Arrain ontzia
Aizpea Goenaga
Arrain ontzia
Aizpea Goenaga
Atenea, 2009
Arrain ontzia
Aizpea Goenaga
Atenea, 2009
[aurkibidea]

 

—IV–

 

Arrain ontzia egiteko ion ematen ari den mailukadak gero eta ozenagoak dira. Denbora darama zarata desatsegina egiten.

 

ANA: Nik uste dut gauzak konpon daitezkeela. (Ideiak bata bestearen kontra datozkio) Nire amonak esaten zuen: “bakoitzak merezi duena dauka”. Joder, baina zarata hau... Atx!. Urduri nago. Ezin ditut bihotz taupadak kontrolatu. Burua lehertuko zait.

ANA: Ion, gelditu, mesedez!

ION: Bai, noski. Eta nork egingo du hau?

ANA: Ezin dut jasan.

ION: Nik ere ezin zaitut jasan eta hemen nago.

ANA: Nola esan diezadakezu hori?

ION: Joder, zuk ze uste duzu, nik ez dudala zarata berdina entzuten, edo zer? Ba, bai! Eta gainera, mailukada bakoitzak geroz eta urduriago jartzen nau, gainera batzuetan kale egiten dut, eta min hartzen dut, joder, baina hau amaitu behar dut. Ez dago beste erremediorik!.

ANA: Utz ezazu, utzi orain, mesedez...

ION: Isildu zaitez.

ANA: Mesedez, gaixotzen ari naiz. Ez naiz ondo sentitzen. Ez nago ondo. Utz ezazu, mesedez. Kito. Ez jarraitu.

ION: Bukatu egin behar dut. Zugatik ari naiz egiten.

ANA: Nik ez dut nahi.

ION: Utz nazazu bakean. Zoaz nire amari oparia erostera.

ANA: Mesedez, mesedez, mesedez...

ION: (Bere onetik irtenda, oihuka) Nahiko da. Isiltzeko, joder. Utz nazazu bizitzen. Egiten badut egiten dudalako eta ez badut egiten, egiten ez dudalako. Kaka zaharra!

ANA: Ion, lasai.

ION: Ez esan niri nola egon behar dudan. Nahi dudan bezala egongo naiz. Burua lehertzeko zorian jarri, eta gero, lasai egoteko esaten didazu.... Zurekin erotzen ari naiz. Hori al da nahi duzuna? Ni erotzea?

ANA: Ez, Ion, ez. Tira, zergatik ez zoaz haize pixka bat hartzera?

ION: Ez hitz egin niri erotuta banengo bezala, entzun? Zu saiatuta ere, ez baituzu lortuko. Hemen, burutik jota dagoen bakarra zu zara. Ea... zoaz zu haizea hartzera eta utz nazazu bake santuan behingoz, aditu?

ANA: Zaratarik ez egiteko eskatu dizut, besterik ez.

ION: Gogoak emandako zarata guztia egingo dut, hau nire etxea delako eta hemen nahi dudana egin dezakedalako. Entzun? Nahikoa da, joder!

ANA: Baina Ion , zer esaten ari zara? (ionek beste mailukada bat emango du) Gehiago ez, mesedez, gelditu.

ION: Ikusten? Gogoak emandakoa egiten dut. Go-go-ak-ematen di-da-na. Entzuten duzu? (Sarkasmoz) Zure gurasoek jarri zituzten bi milioi puta haiengatik etxea zurea izango da, ezta? Ja! Besterik ez genuen behar. Ez nazazu izorratu, la ostia!

ANA: Xiii, ez ezazu hainbeste madarikatu, mesedez.

ION: Potroetatik ateratzen zaidan bezala hitz egingo dut. Eta gustatzen ez bazaizu, hor duzu atea eta ospa. Alde!

ANA: Hauetako egunen batean alde egingo dut. Bai, alde egingo dudala zin egiten dizut.

ION: Ea ba egia den. Alde egizu oraintxe bertan. Alde. A ze bakea. Ez zinateke egun puta osoa ni izorratzen egongo. Ez al daukazu ni izorratzea baino beste zeregin hobeagorik? Asma ezazu egiteko beste zerbait, ostia! Erosi al diozu oparia amari? Baita zera ere! Zertarako? Begiratu zeure buruari, nazka puta ematen duzu, ezin zaitut jasan, joder. Ikusi bai, ikusi zeure burua. Zer egiten duzu egun osoan? Etxean sartuta egon, pena ematen duzun itxura horrekin, eta ni izorratzen, joder!. Horretarako bakarrik balio duzu, hurbiltzen zaizun edonor izorratzeko. Ez dago zu jasango zaituen inor. Istorioak asmatzen pasatzen duzu eguna, ni izorratzeko. Ez duzu besterik egiten, joder! Ezta ostiarik ere! Izorratu bakarrik. Zoaz popatik hartzera, joder! Zoaz popatik hartzera, behingoz!

ANA: Nahikoa da, Ion. Utz ezazu, mesedez.

ION: Utzi, ez. Zu agoantatzeaz potroetaraino nago. Potroetaraino. Puta zerri nazkantea!!

 

Eskuetan daukan mailua lurrera botako du ionek, eta negarrez hasiko da. ana, berarengana hurbiltzen saiatuko da baina ionek, haserre, agertokitik alde egingo du.

 

ANA: Iragarki horiek ikusten ditut eta badirudi, denok jasaten ditugula tratu txarrak. Eta ez da egia. Nik ... ez dakit. Maite dut. Edo tira, ezingo nuke bera gabe bizi. Eta berak ere behar nau. Bolada txar bat baino ez da, besterik ez. Pasatuko da. Eta pena ematen dit, berak ere sufritzen duelako. Inoiz, barkamena ere eskatu izan dit. Hori sinestezina da. Bera hain itxia izanda, barkamena eskatzea... mirari bat da. Egoerak bultza eta hortxe jartzen zaituelako izaten da. Eraman egiten zaitu. Berak esaten duen moduan, azkenean bizi puta hau da. Eta arrazoia dauka. Inor ez da zoriontsu. Inor ez gara zoriontsu.

            Arkitekto batek, etxe bat imajinatzean, buruan duen bezala eraikitzen du etxea, eta azkenean, halaxe geratzen zaio, edo hobeto. Baina nork dauka imajinatutako bizitza? Amestutakoa? Inortxok ere ez. Nik ez dut inor ezagutzen. Eta... urteak aurrera doazen heinean, denak ihes egiten dizula ikusten duzu. Edertasunak, gaztetasunak, energiak... ametsak. Ion gizajoa. Bere negozio propioa izan nahi zuen, hileroko dirua kontrolatzen ez ibili behar izateko, gustuko genuena eginez bizitzeko. Eta hor dago, burua jaso ezinik. Nola ez diot ba barkatuko!

            Lanean sekulakoak jasan eta gero, neka-neka eginda iristen da etxera. Lasaitzeko garagardo bat hartzen du, eta okertu egiten da. Bai. Badakit ez lukeela nirekin okertu behar.

            Berak ere badaki. Baina ... Ernegatzen bazara, ernegatzen zara. Nork ez du noizbait kontrola galdu?

            Nik bai. Behin, ezkutuan erosi nuen superminifalda batekin harrapatu ninduen amak, eta zakarrontzira bota zuen. Ederrak bota nizkion! Eta dena oihal zati ziztrin bategatik! (barre egiten du) Horregatik hasten dira gerrak ere, ez? Nik, une hartan, ama akabatuko nuen... Benetan. Eta hori egiteko adina indar baneukan. Badakit gaizki dagoela eta hori dena, baina Ion ulertzen dut. Akatsez beteta egin gintuzten, zeren buruak ezin du beti barrutik ateratzen zaizun guztia kontrolatzen ibili.

 

Zarata bat entzun da eta ana erabat geldi geratu da. Isiltasuna iristean, anak ezer gertatuko ez balitz bezala jarraituko du.

 

            Ioni ez zaio gustatzen nik eskote handiegirik eramatea.

            Wondrebra gogoko du, bai, baina etxean jazteko. Noizbait kalerako jantzi eta... zeharo urduri jarri zen! (Kostata baina barre egiten ahalegintzen da) Eta ez da jeloskorra. Ez. Ion ez da batere jeloskorra. Baina, gizonezko batekin gurutzatzen ginen bakoitzean, begiradarekin txortan egiten zidala esaten zidan. Nik berotzen omen nituen. Nik ?

            Orduko... behingoagatik mofioño ikusiko nire burua eta... ! Nik uste dut gizonek badutela zerbait adnan, babesle egiten dituena. Babesle edo..., posesibo.

 

Kristal eta plater hautsien hots ikaragarria entzuten da. anak, izututa oihu egin eta lurrera eroriko da.