Arrain ontzia
Aizpea Goenaga
Arrain ontzia
Aizpea Goenaga
Atenea, 2009
Arrain ontzia
Aizpea Goenaga
Atenea, 2009
[aurkibidea]

 

—V—

 

ion agertzen da. Arrainontziaren beste aldean dago, eta desesperatuta, anaren bila hasiko da.

 

ION: Ana! Ana! Non zaude? Ondo al zaude?

 

ana, makurtuta, negarrez ari da. ionek ikusi du, eta bere bila joango da.

 

ION: Ana, laztana. Zatoz, zatoz maitea. (Besarkatuz) Ondo al zaude? (Hau esaten dion bitartean, masailean musu txikiak emanez) Lasai, laztana. Ez beldurtu. Bukatu da, kito. Bukatu da, maitea, bukatu da. Zatoz. (Besoetatik askatu gabe, arrainontzitik atera du. ion, desesperatuta dago) Barka nazazu, maitea, barkatu. Dena puskatu dut, baina nik ez nuen nahi. Nahigabe izan da. Ez dakit zer gertatu den. Maite zaitut, laztana. Asko maite zaitut. Ezer txarrik gertatuko balitzaizu... ez dakit zer egingo nukeen. Ezingo nuke jasan. Erotuko nintzateke. Hilko nintzateke. Maite zaitut. Begira, hau guztia kenduko dut, eta kito. Ez dut mailukada gehiago emango, ezta hiltzerik sartuko ere. Bukatu da. Ondo iruditzen? Biok egongo gara, biok bakarrik. Garai batean bezala, nobiotan bezala, biok bakarrik. (Irribarrez, anari irribarrea atera nahian) Joder! Hainbeste konturekin, inguruan dugun on guztia ahaztu egiten dugu! (Begietara maitekiro begiratuz) Eta zu, hoberena zara!

ANA: (Irribarre triste bat eginez) Tira...

ION: Horixe ba!! Munduko emakume guztien artean bat aukeratu beharko nukeela esango balidate, nor uste duzu aukeratuko nukeela? Ea, esan nor?

ANA: Ez dakit.

ION: Zu, zalantzarik gabe. Norenak dira izterrik ederrenak? E? Eta besape gozo hauek... mmm, eta titi hauek. (Garondoan kosk eginez) Eta lepondo hau...

 

ionek, ana besoetan duela, airean buelta bat emango dio. anak barre txiki bat egiten du.

Dantzarako gonbitea egiten duen musika goxo bat entzuten da. Elkar besarkatuta, poliki-poliki dantzan hasiko dira, ionek, maitasunez, gozo-gozo musukatzen duen bitartean. Biek gozatuko dute dantzaldiarekin.

Musika amaitzean, elkarri begira geratuko dira une batez. anaren begietara so dagoelarik, ion desagertu egingo da. ana maitekiro, ionek nola alde egiten duen begira geratuko da.

 

ANA: Ez dut poesiaz ezer ulertzen, baina behin, kasualitatez, asko hunkitu ninduen poesia bat irakurri nuen.

 

Poesia idatzita daukan paperaren bila hasiko da. Ez du topatzen. Bila jarraitzen duen bitartean, hitz egiten jarraituko du.

 

ANA: Hemen nonbait egon behar du. Poesiaren kontu hau ez dut intelektual itxura emateagatik esaten, e? Baina egia da, irakurtzen dudan bakoitzean, masusta bat bezala negar zotinka hasten naiz. Negarrez, baina ez nahigabe... ilunarekin. Ez. Beste modu batera egiten dut negar. Barrua “zerbaitez “ beteko balitzait bezala da, ez dakit, maitasuna edo zer ote den. Ideiarik ere ez, baina neurri batean zulotik ateratzea posible dela sinestarazten dit. Aldatu. Bizi.

 

Atseden baten ostean, irribarrez.

 

            A ze txorakeria! Bizi? Bizi gara-eta! Noski! Eta aldatu ere, aldatuz goaz. Bai, horixe! Baina, ez dakit nola adierazi, nire barruan toki mordoa hartzen duen sentsazioa da, tristura sentsazioa, baina penarik gabea. Erotuta nagoela usteko duzue. Agian bai. Agian guzti hau, benetan erotuta nagoelako gertatzen zait. Dena ondo edo normal egiten dudala iruditzen zait, baina akaso, berez uneoro hanka sartzen ari naiz. Beharbada, horixe da nire bizitza... kontrolatzeko gai ez naizen hanka sartzeak. Bata bestearen atzetik egiten ditudan hankasartzeak. Eta ni, ez naiz horretaz konturatzen, eta hori da okerrena, gaizki egiten duzunaz ez jabetzea. Kaka zaharra!. Hara, ni behintzat, ez naiz pertsona txarra. Hori badakit. Edo badakidala uste dut, behintzat. Ez. Ez naiz pertsona txarra... txarra ez. Txarrak beste batzuk dira. Bai, horixe, beste hura bezalaxe... hura bai putasemea!. (Isilunea) Ai. Ez. Ez dut nahi. Ez dut horretaz gogoratu nahi. Ez. Mesedez. Ez.

 

Airean hegaka dabiltzan pentsamenduei urrunera bultza egin nahian. Erotuta dagoela dirudi.

 

ANA: Alde hemendik. Ez dut horretan pentsatu nahi.

 

Aztoratu eta gero, geldi-geldi geratuko da.

Arnasa sakon hartzen du.

 

            Ezin dut orain burutik atera. Kaka zaharra!, etorri zait. Oroitzapen madarikatuak! Putaseme madarikatua. Bada, munduan kaka guztia beregana erakartzen duen jendea, horietako bat naiz ni, bai. Beti kaketan blai. Baina nik ez nuen ezer txarrik egin. Ez zegoen motiborik hark... hark ni ukitzeko, bere behatzak nire barruan sartzeko..., ferekatzeko..., ezta ni... aingerutxoa, sei urte baino ez nituen-eta! Zer jakingo nuen nik! Etxe hartara ez nuela joan nahi baino ez dut gogoratzen.

            “Ez ama, ez dut nahi”.

            Eta berak: “Isildu zaitez mesedez eta ez zaitez hainbeste kexatu, nahikoa daukat eta!”.

            Eta han joaten nintzen ni, arkumetxo baten moduan. Adieraztea ezinezkoa zaidan sentsazio batekin.

            Gogoratu bai, ederki gogoratu ere! Banekien ez nuela joan nahi, baina amaren esana bete egin behar!. (Ezin esaldiak amaitu) Eta berarekin egotea... Hainbeste hurbiltzen zitzaidan... Eta beti berdin hasten zen.

            Masailak estututa aurrera tira egin eta musu luze bat ematen zidan, amaigabea. Bere ezpainen hats lodi, mikatz, bero, astun eta kirasdun harekin. A ze nazka!! A ze...

            Batzuk ez dute bizitzea merezi. Ez lukete munduan tokirik izan behar. Ez baitago munduan horrelakoentzat justiziarik! Zer egin behar dute? Giltzaperatu? Nola baina! Ederki arduratzen zen sekretua isilean mantentzen.

            Nazkante hark, bazekien oso ondo nola egin inork ezertxo ere ez jakiteko eta batez ere nori: sei urteko ume moko ergel bati. (Gizonaren ahotsa imitatuz) “Hartu, printzesa, hartu “sugus” hauek, oso zintzoa zara-eta. Musutxo bat emango al didazu?”... Eta eman egiten zidan, musuan. Gero, beti berdina gertatzen zen...”Ea nolako kuleroak jantzi dituzun gaur, begira zein politak, lazotxo eta guzti.

            Zatoz, eseri hemen, polita...”

            Zital hark ederki asko zekien erabat izututa nengoela, nik ez nuela ezer ulertzen, eta inoiz ez nintzela egiten zidan hura inori kontatzeko ere gai izango. Gainera nire ama lanpetuegia zebilen urde hura nitaz abusatzen ari zela jakiteko, edo gutxienez, sumatzeko.

            Batzuetan, nire amak susmoa izan zezakeela pentsatzen dut, baina ez zuela ikusi nahi. Zeratarako? Arazo bat gehiago pilatuko zitzaion, eta nahikoak bazituen, ez?

            Ez diot sekula galdetu. Ez naiz ausartu. Baina nola galdetuko diot ba, ez badiot sekula kontatu, nazkagarri hark...

 

Isilunea.

 

            Ez naiz ausartzen. Orduan neukan ikara berdina oraindik sentituko banu bezala da. Oraindik badaukat... Beldurra... baina ez dakit zeri. Jakin? Ni bezalako ume moko batek ze jakingo zuen! Orain bai, orain uler dezaket gaixo hark egiten zidana, baina oraindik ere beldurra daukat. Gaixoa? ez. Gaixo dagoenak sendatu nahi izaten du, eta hark ez zeukan sendatzeko inongo asmorik.

            Horrelako jendilajeen atzamarretan erori garenok gaude gaixo. Ziur nago berak bazekiela zenbaterainoko mina egiten ari zitzaidan, baina bost axola. Berari bost axola denak. Beno denak, ez. Ez zuen inork ezer jakiterik nahi.

            Duela zortzi urte hil zen. Poztu egin nintzen. Eta hori, amorratuta nengoela! Amorratuta, belarrondoko parea jaso gabe joan zelako. Baina poztu egin nintzen, bai. “Poztu nintzen” esatea ez dagoela ondo? (Sorbaldak jasoz) Putaseme bat gutxiago. Arratsalde osoa negarrez pasa nuen. Eta hala ere, ez nuen ez lasaitasunik sentitu, ez gozamenik... eta ez zitzaidan barruko nazka ere joan.

 

Tristuraz irribarre eginez.

 

            Nire ama berriz, hiletara joan behar nuela esan eta esan. Horixe besterik ez nuen behar! Zertara? Apaiza lelokeriak esaten entzutera?

 

Apaiz baten keinu eta hitz harroak imitatuz.

 

            “Anai-arrebok, egin dezagun otoitz Jainkoak bere altzoan hartuko duen gizon on honen arimaren alde”.

            Hara! Nik hori entzun banu, ja-ta, jaiki, aldarera joan, apaizari mikroa kendu eta sekulakoak eta bi botako nituzke! Gizon ona? Zein? Hau? (Pixkanaka berotuz) Putaseme bat, ondo irabaziak zituen bi ostia merezi zituen nazkagarri zerri zikin bat. Putakume bat. Aurrez-aurre harrapatu izan bazintudan, oiloari bezala lepoa bihurrituko nizukeen, horixe zinelako, oilo puta nazkagarri zikin bat!

 

Bere onera etortzeko ahalegina egingo du. Hemendik aurrera ez da lasai egongo, amorratuagoa egongo da eta egon ezina gehiago nabarituko zaio.

 

            Jode, Ion ematen dut. (Isilunea) Dena kutsatzen omen da, ez? Hori izango da. (Arnasa falta zaio) Ai, itotzen ari naiz. Normala da. Ez? Hainbeste putada sorta tokatu zaizkit..., “etxe bakoitzeko” onenak. Norbait ederretik libratu da hor nonbait!

            Baina behar bada, hala da, eta gizon guztiek ba daukate zerbait. Bestela, ez da posible hildako hainbeste emakume egotea, hainbeste istorio ikaragarri entzutea. Eta gero, denuntzia jarri behar dela dioten emakumeak. Jakin nahiko nuke haien senarrak nolakoak diren. Zer dira, iragarkietakoak bezalakoak? Ez adarrik jo! Ez, “zeozer” gabeko gizonezkorik ez dut ezagutu. Tira, ezagutu, ezagutu, gizon atsegin mordoa ezagutu dut. Baina etxean? Etxean nolakoak diren nork ikusi du? Hori da kontua... gure aita astakirten eta gizajo bat zen. Nire senarra zakar bat. Beste hura... putaseme bat. Baina ez... egon behar du... ez da posible...

 

Bat-batean, oso garrantzitsua den zerbaitez gogoratu da. Janzten den bitartean, arrainontzitik irten arte, hitz egiten jarraituko du.

 

            Ai, ama maitea, ai, ai, ai... Oparia! A ze burua nirea! Zer erosiko diot? Ai ama...

 

Agertokitik korrika aterako da. Ikusten ez dugun arren, ionen mailukadak entzungo dira.