Bainan! Mila sota! Bat falta dugu! Haizkolaria zer bilakatua da?

BESTEK: “egia”: Eta hain zuzen, Antton Haitzondo sartzen da, haizkora esku batean, pilula untzi bat bestean. Behako basa eta itxura beldurgarria ditu!

 

 

RAMUNTXO AZTALARIN - PEIO XIRULET - AMEDÉE XANGO
XALBATTIN - PANTXIKA SOLSOPRANO - PANPI SARE
AITA ARITZABELAR - EULALIA DE TAULAGAIN - ANTTON HAITZONDO

 

ANTTON HAITZONDO: lieep! Untzi hau atxeman dut kanpoan, elurrean! Zuetarik batena da?

EULALIA DE TAULAGAIN: Maixanen pilulena!

RAMUNTXO AZTALARIN: Nola dakizu Maixanena dela?

EULALIA DE TAULAGAIN: Barda ikusi bait dakot! (Denek so egiten diote, mesfidantza ainitzekin)

AITA ARITZABELAR: (Antton Haitzondori) Nun zen xuxen?

ANTTON HAITZONDO: Eskuin puntako lehioaren pean!

PANTXIKA SOLSOPRANO: Peio eta Ramuntxo-ren ganbararena!

 

(Denak bieri so, mesfidantzarekin)

 

RAMUNTXO AZTALARIN: Zendako holako begi gaixtoa egiten daukuzue?

PEIO XIRULET: Ez ezazuela Ramuntxori holako begi gaixtorik egin, eh! (Antton Haitzondori). Eta zu, nun zinen?

ANTTON HAITZONDO: Goizean goizik joan naiz ondoko oihanerat enbor batzuen mozterat, besoa ez galtzeko!

PANPI SARE: Badakizu Maixan gau huntan hil dela?

ANTTON HAITZONDO: Ez! Ez nakien! Ez dautate erran! Zoin bitxi den! Hain zuzen...

PANTXIKA SOLSOPRANO: Ez “hil dela”, baizik eta “hil dutela!”

ANTTON HAITZONDO: Ah bai? Ez dautate erran! Nork?

XALBATTIN: Ez ezakozula kasurik egin!

AITA ARITZABELAR: Jar zaitez hemen gurekin, Antton! Eta balin baduzu zerbait kofesatzeko, orai duzu mementoa!

            (Antton Haitzondo jartzen da. Orai bederatziak jarriak dira beraz, bezperako biltzarraren leku beretan, eta Maixan Lumaeder zenaren jar leku hutsa ongi ageri da) ANTTON HAITZONDO: Bai! Aitortzen dut! (beste guziak sesituak dira). Jazko ikusgarri batean, begien tapatzeko eman zautaten oihalean bazen zilo bat eta dena ikusten nuen! Ez nuen seinalatu!

AITA ARITZABELAR: Bi kontrizionezko akta eta barkatua izanen zira! Besterik? Konzienzia zirikatzen dauzun beste bekaturik ez dago?... Ez dakit: gau huntan egina zinukeen bekaturik edo? (lañoki eta falsuki)

ANTTON HAITZONDO: Bai! Aitortzen dut! (besteak sesituak dira). Gau huntan Maixan-en lo gelan sartu naiz, erremedio untzia hartu diot (besteak oraino harrituagoak) eta pilula guziak iretsarazi... eta hor ene ohean iratzartu naiz: aments gaixto bat zen!

XALBATTIN: (irriz) Beharrik! Bestenaz ifemuan erreko zinen eta...

AITA ARITZABELAR: Blasfemarik ez!

XALBATTIN: erreko? Zer da erre usain hori? Medearen medea! Ene atzarki xerra! (eta lasterka ateratzen da sukalderat)

 

 

RAMUNTXO AZTALARIN - PEIO XIRULET - AMEDÉE XANGO
PANTXIKA SOLSOPRANO - PANPI SARE - AITA ARITZABELAR
EULALIA DE TAULAGAIN - ANTTON HAITZONDO

 

EULALIA DE TAULAGAIN: Nik badut mentskeri aski entzunik! Maixan zendu da lo egin ezina gatik eta... Jesus! Lo egin ezina!

 

(lasterka doa laminen ipuina daukan kadrerat eta koblak irakurtzen)

 

            “Hamar ziren lamindegiko laminak

            Bat eraman zuen lo egin ezinak!”

            Maixan leienda hunen laminetarik lehena bezala hil da!

PANTXIKA SOLSOPRANO: Ah! Orai sinetsiko nauzu, behar bada, Eulalia!

RAMUNTXO AZTALARIN: (Pantxika Solsopranori) Errazu, anderea! Atzo, delako ipuin horri aire bat berehala atxeman dakozu, jadanik ezagutzen bazinu bezala! Hmm?

PANTXIKA SOLSOPRANO: Zer erran nahi duzu?

RAMUNTXO AZTALARIN: Uste dut aski argi izan naizela!

PANTXIKA SOLSOPRANO: Debekatzen dauzut... Bainan! leienda bertsutan emana da! Eta nor da hemen bertsularia?

 

(Xalbattin sartzen da)

 

 

RAMUNTXO AZTALARIN - PEIO XIRULET - AMEDÉE XANGO
PANTXIKA SOLSOPRANO - PANPI SARE - AITA ARITZABELAR
EULALIA DE TAULAGAIN - ANTTON HAITZONDO - XALBATTIN

 

XALBATTIN: Ni, omen!

PANTXIKA SOLSOPRANO: Eta zuk pentsatua bazinu?

XALBATTIN: Ohartaraziko dauzut hamabikoan emanak direla (erhiekin kondatuz).

            “Hamar ziren lamindegiko laminak

            Bat eraman zuen lo egin ezinak”.

            Hor ez da, ez zortziko, ez hamarreko ttipi edo nagusirik. Hots, hau ez da bertsu negurri bat. Beha ezazu bigarrena! Berdin da: “Bederatzi lamindegiko laminak

            Batek ukan zituen tripako minak”.

EULALIA DE TAULAGAIN: Tripako minak? Norbaitek zerbait jan du?

XALBATTIN: Bai! Nik, oraitan! Atzarki xerra bat, hauta!

EULALIA DE TAULAGAIN: Eta ez duzu tripako minik?

XALBATTIN: Ezetz (bertsutan kantuz, zortziko nagusian)

            Erran nezake zuen beldurrek

            Ezartzen nutela alai

            Irringarriak direlakoan,

            Zentzurik gabe ere bai.

            Hilketa zela baieztatzeko

            Gutarik nor ote da gai

            Berriro diot: ixtorio horri

            Ez dutala sinetsi n... ai! (orro bat botatzen du)

BESTEK: “zer duzu?”

XALBATTIN: Tripako mina! (eta erortzen da lurrerat)

 

oihala