IV AGERRALDIA
Oraino bizi diren zortzi presunak beren usaiako jar lekuetan daude. Maixan Lumaeder eta Xalbattin zenarenak hutsik. Gizonak kalme. Pantxika Solsoprano zainetan, Eulalia de Taulagain gogoeta sakonetan)
RAMUNTXO AZTALARIN - PEIO XIRULET - AMEDÉE XANGO
PANTXIKA SOLSOPRANO - PANPI SARE - AITA ARITZABELAR
EULALIA DE TAULAGAIN - ANTTON HAITZONDO
RAMUNTXO AZTALARIN: Literaturaren ondotik, huna euskal kulturako beste sail bat dolutan dugula!
PEIO XIRULET: Bai! Zikirogintza!
AMEDÉE XANGO: Musak ere bere azken zerbitzarietarik bat galdu du, ez balin bazuen ere Xalbattin zenak beste batzuek joko hortan gozatzen duten dohain ikaragarri bera erakusten!
AITA ARITZABELAR: Zazpi bekatu kapitaletarik kapitalenak ereman du: gormandizak!
RAMUNTXO AZTALARIN: Segur zirea bere janaria pozoinatua izan zakola?
PEIO XIRULET: Behar bada, bihotzeko bulta txar baten gatik zendu da, Maixanen sukaldean atzarki xerraren atxemaiteak ekarri dakon emozionearen ondorioz!
AITA ARITZABELAR: Ez! Erhauts errestoak aurkitu dizkiogu plateran, garratoinen kontrako pozoinetik, ilarren artean!
AMEDÉE XANGO: Ilarrak? Hara nun ziren ttanttoak! Eta nola dakizu xuxen pozoin mota hori zela?
AITA ARITZABELAR: Euskalzaindian baliatzen baitugu! (besteak sesituak dira). Bai! Gure bulego zaharrak garratoinez emokatuak dira! Haatik pozoinaren flakoina falta dugu: bazter guziak miatu ditut! Deus ez!
ANTTON HAITZONDO: (pozoin flakoina ateratzen du sakelatik). Ez zena hau? (besteak sesituak dira: “garratoin pozoina!”)
AITA ARITZABELAR: Nolaz zinuen sakelan?
ANTTON HAITZONDO: Kanpoan zen, elurrerat botaia, sukaldeko lehioaren azpian!
RAMUNTXO AZTALARIN: Xalbattinen hiltzea nahigabez gertatu da menturaz: Maixanek plata sukaldeko xoko batean eman garratoinentzat, eta gure gizonak dena jan, mesfidatu gabe!
PANTXIKA SOLSOPRANO: Baditaike hau hala izan denik, bainan Maixanen hiltzea ere hor dugu!
PEIO XIRULET: Gaixon Maixan! Eskaintzen ahal ginakoken omenaldirik ederrena bere amentsaren gauza araztea laike: euskaldungoa salbatzea!
RAMUNTXO AZTALARIN: Oh bai! Eta dantzariak berriz lehenago bezala ar gintaizke, hamarka, harmonia berean.
AITA ARITZABELAR: Ez “harmonia”: antolamendua! Ez zuen nere entzumenak holako ukaldi bortitzik merezi!
RAMUNTXO AZTALARIN: ... Jauzi eleganteetan...
AITA ARITZABELAR: Ez “eleganteetan: xotiletan”! Beharriak zapartatuko zauzkit!
RAMUNTXO AZTALARIN: ...Airean firurikan, zolaren atrakzione legeak desafiatuz...
AITA ARITZABELAR: Ez “atrakzionea: erakar indarra”! Jaungoikoa, tanpez elkortaraz nezazu!
RAMUNTXO AZTALARIN: ...Bainan nola salba euskaltasuna?
PEIO XIRULET: Ez da zaila! Hautetsieri buruz jokatu behar gira! Beraz, helduden urtean, ondar kultur elkarteak biltzen dira, bakotxa bere aldetik ikusteko ea ados diren hautetsien laguntza eskatzeko! Gero, ondoko urtean, ados diren elkarteak biltzen dira elgarren arteko elkarte handiago baten muntatzeko! Beste urtean, elkarte handiago horrek hautetsier jakinarazten die nahi dituela biltzar batetarat gomitatu! Ondoko urtean, hautetsiak biltzen dira, mahai on baten inguruan gure gomita onhartzen dutenez erabakitzeko! Urrengo urtean, gure elkarte handia eta hautetsien arteko biltzarra egiten dugu hauer erraiteko beren sustengua behar dugula euskal kulturaren salbatzeko! Ondoko urtean, hautetsiak berriz beren artean biltzen dira ikusteko ea onhartzen dutenez gure laguntzea! Beste urtean, haiek gaituzte beste biltzar batetarat gomitatzen eta hor, denen artean finkatzen dugu zoin urtetan gintaizken denak biltzen ahal euskal kulturaren aipatzeko! Finkatu urte hartan, hitzeman bilkurra egiten dugu gure elkarte eta hautetsien arteko elkarte berri bat muntatzeko, hunek baitu trenkatuko ea balio duen euskal kulturaren sustengatzeko elkarte berezi baten muntatzea! Zer diozue proposatzen dutan jokamoldeaz?
PANTXIKA SOLSOPRANO: Bortitzegi da! Ez ditzagun gure hautetsiak sobera harroaraz! (kexu) Eta nolaz zira axaleko aipamen horietarat lerratzen ahal, Lamindegi huntan iragan masakreen ondotik!
AITA ARITZABELAR: Ez “masakrea”: sarraskia!”. Sarraskia da euskalzaindian onhartzen dugun eskuarazko hitza!
PANTXIKA SOLSOPRANO: (beti oihuka) Zer axola dut! Bele sabanta zu! Eta zer jende mota zirezte? Ez duzue biziarendako atxikimendurik edo?
PEIO XIRULET: Ramuntxo hor deno!
RAMUNTXO AZTALARIN: Ixil zaitez Peio!
AITA ARITZABELAR: Ez “sabanta: jakintsuna!”. Bele jakintsuna! Eta zatozkit ondorat berehala, aurpegirat bota dizkidazun ele gaixtoen kofesatzerat!
PANTXIKA SOLSOPRANO: (beti oihuka) Naski ez laiken neri kofesatzea bainan Maixan eta Xalbattin hil dituenari! Lehen bai lehen deklara dadila!
PANPI SARE: Hasia naiz zure orroetaz aspertzen, Pantxika! (irriz) Ala kantuz ari zinen behar bada! Zurekin ez baita errex kantua orrotik berextea!
PANTXIKA SOLSOPRANO: Ikusten dut pilotaria maiz hunkitzen duen eritasun larri harek joa zaituela zu ere!
PANPI SARE: Zer eritasun?
PANTXIKA SOLSOPRANO: Urgulu zozoa!
PANPI SARE: Eta hiltzailea zu bazine? Zure oihu eta zalaparta horiek komedia hutsa balire hobendun posibleen zerrendatik baztertua izaiteko!
PANTXIKA SOLSOPRANO: (bat batean kalme) Ez zaut balio mihiaren higatzea zure buru buztanik gabeko erran horier ihardesteko! Bainan ez nindaike egon oroitarazi gabe atzo Xalbattinekin azkarki mokokatu zirela, dirua galarazi zinakolakotz pilotako pario batean! Eta nunbaitik ere, biharamunean hila da! (dener). Bainan ez du iduri, gutartean dagon ero baten gatik, denak heriotz lanjerrean girela ohartzen zaiteztenik!
PEIO XIRULET: Bah! Ramuntxo bizi deno!
RAMUNTXO AZTALARIN: Ixil zaitez, Peio!
PANTXIKA SOLSOPRANO: Zakarias Putxapal detektiboa hor balitz, gertakari hauek laster argi lezazke! Eta zuk Eulalia? Ez duzu deus erraiten!
EULALIA DE TAULAGAIN: Nahiago baitut, zuen perttolikerien entzuteko orde, ikertu Laminen leiendan emana den ondoko lerroa! Lehena zen: “bat ereman zuen lo egin ezinak!”. Ados, hori egina da! Gero: “batek ukan zituen tripako minak!”. Hori ere egina! Ah! Hirugarrena: “Gero zortzi lamindegiko laminak, perekak ez jasan baten larru finak!”.
(bat batean, zainek gaina hartzen dakote eta nigarrez hasten da)
PANTXIKA SOLSOPRANO: Zer duzu?
EULALIA DE TAULAGAIN: Larrua biziki fina dut! Ni naiz ondokoa!
PANTXIKA SOLSOPRANO: Ezti zaitez Eulalia! Ez dakigu! (bester). Badea hemen perekatua izaiteko usaia duen larru findunik?
RAMUNTXO AZTALARIN: Ixil zaitez Peio!
(Eulalia-k nigarrez orroaz segitzen du, Panpi Sare aspertuz)
PANPI SARE: Are! Hau ere orroaz, orai! Ez bait ginuen bestearekin aski! Ala kantu xapelketa baten prestatzen ari zirezte! Bon! Elurra izan edo ez izan, ni banoa hemendik! Zuen muturrak aski ikusiak ditut! Antton! Zatoz enekin! Biak saiatuko gira bidexka baten zilatzerat elurrean!
PANTXIKA SOLSOPRANO: Ez ahal duzu ihes egiten! Ez duzu konzientzia lasai edo?
EULALIA DE TAULAGAIN: Zuekin nator! Ez nezazuela hemen utz, ene larru finaren omenez!
ANTTON HAITZONDO: Nik badakit nola planta ez dadin gehiago hilketarik gerta! Binazka egonen gira, sekulan berexi gabe!
AITA ARITZABELAR: Ah! Bikoteak eginen ditugu!
AMEDÉE XANGO: Zer dira bikoteak?
AITA ARITZABELAR: Pareak!
AMEDÉE XANGO: Ah! Pareak!
ANTTON HAITZONDO: Hola gutarik bat beste mundurat igorria bada, jakinen dugu berekin zena dela hobendun!
EULALIA DE TAULAGAIN: (harritua) Zuhaurrek pentsatu duzu? Zuk, haizkolariak!
ANTTON HAITZONDO: Ez! Erran dautate!
PANPI SARE: Ongi da! Goazen, Antton! Zuek, akomea zaitezte!
(ateratzen dira)
RAMUNTXO AZTALARIN - PEIO XIRULET
AMEDÉE XANGO - PANTXIKA SOLSOPRANO
AITA ARITZABELAR - EULALIA DE TAULAGAIN
RAMUNTXO AZTALARIN: Eta beste norbait gordetzen balitz etxe huntan! Aise luke, hain da Lamindegia zabala! Kasik hogoi bat gela dauzka!
PEIO XIRULET: Goazen miatzerat, Ramuntxo!
RAMUNTXO AZTALARIN: Lanjerosa izaiten ahal da!
PEIO XIRULET: Ez naiz zurekin deusetaz beldur!
RAMUNTXO AZTALARIN: Armatu behar dugu, halere!
PEIO XIRULET: Ados! Badut ixkilima bat ganbaran!
RAMUNTXO AZTALARIN: Eta nik beharri xiloen garbitzeko xiri bat!
PEIO XIRULET: Bainan Ramuntxo! Ez duzu xiri horrekin nehori minik eginen!
RAMUNTXO AZTALARIN: Bi punttetako kotoina kenduko dut, eh!
PEIO XIRULET: Aah! Hola nahiago dut! .
(eta ateratzen dira)
AMEDÉE XANGO - PANTXIKA SOLSOPRANO
AITA ARITZABELAR - EULALIA DE TAULAGAIN
AITA ARITZABELAR: Hilak beilatu behar ditugu! Maixan zenaren ondorat noa!
AMEDÉE XANGO: Ez zaitela zuhaur joan! Entzun duzu Antton-en aholkua: parezka!
PANTXIKA SOLSOPRANO: Zurekin nator. Gaixo Maixan!
AMEDÉE XANGO: He be, aita Aritzabelar! Ez ahal zira ardura bi emazteekin gertatu lo gela berean! Ala ba!
AITA ARITZABELAR: Irri egin ezazu, irri ahal duzuno! Bainan ez ahantz menturaz zure azken orena jina dela! Gero beharko dugu Jaungoikoak, nik eta zuk elekatu! Oraino bizi bazira, segurrik! Goazen Pantxika!
(eta ateratzen dira)
AMEDÉE XANGO - EULALIA DE TAULAGAIN
AMEDÉE XANGO: Orduan, Eulalia! Kokina zu! Zer eginen dugu zuk eta nik?
EULALIA DE TAULAGAIN: Ez dakit!...
AMEDÉE XANGO: Ez dakizu? Alo! Ez ezazula inoxentarena egin! Zer egin lezakete gizon eta emazte batek elgarrekin?
EULALIA DE TAULAGAIN: Am,d,e! Kenzkizu idai xoro horiek burutik!
AMEDÉE XANGO: Alo! Ez zaitela fazoinetan has! Segur naiz zuk ere gogo izigarria duzula hortako!
EULALIA DE TAULAGAIN: Ez! Ez naiz nomahirekin dabiltzaten horietarik, gero!
AMEDÉE XANGO: Aitor ezazu nik bezain bat nahi duzula! Nun plantatzen gira? Mahaian?
EULALIA DE TAULAGAIN: Amedée! Baditaike odola irakinarazi dauzutela hemengo gertakariek bainan... (oihu bat boatzen du) “Perekak ez jasan baten larru finak!”. Amedée, ez zaitela hurbil!
AMEDÉE XANGO: Zer derasazu! Are! eman zaitez mahaian! Zortzi hamarrekoetarat mantxa! (Museko kartak ateratzen ditu)
EULALIA DE TAULAGAIN: Bainan zer
AMEDÉE XANGO: Ala ez dakizu musean!
EULALIA DE TAULAGAIN: Aah! Iziarazi nuzu! Uste nuen Ez! Goazen Xalbattin zenaren ondorat!
(Ateratzen dira! Memento baten buruan, Panpi Sare berriz sartzen da kanpotik eta ganbarera buruz igaiten. Luza gabe, Pantxika Solsoprano agertzen da, erdi nigarrez eta jartzen “Zer egin dut, bainan zer egin dut” diola! Hortarik landa, Peio Xiruleten aldi sartzea hau ere erdi nigarrez, Pantxikari ez oharturik diola “aski zautan ez holakorik erraitea”. Gero, Amedée Xango da logeletarik agertuko eta besteak bezala jarriko bere buruari erranez: “dena enefalta da”. Hori erran orduko, Panpi Sare da berriz agertzen)
PANTXIKA SOLSOPRANO - PEIO XIRULET
AMEDÉE XANGO - PANPI SARE
PANPI SARE: Nun dira besteak?
PANTXIKA SOLSOPRANO: Gainean!
PANPI SARE: Zu, norekin zinen, orai artio?
PANTXIKA SOLSOPRANO: Aita Aritzabelarekin!
PANPI SARE: Zendako berexi zirezte?
PANTXIKA SOLSOPRANO: (erdi nigarrez) Maixanen ganbaran, kofesatzerat borxatu nau eta aspaldian konzientzia pizuarazten zautan bekatu bat aitortu dakot!
PANPI SARE: (irriz) Zer bekatu?
PANTXIKA SOLSOPRANO: Zer axola duzu! Eta ez nuen, gero, Aita Aritzabelaren behako ilun eta gaixtoa jasaiten ahal! Gainean utzi dut! (bere buruari). Zer egin dut! Bainan zer egin dut! Ez nakon orhoitzapen triste hori kofesatu behar! (Panpi Sareri) Eta zuk? Nun duzu Antton?
PANPI SARE: Kanporat atera orduko, ikusi dugu ez ginuela xendrarik zilatzen ahalko! Elurra gogortuegi da! Eta goregi! Paporaino sartzen nintzan nihaur! Antton kanpoan utzi dut enbor mozten!
PANTXIKA SOLSOPRANO: Eta zer ari zinen ganberetan?
PANPI SARE: Goratasuna hartu behar nuen lehiotik ikusteko elurra gesaltzen hasia den ibarra beherekaldean! (Deika hasten da ganbareri buruz). Ramuntxo! Eulalia! Aita! Zatozte hunarat!
(Eulalia de Taulagain agertzen da)
PEIO XIRULET: Ramuntxo? Nun da Ramuntxo? (eta ateratzen da, arranguratua)
PANTXIKA SOLSOPRANO - AMEDÉE XANGO
PANPI SARE - EULALIA DE TAULAGAIN
PANPI SARE: Beraz, ez du iduriz, Anttonen aholkua, bikoteka egoitea, azkenean nehork errespetatu! Amedée! Norekin egon behar zinuen?
AMEDÉE XANGO: Eulaliarekin!
EULALIA DE TAULAGAIN: De Taulagain anderearekin! Ez ditugu, dakidanaz, xerriak elgarrekin zaindu!
AMEDÉE XANGO: Xerriak zaindu dituzu zuk?
PANPI SARE: Eta zendako bakotxa zuen alde joan zirezte?
AMEDÉE XANGO: Dena ene falta da!
EULALIA DE TAULAGAIN: Errazu denen aintzinean zer gertatu den!
AMEDÉE XANGO: Nola andere hunek ez dakien musean, Xalbattin zenaren zaintzerat izan gira
EULALIA DE TAULAGAIN: Eta han? Are, mintza!
AMEDÉE XANGO: Zer nahi duzue! Biak gertatu gira logela ttipi hartan, ez zaukun Xalbattin zenak kasurik ere egiten eta... muslaria ere noiztenka orhoitzen ahal baita gizona ere dela, Eulaliari proposatu diot elgar goxa gaiten!
EULALIA DE TAULAGAIN: Ahanztekotan ez den bi zablako eta lekutu da! Huna nun den bilatzen ginuen perekatzailea! Aitor ezazu zu zirela gutarteko hiltzailea!
AMEDÉE XANGO: Entzun nezazu, Eulalia! Ez zaut gustatzen norbaiti zerbait nahigabe larri desiratzea bainan bortxatzen nuzu: merexi zinuke, musean, mantxa bat lehen kartaldian galtzea!
PANPI SARE: Bainan besteak nun dira? (deika) Aita Aritzabelar! Ramuntxo Aztalarin!
(Aita Aritzabelar sartzen da)
PANTXIKA SOLSOPRANO - AMEDÉE XANGO - PANPI SARE
EULALIA DE TAULAGAIN - AITA ARITZABELAR
PANPI SARE: (irriz) Errazu, Aita! Zer da Pantxikak aitortu dauzun izigarrikeria?
AITA ARITZABELAR: Eta zer egiten duzu kofesioaren segretuaz? Neska ahalgengarri eta galdu hunek ikus beza ea obratu zuen higuingarrikeri hura kondatu nahi duen edo ez!
PANPI SARE: Ez dugu jakinen, beraz! Zer pena!
PANTXIKA SOLSOPRANO: (berriz nigarrez eta orroaz hasten da). Behin, mutiko batek musu bat eman zautala ezpainetan!
AITA ARITZABELAR: Eta hori ezkonduak izan gabe! Urrikal zaitez, bekatorosa!
PANPI SARE: Barka ezakozu! Hori deitzen da amodioa!
AITA ARITZABELAR: Ezkontzatik landa bai! Bainan aintzin, zerrikeria deitzen da!
(Pantxika Solsoprano hipaka nigarrez eta oihu bat entzuten da. Peio Xirulet-ena “Ramuntxo”)
Pantxika Solsoprano, Amedée Xango, Eulalia de Taulagain eta Aita Aritzabelar lasterka ateratzen dira. Panpi Sare hor gelditzen da. Bere pilota punpa-arazten ari dela, Antton Haitzondo sartzen da.
PANPI SARE - ANTTON HAITZONDO
PANPI SARE: Naski beste hil bat badugun, Antton!
ANTTON HAITZONDO: Ez nakien! Ez dautate erran! Nor?
PANPI SARE: Dantzaria! Zer nahi duzu, hala beharra! Zonbat trunko moztu duzu?
ANTTON ARITZABELAR: Ez dakit! Ene ikusgarrien baldintza beretan izaiteko, begiak hetsirik egiten ditut.
Besteak sartzen dira, Amedée Xango-k eta Aita Aritzabelar-ek Peio Xirulet sustengatzen dutela.
PANPI SARE - ANTTON HAITZONDO - PEIO XIRULET
AMEDÉE XANGO - AITA ARITZABELAR
PANTXIKA SOLSOPRANO - EULALIA DE TAULAGAIN
EULALIA DE TAULAGAIN: Uf! Ramuntxo da hila! Ez ni! Ez zen larru fin ixtorio hori enetako! Jakin ezazue hatsean hartzen dutala eh!
(Zazpiak jartzen dira beren usaiako kaderetan, Maixan Lumaeder, Xalbattin eta Ramuntxo Aztalarin leku hutsak ongi ageri direla)
AITA ARITZABELAR: Norbaitek ito du, gibeletik kausitu eta, lepoa soka batekin tinkatuz! Sokaren markak ageri zazko!
PEIO XIRULET: (orroaz) Hain zuen larru fina!
PANPI SARE: (orroetaz aspertua) Are! Pantxika eta Eulaliaren ondotik, hirugarren kantari bat. Laster korala muntatzen ahalko duzue!
AITA ARITZABELAR: Ez “korala”. Abesbatza! Hemen bizi dituztan pairamenak Jesu-Kristoren galbarioari konpara ditaizke!
PEIO XIRULET: Nork hil du Ramuntxo? Eh? Nork hil du? Alta armatua zen!
AMEDÉE XANGO: Bikoteak moldatu ditugularik, elgarrekin eman zirezte!
PANPI SARE: Gainera, Aita Aritzabelar-ek dio gibeletik kausitua izan dela eta zu izanez gibelean, ez da behar bada mesfidatu... (irriz)
EULALIA DE TAULAGAIN: Eta laminen ipuinean emana da: “Perekak ez jasan baten larru finak!”
PEIO XIRULET: (berriz orroaz) Nere perekak jasaiten zituen! Egia elgarrekin joan girela etxe huntako zokoen miatzerat —artetik erraiteko ez dugu gutaz kanpo beste nehor atxeman— eta mokokan hasi gira gauza izigarri grabe batentzat, ahantzia dut zer zen, eta erran daut, hola segitzen banuen, gitarra elektrika ikasiko zuela! Ni erotua, ixkilimarekin finki xixtatu dut eta lekuan berean utzi! Aski zautan ez holakorik erraitea!
PANTXIKA SOLSOPRANO: Beraz gutarik bakotxa egon da zonbait minutaz nehor gabe ondoan! Denek ukan dugu Ramuntxoren hiltzeko denbora!
PANPI SARE: Aitortzen duzu?
PANTXIKA SOLSOPRANO: Zakarias Putxapal detektiboa hemen balitz, auzi hunen argitzeko!
PANPI SARE: Aita Aritzabelar! Zure iduriko emazte batek egin zezaken?
AITA ARITZABELAR: Bai! Ramuntxo ez zen gizon azkar horietarik eta lepoa fina zuen!
PANTXIKA SOLSOPRANO: Kasu Panpi! Zure oharpen horiek biziki gaitzesgarri zauzkit!
EULALIA DE TAULAGAIN: Bilatzen bagaituzu, aurkituko gaituzu!
PANPI SARE: (irriz) Gizon bat ikusi orduko biluzten hasten diren zuek bezalako emazte arinak, zer nahi egiteko gai dira!
AITA ARITZABELAR: Haatik, ez zen sokarik gorputzaren ondoan!
ANTTON HAITZONDO: (soka bat ateratzen du sakeletik) Hau zen behar bada! (besteak sesituak). Aintzineko lehioaren pean aurkitu dut, elurrean!
AITA ARITZABELAR: Ramuntxo hilik zagon ganberarena!
PEIO XIRULET: Eta zu, nun zinen Antton?
ANTTON HAITZONDO: Kanpoan, enbor mozten!
PEIO XIRULET: Ulertu dutanaz, trunkoak mozten bainan igaiten ere dituzu! Eta errex izan zauzu Ramuntxo zagon gelarat igaitea eta lehiotik sartzea! Aitor ezazu errex izan zauzula!
ANTTON HAITZONDO: Ez dakit! Ez dut egin!
PEIO XIRULET: Eta zu Amedée! Ez zauzia Ramuntxo musean nagusitu, barda?
AMEDÉE XANGO: (fede txarrez) Ah bai? Ez dakit, ez naiz gogoratzen! Ez ezazula uste izan musaz hain errabiatua naizenik ene partida guzietaz orhoitzeko!
PEIO XIRULET: Zuk hil duzu, mendekioz!
Peio Xirulet ateratzen da.
PANPI SARE - ANTTON HAITZONDO
AMEDÉE XANGO - AITA ARITZABELAR
PANTXIKA SOLSOPRANO - EULALIA DE TAULAGAIN
AITA ARITZABELAR: Panpi! Baieztatzen daukuzu ez girela Irati lamindegi huntarik joaiten ahal!
PANPI SARE: Ez! Elurra goregi da! Kokatuak gira!
AMEDÉE XANGO: (lehiorat doa). Eta tenpesta dugu berriz! Funtsean, ez da musean galtzea hain ahalgengarri! Bada gauza garantzitsuagorik bizian!
EULALIA DE TAULAGAIN: Zer dio laminen leiendaren segidak? “Zazpi ziren lamindegiko laminak, batek iturritik edan ur karminak”. Zer erran nahi du karminak?
AITA ARITZABELAR: (sesitua) Zer? Ez dakizu “karminak” hitzaren erran nahia zer den?... Bestek ere ez? Naski ni ere harridurak itoko nauen! Antton! Har ezazu Maixan zenaren liburutegian den hiztegia!
Antton Haitzondo liburutegiaren aintzinerat doa eta ageri da ez dakiela zoin den.
ANTTON HAITZONDO: Zer da hiztegia?
AITA ARITZABELAR: Ez dakizu zer den hiztegia?
ANTTON HAITZONDO: Ez dakit! Ez dautate erran!
AITA ARITZABELAR: Damu dut erraitea bainan ni beldur ez ote den, Jainkoak bereganat deituko nauelarik, lur huntako azken buru muina desagertuko! Liburu gorri lodi hori!
ANTTON HAITZONDO: Gorri lodia... Ah bai!
AITA ARITZABELAR: Bila ezazu “karminak” hitza!
Antton Haitzondok hiztegia idekitzen du lehen orrialdean eta lehen hitzak irakurtzen hasten, frango nekez.
ANTTON HAITZONDO: A... Abadia...
AITA ARITZABELAR: Zu, alfabetatzeko behar gorrian zira! “Karmina” erran nahi du “kardinga” edo “kerra”! (bestek erakusten dute ez dutela gehiago ulertu). Edateko on ez den ura, alo!
EULALIA DE TAULAGAIN: Jakiten ahal duzue ez dutala nik ur xorta bat ere edanen! Nahiago dut egarriak hil!
PANTXIKA SOLSOPRANO: Eta gau huntan behar dugu denek gakatu, ez dadin gure logeletan nehor sar!
PANPI SARE: Zer sakrifizioa zuretzat!
ANTTON HAITZONDO: Eta bidanazka egon!
AITA ARITZABELAR: Ezin da Antton! Zazpi gira!
ANTTON HAITZONDO: Eta orduan?
AITA ARITZABELAR: Alfabetatzen hasiko zirelarik, matematikari ere lot zaitez: gutarik bat, bakarrik geldituko da! Zazpi, xifre bakotxia da eta ez da hunekin paferik egiten ahal!
ANTTON HAITZONDO: Ez nakien! Ez dautate erran!
AMEDÉE XANGO: Bixtan da parea egiten ahal dela zazpirekin! Medea ere! Eta huni figura bat juntatuz, hogoi ta hameka!
EULALIA DE TAULAGAIN: Banoa etzaterat! Ez nuen uste egun hau bizirik bururatuko nuenik! Hain nintzan segur larru finarena enetako zela! Are! Mainu on bat lehenik, ene gorputzaren deskantxatzeko, eta oherat!
oihala