Herio heroi
Oier Guillan
Herio heroi
Oier Guillan
Artezblai, 2010
Herio heroi
Oier Guillan
Artezblai, 2010
[aurkibidea]

 

6. agerraldia

 

zprist ikusi dugu hildakoarekin batera eserita, biak daude irakurtzen.

 

zprist: Nahi duzu? Ez? Zu bezalakoekin gustura egoten da. Hala ere ez zinateke kezkatu behar, freskagarri honek ez du gizentzen. “Light in de beri” da, freskagarri light baino lightagoa. Oso garestia da, baina ordaintzen duzunaren ehuneko hamarra Gobernuz Kanpoko Erakunde bati ematen zaio. Badakizu zein? Mugarik Gabeko Demokrata Etsituak. Ezagutzen duzu? Oso garrantzitsua da bere zeregina gure gizartean. Zer egingo genuke Gobernuz Kanpoko Erakunderik gabe? Mugarik Gabeko Demokrata Etsituak izeneko taldeak zera egiten du, guztiz eta erabat alienatuak, motibaziorik gabe sentitzen diren pertsonen psikologo gastuak ordaintzen ditu. Oso eginkizun garrantzitsua da gure gizartean, aitatxo! Jendeak demokrazian konfiantza galduko balu, mendeak egingo genituzke atzera! Ai! Ezin dut imajinatu mundua gatazkaz beterik... pentsa! Gosea, gerrak, errepideak, Abiadura Handiko Trena bezalako suntsipen handiko armak... Badakizu? Zu gurekin bizitzera... diot hiltzera... tira, egotera etorri zarenetik neure bizitza aldatu dela sentitu dut, uste dut komunikazioa dagoela gure artean. Azkenean topatu dut entzuten dakien norbait... Zer ari zara irakurtzen? O! Zer dira argazki hauek? Nork eman dizkizu? xx. mendeko aldizkari porno bat! Seguru Gelnst izan dela. Uste dut trauma bat duela zurekin, noizbait konpondu beharko dituzue zuen artekoak. Ez du onartzen gure aita zarenik. (Aldizkaria hartzen dio) Gauza hauek egun ere debekatuak daude, sexu goseak iraganean gatazka ugari sortzen baitzituen.

gelnst: Zertan ari zara?

zprist: Ni?! Ezertan... ezertan...

gelnst: Begira nor topatu dudan kalean.

snifst: Egun on, edo are egun on ere, jaun hori.

zprist: Zu, berriz ere...

snifst: Berri pozgarria dakart zuentzat, edo agian ez, agian ez da pozgarria, agian etsigarria da, tristea, nork daki, nik ez behintzat, baina berri hau berria dela esango nuke, nolanahi ere.

zprist: O.

gelnst: Zer da?

 

Isilunea. snifst ingurura begira.

 

snifst: Zer da... zer?

gelnst: Ekarri diguzun berria!

snifst: O, bai, bai. Berri pozgarria dakart zuentzat, zalantzarik gabe, edo zalantza apur batekin, izan ere agian ez, agian ez da pozgarria, agian etsigarria da, tristea, nork daki, nik ez behintzat, baina berri hau berria dela esango nuke, nolanahi ere.

zprist: Eta...? Zein da berria...?

snifst: Berria da, alajaina, hau da, zera, diot, berria da hemen zuen alboan sofa horretan eserita dagoen haragi eta hezur pila ez dela zuen aita.

zprist: Zer!!!

gelnst: Ona! Banekien nik!

zprist: Ez da posible. Hori da berria?

snifst: Zein?

zprist: Orain esan duzuna.

snifst: Zer esan dut orain?

gelnst: Arraioa, berria!

snifst: Berria?

gelnst: Bai motel, haragi eta hezur pila hau ez dela gure aita!

snifst: O, bai, baina hori jada ez da berria, hau da, nik esango nuke, zalantza izpirik gabe, berria esan dizuedan unetik bertatik berria zuentzat zaharra dela, hortaz, une honetatik aurrera zaharra aipatzen dugunean lehengo berria esan nahiko dugu. Elkar ulertze aldera diot...

zprist: Ez da posible... (hildakoari besoetara botatzen zaio) aita!!!

snifst: Sentitzen dut jauna. Akats burokratiko bat izan da.

zprist: Ezin dut sinetsi!

gelnst: Egia onartu behar duzu Zprist, anaiatxo samurra. Nik banuen susmo hori.

zprist: Eta zuk nola dakizu ba, ez baduzu ezer gogoratzen!

gelnst: Intuizio femeninoa.

zprist: Baina zu ez zara emakumea!

gelnst: Badakit, baina asteartero, zortziak aldera, nire alde femeninoa azaleratzen zait.

zprist: Gaur asteazkena da!

gelnst: Arraioa, arrazoi duzu, bai. Mmmm... agian bisexuala naiz... mmmm... egun handia da gaurkoa, aukerez beteriko mundu bat zabaltzen da nire aurrean.

snifst: Ez dut ezertxo ere ulertzen. Hau da, diot, nik gainetik pisu bat kendu behar nizuelakoan nengoen.

zprist: Pisua oraintxe jarri zait bihotzean! Nori kontatuko dizkiot orain nire penak?!

gelnst: Ba orain arte bezala, niri, Zprist, anaiatxo samurra.

zprist: Ez da gauza bera! Zuk erantzun egiten didazu! Nahiago dut norbaitek entzutea ezer esan gabe, nire arazoen inguruan itsu izaten jarraitzeko!

gelnst: Ez duzu zure arazoen egia jakin nahi?

zprist: Ez! Nahiago dutezjakinaeta zoriontsua izan! Zer gertatuko da orain gure aitarekin?

snifst: Tira, nik esango nuke, zalantzarako tartea utzita beti ere, aita hitza teknikoki ez dela oso aproposa. Erantzungo dizut hala ere. Gorpu hau aitazurtza da, ez dakigu nortzuk diren bere ondorengoak, hortaz arteari emango diogu. Artista entzutetsu batek xx. mendean eraikitako Guggenheim museoa hildakoekin estali nahi du behin betiko, artearen heriotza adieraziz.

zprist: Ez! Guggenheimera ez!

gelnst: Anaiatxo, anaiatxo, onartu egin behar duzu. Hildako hau ezezagun bat da. Lasai egon zaitez, ez dizkio inori kontatuko zure sekretuak.

zprist: Hilabeteak daramazkit aita bizkarrean eramaten, zure gustuko ekintza sinboliko iraultzailea egiteko, eta orain horren erraz desegingo zara berataz?

gelnst: Tira, anaiatxo, ez ezazu horrela ikusi... hilabeteak esatea ere...

snifst: Hilabeteak...

gelnst: Hilabeteak...

snifst: Hilak ala beteak? Zerekin beteak? Hil-argiz beteak?

gelnst: Aizu, nola jakin dezakegu gobemuak ez zaituela gure iraultza geldiarazteko bidali?

snifst: Ezin duzue jakin.

gelnst: Eta ez duzu ukatuko ere?

snifst: Nik ez dakit egiarik esaten.

gelnst: Hortaz gezurra da.

snifst: Zer da gezurra?

gelnst: Nik esan dudana ez baduzu gezurra denik esaten, horrek esan nahi du gezurra dela, zuk ez dakizulako egiarik esaten. Eta egia gezurra bada, orduan hobe zuri gezurrik ez esatea, egia esan.

snifst: Arrazoi duzu.

gelnst: A bai? Zertan dut arrazoi, harroputz arraro hori?

snifst: Zuk esan duzuna ez badut gezurtatzen, horrek esan nahi du gezurra dela, nik ez dakidalako egia esaten. Eta egia gezurra bada, orduan hobe niri gezurrik ez esatea, egia esan.

gelnst: Eta zer da egia?

snifst: Egia? Eguneroko ogia.

gelnst: Hori bai egia. Egia ogia balitz bezala jaten dugu egunero, irentsi eta begien aurretik kentzeko.

snifst: Hori da bai, egia irensten dugu ez ikusteko.

gelnst: Mundu demokratiko hau etsigarria da.

snifst: Bai. Tori.

gelnst: Zer da hau?

snifst: Nire telefonoa. Mugarik Gabeko Demokrata Etsituak Gobernuz Kanpoko Erakundearen lehendakaria naiz.

gelnst: Ez dut behar! Nik iraultza dut xede! Hildakoekin edo hildakorik gabe! Egiak okatuko ditugu!

zprist: Baina aitarik gabe ezingo dugu iraultza bultzatzeko ekintza sinbolikorik egin!

gelnst: Hori ere egia da.

zprist: Anaiatxo, zergatik ez dugu adoptatzen?

gelnst: Adoptatu? Adoptatu haurrak egiten dira, ez gurasoak.

snifst: Nik ere haur bat adoptatu dut.

gelnst: Hara! Benetan?

snifst: Ez.

gelnst: O.

snifst: Bai.

zprist: Eta zer sentitzen da?

snifst: Egiazko gezurra nahi duzue?

gelnst: (Egunkaria irakurtzen hasita, asperturik) Bai, noski, biziki interesatzen zait.

snifst: Nik berez ez dut seme edo alaba bat adoptatu.

zprist: A, ez?

snifst: Biloba bat adoptatu dut.

zprist: Benetan? Nola da hori?

snifst: Beti nahi izan dut amona izan. Baina ez nuen laurogei urte bete arte itxaron nahi.

zprist: Gelnst! Adoptatu dezagun gorpu ezezagun gau! Azkenean aita bat izango dugu!

gelnst: Hau da hau gure grazia! Iraultza modu berri bat asmatu duzulakoan nago anaiatxo!

zprist: Zer diozu baina?

gelnst: Ezezagun bat hartzen badugu aitatzat, iragan bat asmatu beharko diogu, izen bat jarri, biografia bat idatzi. Agian gure iragana berridazteko kapazak izango gara orduan!

zprist: Egia! Iragan berri bat asmatzeko kapazak bagara, askeago izango gara agian!

gelnst: Askeago!

zprist: Askeago!

snifst: Askeago! Ez duzue amona bat adoptatu nahi?

gelnst: Agian bai.

zprist: Nork daki.

gelnst: Ezezagunekin osatuko dugu gure familia!

zprist: Iragana asmatuko dugu!

gelnst: Noiz?

zprist: Oraintxe bertan. Oraintxe bertan ari gara sortzen iragana.

gelnst: Joan gaitezen kalera ospatzera! Jendeari erakutsiko diogu gure zoriontasun antidemokratikoa!

snifst: Kalean dago bizitza!

zprist: Bizitzak ez du kale egiten.

 

Badoaz. Isiltasuna etxean. Argia jaisten hasten da, eta ustekabean, hildakoak zera egiten du: ejum jjjmmmnn, ellum lllmmmnnn... iluna.