Aurkibidea
Hitzaurrea Oier Guillan
Aurkibidea
Hitzaurrea Oier Guillan
5. agerraldia
zprist: Zer egingo dugu orain, Gelnst?
gelnst: Ez dakit, Zprist. Ez zenuen berarekin hitz egin nahi?
zprist: Bai. Baina orain ez zait ezer bururatzen.
gelnst: Lasai, urteak dituzu aurretik pentsatzeko.
zprist: Bai, baina... ez dakit... zer edo 2er sentitzea espero nuen.
gelnst: Zer edo zer sentitu?
zprist: Bai. Tira, ez dakit... Zuk ez diozu ezer esan behar?
gelnst: Nik? Ez. Ezezagun bat da niretzat. Are gehiago, ez dut uste bera denik.
zprist: Nola ez dela bera?
gelnstek albo batera eraman du zprist, ahapeka hitz egiten dute.
gelnst: Susmoa dut hau ez dela gure aita. Ez dakit nor den tipo hau.
zprist: Baina Gelnst... paperean argi eta garbi jartzen du...
gelnst: Noiztik esaten dute egia paperek...
zprist: Baina Gelnst... zergatik uste duzu ez dela bera...?
gelnst: Sekretu bat aitortuko dizut. Gure aitak zera zuen... eztarriko karranka kronikoa.
zprist: Eztarriko karranka kronikoa?
gelnst: Karranka kronikoa.
zprist: O... nolakoa?
gelnst: Horrelako zerbait zen... ejum jjjmmmnn...
zprist: O... probatu dezakezu agudoak sartzen...?
gelnst: Ellum lllmmmnnn...
zprist: (Gogoratu balu bezala) O, bai!
gelnst: (Pozik) Gogoratzen duzu?
zprist: Ez.
Isilunea. Pentsakor gelditzen dira.
zprist: Aizu Gelnst, anaiatxo maitea.
gelnst: Zer Zprist, anaiatxo samurra?
zprist: Zergatik hitz egiten dugu horrela?
gelnst: Horrela... nola?
zprist: Horrela... ahapeka.
gelnst: Zergatik zergatik?
zprist: Ez dakit konturatu zaren baina, ezin gaitu entzun, hilik dago...
gelnst: Zer? A, bai, noski... A, bai, noski!!! Zer uste duzu ba, hildako baten beldur naizela? Mesedez!
zprist: Ba nik zer edo zer esan nahi nioke baina ez dakit zer. Azken finean gure aita da.
gelnst: Ez ezazu hitz hori aitatu ere egin! Aizu Zprist, zuk ez duzu barkamen-terapia bat egin joan den hilean?
zprist: Joan den hilean... ua! (Izututa) Joan den hilean! Nola egingo dut ba terapia joan den hildako baten gainean.
gelnst: Heldu den hilean egin dezakezu.
zprist: Zer ari zara, hilean behin ilea erortzen zait urduritasunarekin!
gelnst: Ondo da, ondo da...
zprist: Tira, saiatuko naiz. Barkamen terapia demokratiko bakezale homeopatikoa... ondo da... Barrenak hustu, hori zen lehenengo lezioa, barruan ezer ez gordetzea.
(Buelta eman eta hildakoari begiratzen dio aurpegira. Arnasa sakon hartzen du)
Aita... zurekin hitz egin nahi nuke... zergatik egin zenuen egin zenuena! zergatik egin zenuen egin zenuena nik egin zenuen hori gogoratzen ez dudan arren! zergatik ari zara orain zergatik egin zenuen egin zenuen hura alegia egin zenuena zergatik egin zenuen jakingo bazenu bezala egiten egin zenuena egin zenuela ere nik egin zenuen hori gogoratzen ez dudan arren!!!
gelnst: Zprist...
zprist: zer!?
gelnst: Kontuz bortizkeriarekin... isuna jarriko dizute eta.
zprist: Itxoin, bigarren lezioa falta da: aurpegia astinduko diot orain.
gelnst: Astindu? Baina hori al da barkamen terapia?
zprist: Noski. Gero berak barkatu behar nau ni.
gelnst: Baina zu ez zara bortizkeriaren aldekoa.
zprist: Noski ezetz! Baina bortizkeria hau legala da, ofiziala, homologatua! Gida baimeneko puntuak itzultzen dizkizute!
gelnst: Tira, tira, utz dezagun beste baterako.
zprist: Zer? Baina ez al zinen zu bortizkeriaren aldekoa? Iraultza egin nahi zuena?
gelnst: Bai, baina desobedientzia zibila erradikala da erabili nahi dudana, buruak barrutik astindu, gizartea barrutik eraldatu.
zprist: (Lasai bat batean) O, eta nola egiten da hori, Gelnst, anaiatxo maitea?
gelnst: Ekintza sinbolikoak eginez, ekintza sinbolikoak zeinetan norbera den eredu!
zprist: Adibidez?
gelnst: Egia esan, ez dakit. Adibidez, zer egingo dugu berarekin?
zprist: Norekin?
gelnst: Badakizu... (Ahapeka) Berarekin...
zprist: U! Aitarekin! Ba, ez dakit, egia esan. Etxe honetan ez dugu leku askorik. Non jartzen dira hildakoak etxe batean? Gure argazki albumean ez da sartuko.
gelnst: Horixe bera ba! Hori izango da gure ekintza sinbolikoa!
zprist: Zein?
gelnst: Zergatik onartu behar dugu bidezkoa ez den lege batek dioena?
zprist: Gehiengoak onartu duelako?
gelnst: Eta gehiengoak ez badu arrazoirik?
zprist: Ba orduan... orduan... orduan bortizkeria subentzionatu homologatuaren aukera dago.
gelnst: Horixe ba! Horri egin behar zaio aurre! Gainera, gauza bat esango dizut: ez da egia legearen jabe direnek gehiengoa direnik.
zprist: A, ez? Zergatik?
gelnst: Gizartearen gehiengoa hilik dagoelako. Hildakoek usteltzeari utzi ziotenetik gehiago dira hildakoak.
zprist: Baina beraiek ezin dute hitz egin.
gelnst: Horixe ba! Ahotsa emango diegu hildakoei ekintza sinboliko baten bidez!
zprist: Bai zera! Bestela ere nahiko lan badugu hildako hau etxean non gordeko dugun erabakitzen!
gelnst: Hortxe dago koxka. Munduari erakutsiko diogu ez dagoela hildakoentzat lekurik, eskubidea dugula bizirik gaudenok gure bizitza egiteko, iraganarekiko morrontzarik gabe! Hildakoek ere bakean bizitzeko eskubidea dute, gehiengoa dira eta ez dute bizi baldintza onik gure artean!
zprist: Seguru zaude ez dagoela lekurik hildakoentzat gure artean?
gelnst: Froga dezagun gure tesia.
gelnstek eta zpristek hildako batetik bestera daramate, ondo geldituko den lekuaren bila.
gelnst: Bainuontzian!
Mugimendua.
zprist: Ez, ez, horrela ezin dut. Ezin naiz biluztu hildako bat nire zakilari begira edukita.
gelnst: Sexu organoen intimitate eskubidearen urraketa! Hildakoen dutxatzeko eskubidearen urraketa! Ohean!
Mugimendua.
zprist: Ez, ez, horrela ezin dut. Eta zurrunga egiten badu zer? Lurpean dagoena ez du inork entzuten, baina nire ohean zurrunga egiten badu... gainera ezin zaio esnatu zurrunga egiteari utz dezan esateko...
gelnst: Bizirik gaudenok amesteko dugun eskubidearen urraketa! Hildakoek zurrunga egiteko duten eskubidearen urraketa! Garbigailuan!
Mugimendua.
zprist: Ez, ez, horrela ezin da. Eta hildakoa garbigailuan zorabiatu eta botaka egiten badu arropa gainean?
gelnst: Bizidunok arropa garbitzeko dugun eskubidearen urraketa! Hildakoek ez zorabiatzeko duten eskubidearen urraketa! Armairuan!
Mugimendua.
zprist: Ez, ez, horrela ezin da. Ezin dugu gure aita arropa behar dugun bakoitzean armairutik atera. Nola aterako dugu armairutik ez badugu bere aukera sexuala ezagutzen?
gelnst: Bizidunok arropa lisaturik gordetzeko dugun eskubidearen urraketa! Hildakoek bere aukera sexuala agerian uzteko edo isilean gordetzeko duten eskubidearen urraketa! Bila dezagun beste leku bat.
zpristek bizkar gainean hartzen du eta bueltaka hasten dira.
gelnst: Hozkailuan...! Komunean eserita...! Arroparekin batera zintzilik leihoan...!
Mugimendua.
zprist: Ezin dut gehiago, Gelnst. Lehertuta nago. Ez dakit non utzi. Bizkarrean eraman beharko dut beti...
gelnst: Horixe da, anaiatxo! Topatu duzu gure ekintza sinbolikoaren funtsa!
zprist: A... bai?
gelnst: Hildakoak bizkarrean ditugula bizi beharko gara, munduak ikusi beharko du arazo honen neurria! Hildakoen pisua bizkarrean dugularik, mundua mantsoago mugituko da! Egin dezagun iraultza! Zu zeu hasiko zara, anaiatxo!
zprist: Ni? Ezbaian jartzen dut ohore eztabaidaezin hori, Gelnst, anaiatxo maitea.
gelnst: Ez da zalantza egiteko unea, iraultzaren unea baizik! Irten zaitez kalera, erakutsi iezaiozu munduari iraganaren pisua!
zprist: Banoa. (Geldiunea) Nora noa baina?
gelnst: Garrantzitsuena ez da nora, nola baizik!