V. AGERRALDIA
Aita Aritzabelar bere usaiako jar lekuan dago, idazten ari, beroki bat espalden gainean, hotzaren gatik.
AITA ARITZABELAR
AITA ARITZABELAR: Heriotzak jo du lamindegiko atean! Bainan gaixtagina, goiz edo berant, erortzen da berak egin zilorat, paganoak berak pausatu zepoan zangoa hartzen duen bezala, eta bekatorosa, berak hedatu sareetan kokatzen!
Amedée Xango sartzen da.
AITA ARITZABELAR - AMEDÉE XANGO
AMEDÉE XANGO: Zer hotza! Sua itzaltzerat utzi duzu Aita! Beharko dazkogu Antton-i egur zonbait moztarazi! (Ate leihotik so egiten du). Eta ez dela elur tenpesta hori eztitzen! Zer ari zira goizeko 4 orenetan jeikirik?
AITA ARITZABELAR: Ezin nintzan lokartu etxe huntan iragan lazdurekin!
AMEDÉE XANGO: Alabainan! Musaren gustua galtzekoa ere bada!
AITA ARITZABELAR: Zonbat lazdura! Eskuara nola xinxirikatzen duzuen! Gainera, duela oren bat, urratsak entzun ditut eskalerretan! Hunarat jautsi naiz bainan ez dut nehor aurkitu! Eta zu?
AMEDÉE XANGO: Ni berdin! norbait ibiltzen hautemanik, segitu dut! Nik haatik ikusi dut!
AITA ARITZABELAR: Nor zen?
AMEDÉE XANGO: Zu!
Panpi Sare sartzen da.
AITA ARITZABELAR - AMEDÉE XANGO - PANPI SARE
AMEDÉE XANGO: Zu ere iratzartua, Panpi?
PANPI SARE: Bai! Norbaitek nere logelaren ondoan pasatzean egin azantzaren gatik!
AMEDÉE XANGO: Eta ikusi duzia nor zen?
PANPI SARE: Bai, zu!
AMEDÉE XANGO: Elgar iratzartzen ari izan gira, beraz?
AITA ARITZABELAR: Ez du hunek argitzen nik entzun lehen urratsak norenak ziren! (arrabots bat aditzen da). Ixilik! Norbait heldu da!
Antton Haitzondo sartzen da, xut xuta, mekanikoki ibiliz. Gela zeiharkatzen du, haizkora eskuan! Atea ideki eta kanporat doa.
PANPI SARE: Utz ezazue! Antton somnanbuloa da! Somnanbuloa iratzartzen bada, hiltzen ahal da!
AMEDÉE XANGO: Bah! giren punduan! Gaizo Antton! Hori zuen eskas! Zer gizon bitxia! Eta beti “ez dautate erran” mihian! Nahi nuke jakin “ez dautate erran” hori diolarik, nortaz mintzo den!
PANPI SARE: Aita Aritzabelar! Ez duzu deus erraitekorik?
AITA ARITZABELAR: Zer erran behar nuke?
PANPI SARE: Ez duzu aditu baliatu dutan hitza? “Somnanbuloa”! Beste bat baditaike eskuara garbian, ez?
AITA ARITZABELAR: Zaude! Ez dugu oraino bilatua! Lehenik kangurua!
AMEDÉE XANGO: Zer gaua! Eta loa ez heldu! Ez balitu bederen Maixanek bere pilula guziak iretsi, guri ez uzteko! Barda, zer kalapitak egin dauzkun Eulaliak! Entzun duzue mainu gelan?
AITA ARITZABELAR: Oh bai! Emazte lotsagarria! Zalapartaka eta ziliportaka bere mainuan, zerrama lohian ihalozkatzen den bezala!
PANPI SARE: Lohian edo ur karminean!... (bat batean, hiru gizonek elgarri so egiten dute)
AMEDÉE XANGO: Ur karminak!
Amedée Xango eta Aita Aritzabelar lasterka ateratzen dira mainu gelarat buruz. Panpi Sare bakarrik gelditzen! Bere pilota punpa-arazten ari delarik, Antton Haitzondo sartzen da kanpotik.
PANPI SARE - ANTTON HAITZONDO
ANTTON HAITZONDO: Ez dut deus ulertzen! Nere ohean nintzan nihaurren ustez eta kanpoan iratzartu naiz!
PANPI SARE: Ikusi zaitugu oxtian, Antton! Somnanbuloa zira!
ANTTON HAITZONDO: Ez nakien! Ez dautate erran!
PANPI SARE: Antton! Eulalia de Taulagain mainugelan dago! Garbitua!
ANTTON HAITZONDO: Mainugelan balin bada, normal da! Ez?
PANPI SARE: Garbitua edo ... hila, hots! Badakit: ez zinakien, ez dauzute erran!
ANTTON HAITZONDO: Ez da hori: ez dautate erran bainan banakien! Joan den gauan amenstua nuen itoko zela!
PANPI SARE: Bai, hori da: bere mainuan ito da!
ANTTON HAITZONDO: Ez zakien igerikan?
PANPI SARE: Mainugela batean ez da beharrezkoa!
ANTTON HAITZONDO: Ez nakien! Ez dautate erran!
PANPI SARE: Barda, Amedée-k kalapitak hautemanak zituen! Gutarik batek hil du eta bere gusturik hoberenean etzaterat joan! Zer nahi duzu! hala beharra!
Amedée Xango, Aita Aritzabelar eta Peio Xirulet sartzen dira.
PANPI SARE - ANTTON HAITZONDO - AMEDÉE XANGO
AITA ARITZABELAR - PEIO XIRULET
AMEDÉE XANGO: Are! Euskal antzerkia fini! Ttutt!
PANPI SARE: Hala beharra, to!
AITA ARITZABELAR: Mainugelako atea gakoz zerratzea ahantzi duke Eulaliak! Gorputza bere ganbaran eman dugu! Hobenduna gure artean dago eta ez da nehor gela huntarik aterako, bere egitate larriak kofesatuko ez dauzkitano! Gainera, gogoetatzen dutanean emazte bat buluzirik zagon gela batean sartu dela, odola hormatzen zaut zainetan! Amedée! Zoaz falta denaren bila!
AMEDÉE XANGO: Zaude! Zoin da falta! Ez bait naiz gehiago orhoit ere nor den oraino bizi etxe huntan!
AITA ARITZABELAR: Emagaldua!
AMEDÉE XANGO: Ah! Pantxika!... Bakarrik igan behar duta gain hartarat? Zu joan zintazke, Antton, ez?
ANTTON HAITZONDO: Nahi bada!
AITA ARITZABELAR: Eta ez balin badu emagalduak jautsi nahi ere, bortxaz bada bortxaz etoraraz ezazu!
Antton Haitzondo ateratzen da, haizkora beti eskuan.
PANPI SARE - AMEDÉE XANGO
AITA ARITZABELAR - PEIO XIRULET
AMEDÉE XANGO: Bainan, zer da hilketa horien arteko lotura?
PEIO XIRULET: Ni nago ez denez euskaltasunaren etsai errabiatu bat gure artean, bere azken zerbitzariak desagertarazten ari, betikotz ezezta dadin!
PANPI SARE: Ez du balio izerdirik gal dezan hortako, eskualdungoa bere baitarik zenduko baita!
PEIO XIRULET: Jendea ezazola baita!
PANPI SARE: Zer nahi duzu! Hala beharra!
PEIO XIRULET: Dena den, enetako jadanik hila da, Ramuntxo baitzen ene euskaltasuna! (nigarrez). Mundua erdaldundu zaut, bat batean!
AITA ARITZABELAR: Ez ezaidazula erdalduntzerik otoi neri aipa, diou biban! (gaskoinez)
PANPI SARE: Nungo eskuara duzu hori?
AITA ARITZABELAR: (ahalgetua) Nahi gabean atera zaut! Zer erran dut, bainan zer erran dut!
AMEDÉE XANGO: Diou biban!
AITA ARITZABELAR: Horiek hola, gogoan atxik dezagun gutarik bat zuzenki hunkitzen duen eskandala bat kondatzekotan zela Maixan, eta horrek duela galdu! Ondotik zenduek ere bazakiketen zer zen Maixanek aipatu segretu hura! Bainan zer eskandala? Zer segretu?
Pantxika Solsoprano-ren orro izigarriak entzuten dira gainetik. Eta agertzen da, harritua, Antton Haitzondok segitzen duela haizkorarekin.
PANPI SARE - AMEDÉE XANGO
AITA ARITZABELAR - PEIO XIRULET
PANTXIKA SOLSOPRANO - ANTTON HAITZONDO
PANTXIKA SOLSOPRANO: (Antton Haitzondo erakutsiz), Ez ezazuela hobenduna gehiago xerka, aintzinean duzue! Gizon hau eroa da! Ene ganbarako atea xehatu du haizkora ukaldika!
Denak urrats batez gibelatzen dira, iziturik.
ANTTON HAITZONDO: Gakatua zuen eta ez ideki nahi!
PANTXIKA SOLSOPRANO: Bainan ez da ate bat haizkorarekin idekitzen!
ANTTON HAITZONDO: Ez nakien! Ez dautate erran!
AMEDÉE XANGO: Antton! Zendako beti erranaldi bera errepikatzen duzu?
ANTTON HAITZONDO: Ez dakit! Ez dautate erran!
AITA ARITZABELAR: Haizkora emaidazu Antton, norbait kolpatu aintzin! Eskaler pean emanen dut!
Eta ganbaretarat doan atearen bestekaldian pausatzen du.
PANTXIKA SOLSOPRANO: Aitor ezazu zu zirela hemengo masakratzailea!
AITA ARITZABELAR: “Sarraskitzailea”! Zure hiztegiaren pobretasunak ikaratzen nau! Ez gaiten erderarat lerra!
PANPI SARE: Diou biban! (Aita Aritzabelarek so gaixto bat egiten dako).
AITA ARITZABELAR: Jakin dezagun, otoi, bere azken orenak bizi dituen gure mintzairarekin lañoki jokatzen! Azken hatsa emana duen jendea bere soineko ederrenekin beztitzen dugun bezala, edo hiltzerat kondenatuari azken zigarreta eta erhuma xorta bat eskaintzen zakon bezala, ondar gozamen gisa! Ez zaio hil zorian denari ukumilorik emaiten!
PANTXIKA SOLSOPRANO: Gu gira hemen kondenatuak, munstro hori libro uzten duguno! (Antton Haitzondo erakutsiz)
ANTTON HAITZONDO: Ni ez naiz munstroa, haizkolaria naiz! (Bizkarra paretaren kontra emanez)
PEIO XIRULET: Zergatik zira eskualdungoaren kontra?
ANTTON HAITZONDO: (bere gibelerat so eginez). Ez! Paretaren kontra naiz!
PANTXIKA SOLSOPRANO: (Peio Xiruleti). Ez da naski eskualdungoaz hitz egiteko tenorea, Peio! Kriminalari aitoraraz diezaiogun eta joan gaiten hemendik!
PEIO XIRULET: Enetako ez da dudarik Pantxika! Oxtian nion bezala, euskal kulturaren azken ordezkariak desagertarazi nahi ditu hobendunak, eskualdungoa alde bat sunsitzeko!
PANTXIKA SOLSOPRANO: Hain zuzen! Euskaltasunaren murrizteaz moldatu nuen kantu bat, duela bi urte! Bainan ez nuen sekulan plazaratu mezu sobera bortitza zaukalakotz eta enegu ainitz irriskatzen nintuelakotz! Ez nuen Euskal Herria tanpez kaldan ezarri nahi! Bainan orai zer inporta du! Kantatuko dauzuet! Eta aintzinetik barkamenak galdatzen dauzkizuet hitzen larritasuna gatik! (gitarra hartzen du):
Bere erroak ahantziz doa euskalduna
Eta nik diot ez dela hori biziki ontsa
Libro balin bada ere presuna bakotxa
Azken finean, egitea nahi duena.
Egia ez direla hemengo eskualdunak
Gure euskal kulturaz hainbeste axolatzen
Bainan, zer nahi duzu, hola dira gehienak, Jakin dezagun maioria errespetatzen!
PANPI SARE: (irriz) Otoi, geldi zaitez! Ez du ene bihotzak hirugarren koplerik jasanen! Bainan nolaz ditaizke hainbeste larderia eta herra jende beraren baitan!
PANTXIKA SOLSOPRANO: Zu, ixil zaitez edo... zerbait makur gertatuko zauzu luza gabe!
PANPI SARE: (beti irriz) Zuri aspaldian gertatua zauzu!
AITA ARITZABELAR: Jar gaiten eta solasta!
Seiak jartzen dira beren usaiako kaderetan, ongi ageri direla Maixan Lumaeder, Xalbattin, Ramuntxo Aztalarin eta Eulalia de Taulagain-en leku hutsak.
Eta biziari hain atxikimendu gutti erakusten dion gutarteko horrek kofesa dezaukula arrangurarik gabe! Barkatuko diogu gure jaungoikoak kalte egin dakonari barkatzen dion bezala! Bainan lehenik otoitz egin dezagun Lamindegi huntan bizia galdu duten dohakabeen orhoimenez, jainkoak zeruan eman dezaien lur huntan ardiets ez laiken etemitate edo betikotasuna!
AMEDÉE XANGO: Ez naiz ados! Etemitatea bizi laike beste mundurat joan gabe!
AITA ARITZABELAR: Zer erran nahi dugu? Otoi, blasfemarik ez!
AMEDÉE XANGO: Musean, “hordago” botatzen duzularik deusik gabe eskuetan, parrekoak “tira” erraiteko artean iragaiten diren segunda heek etemitate bat iduritzen zauzkizu!
AITA ARITZABELAR: Gauza bakotxari eman diezaiogun bere heina! Eta zuzen da gezurtariak ere bizi ditzan bere pairamenak! Bekatuak behar du beti ordaina! (otoitzean) Jaungoikoa! Zure ondoan onharzkizu utzi gaituzten lau adixkideak!
PANTXIKA SOLSOPRANO: ...Nola lau! ...Hiru! Bainan... Nun da Eulalia?
AMEDÉE XANGO: Ez dauzugu erran? Eulaliak bere partida bumratu du!
PANTXIKA SOLSOPRANO: Zer partida?!?
PANPI SARE: Klarkiago mintza zaitez Amedée, Pantxikak uler dezan! (Pantxikari) Amedée-k erran nahi zuen bere azken kintzea trenkatu duela Eulaliak! (Pantxikak ez du ulertu nahi)
PEIO XIRULET: Bere xistuari azken ufakoa eman diola! (Pantxikak joko bera)
AITA ARITZABELAR: Bere hiztegiaren azken orrialdea irakurri duela (Pantxikak joko bera)
Antton Haitzondo: Bere tmnkoa errotik moztua dela!
PANTXIKA SOLSOPRANO: (orroaz) Eulalia ere? (xutitzen da). Ez dadila nehor nitarik hurbil! Zaudete urmn, kriminalak zuek! (eta ateratzen da lasterka)
PANPI SARE - AMEDÉE XANGO
AITA ARITZABELAR - PEIO XIRULET
ANTTON HAITZONDO
PEIO XIRULET: (oihuka) Pantxika! Zaude gurekin! Elgarrekin gireno ez du nehork deus irriskatzen! (bester) Ez gaiten gehiago berex! Hola ez du gutartean dagon eroak heriotzik gehiago Lamindegi huntan barreatzen ahalko! Bat egin dezagun!
AMEDÉE XANGO: Ados! Bost ttantto hamarreko bat bilakatzen diren bezala!
PEIO XIRULET: Bai! Beti elgarrekin! Bainan hortako Pantxika ere gurekin izan behar dugu! Goazen bila! Nik gibeleko logelak miatuko ditut, zuk Panpi aintzinekoak, Amedée-k bigarren estaiekoak, Aita Aritzabelarek sukaldea eta ezkaratza, eta zuk Antton ganerra!
(eta bostak ateratzen dira, denak Pantxikari deika ari direla! Gela hutsik dago zonbait segundaz eta Pantxika berriz agertzean da, ateraia zen tokitik, eskuineko atetik)
PANTXIKA SOLSOPRANO
PANTXIKA SOLSOPRANO: (nigarrez) Zer egin dut! Bainan zer egin dut!
Ondotik sarten da Peio Xirulet. Azantzik gabe hurbiltzen da Pantxikaren gibelerat, eta eskuak neskaren lepoan pausatzen, begi gaixto batekin, ito nahi balu bezala; Pantxikak orro bat botatzen du.
PANTXIKA SOLSOPRANO - PEIO XIRULET
PANTXIKA SOLSOPRANO: Ito nahi ninduzun! Zuk dituzu hemengo izigarrikeriak obratu!
PEIO XIRULET: Barkatu, beldurarazi bazaitut Pantxika! Nahi nauzun lepoa alegia tinkatu, gero erran zinezan hori nola bizi izan duzun, hain beste nahi nuke jakin zer zitaizken molde hortan hil dautaten Ramuntxoren azken sendimendu eta gogoetak!
PANTXIKA SOLSOPRANO: Ez zaitut sinesten! Faltsua zu! (beti orroaz)
PEIO XIRULET: Ezti zaitez! Eta zuk ere iduriz ez duzu konzientzia lasai! Zergatik zinion, hunarat sartzean, “zer egin dut, bainan zer egin dut?”. Hauteman zaitut!
PANTXIKA SOLSOPRANO: (eztitzen da bainan jenatua iduri du)... Ah bai? ... Hori nion?... Bat batean ohartu bait naiz irrisku handiagoak hartzen nintuela bakarrik geldituz, hobe nuela taldean egoitea!
PEIO XIRULET: Hauxe bera erran dakotet bester! Pantxika! Konfidantxa osoa dut zubaitan eta segur naiz ez zirela zu Lamindegi huntan sartu munstroa! Agian zuk ere berdin diozu nitaz! Gure indarrak batera ditzagun hobenduna atxemaiteko eta gure bizien salbatzeko! Eta hemendik ateratzen bagira, lan egin dezagun elgarrekin Euskal Herriaren alde!
PANTXIKA SOLSOPRANO: Ados bainan gure buruak sobera erakutsi gabe eh!
PEIO XIRULET: Gure haurrek ere ukan dezaten eskuararen mintzatzeko ahala!
PANTXIKA SOLSOPRANO: Zoin haur?
PEIO XIRULET: Ah, egia!
PANTXIKA SOLSOPRANO: Zer da “egia”? (gaitzitua)
PEIO XIRULET: Hebe... egia... Ez zirela ezkondua!
PANTXIKA SOLSOPRANO: Eta zuk? Baduzia haurrik? Ah ez! Egia!
PEIO XIRULET: Zer da “egia”?
PANTXIKA SOLSOPRANO: Hebe... egia... zu ere ez zirela ezkondua!
PEIO XIRULET: Maixan zenaren oihuak inarrosi nau ez idurian eta begiak idekarazi, eta badakit zu zirela hemen euskaltasunaren aldeko militante kartsuena! Partido politiko bat muntatzen baginu gure ikusmoldeen plazaratzeko?
PANTXIKA SOLSOPRANO: Partido politiko bat? Uste duzu?... Partido neutroa beraz!
PEIO XIRULET: Deituko dugu “euskaldunak”!
PANTXIKA SOLSOPRANO: Ez, Peio! Izen hori engaiatuegi da! Zu berehala berotzen zira!
PEIO XIRULET: Eta hauteskundeetan presentatuko girelarik...
PANTXIKA SOLSOPRANO: Hautes... zer? Bozetan presentatuko gira? Segur zira beharrezkoa dela?
PEIO XIRULET: Ez bazira ados, zizione edo zatiketa bat egin dezagun gure partido berri hortan eta zuhaurrena munta ezazu!
PANTXIKA SOLSOPRANO: Zizione bat? Jadanik?
PEIO XIRULET: Zergatik ez? Gainera, Euskal Herriko beste tradizione edo ohidura bat iraunaraziko dugu manera hortan! Bai, zuk eta nik, eskualduna eskualdungoari konbertituko dugu, misionesten gisan, herriz herri, guri esker eskuara entzunen dela, marmarmar, gune guzietan Biratutik Eskiulerat, hain bestataraino nun Aek eta Ikastolek beharko duten berziklatu erdera erakatsiz, ez dadin frantsesa arras gal! Badugu lan Pantxika bainan gu bien artean sortzen ari den adixkidetasun min horrek lagunduko gaitu! Eta gure xede eder horien betetzeko, behar dugu lehenik hemendik lekutu! (ate lehiorat doa). Eta tenpesta ez dela eztitzen!
PANTXIKA SOLSOPRANO: (kanpoko atea idekitzen du) Beha ezazu! Elurra noraino igana den! Etxe aintzin guzia tapatzen du! Sekulan baino kokatuagoak gira!
PEIO XIRULET: Premiazkoa zauku beraz hobenduna lehen bai lehen indar gabetzea! Bainan zoin da?
PANTXIKA SOLSOPRANO: Nik ez dut duda izpirik! Enetako argi da: Antton Haitzondo da gure gizona, erdi eroa baita, nahiz Panpi Sare izaiten ahal den ez baitu batere pena edo arrangurarik erakusten hemen gertatu heriotzeen ondotik, nun ez den Aita Aritzabelar bere itxura ilun eta beldurgarri horrekin, eta ez dezagun Amedée Xango hobendun posibleetarik bazter! Dena den, berriz erran eta ere, enetako argi da!
PEIO XIRULET: Bainan oraino argiago izaiteko, badakit zer eginen dugun: Maixan zenak erran dauku bazela liburu bat hemengo laminen ipuinaren idurikoa kondatzen zuena, “Hamar negrottoak”, Agatha Christie batek idatzia, hamar jende leiendako negrottoen gisan hiltzen direnak! Hemengo kriminala molde berean jokatzen da laminekin, beraz ixtorioa irakurtua duke, hots Agatha Christieren liburuak gustukoak dituzke. Eta ohartua naiz badela bat biblioteka huntan! (badoa bibliotekarat). Hau da! Mahai gainean pausatuko dugu, alegia deus, agerian eta hartuko duena izanen da bilatzen duguna!
PANTXIKA SOLSOPRANO: Ongi pentsatua! Zer dio Laminen ipuinaren segidak? (Kadrerat doa). Sei gelditu lamindegiko laminak. Beste bat bi parte egin zuen burdinak... bi parte?... burdinak? haizkora!
(Antton Haitzondo sartzen da)
PANTXIKA SOLSOPRANO
PEIO XIRULET - ANTTON HAITZONDO
ANTTON HAITZONDO: Ez du nehork ene haizkora ikusi? Oxtian eskalerpean pausatua zuen fraileak eta faltatua da! (berriz ateratzen da. Sartzen den Amedée Xango kurutzatuz)
PANTXIKA SOLSOPRANO
PEIO XIRULET - AMEDÉE XANGO
AMEDÉE XANGO: Ah, hor zira Pantxika! Denetan bilatu zaitut xifriturik! Mus lau aldiz joan eta ere jokoa ezin eginez ari den malurosa baino xifrituagorik! (Jartzen da, Agatha Christieren liburuari so egiten, bainan ez du hartzen).
PANTXIKA SOLSOPRANO: Nun dira besteak? (Aita Aritzabelar sartzen da).
PANTXIKA SOLSOPRANO - PEIO XIRULET
AMEDÉE XANGO - AITA ARITZABELAR
AITA ARITZABELAR: Hemen naiz! (Jartzera doa! Agatha Christieren liburua so egiten bainan ez hartzen)
PANTXIKA SOLSOPRANO: Eta Panpi Sare? (Antton Haitzondo sartzen da)
PANTXIKA SOLSOPRANO - PEIO XIRULET
AMEDÉE XANGO - AITA ARITZABELAR - ANTTON HAITZONDO
ANTTON HAITZONDO: Ene haizkorra atxeman dut!
PEIO XIRULET: Nun zen?
ANTTON HAITZONDO: (jartzera joanez) Pilotariaren bizkar hezurrean kokatua!
Azken bostak jarririk daude, usaiako kaderetan, ongi ageri direla Maixan Lumaeder, Xalbattin, Ramuntxo Aztalarin, Eulalia de Taulagain eta Panpi Sare-ren toki hutsak. Ixiltasun luze bat izanen da.
AITA ARITZABELAR: Errazu Peio! Gogorat heldu zaut! Elkarturik egoitea zuhaurrek aholkatu eta, zergatik berexiarazi gaituzu gela desberdinetarat igorriz?
PEIO XIRULET: Ahanzten dituzu Pantxikak oxtian Panpi-ri bota mehatxuak: “zerbait makur gertatuko zauzu luza gabe”.
PANTXIKA SOLSOPRANO: Uste nuen ni baitan konfidantxa osoa zinuela, Peio!
PEIO XIRULET: Nihaurren burua defendiatzen dut!
PANTXIKA SOLSOPRANO: Adixkidetasun mina eh! Ttakala zu! Ez da pollit jendea frogarik gabe akusatzea! Entzun nuzia ni orhoitarazten Amedée Xangok Panpi Sare mehatxatu duela, erenegun, musian nola atera zen xapeldun kondatu omen duelakotz? Entzun nuzu?
PEIO XIRULET: Ikus dezagun zer dion laminen ipuinaren segidak: “Bost baizik ez lamindegiko laminak, bainan batek desafiatu hegaztinak”.
AMEDÉE XANGO: Ah! Gutarik bat airatuko da... edo lumatuko!
PEIO XIRULET: “Oraino lau lamindegiko laminak, karga ez jasan baten buru arinak”.
Buru arinak entzutean, denek Antton Haitzondori so egiten diote.
ANTTON HAITZONDO: Zer duzue? Hori ez da enetako, ez dut buru arina! Azkarra dut! (burua eskuarekin joz)
PANTXIKA SOLSOPRANO: Zakarias Putxapal detektiboa hor balitz!
(Peio Xirulet eta Pantxika Solsoprano-k mahai gainean utzi Agatha Christieren liburua hartzen du Antton Haitzondok! Pantxikak, mesfindantzaz beterik den doinu batean): Agatha Christiren liburuak gustukoak dituzu?
ANTTON HAITZONDO: Ez dakit! Ez dautate erran!
PANTXIKA SOLSOPRANO: Beraz zendako hartu duzu?
ANTTON HAITZONDO: Ene ganbarako armairu handia behar dut plomatu. Badu zango bat besteak baino laburrago eta mugitzen da!
(Ateratzen da ganbaretara buruz)
oihala