Aurkibidea
Hitzaurrea Oier Guillan
Aurkibidea
Hitzaurrea Oier Guillan
2. agerraldia
gelnst: Ezin dut sinetsi, Zprist!
zprist: Zertaz ari zara, Gelnst?
gelnst: Entzun duzu zer esan duen zomorro horrek, Zprist?
zprist: Nola ez ba, Gelnst.
gelnst: Zer edo zer egin behar dugu, ez da bidezkoa!
zprist: Zer ez da bidezkoa?
gelnst: Guk ez dugu gure aita ezagutu, Zprist! Zergatik jasan behar genuke bere gorpua infinituraino?
zprist: (Pozik) Familia familia da, Gelnst.
gelnst: Baina hilik dago.
zprist: Horixe baietz! Azkenean urte hauetan guztietan esan nahi izan dioguna esan ahal izango diogu aurpegira, eta entzun beharko gaitu! Maitasuna da bidea! Bakea, eta kafe deskafeinatua!
gelnst: Baina ezingo digu erantzun Zprist. Eta guk jasan egin beharko dugu. Badakizu hildakoek hil ziren uneko aurpegiko keinua gordetzen dutela infinituraino, eta jan zuten azkeneko gauzaren usaina?
zprist: Bai zera!
gelnst: Imajina dezakezu larrua jo bitartean hildako pertsona baten keinua ikusi behar izatea egunero infinituraino?
gelnstek larrua jotzearen aurpegia imitatzen du.
zprist: Tira, gauza guztien alde positiboa ikusten jakin behar da, Gelnst, anaiatxo maitea. Hautsontzi modura erabili genezake.
gelnst: Zuk erretzen duzu, Zprist, anaiatxo samurra?
zprist: Noski, ni ere batzuetan matxinoa naiz, tabakorik gabeko zigarro bat erretzen dut bazkalorduetan kafeinarik gabeko light esne sojadun batekin.
gelnst: Kafeinarik gabeko light esne sojadun batekin?
zprist: Bai, baso ur batekin alegia.
gelnst: Matxinada bizitzari zapore gehiago ematean datza, Zprist, anaiatxo samurra.
zprist: Eta zer uste duzu ba Gelnst, anaiatxo maitea? Tabako beltza erreta matxinoagoa zarela, ala?
gelnst: Ez, nik eraikuntza enpresak erre nahi nituzke.
zprist: O.
gelnst: Bai.
Isilunea.
gelnst: Eta noizbait gure aita izan zenak, hau da, diot, gaizki isuritako hazi baten ondorioz, hau da, hazi-dente baten ondorioz, gure aita bilakatutakoak, bere azken gau edo egun edo eguerdian odolkia jan izan balu?
zprist: Zer esan duzu?
gelnst: Nik? Noiz?
zprist: Oraintxe.
gelnst: O, tira, bai, gogoan dut.
Isilune luzea.
zprist: Eta?
gelnst: Zer?
zprist: Haria galdu dut. Errepikatu dezakezu orain minutu batzuk esan duzuna.
gelnst: Nik?
zprist: Bai.
gelnst: Horretarako zuk errepikatu behar duzu lehenik.
zprist: Errepikatu zer?
gelnst: Zuk nik errepikatzea nahi duzuna esan aurretik esan duzuna, alegia. Nik ere haria har dezadan.
zprist: Baina nik ere haria galdu dut.
gelnst: O, ez dago arazorik. (Alkandoran solte duen hari zati bat hartu eta eman egiten dio)
zprist: (Haria eskuetan) O, bai, orain bai. Hor doa.
gelnst: Prest nago. (Minutu bat lehenagoko jarrera hartzen du) ...eta noizbait gure aita izan zenak, hau da, diot, gaizki isuritako hazi baten ondorioz, hau da, hazi-dente baten ondorioz, gure aita bilakatutakoak, bere azken gau edo egun edo eguerdian odolkia jan izan balu? Ulertzen duzu zer esan nahi dudan?
zprist: Ez. Elkarrizketa gatazkatsuak debekatu zituztenetik gure gobernu txit homeopatikoak ezarritako dialektika demokratikoa nekagarria egiten zait...
gelnst: Niri ere, noizean behin eztabaida sutsuren bat edukitzea, borrokaren bat, hostia pare bat eman ahal izatea... maitasunez, noski!
Elkarri begiratzen diote borrokarako tentaturik.
gelnst: Ez.
zprist: Ez.
gelnst: Tira, lehen esan dizudan moduan, noizbait gure aita izan zenak, hau da, diot, gaizki isuritako hazi baten ondorioz, hau da, hazi-dente baten ondorioz, gure aita bilakatutakoak, bere azken gau edo egun edo eguerdian odolkia jan izan balu?
zprist: Orduan, odolkiaren usaina jasan behar genuke infinituraino. (Isilunea) Gauza latzagoak egon litezke hala ere.
gelnst: Zuk uste?
zprist: Pentsa jan izan balu... zera... odolkia tipula eta piper gorriekin.
gelnst: O... bai. Etxe guztia izango genuke egunero usain horrekin, ahoa josi behar genioke.
zprist: Hori ideia ona da, horrela ez genuke sekula haria galduko.
gelnst: Hala ere usaina beste leku batzuetatik aterako litzateke.
zprist: Bai, besapeetatik, ipurditik... Nola zaindu behar da hildako bat, Gelnst, anaiatxo maitea?
gelnst: Ez da batere erraza, Zprist, anaiatxo samurra. Hildakoek usteltzeari utzi ziotenean aldatu zen munduko kultura, antolakuntza soziala eta politikoa, munduko historia, munduko histeria! Mundua onomatopeia erraldoia bilakatu zen, Zprist, gure izenen modukoa.
zprist: Hildakoak... izerditzen dira?
gelnst: O bai, azal guztiarekin, pentsa odolkia, tipula eta piper gorriaren usaina duen izerdia larrua jo osteko aurpegiarekin...
zprist: Egunero hori jasan behar izatea...
gelnst: Aurpegi hori...
zprist: Usain hori...
gelnst: Gosaltzen ari zarenean...
zprist: Hortzak garbitzen ari zarenean...
gelnst: Filma bat ikusten ari zarenean...
zprist: Norbaitekin maitaketan ari zarenean...
gelnst: Usain hori...
zprist: Aurpegi hori...
gelnst: Odolkia, tipula eta piper gorriarekin...
zprist: Larrua jo osteko aurpegiarekin...
gelnst: Ez da bidezkoa!
zprist: Aita ezagutuko dugu azkenean...
gelnst: Ez dugu zertan iraganaren pisua gure gain eraman behar!
zprist: Esan nahi nion guztia esan ahal izango diot...
gelnst: Iraultza behar dugu!
zprist: Zer ari zara esaten baina, Gelnst! Haserretzea debekatua dago eta iraultza ezinezkoa da haserretu gabe. Pentsa polizia homeopatikoak akabatzen zaituela, orduan ni nintzateke seniderik hurkoena, nik zaindu behar nuke zure gorpua. Hori gertatzen bada akabatuko zaitut!
gelnst: Akabatzen banauzu zuk zaindu beharko duzu nire gorpua.
zprist: Kaka zaharra, ez dago ihesbiderik.
gelnst: Ez da bidezkoa ihesbiderik ez egotea! Kartzelan sartuz gero ere zure hildako guztiekin sartzen zaituzte ziega berean.
zprist: O!
gelnst: Oporretan joanez gero zure hildakoak eraman behar dituzu autoan. Ez da bidezkoa!
zprist: O!
gelnst: Bai!
zprist: Eta seniderik gabeko gorpuekin zer egiten dute?
gelnst: Artistei oparitu, hildakoak nahi bezala jantzi eta haiekin arte lanak egin ditzaten.
zprist: O! Neure buruaz beste egiten badut artelan bilakatuko naiz!
gelnst: Ez, debekaturik dago zure buruaz beste egitea. Suizidatuz gero koltxoiak betetzeko erabiliko zaituzte. Legea da.
zprist: O.
gelnst: Bai... Iraultza behar dugu! Hildakorik gabeko iraultza!
zprist: Ez dakit nola egin daitekeen hori. Eta gainera bakezalea naiz.
gelnst: Bakezalea? Baina hor kanpoan, hildakorik gabeko gatazka bat dago!
zprist: Horregatik naiz bakezalea. Besteek egin dezatela nahi dutena, baina ni bakean utzita.
gelnst: Tristea zara, Zprist! xx. mendean ez zen horrelakorik gertatzen, orduan elkartasuna zegoen, bakea irabazi egin behar zen, guztiontzat izan zedin.
zprist: Orain hildakoek ere ez gaituzte bakean uzten.
gelnst: Ez.
Isilune luzea.