Aurkibidea
Hitzaurrea Oier Guillan
Aurkibidea
Hitzaurrea Oier Guillan
3. agerraldia
zprist: Nolakoa zen gure aita?
gelnst: Ez dakit.
zprist: Ez duzu gogoratzen?
gelnst: Ez dut gogoratu nahi.
zprist: Zu ni baino helduagoa zinen etxetik joan zenean. Zergatik ez duzu gogoratu nahi?
gelnst: Iragana hilda dago.
zprist: Bai, baina iragana itzultzen da beti.
Isilunea.
zprist: Saia zaitez, arren, saia zaitez zerbait gogoratzen!
gelnst: Baina... ez duzu ikusten lanpetua nagoela?
zprist: Zertan ari zara ba?
gelnst: Iraultza bat ari naiz prestatzen.
zprist: A bai? (Begira gelditzen zaio arretaz) Eta zer ari zara ba egiten iraultza prestatzeko?
zprist: Ez.
gelnst: Saiatu zaitez hobeto, ea zer edo zer ikasten duzun.
zprist: (Saiatzen da)Ba. ez, ez dakit.
gelnst: Ez duzu ezer ulertzen, Zprist. Pentsatzen ari naiz, pentsatzen! Zer da pentsamendu politikorik gabeko iraultza bat? Zer lirateke xx. mendeko iraultza haiek pentsalaririk, teologorik, manifestu idazlerik gabe?
zprist: O, barkatu. Ba segi, segi... (Zeharka begiratzen du) Ba ni iraultza egitea zer edo zer zirraragarria izango zelakoan nengoen.
gelnst: Baita ni ere. Gainera ez zait ezer bururatzen.
zprist: Horretarako nahiago dut masturbatu intsentsua jarrita.
gelnst: Nola sortu ote zen marxismoa? Eta komunismoa? Eta sozialismoa? Zer ordu zen? Zer eguraldi egiten zuen? Ba ote zebilen jenderik kalean?
Isilunea.
zprist: Aizu Gelnst! Nolakoa zen aita?
gelnst: Ez dakit.
zprist: Ez duzu gogoratzen?
gelnst: Ez dut gogoratu nahi.
zprist: Zu ni baino helduagoa zinen etxetik joan zenean. Zergatik ez duzu gogoratu nahi?
gelnst: Iragana hilda dago.
zprist: Bai, baina iragana itzultzen da beti.
Isilunea.
zprist: Saia zaitez, arren, saia zaitez zertxobait gogoratzen!
gelnst: Ezin dut! Oso txikiak ginela joan zen.
zprist: Baina Gelnst, zuk hemezortzi urte zenituen.
gelnst: Bai, eta zer, oraindik ez nintzen nahikoa bizitakoa, esperientzia politikoari dagokionez ez nuen bizitza ezagutzen. Badakizu, egungo haurrak hogeita hamar urte bete arte ez dira gazte kontsideratzen.
zprist: Mesedez...
gelnst: Ez dut ezer gogoratzen.
zprist: Mesedez...
gelnst: Baina... zertarako nahi duzu gure aita gogoratu? Haurrak ginela joan zen, bakarrik utzi gintuen! Nola utz daitezke atzean hemezortzi urteko haur bat, eta hogeita bosteko bere anaia txikia.
zprist: Zer esan duzu, Gelnst? Nik hogeita bost urte nituen?
gelnst: Bai, Zprist, anaiatxo samurra.
zprist: Hau poza! (Ispiluaren aurrean) Oraindik gaztea naizela esango nuke ba.
gelnst: Bai, Arantzazun egindako eusko labeleko “first comunion body milk” hartzen hasi zinenetik, asko aldatu zara.
zprist: Hogeita bost urte nituen aitak utzi gintuenean... o... eta orain... zenbat ditut orain?
gelnst: Berrogeita hamabost.
zprist: O, bai gizarte aurreratua, gurea! Zer litzateke Euskal Herria “first komunion body milk” gabe? Zer gehiago ez dut gogoratzen gure haurtzaroaz, anaiatxo?
gelnst: Ez dakit, denbora asko pasa da.
zprist: Nolakoa zen aita?
gelnst: Ez dakit.
zprist: Ez duzu gogoratzen?
gelnst: Ez dut gogoratu nahi.
zprist: Zu ni baino helduagoa zinen etxetik joan zenean. Zergatik ez duzu gogoratu nahi?
gelnst: Iragana hilda dago.
zprist: Bai, baina iragana itzultzen da beti.
Isilunea.
zprist: Saia zaitez, arren, saia zaitez zerbait gogoratzen!
zprist: Nik ez dut ezer gogoratzen, eta gogoratu nahi nuke.
gelnst: Zertarako nahi duzu gogoratu? Gauza garrantzitsuagoak daude munduan.
zprist: Adibidez?
gelnst: Adibidez... adibidez... gosea! Egin dezagun iraultza arazo hori konpontzeko!
zprist: Jada ez dago goserik Gelnst. Gobernu txit homeopatikoak konpondu egin zuen gatazka hori, hildako gehiegi egon ez zedin.
gelnst: Ba adibidez... adibidez... emakumeen aurkako bortizkeria! Egin dezagun iraultza, haiek askatzeko!
zprist: Jada ez dago bortizkeriarik Gelnst. Gobernu txit homeopatikoak konpondu egin zuen gatazka hori, hildako gehiegi egon ez zedin.
gelnst: Ba orduan... orduan... haur soldaduen gatazka...
zprist: Ez dago...
gelnst: Kapitalismoaren eragina langileengan...
zprist: Ez dago...
gelnst: Euskal gatazka...
zprist: Ez dago...
gelnst: Hizkuntza gutxituak...
zprist: Ez dago...
gelnst: Herri indigenak...
zprist: Ez dago...
gelnst: Ba orduan... orduan... memoria historikoa! Egin dezagun iraultza munduko diktadurek eraildakoen ametsak, poemak eta memoria suspertzeko!
zprist: Hori ere konpondu zuten, Gelnst, zuk esan duzu lehen: gatazkak sortzen zituzten gauza guztiak debekatu eta are konpondu zituzten, hildakoen kopurua murrizteko. Non sartu hildakoak bestela?
gelnst: Baina zer mundu klase da hau? Zer da pertsona baten bizitza elkartasunik gabe, borrokatzeko arrazoirik gabe, mundu hobeago bat eraikitzeko grinarik gabe?
zprist: Nahi duzu body milk?
gelnst: Ez dut nahi body milk!
zprist: (Gorputzean krema zabaltzen) Ez dago munduan demokrazia baino sistema hidratatzaileagorik... hau bakea...
gelnst: Badakit! Debekuaren kontrako iraultza! Zer da bizitza aukeratzeko aukerarik gabe? Askatasunik gabe azken batean?
zprist: Bakean bizi zaitezkeen arren gatazka aukeratuko duzu? Horretarako nahi duzu askatasuna?
gelnst: Gatazkarik ez dudala nahi aukeratzeko lehenik aukeratzeko aukera eduki behar dut!
zprist: Baina bortizkeria sortuko da...
gelnst: Bai...
zprist: Ez dizut utziko...
Elkarri begira borrokan hasteko zorian, tentaturik. Lasaitzen dira azkenean.
gelnst: Ez da bidea...
zprist: Ez...
Isilune luzea. zprist “tai chi” egiten hasi da, gelnst irakurtzen.
zprist: Zer ari zara irakurtzen, Gelnst, anaiatxo maitea?
gelnst: Iragana, Zprist, anaiatxo samurra.
zprist: Eta... dibertigarria da?
gelnst: Ez dakit. Baina zer pentsatua ematen du.
zprist: O.
gelnst: Bai.
Isilunea. Berean jarraitzen dute.
zprist: Aizu Gelnst! Nolakoa zen aita?
gelnst: Ez dakit.
zprist: Ez duzu gogoratzen?
gelnst: Ez dut gogoratu nahi.
zprist: Zu ni baino helduagoa zinen. Zergatik ez duzu gogoratu nahi?
gelnst: Iragana hilda dago.
zprist: Bai, baina iragana itzultzen da beti. (Isilunea) Ez duzu gogoratzen mendira joan ginen eguna?
gelnst: Gurekin haserretu eta bakarrik utzi gintuen aldi hura?
zprist: Bai.
gelnst: Ez, ez dut gogoratzen.
zprist: Ezta nik ere. Eta etxera kaletik alai eta dantzatzen iristen zenekoa?
gelnst: Mozkorrik etortzen zenekoa esan nahi duzu?
zprist: Bai.
gelnst: Ba ez, ez dut gogoratzen.
zprist: Ezta nik ere. Eta amari izugarri maite zuela esaten zionekoa?
gelnst: Eskuak lepoan jarrita esaten zionekoa esan nahi duzu?
zprist: Bai!
gelnst: Ba ez, ez dut gogoratzen.
zprist: Ezta nik ere. Eta ikastolan gure futbol taldearen entrenatzaile ibili zenekoa, oroitzen duzu?
gelnst: Beti oihuka, lagun guztien aurrean barregarri uzten gintuenekoa?
zprist: Bai!
gelnst: Ba ez, ez dut gogoratzen.
zprist: Ezta nik ere. Eta etxetik joan zeneko eguna, oroitzen duzu? Agur esan zigun muxu bana emanda.
gelnst: Ama ere joan zitzaigun egun horretan. Joanarazi egin zuen. Egun hura diozu?
zprist: Bai.
gelnst: Ba ez, ez dut gogoratzen.
zprist: Ezta nik ere. (Larritzen) Erbestera bidali ote zuten gure aita amarekin bortizkeria erabiltzeagatik?
gelnst: Ez dakit, ez dut oroitzen.
zprist: Ezta nik ere. Arraioa, ez dut ezer oroitzen!
gelnst: Hori demokrata zarelako da.
zprist: Zer esan nahi duzu?
gelnst: Demokraziak gizarteari gertatu zaion gezurrik handiena da. Demokraziak ahanzturan berdintzen gaitu.
zprist: Baina zer diozu! Demokraziari esker dugu bakea! Demokrazia eskubideen berdintasuna da!
gelnst: Demokrazia berdintasuna da. Eta kito. Ezberdina desagerraraztea da demokrazia. Denok historia berdina izatea. Denok gauza berak oroitzea. Denok gauza berak ahaztea.
zprist: O, iraultzaileak hitz egin du, oroimen selektiboa eta partziala duena.
gelnst: Nire historia ezkutuan oroitzera behartzen dit demokraziak.
zprist: O, zu bai iraultzailea! Zure haurtzaroa ezabatu egin duzu burutik, nahi duzuna oroitzen duzu soilik!
gelnst: Ez da egia. Injustiziarekin amaitzeko gogoaren oroitzapena gelditzen zait.
zprist: Iraultzaileak dira egoistarik handienak!
gelnst: Zuk ere ahaztu duzu.
zprist: Bai, baina demokratikoki, modu baketsuan.
gelnst: Gizartea hipokritaz beterik dago.
zprist: Ezkertiar memeloa! Zer egin zenuen zuk zure ama defendatzeko?
gelnst: Negoziatu. Elkarrizketa bultzatu.
gelnst: Ez elkarrizketa, eta ez elkar hilketa ere. Ama joan zitzaigun aitaren eskuetan. Ikusi zertarako balio duen demokraziak! Zer edo zer gertatzen denean ezer ez egiteko!
zprist: Ikusi zertarako balio duen iraultzak, zer edo zer gertatzen denean dena izorratzeko!
Bien arteko giroa berotzen, borroka tentaldia.
gelnst: Grrrr...
zprist: Ugnst...
Borrokan hasi dira, bortizki hasieran, baina azkenean gozamenez.
gelnst: Hau zoragarria da, Zprist, anaiatxo samurra!
zprist: Hau zirraragarria dela gehituko nuke nik, Gelnst, anaiatxo maitea!
gelnst: Ezin dut ulertu nola dagoen debekatua.
zprist: Nik ulertu dezaket, eta hala ere...!
gelnst: Gora masturbazio dialektikoa!
zprist: Gora masturbazioaren elkartasuna!
Bakoitza bere buruari hasi zaio joka, gozatzen.