Lamindegiko lamiak
Pantzo Hirigarai
Lamindegiko lamiak
Pantzo Hirigarai
Kutxa Fundazioa, 2000
Lamindegiko lamiak
Pantzo Hirigarai
Kutxa Fundazioa, 2000
[aurkibidea]

 

I. AGERRALDIA

 

Egongela batean gira. Bi sahetsetan ateak! Supazter bat, miraila eta kadre bat, zointan ipuin bat emana den bertsutan! Mahai bat eta hamar kadera. Liburutegi bat gibelean eta hunen ondoan kanpoko balkoinerat daraman ate lehio bat, mendi elurtuak ikus ditaizkela huntarik. Hots, ageri da mendiko “xalet” edo egongi batean girela. Ate lehioaren ondoan, emazte bat xutik, kanporat so!

 

 

MAIXAN LUMAEDER

 

MAIXAN LUMAEDER: Han! Karro bat! Azkenean heldu dira! Beldur nintzan elur tenpestak bidean kausi zitzan! Bainan... ez dira denak hor! Erdia falta da guttienez! (Badoa aterat). Alta baitezpadakoa da gomita guziak etor ditezen!

 

(Ateratzen da eta kanpoan entzuten dira eleak. Emazte batenak oroz gainetik! Eta bost presuna sartzen dira Maixan Lumaeder-en gibeletik: Eulalia de Taulagain, dena joaieri eta abere basa ilez egin berokia soinean, Aita Aritzabelar Frailea sotanaz, Pantxika Solsoprano kantarisa gitarra eskuan, Xalbattin bertsularia eta Panpi Sare pilotaria, kirol jauntziz beztitua)

 

 

 

MAIXAN LUMAEDER - EULALIA DE TAULAGAIN
AITA ARITZABELAR - PANTXIKA SOLSOPRANO
XALBATTIN - PANPI SARE

 

EULALIA DE TAULAGAIN: Maixan! Maixan Lumaeder, gure idazlerik handiena! Egia da Maixan maitea, ez gaituela, daramagun bizi hain daldaratsu hunek aski ardura kurutza-arazten! Zer atsegina, zer loria, zer zoriona, zer bozkarioa!

MAIXAN LUMAEDER: Enetako ere hala da, Eulalia!

EULALIA DE TAULAGAIN: Bai, hori diot! Nere presenzia poz izigarri bat dela zuretzat! Zer ohorea egin dauzutan zure gomita onhartuz! Mila lekutan eskatua nintzan aste ondar huntan eta huna nun zuri eman dauzutan lehentasuna. Ez zira gutti fier izanen kondatuko duzularik bi egun oso iragan dituzula Eulalia de Taulagain aktoresa ospetsuarekin!

MAIXAN LUMAEDER: Zaude! Bertze jendeak ere behar tut agurtu!

AITA ARITZABELAR: “Behar ditut agurtu” erraiten da, ez eta “behar tut agurtu”! Ongi ahozka ezazu otoi, gure mintzaira zaharraren errespetuz!

EULALIA DE TAULAGAIN: Maixan! Nitaz arduratzen zirea puxka bat! Nun da omen ikusi nahi nuen Pariseko inpresarioa?

MAIXAN LUMAEDER: Ez! Aitortu behar dauzut...

EULALIA DE TAULAGAIN: Lehenik erakuts iezaidazu nere logela, zonbait minutaz pausa nadin! Bide luze eta tranbalari hunek azkarki unatu nau!

MAIXAN LUMAEDER: Barkatu jaun andereak! Berehala heldu naiz! (bester)

EULALIA DE TAULAGAIN: Maixan! Goazen! Nitaz doi bat axola zaitez, otoi, kalaka ezin ixildu horiek utzirik!

 

(Bi emazteak ateratzen dira eskuin alderat, logeletara buruz)

 

 

AITA ARITZABELAR - PANTXIKA SOLSOPRANO
XALBATTIN - PANPI SARE

 

(Agerraldi huntan, Personai guziak, bakotxa bere aldian, joanen dira paretako kadrean emana den bertsuzko ipuinaren irakurtzera)

 

AITA ARITZABELAR: Ez, “berehala heldu naiz” bainan “berehala nator!”. Eskuara batuaz mintza gaiten!

PANTXIKA SOLSOPRANO: Agur jaunak! Ez dugu karroan solastatzeko astirik ere izan emazte perreka horren litaniekin! Izena dut Pantxika Solsoprano! Kantari niz!

AITA ARITZABELAR: Ez “niz!” “Naiz!”. Harrigarria!

XALBATTIN: (kantuz hasten da, bertsotan, zortziko ttipian)

            Benedikatua da

            Egungo eguna

            Ondoan baitzaitugu

            Neska ezaguna

            Kantarisa goxoa

            Hain maite duguna

            Baita zure abotsa

            Ezti ta leguna.

PANTXIKA SOLSOPRANO: Ezagutzen nuzu?

XALBATTIN: (beti bertsutan kantuz, aldi huntan zortziko nagusian)

            Nolaz duzu holako galdea

            Egiten ahal oraino

            Bainan nork ez zaitu ezagutzen

            Zu, Pantxika Solsoprano

            Zure ospea hedatua da

            Euskadiren puntaraino

            Kantuak bizirik iraunen du

            Zuk abestuko duzuno.

PANTXIKA SOLSOPRANO: Milesker! Eta zu nor zaitut?

XALBATTIN: Ni? Ez dakizu nor naizen? Xalbattin!... Xalbattin bertsularia! (berriz kantuz hasten da). Bertsulari naiz eta izena eman zautaten Xalbattin.

PANTXIKA SOLSOPRANO: (ez du uzten segitzerat). Barkatu bainan ez naiz zikiro bestetan ibiltzen!

XALBATTIN: Ah! ulertzen dut zendako ez nuzun ezagutzen. Bainan... Nafarroko xapelduna izan nintzan denboran! Ez zira orroit?

PANTXIKA SOLSOPRANO: Xapeldun zertan: Zikiro xapelketetan???

XALBATTIN: Ez! Bertsularitzan!

PANTXIKA SOLSOPRANO: Ez dut zure izena aditu behin-e!

AITA ARITZABELAR: “Behin ere”! Ahozka, otoi, ahozka! Ez ditzazket kontrakzione itsusi horiek jasan! Aita Aritzabelar, euskalzain! Nik dut gure hizkuntza, emaiten dizkiozuen ostikoetarik begiratzen!

PANPI SARE: Nola denek galdatzen dautazuen, Sare dut deitura, eta Panpi izen ttipia! Panpi Sare pilotaria!

XALBATTIN: (kantuz kopletan)

            Parioetan badut galdurik

            Zure gatik hain beste sos,

            Hortako hemen zu ikusteaz

            Ez naiz batere lorios!

PANPI SARE: Gauza bera erran nezake zutaz! Zonbat aldiz aspertu gaituzuen zuen bertsuekin! Zonbat zikiro besta eta kermezako afari xahutu dauzkuzuen!

AITA ARITZABELAR: Dauzkiguzuen!

XALBATTIN: (kantuz, zortziko ttipian)

            Zoazi hemendikan, pilotan artzera...

PANPI SARE: Ez zintazkea noiztenka normalki mintzatzen ahal, ez!

XALBATTIN: (bertsua segitzen du)

            Buru ta ginarria, ez laizke konpara.

PANPI SARE: Bake emain duzia!

AITA ARITZABELAR: “Bake emain!” Boh! Ezin sinetsia! “Bake emanen” erran behar duzu! Berriz erran eta ere, eskuara garbian mintza gaiten!

PANPI SARE: Eta hau beste bat! Zer du gure enziklopedia anbulanteak?

AITA ARITZABELAR: Ez nezazula laidosta! Umilitate gehiago behar zinuke erakutsi, orhoituz euskal konzienzia zoin ahula den zuen pilota mundu hortan!

PANTXIKA SOLSOPRANO: (kexu) Ezti zaitezte!

PANPI SARE: Zer duzu zuk? Hobe zinuke ixiltzea, zure buru buztanik gabeko kantuekin. Baten leloa entzun nuen behin. Nola zen? “Maite dut Euskal Herria, baita ene herria”. Zer hitz aberatsak, sakonak! Zonbat buruko min sofritu dituzu horren atxemaiteko?

PANTXIKA SOLSOPRANO: Mezu biziki bamakorra daukate, pilotari batek konpreni ez lezazkenak!

AITA ARITZABELAR: “uler” ez lezazkenak!

 

(Maixan Lumaeder sartzen da)

 

 

AITA ARITZABELAR - PANTXIKA SOLSOPRANO
XALBATTIN - PANPI SARE - MAIXAN LUMAEDER

 

MAIXAN LUMAEDER: Zer gertatzen da hemen? Zer dira oihu horiek?

PANTXIKA SOLSOPRANO: Ez dut minuta bat gehiago jende hauekin egon nahi! Nun da IZ diska etxeko zuzendaria nere kantu berriak presenta dezazkotan eta gero hemendik lehen bai lehen joan nadin!

AITA ARITZABELAR: “Presenta dezazkotan!”. Zer itsuskeria! “Aurkez diezazkiotan”!

MAIXAN LUMAEDER: Pantxika! Egia zor dauzut! Ez da hemen nehor IZ argitaletxekotik! Aitzaki hau aurkitu dut zure jinarazteko, bestekin egin dutan bezala, funtsean!

PANTXIKA SOLSOPRANO: Bainan, ene diska proiektuaren aipatzeko etorria nintzan, ni!

MAIXAN LUMAEDER: Baietz! Bainan arrazoin inportantago batentzat zaituztet Irati “Lamindegirat” gomitatu!

AITA ARITZABELAR: “inportantago!”. Garantzitsuago, otoi, “garantzitsuago”!

PANPI SARE: Dena den, ez balin badituzu zure abesti mezudun horiek plazaratzen ere, ez da ez galtze ixtoriko bat izanen!

PANTXIKA SOLSOPRANO: Ez dut zurekin hitz egiteko gutizia izpirik! Bainan bestek jakin dezatela ene kantu berriak aintzinekoak baino...

AITA ARITZABELAR: “aurrekoak” baino!

PANTXIKA SOLSOPRANO: ... Aurrekoak baino ausartagoak direla! Batean diot, ahoan bilorik gabe, eta nago ez naizen aldi huntan urrunegi joan, batean diot eskuara behar dela salbatu!

PANPI SARE: (irriz) Kasu! Preso emanen zaituzte holako deklarapen bazter nahasle eta iraultzalariekin!

PANTXIKA SOLSOPRANO: Iraultza bat balin bada egun batez, segur ez dela trinket edo ezker pareta batetarik jalgiko!

XALBATTIN: (bertsutan kantuz, zortziko nagusian)

            Panpi Sare hau ari zitzaukun

            Dena harro ta espantu

                        (bestek erakutsiko dute aspertuak direla bere bertsuetaz)

            Bere solasak mespretxuz eta

            Urguluz beteak ditu

            Bainan Pantxikak erran fin batez

            Gure gizona gainditu

            Eta huna nun uste gabean

            Pilotaria den mututu!

PANPI SARE: (ahapetik Maixan Lumaederi): Irati kasko huneraino igaitea onhartu dut, pariatzaile batek igorri gutunari ihardesteko. Omen segreturik handienean ikusi nahi ninduela... tratu batentzat edo! Nun da?

MAIXAN LUMAEDER: Ez! Bester bezala, zuk eskuratu gutuna, nik dauzut bidali! Pentsatu dut molderik hoberena zela zure presenziaren segurtatzeko, egun, hemen!

PANPI SARE: Zer? Holako bidea eginarazi dautazula debaldetan? Zer behar duzu nitaz?

MAIXAN LUMAEDER: Zaude! Denak hor izanen zireztelarik erran dauzuet! Beste lau falta dira oraino!

AITA ARITZABELAR: Beraz, neretzat zinuen eskutitzan baitzinion Bernat D'Etxeparen liburu ezezagun bat aurkitua zinuela eta nahi zinuela horren lehen irakurlea ni izan nindadin...

MAIXAN LUMAEDER: Gezurra nuen!

XALBATTIN: Eta zikiro besta?

MAIXAN LUMAEDER: Berdin!

XALBATTIN: (zortziko nagusian)

            Ez dut onartzen jenden biltzeko

            Hautatu duzun sistima

            Nik betidanik zikiroentzat

            Haundi izan dut estima

            Bainan gaur hemen holakorikan

            Ez omen da, zer lastima!

            Aitor dezatan naizela nere

            Gormandizaren biktima

MAIXAN LUMAEDER: Barkatu egin dauzuetan jukutriarentzat bainan, berriz diot, segur izan behar nintzan denak etorriko zineztela, gai seriosa eztabadatu behar baitugu elgarrekin!

PANTXIKA SOLSOPRANO: Ni ez naiz hemen geldituko! Sobera jende hastial bada!

PANPI SARE: Ah! Gure puntako gudarisa joaiten bada, ni ere (irriz). Sekulan Euskadi aste ondar huntan libratzen balin badauku, gu ez gira jakinean izanen ere, hemen egoiten bagira!

PANTXIKA SOLSOPRANO: Ni beldur zuk, nun nahi izanik ere, ez duzula jakinen!

MAIXAN LUMAEDER: Edozoin maneraz, berantegi da orai partitzeko! Gauak harrapatuko zaituzte behererat heldu baino lehen! Neguan laster iluntzen du! Gainera ez nindaike harri, luza gabe, elur tenpesta bat gertatzen balitz! Agian, bestek ukanen dute hunarat heltzeko denbora!

AITA ARITZABELAR: Ez “tenpesta”! “Ekaitza”!

XALBATTIN: (ate lehiotik so). Funtsean, huna jadanik lehen lumak!

MAIXAN LUMAEDER: (bester) Kasu! Beste bertso bat botako du! Goazen hemendik! Zuen ganberak erakutsiko dauzkizuet!

AITA ARITZABELAR: Ez ganbarak! “Logelak”! Eta ez “dauzkizuet”, baizik eta “dizkizuet”!

 

(Ateratzen dira. Xalbattin bakarrik gelditzen da eta bere bertsua botatzen du)

 

 

XALBATTIN

 

XALBATTIN: (zortziko nagusian)

            Irati zira, miresgarria

            Neguan parerik ezta

            Gaur marra marra datozten lumek

            Ekaitza bezate presta

            Harrigarri ta xoragarri da

            Mendian elur tenpesta

            Halere diot nik nahiago

            Dutala zikiro pesta.

 

            Zer bertsu pollita! Ez dea hala? (itzultzean ohartzen da beste guziak joan direla). Nun dira? (eta ateratzen da beste bertsu bat hasiz) Norat lekutu dira, hemengo jendeak, hemengo jendeak...

 

(Hiru gizon sartzen dira: bat Palto “Kaikua”, poneta eta xistuarekin eskuan: Peio Xirulet. Bestea dantzariz beztiturik: poneta gorri, atorra xuri, belaunetaraino doatzin galtza beltzak, galtzerdi gris lodiak eta albarkak: Ramuntxo Aztalarin. Eta hirugarrenak museko kartak eskuan: Amedée Xango)

 

 

RAMUNTXO AZTALARIN - PEIO XIRULET - AMEDÉE XANGO

 

RAMUNTXO AZTALARIN: (Amedée Xangori) Errepikatzen dauzut jauna, gaur badela dantza ikusgarri bat Lamindegi huntan! Ez dea hala Peio?

PEIO XIRULET: Alabainan! Zendako uste duzu manera huntan beztituak girela? Omen idazle den Maixan Lumaeder izeneko andere batek gaitu galdatu?

AMEDÉE XANGO: Zer derasazue! Mus lehiaketa bat da hemen iragaitekoa! Beha ezazue zer dion eskuratu dutan abisu hunek (irakurtzen du): “Abendoaren lOean, arratseko 9 orenetan, buruz burukako mus lehiaketa bat antolatua da Irati lamindegian. Sari frango irabazteko”. Eta zer da nik, Amedée Xangok, hortan parte hartzea baino zuzenagorik, ni naiz aurtengo mus xapelduna.

RAMUNTXO AZTALARIN: Zer nahi sinetsaraziko dauzute zuri! Hau gizon ergela! To, norbait hautemaiten dut! Maixan Lumaeder ditaike!

 

(Eulalia de Taulagain aktoresa agertzen da)

 

 

RAMUNTXO AZTALARIN - PEIO XIRULET
AMEDÉE XANGO - EULALIA DE TAULAGAIN

 

(Agerraldi huntan berdin, pertsonai bakotxak behako bat botako dio paretako kadrean emana den bertsuzko ipuinari)

 

RAMUNTXO AZTALARIN: Agur Anderea! Hitzeman bezala, hemen gaituzu, bi entrexantez jinak!

EULALIA DE TAULAGAIN: Uste nuen batek ninduela mintzatu nahi bainan plazerrekin ikusten dut hiru zireztela; zuen proposamena inportanta ditaike! Espresuki Parisetik enetako jinak.

AMEDÉE XANGO: Ordian! Zu zira mus lehiaketaren antolatzailea?

RAMUNTXO AZTALARIN: Gutunean zinion beste dantzariak aurkitu dituzula enekin artzeko?

PEIO XIRULET: Nun dira? Mutiko pollitak direa?

RAMUNTXO AZTALARIN: Ixil zaitez, Peio!

EULALIA DE TAULAGAIN: Are! Ema, ema, ema! Ez nezazuela gehiago xifriaraz! Erraidazue segidan zer pertsonai mota eskaini gogo dautazuen!

AMEDÉE XANGO: Mantxak sei edo zortzi hamarrekoetarat jokatuko dira?

RAMUNTXO AZTALARIN: Lehenik “ezpata dantza” emanen dugu, gero “Txakarankoa”!

EULALIA DE TAULAGAIN: Bi obra? Gastatzen nuzue!

PEIO XIRULET: Gero “Banako” eta “Fandango final”!

EULALIA DE TAULAGAIN: Lau? Ez nuen hain beste espero! Bainan ez ditut obra horiek ezagutzen! Zer dira? Trajediak? Komediak?

AMEDÉE XANGO: Zer dira ttanttoak? Artoak ala ilarrak?

EULALIA DE TAULAGAIN: Zoin geletan artzeko da?

RAMUNTXO AZTALARIN: Guk baino hobekiago badakikezu!

EULALIA DE TAULAGAIN: “Victoria Eugenian”? Miarritzeko “Coliseoan”?

PEIO XIRULET: Ez, hemen!... Bainan... zuhaurrek ixkiratu daukuzu zure gutunean hemen artzeko zela!

EULALIA DE TAULAGAIN: Xoroa! (irriz). Maite dut zure umorea!

RAMUNTXO AZTALARIN: Zonbatsu ikusle izanen da?

EULALIA DE TAULAGAIN: Enekin, komoduzki, ehunka dira, guttienez!

PEIO XIRULET: Gela aski handia badea hemen hainbeste jendentzat? Eta zonbat dantzari dira orotarat?

EULALIA DE TAULAGAIN: Dantzariak badira? Aah! Komedia musikala duzue beraz muntatu nahi! Zoin ongi! Emanaldi molde hortan ere frango trebe naiz!

AMEDÉE XANGO: Zer da saria?

EULALIA DE TAULAGAIN: Saria? Ah bai: eskatzen dutan xekea edo kaxeta: Hori zuekin negoziatu behar dut bainan ni beldur, nere talenduaren arabera balin bada, frango gottora izan beharko duela!

AMEDÉE XANGO: Ez! Gauden serios! Nik galdatzen dauzut zer den irabazteko: kopak? Xingar azpiak?

EULALIA DE TAULAGAIN: Barkatu bainan ez dut zure solaseri tutik sesitzen!

RAMUNTXO AZTALARIN: Ez zakozula kasurik egin! Uste du musaz mintzo girela

EULALIA DE TAULAGAIN: (irriz) Beraz, gizon hau ez da zuekin!

PEIO XIRULET: Bixtan da ezetz!

EULALIA DE TAULAGAIN: Beharrik guk elgar konprenitzen baitugu!

PEIO XIRULET: Beharrik!

EULALIA DE TAULAGAIN: Nork idatziak ditu?

RAMUNTXO AZTALARIN: Nor idatziak?... Zer?

EULALIA DE TAULAGAIN: Antzerki horiek: Eman dezagun “Fandango finala” delako hori? Larzabalek? Landarek? Monzon-ek?

AMEDÉE XANGO: Bon! Maixan Lumaeder anderea, klarki mintza gaiten! Mus lehiaketa 9 orenetan hasiko dea, bai edo ez?

EULALIA DE TAULAGAIN: Nola deitu nuzu?... Bainan! Ez nuzue ezagutzen?

RAMUNTXO AZTALARIN: Gutti! Aitortu behar dauzut Maixan, ez dutala zure libururik behin ere irakurtu...

PEIO XIRULET: Ez dugu astirik, hain beste emanaldiekin! Arrats guziz hartuak gira!

EULALIA DE TAULAGAIN: Burutik maingu zirezte edo? Zuek antzerki inpresarioak izanki eta ez dakizuela nor naizen? Ni, Eulalia de Taulagain, Euskal Herriko talde guziek elgarri ebasten duten aktoresa paregabea?

AMEDÉE XANGO: Ah! Paregabe bazira, joan mus! Nun ez duzun egin jokoa!

EULALIA DE TAULAGAIN: Nik ez dutala jokorik? Edozoin joko egin nezake jauna: klasikoak, modemoak, Vaudevilleak, dramak, denak!

AMEDÉE XANGO: Hori diot: Jokoa balin bada, atera! Haatik, ez baduzu erregerik, joan “Paso” haundian!

RAMUNTXO AZTALARIN: Barkatu anderea bainan gu ez gira inpresarioak. Ni nuzu Ramuntxo Aztalarin dantzaria.

PEIO XIRULET: Eta ni Peio Ximlet txistularia! Elgarrekin gira!

EULALIA DE TAULAGAIN: Beraz zendako dautazue antzerki kontratu bat proposatu?

RAMUNTXO AZTALARIN: Ez dugu guk sekulan holakorik aipatu!

EULALIA DE TAULAGAIN: Ez nezazula zozo batentzat har, otoi! Nor ari izan zaut orai artio, Miarritzeko Coliseoan eman behar dutan komedia musikalaz!

PEIO XIRULET: Badugu aski denbora galdurik! Plazer baduzu, erakuts iezaiguzu dantza ikusgarria eman behar dugun gela!

AMEDÉE XANGO: Errazue! Mus lehiaketa hasteko artean, partida bat egiten baginu! (kartak erakutsiz). Hamar libera mantxa!

 

(Maixan Lumaeder sartzen da)

 

 

RAMUNTXO AZTALARIN - PEIO XIRULET - AMEDÉE XANGO
EULALIA DE TAULAGAIN - MAIXAN LUMAEDER

 

MAIXAN LUMAEDER: Agur Jaunak! Nor zaituztet?

RAMUNTXO AZTALARIN: Ramuntxo Aztalarin, dantzari!

PEIO XIRULET: Peio Xirulet, txistulari! Elgarrekin gira!

AMEDÉE XANGO: Amedée Xango, muslari bainan, barkamenduekin, ez zira musean gurekin artzen ahalko! Lau gira jadanik! Ondoko mantxan sartuko zira! Atxemazu lagun bat!

EULALIA DE TAULAGAIN: Maixan! Esplika ezazu jende hauer hemendik lekutu behar dutela lehen bai lehen, inpresario handi bat etorri behar baita ene ikusterat!

RAMUNTXO AZTALARIN: (Maixan Lumaeder-i). Egia dea andere hunek ziona? Ehunka ikusleen aintzinean arizan behar dugula dantzan?

PEIO XIRULET: Baduzia gela aski haundirik? Zeren ez baitugu Ramuntxo-k eta nik baldintza txarretan artzea onhartuko!

MAIXAN LUMAEDER: Beste gomiter jadanik aipatu bezala, estakuru faltsuak eman dauzkizuet hunarat hurbilarazteko. Ez da ez inpresariorik, ez dantza ikusgarririk, ez mus lehiaketarik!

AMEDÉE XANGO: Baietz! Paper huntan emana da! Leit ezazu zuhaurrek! (paperra erakutsiz)

MAIXAN LUMAEDER: Ezetz! Nik bidalia dauzut! Gauza grabeak baditugu elgarrekin aipatzeko! Hortako, denak bilduko gira gaur aratsean!

EULALIA DE TAULAGAIN: Maixan! Ez dakit zer duzun gauza hain grabe hori, bainan grabeago da egiten dautazuna! Ni Irati gain huntan aste ondar bat osoa egonaraziz, hamarka kontratu galarazten bait dizkidazu! Agur Maixan! Banoa!

AMEDÉE XANGO: Zaude! Ez da mus lehiaketa oraino hasia!

PEIO XIRULET: Eni berdin zaut hemen gelditzea! Ramuntxo enekin deno!

RAMUNTXO AZTALARIN: Ixil zaitez, Peio!

MAIXAN LUMAEDER: Ez zira orai jausten ahalko Eulalia! Berantegi da! Gainera, beha iezaiozu elur tenpesta horri! (ate lehiotik erakutsiz)

RAMUNTXO AZTALARIN: (ate lehiotik so egiten du) Jesus! Zer leizea den ate lehio hunen beherekaldean! Ez laike goxo hegi huntarik lerratzea!

PEIO XIRULET: Alo Ramuntxo! Badakizu ez duzula enekin irriskurik! Lerratzen bazira ere, beti ondoan izanen nuzu zure salbatzeko!

RAMUNTXO AZTALARIN: Ixil zaitez, Peio!

MAIXAN LUMAEDER: Zendako ez zirezte bestekin batean jin?

PEIO XIRULET: Karroa huts egin dugu! Ramuntxok beranta ikaragarria hartu du bere albarka parea ezin atxemanez! Ez dakit zer egin lezaken ni gabe! Beharrik hor baitnintzan orhoitzeko bazuela pare doblea!

RAMUNTXO AZTALARIN: Ixil zaitez, Peio!

AMEDÉE XANGO: Pare doblea? Zer ttantto aldi ederra egin dukeen!

MAIXAN LUMAEDER: Segi nezazue! Zuen ganbaretarat eremanen zaituztet! (Ramuntxo Aztalarin eta Peio Xirulet-i). Haatik ez dut ohe bat baizik zuendako!

PEIO XIRULET: Usatuak gira!

RAMUNTXO AZTALARIN: Ixil zaitez, Peio!

MAIXAN LUMAEDER: Beharko duzue tinkatu!

PEIO XIRULET: Hortan ere... (ez du besteak bururatzerat uzten)

RAMUNTXO AZTALARIN: Ixil zaitez, Peio!

EULALIA DE TAULAGAIN: (beti mutur eta ahapetik) Bainan zer presuna klaseekin nahasarazten nuzu Maixan! Badakizu ez dutela inorent hauek zure liburuetarik bat ere irakurtu?

MAIXAN LUMAEDER: Zuk irakurtu dituzia?

EULALIA DE TAULAGAIN: Den denak!

MAIXAN LUMAEDER: Eta zer zen azkenaren titulua?

EULALIA DE TAULAGAIN: Eeh... “Fandango final”?...

MAIXAN LUMAEDER: Goazen!

 

(eta ateratzen dira. Amedée Xango haatik gelan gelditu da, bere kartekin. Luza gabe, gizon bat sartuko da kanpotik, haizkora espaldaren gainean: Antton Haitzondo gizon azkarra eta basa aire)

 

 

AMEDÉE XANGO - ANTTON HAITZONDO

 

ANTTON HAITZONDO: (orroaz) Ieeep!

AMEDÉE XANGO: (jauzi bat egiten du, iziturik) Debruaren battekoa! Harritu nuzu!

ANTTON HAITZONDO: Ba omen dela mozteko ainitz, hemen!

AMEDÉE XANGO: Mozteko? Bai! Nahasi eta, karta meta hau, partida hasi aintzin!

ANTTON HAITZONDO: (haizkora altxatuz) Mahai gainean den hori?

AMEDÉE XANGO: Mila anddere! Geldi zaitez! Hau eskuz egiten da!

ANTTON HAITZONDO: Zer da mozteko beraz?

AMEDÉE XANGO: Nik zer dakit! Ez naiz hemengo nagusia! Ni, mus lehiaketarentzat jina nuzu! Zu ere?

ANTTON HAITZONDO: Ez! Andere batek igorri daut paper bat...

AMEDÉE XANGO: Paper bat?

ANTTON HAITZONDO: Bai! Paperra bera beste paper xaku lauki batean sartua zen, eta paper xakuak bazuen gaineko ixkinean, holako marka bat!

AMEDÉE XANGO: Marka bat? Medaila bat?... (aldi oro besteak ezetz erantzuten dako bururarekin). Kopa bat?... Ezpata bat?... Bastoina?... Tinbrea?

ANTTON HAITZONDO: Bai! Hori da! Tinbrea!

AMEDÉE XANGO: Ah! Paper hura gutun bat zen!

ANTTON HAITZONDO: Baditaike! Ez dakit, ez dautate erran. Ez nuen ordu artio sekulan holakorik ukan eskuetan! Leitu dut... edo... dautate, alo! Eta emana zen behar nuela agudo Irati Lamindegirat jin, mozteen egiterat! Egia da ez dela zuhaitz eskasik hemen gaindi!

AMEDÉE XANGO: Ah! Haizkolaria zira!

ANTTON HAITZONDO: Eta zuk pentsatu! Ez duzula burua arina zuk! Hala naiz bai: Antton Haitzondo, haizkolari! Xapelketetan ibiltzen naiz... edo... ibiltzen naute alo, eta ni naiz Euskal Herriko hoberena!

AMEDÉE XANGO: Ah bai?

ANTTON HAITZONDO: Ba omen! Hala erran dautate!

AMEDÉE XANGO: Lehenago bazen “Vicondoa” izeneko haizkolari ezagun bat! Trunko txutaren gainerat igaiten zen, ozkak eginez eta taulak hauetan sartuz, zangoaren pausatzeko! Noiztenka ere, begiak tapaturik artzen zen!

ANTTON HAITZONDO: Eni, zailagoa eginarazten dautate: begiak tapaturik, eskuak estekaturik, zango baten gainean, haizkoraren giderra hortzekin atxikitzen dutala!

AMEDÉE XANGO: Musean berriz, biziki nekea da begiak tapaturik artzea! Joko gutti ikusten duzu manera hortan! Zu artzen zirea musean?

ANTTON HAITZONDO: Behar bada! Ez naiz segur... Ez dautate erran! Beraz, nork erakutsiko daut zer dutan mozteko?

AMEDÉE XANGO: (ganbaren alderat erakutsiz). Zoazi harat! Han da etxekanderea, mus lehiaketaren antolatzailea!

 

(Antton Haitzondo ateratzen da eta Amedée Xangok segitzen du). Bainan nun emanak ditu ttanttoak?

(Gela husten da)

 

oihala