Herio heroi
Oier Guillan
Herio heroi
Oier Guillan
Artezblai, 2010
Herio heroi
Oier Guillan
Artezblai, 2010
[aurkibidea]

 

1. agerraldia

 

zprist “tai chi” egiten dago, gelnst egunkaria irakurtzen.

 

zprist: Zertan ari zara Gelnst, anaiatxo maitea?

gelnst: Egunkaria irakurtzen Zprist, anaiatxo samurra.

 

Isilunea.

 

zprist: Egunkari bat? Uste nuen egunkariek orain ehun urte inguru utzi ziotela existitzeari, hau da, bai, existitzeari.

gelnst: Hala da bai! O, bai! Mundua gatazkatsua izateari utzi zionean egunkariak desagertu egin ziren, orain ehun bat urte. Albiste onak hasi zirenean, porrot egin zuten egunkariek. Hori entzun dut nik, eta hori uste dut ere.

zprist: Eta esku artean duzun hori?

gelnst: Egunkari hau hogeita batgarren mende hasierako egunkari bat da. Iragana oraina baino dibertigarriagoa dela esango nuke.

zprist: O.

gelnst: Bai. Etorkizunaren oraina pobrea iruditzen zait, nola esan, monotonoa, erronkarik gabekoa, kremazkoa.

zprist: Kremazkoa?

gelnst: Bai.

zprist: O, bai.

 

Isilune luzea. Ateko txirrina.

 

gelnst: Hori gure ateko txirrina izan da, ezta? Hau da, gure etxe honen sarreraren atearen ondoan dagoen botoitxoa sakatzean entzun daitekeen soinua, oker ez banago.

zprist: Baietz esango nuke, are gehiago, baietz esango banu ziur aski asmatu ere egingo nuke.

 

Ez dute ezer egiten. Berriro entzuten da txirrina.

 

zprist: Atea ireki behar genuke agian, hau da, txirrina atea zabaldu dezagun joko zuen norbaitek, ezta?

gelnst: Mmmmm... ez naiz inoiz horrelako egoera batean egon... aspaldi zen ez nuela kuriositaterik sentitzen... o... hau malenkonia... edozer gauza egingo nuke zirrara sentitzearren... manifestazio bat, pankarta bat, manifestu bat... mmmmm... behingoagatik masturbatzea ez den zerbait!

zprist: Ez zara zoriontsua, Gelnst?

gelnst: Ez dakit.

zprist: O.

gelnst: Bai.

 

Txirrina entzuten da berriro.

 

gelnst: Atea irekiko dut.

 

Atea zabaldu du. snifst sartzen da abiadura bizian.

 

snifst: Egun on! Berdin! Zer moduz! Ondo? Baita ni ere! Joan gaitezen harira! Snifst dut izena. Herri honetako gobernuko funtzionario mugikorra.

gelnst: Andere honek funtzionario baten antza du Zprist, anaiatxo samurra.

zprist: Bai, tira, hara, baietz esango nuke nik. Are gehiago, berak ere funtzionarioa dela esan du.

 

snifst begiratzen dute arretaz.

 

zprist: Zergatik mugitzen da horrela?

gelnst: Gobernuko funtzionarioek dute estresa eta zirrararen monopolio legala. Sistemak funtzionatu dezan eman zaien pribilegioa.

zprist: O.

gelnst: Bai.

zprist: Oso jakintsua zara Gelnst, anaiatxo maitea.

gelnst: Dena dago liburuetan Zprist, anaiatxo samurra.

snifst: Harira hortaz! Zprist eta Gelnst jaun edo andere txit gorenen bila nator.

zprist: Leku aproposera etorri zarela esango nuke nik.

gelnst: Baita nik ere... ondo baderitzozu.

zprist: Bai, ondo deritzot, noski.

snifst: Oso ondo! Gobernuak esleitu didan botereen arabera etxe honetan egun bi barru xx-top legearen Z artikuluko 2.323. azpi-aipamena beteko dela jakinaraztera natorkizue.

gelnst: Ez da posible!

zprist: Hara! Ahotsaren tonua aldatu zaizu Gelnst, anaiatxo maitea!

snifst: xx-top legea betetzea guztiz eta arras posiblea da.

zprist: O! Zertaz ari da hitz egiten emakume hau, Gelnst?

gelnst: Mundua aldatu zuen legeaz, Zprist!

zprist: Zertaz ari zara? Urduri jartzen ari naiz, eta ez nago batere ohituta.

gelnst: Ezta ni ere, Zprist, ezta ni ere.

snifst: xx-top legearen Z artikuluko 2.323. azpi-aipamenak dioenaren arabera, jaiotzez jaio den pertsona orok familia, adiskidetasun edo fantasia sexualei dagokionez hildako batekin loturarik izanez gero, hildakoaren gorpua bere gain hartu beharko ditu, behin hildakoa hil dela noski.

zprist: Zertaz ari da, Gelnst, ene anaiatxo maitea?

gelnst: Gehiago irakurri behar zenuke, Zprist, ene anaiatxo samurra. Begira. Irakurtzen ari naizen egunkari zahar honetan azaltzen da berria: “Hildakoek usteltzeari utzi diotenetik mundua gorpuekin bete da. Horren ondorioz mundu osoan ezarriko den lege berriaren arabera, guztiz debekatua geldituko da gatazka edo gerra sor dezakeen ezer egitea, haserretzea edo estresatzea barne”.

zprist: O! Hildakoen gorpuen berri banuen, noski, baina ez nekien garai batean usteltzen zirenik.

gelnst: Usteldu eta are desagertu ere, bizidunen bizitzatik, memoriatik.

snifst: Are gehiago esango nuke nik, alegia, diot, horri esker sartu zen gure gizartea bakearen aro infinituan.

zprist: O!

gelnst: Bai. Orduan bukatu ziren iraultzak, jada ez zegoelako munduan zer hobetu.

snifst: Eta horren guzti horren ondorio zilegi eta ohoretsuetako bat da, hain zuzen ere, xx-top legearen Z artikulua, zeinean, bizidunok gure hildakoen ardura hartu behar dugun, haiek zaindu eta baldintza onetan gorde, munduaren pisua denon artean har dezagun.

zprist: Baina... gu umezurtzak gara ordea.

snifst: Hori ez da guztiz egia, are gehiago, zera esango nuke nik, egia ez da guztiz hori. Izan ere, diot, hau da, jaio nonbaitetik jaio baitzineten, eta gobernu txit homeopatikoaren eskutik funtzionario honi, hau da, niri, heldu zaion txostenean azaltzen denez, izan baduzue aitarik, aita biologikoa esan genezakeena, orain gutxi hil eta gorpu bilakatu dena, hain zuzen ere.

gelnst: Hara...!

zprist: Gure aita ezagutu ahal izango dugu?

snifst: Hori da, hau da, alegia, hori da hori, diot, bai, ezagutuko duzue, nolabait eta neurri batean bada ere.

gelnst: (Kezkatu antzean) Hara...!

 

zpristek gelnst besarkatzen du.

 

zprist: Momentu historikoa da hau guretzat, Gelnst, anaiatxo maitea!