Arrain ontzia
Aizpea Goenaga
Arrain ontzia
Aizpea Goenaga
Atenea, 2009
Arrain ontzia
Aizpea Goenaga
Atenea, 2009
[aurkibidea]

 

—VI—

 

Mugikor batek joko du. ionek mailua utzi eta anarekin telefonoz hitz egiten duen bitartean, eszenatokira sartuko da.

 

ION: Bai? (...) A, zer? (...) Joder, Ez dakidala esaten ez dizut ba!. Nik ez dudala ba gauza horietaz ulertzen, bestela neu joango nintzen erostera, eta kito! (...) Aurpegirako kremarik ez, joder. Amak ez ditu horrelako zerrikeriak erabiltzen. Ez dakit ba, opari dendaren batera joan eta (...) Joder. Erosi iezaiozu gogoak ematen dizuna, eta utz nazazu bakean, lanean ari naiz eta.

 

ionek telefonoa eskegi eta mailuka jarraituko du. ana sartuko da eskuetan poltsa bat duela, etsita dator.

 

ANA: Listo. Azkenean. Eskerrak. (ioni ozen deika) Ion, hor al zaude? Iritsi naiz. Zatoz erosi dudana ikustera. Ezer ez. Ez du erantzuten. Pareta bati ariko banintzaio bezalaxe. Ion!

 

Eseri eta zapatak kentzen hasiko da.

 

            Ez dakit zertan dabiltzan politikoak, zientifikoak, ezta munduko jakintsu guztiak. Arazoa oso sinplea da: Zorion falta. Konpontzeko zerbait topatu beharko lukete eta listo.

            Pilulatxo bat, eta kito! Denak poz-pozik. Baina, ez dute nahi. Ez, zeren ez litzateke gerrarik egongo, ezta indarkeri arazorik ere, eta ondorioz, heroirik ere ez. Gera dadila mundua hala ez bada. Gerrak daudela? Armak saltzen dituzte. Emakumeen kontrako indarkeria dagoela? Psikologoak eskaintzen dizkizute. Eta zer ematen didate niri? Zoriontasuna ematen didate? Ez.

            Nire senarrarengandik babesteko harrera pisu horietako batera eramaten naute. Baina, bizitza aldatzen didate? Ez. Gainera, salatu izanagatik, nirekin erabat sutan egongo litzateke bera, nire atzetik gau eta egun eta ni, erabat izututa. Bai... Horretan ere pentsatu dut, baina hori ez da irtenbidea. Ez, ez da. Mundu hau, arrainontzi bat bezalakoxea da, ez zaude ondo ez barruan, ezta kanpoan ere. Eta ni, hemen, ito egiten naiz. Baina, zer daukat kanpoan? Bizitza hobeago bat al daukat? Ezinezkoa da arrainontzi batetik itsaso zoragarri batera salto egitea. Itsasoa ez da zoragarria. Ez dago ihesbiderik. Arrainontzi barruan geratu behar duzu, zeure kaka jaten, zerorrek botatako kaka jaten. Erosi genuenean polita zen! Zaindu egiten genuen, arreta eskaintzen genion, baina orain...

            ... Ion, zatoz zure amarentzako erosi dudan oparia ikustera, ea zer iruditzen zaizun. Eta mugi, berandu iritsiko gara-eta. Eta zure aita oso urduri jartzen da.

ION: Nire aita da eta badakit nola jartzen den. Nire familiaz nik baino gehiago dakizu, ala?

ANA: Zergatik ez duzu jaka urdina janzten? Oso ondo geratzen zaizu.

ION: Beste hau jantzi dudalako, eta kito. Nire gurasoen etxera goaz, ez Ritz-era.

ANA: Baina jaka horrekin oso ondo zaude, eta zure amari ilusioa egingo dio.

ION: A ze tontakeria! Utz nazazu bakean!

ANA: Nik, zure amak gustuko duelako esaten dizut...

ION: Joder, ze betegarria zaren. Niri buruko mina jartzeko asmotan al zabiltza edo zer?

ANA: Ea, kontuz ireki paketea, eta bitartean jaka ekarriko dizut.

ION: Jaka puta horrekin ederra ematen ari zara!

 

ionek paketea irekitzen duen bitartean, ana desagertu egingo da. Arduraz ireki eta oparia begiratzen du, emoziorik gabe, keinurik gabe. ana jaka urdinarekin dator.

 

ANA: Zer, zer iruditzen?

 

Isilunea. ana okerrena pentsatzen hasita dago.

 

ANA: Ez al zaizu gustatu? Esan ba zerbait. Gustatzen ez bazaizu, alda daiteke. Baina niri oso dotorea iruditzen zait eta gainera ...

ION: (Moztuz) Dotorea? Zapi merke kaka puta hau dotorea? Zu tuntuna zara, edo ze? Ze uste duzu, nire amak hau jantziko duela? Behin eskatuko dizut, behin, amari ilusioa egingo dion opari bat erosteko, eta zerrikeria kutre hau erosi diozu.

ANA: Ez dela kutrea, benetan. Diseinuzko...

ION: Ergela naizela uste duzu? Zuk tontotzat hartzen nauzu, edo zer?

ANA: Tira Ion, ez zaitez horrela jarri, gaur ez, gaur joan egin behar dugu-ta.

ION: Ez duzu ba pentsatuko opari txatxu puta honekin amarenera joateko adorerik dudanik, ezta?

ANA: Ion, mesedez, gaizki jartzen ari naiz. Nahikoa da. Zapi bat baino ez da, uztazu.

ION: Zapi bat ez, nire ama da! Min emateko egiten duzu, ezta? Ni izorratzeko. Nire anaiek sekulako oparia eraman baietz! Eta ni, zerrikeria honekin, arlote baten moduan geratuko naiz orain ere...

ANA: Ion, markakoa dela ba.

ION: Marka? Marka? Nire amarekiko mespretxua azaldu nahi duzu, ezta? Gu guztion gainetik zaudela aditzera eman nahi diguzu. Ez duzu ezer esaten, beti isilik, arkakuso bat bezala, beti hozkada egiteko prest. Behin mesede bat eskatuko, mesede bakar bat, eta zuk, zure familia gurea baino gehiago dela erakusteko aprobetxatzen duzu. Zu, gu guztion gainetik zaudela erakusteko.

ANA: Ion, lasaitu zaitez. Nik ez nuen ezer gaizki egin nahi. Zin egiten dizut.

ION: Zuk ez duzu sekula ezer gaizki egin nahi. Sekula ezer egiten ez duen zorria zara, ezta? Ez, jakina, zuretzat ez da nahikoa niri bizitza izorratzea... Ze hori da zure asmoa, ezta?

ANA: Ezetz ba, Ion...

ION: Ni izorratzearekin nahikoa ez eta nire familia ere izorratu behar duzu... Hutsaren urrengoa zara, puta bat, zoritxarreko putakumea, ergela... puta zerri nazkagarri alu bat

ANA: Uztazu Ion, ez, ez, ez. Mesedez.

 

ionek mailua hartu eta etengabeko kolpeak ematen hasiko da, edo besterik gabe, kolpe hotsak entzungo ditugu.

 

ANA: Itotzen ari naiz. Ezin dut arnasik hartu; airea falta zait.

            Lagundu! Inork ez dit lagunduko. Inork ere ez.

            Giltzaperatuta nago. Itotzen ari naiz. Ez. Ez. Mesedez.

            Lagundu. Hemendik salto egiten badut, hil egingo naiz, eta hemen barruan, ito egiten naiz. Zerbait ederra pentsatu behar dut, bizitzaz gozatu behar dut.

 

Arnasa sakon hartzen du, oroitzapen eder bat topatu nahian, irribarre egin nahian.

 

            Joan den egunean, hotel zoragarri batean nengoela amets egin nuen, filmean bezala, ohe handi bat zuen eta luxuzko izarak. Dena zen luxua... ez nekien zer egiten nuen han, baina arraina uretan bezala sentitzen nintzen. A ze gozamena! Eskerrak ametsei!

            Bat-batean, handik atera nahi nuen, eta ezin! Atea giltzaz itxita zegoen. Oihu egin eta atea kolpatu nuen. Inork ez zidan kasurik egiten. Barreak entzuten nituen atearen bestaldean, eta atea irekitzeko eskatu nien behin eta berriz.

 

Barreak entzungo dira.

 

            Baina, gero eta ozenago egiten zuten barre, eta ozenago eta ozenago. Lurrera erori nintzen leher eginda, ezin nuen gehiago. Barreak nitaz trufatzen jarraitzen zuten. Ezin nuen baina lurrean eserita geratu, ez nuen han sartuta egon nahi. Eta... halako batean, ez zegoen aterik. Korrika hasi eta eskailera izugarri batzuk jaitsi nituen. Jaitsi eta jaitsi, jaitsi eta jaitsi... eta hura ez zen inoiz bukatzen. Barreak entzuten jarraitzen nuen.

            Handik atera nahi nuen, baina halako batean, eskailera puskatuta zegoen. Ez zegoen ez hoteleko errezepziorik, ezta ezertxo ere. Kolpetik, lorategi baten erdian nengoen, kolorez betetako loreak zituen, lorategian. Baina... loreak plastikozkoak zirela konturatu nintzen. Hilerrietan egoten diren loreak ziren. Korrika hasi nintzen berriz, handik urrundu nahi nuen. Eta... akabo loreak.

            Desertu baten erdian nengoen. Oinutsik nindoan eta bideko harri eta arantzek min ematen zidaten. Odoletan nengoen, baina odola ez nuen oinetatik isurtzen, ez. Sudurretik isurtzen zitzaidan , ezin gelditu. Nire soinekoa odolez zikintzen ari zitzaidan, isuritako odola... izerdiarekin nahastutako odol beroa, aurpegian irristaka, bularretik behera...

 

Lurrera eroriko da.

Sudurretik odola dariola, soinekoa zikintzen dion odol jarioa.

 

            Ametsik gozoenak ere amesgaizto bihurtzen dira. Arrainontzirik politenak ere, gero, horitu egiten dira. Bertako arrainen kakaz betetzen dira. Baina ez dakit nora joan. Ez dakit zer egin.

            Ezin dut amesgaizto honetatik atera... korri egiten jarraitu behar dut. Arrainontzi honetatik ere ezin dut atera. Aurpegia kristalaren kontra jarri besterik ezin dut, eta bueltak eta bueltak eman, nora noan jakin gabe. Egun hobeago baten esperoan. Filma batean Julia Robertsen lagun itsusia izan nahiko nuke, edo jendez gainezka dagoen plaza bateko jendearen txaloak jaso... esan nahiko nieke... Ezin dut. Gezurra da. Ezin dut ametsetan bizi. Ezin diot nire buruari gezur gehiago esan.

            Ezin dut isiltasuna estaltzeko hitz egiten jarraitu. Unibertsoa saldu dut. Tuntun alaena! Amets honetatik atera nahi dut, korrika egiteaz nekatuta nago. Hemen egoteaz nekatuta nago. Ez ditut mailukadak entzun nahi, ez dut paisaia hau ikusi nahi. Ez dut bere barkamenaren zain egon nahi. Ezin dut gehiago. Hemen barruan ito egiten naiz, ito. Hor kanpoan ez dakit arnasik hartzeko gai izango ote naizen. Bizitzeko gai izango ote naizen. Hor kanpoan nor altxako da niri laguntzera?. Inork ez daki zer egin. (Ikusleak seinalatuz) Ba al dago lagunduko nauen inor? Inork laguntzerik bai?

 

Erantzunik ez jasotzean aurrera eginez.

 

            Berdin da. Norberak bere arazoak ditu, ezta? Nik ez ditut ikusi nahi izan, eta orain... Zorabiatuta nago. Nekatuta nago. Ez daukat indarrik. Nekatuta nago. Ez daukat indarrik.

 

Ahotsaren indarra jaitsiz doa, zurrumurru bat izan arte.

Tentsioz betetako isilune honetan, garrasi lazgarri bat botako du.

 

            eeeeeeeeeeezz!!

 

Korrika hasi eta arrainontziaren ertz batera igoko da eta handik salto egingo du. Kristalak erortzen entzungo dira, arrainontzia erori da. Kristalak txikitzearen zarata ikaragarria entzungo da. ana lurrean etzanda geldituko da.

Anbulantziaren sirenak entzungo dira. Eta jendearen ahotsak.

Hitz solte batzuk baino ez dira ulertuko: “Gaixoa”, “zer gertatu da?”, “a ze trajedia”, “bere burua bota al du?”, “senarra?”

ion eta ana maitemindu zireneko musika entzungo da berriro, dantzarako entzun den musika bera.

Iluna.

 

amaiera