Herio heroi
Oier Guillan
Herio heroi
Oier Guillan
Artezblai, 2010
Herio heroi
Oier Guillan
Artezblai, 2010
[aurkibidea]

 

HITZAURREA

 

Hitzaren dramaturgia,
isiltasunaren poetika

 

Oier Guillan

 

            Azken urteotan teatro-testu era posibleen inguruan esperimentatzeko aukera, zortea eta erronka izan dut. Poesiaren bidetik ezagutu nuen estreinako aldiz teatroaren mundua, Omo taldean gure poemak oholtzara eramateko unean atrilekin konformatu ez eta gidoi bilakatu genituenean. Ordutik poesia teatro-testu gisa harturik ugariak izan dira hainbat proiekturen bueltan sortutako esperientziak eta gogoetak, proiektu horietan elkarlanean buru belarri ibili garenon bidean. Martxa honetako lehen notak hortaz, edozein teatro-esperientziaren baitan bidaide (eta kasik elkarrekin idazle) izan ditudan lagun eta kideekin bat doaz: Metrokoadroka, Mikelazulo, Labea, Dejabu, Omo, Gorria...

 

 

Teatro-testua

 

            Zer nolako testua da teatrokoa? Nolakoa izan behar luke egun?

            Idazlea eta egilearen figurari lotu izan diogu historikoki teatroa, literaturaren baitako genero gisa. Baina, egun teatro-testua literatura da? Kasu batzuetan ez, beste batzuetan bai, bigarren kasuan sarri forma berriak hartuta. xx. mendean sortutako abangoardien haritik testua dramaturgiaren parte bat gehiago bilakatu da kasu askotan, edo izaera propioa duen poetika bat bederen, baina beti ere beste elementuen maila berean. Hitzaren gutxieste bat iduri lezake horrek, baina nire ustez gehiago da berrasmatze bat, ber kokatze bat espresiorako behar berrien aurrean. Ene aburuz antzerki mota ezberdinentzako lekua egon daitekeen (edo egon behar lukeen) moduan testua oholtzan bizitzeko bideak ere anitzak izan daitezke.

            Nire esperientziatik honako hau da egun interesgarriena iruditzen zaidan bidea: teatrorako testua urrun ikusten dut une honetan idazlearen figura klasikotik, eta lotua egotekotan gehiago dago poesiarekin edo hitzaren poetika batekin narratibaren kontzeptuetatik baino. Idazleak teatroa idatz dezake, noski, baina beti ere antzerkiaren mekanismoak ondo ezagututa, bere egoa taldearen mesedetan lekutzeko prest egonik, beste dramaturgien arduradunekin etengabe negoziatzeko eta elkarrekin ibiltzeko adi. Euskarazko letren munduan kexu gara sarri ez delako taularatzen argitaratzen den apurra. Ez nioke argitaratzen den horri balorea inolaz ere kendu nahi, baina hona galdera: idazleek teatroa barrutik bizitzeko ahalegina egiten dute?

            Talde batek (bestelakoa litzateke konpainia-enpresaren eredua) ideia baten inguruan aurrera egiteko erabakia hartzeko unean, idazleak ez ezik besteek ere sentitu behar dute dramaren idazletza ez bada bai behintzat sorkuntza partekatua, funtsean drama hori haiena ere badela. Ez dirudi erraza idazle batek bere etxeko isolamendutik gaia aukeratu, testua idatzi eta jende multzo bat oholtzarako bide luzea egitera bultzatzeko gaitasuna edukitzea. Bestetik, modu horretan argitaratzen diren egungo testuek asetzen dituzte benetan antzezleek esan, sentitu, adierazi nahi lituzketen gauzak?

            Idazleek teatroarekin bizipenean oinarritutako harremana berreskuratu behar lukete, hasteko. Gainera, egungo dramaturgia erei erreparatzeak agian idazteko moduen eguneratze bat ekartzen ahal dio. Bide horretan poesia topatu dut nik askotan, eta ez beti poemaren itxurarekin. Egungo hainbat adierazpen moduen (teatro fisikoa, objektuen teatroa, dantza garaikidea...) ezaugarriek gertuko egiten dute poesia: erritmoagatik, irudi-metaforaren indarragatik, jolaserako gaitasunagatik, isiluneen garrantziagatik. Argia eta itzalaren arteko harremanaren parekoa iruditzen zait oholtza gainean hitza eta isiltasunaren artekoa. Zentzu hertsi batean poesia ez diren teatro-testu askok ere badute neurriren batean poesiatik: gertura begiratuz gero Antzerkiola Imaginarioaren testuak adibide argiak dira, eta beste kasu bat aipatzearren Pablo Barrioren testuek ere badute musikatik eta erritmotik. Aukera ezberdinen isla dira hala ere, Antzerkiolako testuek irakurrita ere balio handia duten arren, beste dramaturgien laguntzarik gabe zailak dira paperean ulertzen; Barriorenak berriz oraindik badute loturarik paperak eskatzen duen arrazoitzeko eta hariak lotzeko beharrarekin. Kanpora begiratuz gero, egun Rodrigo García edo Angelica Liddellen testu batzuek asko dute poesiatik, bertso lerroetan idatziak dauden neurrian, esaldi laburrekin, errepikapenekin, pertsonaia bilakatu gabeko ahotsekin... Sobera urrun ez dauden testuei begiratuz gero kasu interesgarriak dira Thomas Bernhard edo Heiner Mullerrenak, antzerkiaren kontzepzio klasikoarekin lotura handiagoa duten arren.

            Gaitza egiten zait gogoetok plazaratzea esperientziaren oinarria hartu gabe: paperera sortu ditudanean testuak, gehienetan izan da burua azkarrago doalako oholtza gaineko prozesua baino. Hau da, beste lan batzuk oholtza gainerako muntatu bitartean sortutako ideiak jaso izan ditut paperean, bidean gal ez zitezen. Horregatik, onartu beharrean nago, prozesu baten baitan sortutako testuek oso bestelako ibilbidea izan dute, eta haietako asko zailak dira paperean jasotzen: metrokoadrobat, errezitaldietarako poemen arteko loturak...

            Herio heroi eta Arra. Arraroa. paperean sortutako testuak dira, hastapenean ideiak jasotzeko bulkada eta urgentzia horri erantzunez etorri direnak, oholtza gaineko deiari baino gehiago.

 

 

Herio heroi

 

            Herio heroi senari jarraituta idatzitako testua da, inolako planifikaziorik gabe. Zer edo zer esateko barne-behar bati erantzuten dio neurri handi batean, eta ostera izan du oholtzan bere isla. Ainhoa Alberdi eta Amaia Corral aktoreek bizia eman diote Gelnst eta Zprist anaiei, Idoia Beratarbidek jantziekin interpretatu du obraren estetika, Ander Fernandezek musikarekin bezala. Zorionez kasu honetan testuak ihes egin dit eskuetatik, jada ez da nirea.

            Herio heroiren hastapenean absurduaren teatroaren ideia egon zen, aurretik Piezak (2006-09) eta hitzOntzia (2008) proiektuetan probatutako beste lan batzuetan bezala. Munduko jakintsurik tontoena testuak (batBada, 2009) pertsona erreal baten bizitza jaso zuen, eta hor sortutako idazkerari eutsi nahi izan nion modu pertsonalago batean.

            Orain arte absurduak hizkuntza aldetik elkarrizketak sortzeko orduan sentitu izan ditudan mugak gainditzeko eta nire alde erabiltzeko tresna baliagarria iruditu zait. Euskarara ekartzen (gutxietan 'sortzen') diren antzezlan gehienenetan sumatzen ahal den hizkuntzaren artifizialtasun arrotza muturrera eramaten lagundu dit horrek, hizkuntza aldetik espresio propiorako eredu baliagarrien bila hasitako bilaketa oraindik amaitu gabean.

            Herio heroi esperimentazio fasean dago oraindik, ez dakigu zer bide egingo duen. Cafe Bilbaok bere lehiaketan saritu ostean antzezpenetik oso gertu egon diren irakurketa dramatizatuak eskaini ditugu Euskaltzaindiako aretoan, Eztena jardunaldietan eta Topa eszenikan.

 

 

Arra. Arraroa.

 

            Arra. Arraroa.k behar bikoitz bati erantzunez sortutako lana da. Batetik aspaldian kezka eragin didan gai baten inguruan hasi nintzen lanean: zer den gizona izatea, eta horren inguruan gizonezkook sentitu izan ditugun presioak. Jakin badakit jende asko dabilela honen inguruko gogoeta sozializatzen; erreferentzia horiek interesgarriak iruditzen zaizkidan arren senari jarraitu diot oraingoan ere, ez naiz saiatu gaia arrazionalki lantzen.

            Bestetik lan honen estetika hitzaurre honen hasieran aipatutako bilaketaren ildotik doa: poesia eta teatroaren arteko harremanean sakontzea. Testuaren forma bera poesiaren estetikara eraman dut, tonuak batzuetan poesiatik hartzen du batez ere, besteetan teatrotik zentzu hertsi batean.

            Herio heroi idazten amaitu nuenean azkena izango zela erabaki nuen, ez zuela zentzurik horrela idazteak, osterako lanketarako proposamen itxiegia zelako. Denbora luzez egon nintzen ezer egin gabe, indarrak errezitaldi dramatizatuetan bilduz, harik eta Herio heroi oholtzara eraman genuen arte. Orduan, paradoxikoki, idazketaren arra sartu zitzaidan berriro, baina molde ezberdinen bilaketan sakontzeko gogoz. Arra. Arraroa.

            Testu honek badu nolabaiteko egituraketa-hari bat, baina itxi gabekoa. Hori ere interesgarria iruditzen zait testua lantzeko orduan: hitza maite dugunok arreta berezia ematen diogu, baina era berean aktore-sortzaileari aukera eman behar zaio interpretatzeko, bilatzeko, erabiltzeko, materiala sortzeko materialaren gainean. Arra. Arraroa.k Testua baino gehiago lanerako material sorta izan nahi luke, horregatik ausartu naiz idatzi ahala sortu zaizkidan dramaturgiari buruzko iradokizunak gehitzen. Material sorta denez, osorik erabili daiteke, edo zatika, edo eraldatua, edo ordena bihurritua, edo hainbat gauza baztertuta...

            Testu bi hauek jende askoren laguntzaz osatutako bilaketa baten parte dira, hortaz. Zorionez, amaitu ez den bilaketa.