Arrain ontzia
Aizpea Goenaga
Arrain ontzia
Aizpea Goenaga
Atenea, 2009
Arrain ontzia
Aizpea Goenaga
Atenea, 2009
[aurkibidea]

 

—III—

 

ana berriro eszenatokira sartuko da. Aurpegia betetzen dion irribarrearekin dator. Nostalgia eta emozio handiz gogoratzen ditu garai haiek.

 

ANA: Zenbat zoriontasun! Gorputza poztasunez lehertzeko zorian neukan. Ni, hain tuntuna, hain lotsatia, hain gauza gutxi eta bat-batean, munduan bazen elkarrekin ateratzeko eskatzen zidan norbait, zinera gonbidatzen ninduen norbait, eta, nire mutil-laguna izan nahi zuen gainera! Horrela, bat-batean.... Hori bai zela barrua emozioz irakiten edukitzea. Loteria eskuetan nuen!

            Ondo gogoan dut pelikulak iraun zuen denbora negar eta negar pasa nuela. Hainbeste negar ateratzen zitzaidan, seguru nengoen, berak zoratuta nengoela pentsatu, eta handik ihes egingo zuela. Ai, eta negar gehiago egiteko gogoa sartzen zitzaidan. (Egun hartako neurriz gaineko negarra imitatuz) Ez baina. Ez zuen alde egin. Irribarre goxo batez begiratzen ninduen, eta... harrapatuta geratu nintzen! Julia Roberts bera baino zoriontsuagoa sentitzen nintzen. Ai! Zenbat min egiten duen zineak! Baina bizitakoa bizita dago, ez?

            Pelikula hura ikustera joan izan ez banintz, beharbada ez nintzateke orain lonekin egongo, edo beharbada bai. Baina pelikula erabakigarria izan zen; bai, seinale bat izan zen: “Ikusten? Zu ere kaka hutsa zara, baina beti dago zoragarria den norbait zu lokatzetik ateratzeko prest”. Jakina, pelikularen amaieran, mutilak arrosa-sorta ekartzen dio neskari. Amaiera. Eta hor hasten da... bizitza, benetako bizitza. Bizitza higuingarria, bizitza nazkagarria.

 

Irribarre egin nahi du. Ikusleei begiratu eta barre egiten saiatzen da.

 

            A ze eguna gaurkoa!. Ikusi nahi ez dituzun argazki horiek, burura datozkizun egun horietakoa. Ja-ta bizitza osoa hankaz gora jarriko nuke oraintxe bertan. Eta esaten duzu: “Honaino iritsi naiz”. Nahikoa da, eta, hemendik alde egiteko erabakia hartzen duzu. Bizitza berri bat hasi... inork ez dezala jakin... ez nolakoa zaren, ez zer dakizun, ez ezer...

            Baina nora joan? Nora? Ba al da iragana kolpe batez ahaztuaraziko dizun tramankulurik? Bai zera, iragana soinean beti daramagun motxila astuna da: jendez, oroitzapenez, eta zure pausoak bideratzen dituzten jokatzeko moduez beteta dagoen zama. Zer esango diet etxekoei? Zertaz biziko naiz? Nork esaten dit ez ditudala akats berdinak egingo?

 

Isilune laburra.

 

            Bakar-bakarrik geratuko naiz... eta hori ere ez dut nahi. Ez. Ez nuke bakarrik bizitzen jakingo. A ze bizitza! Ez nintzateke konponduko, ez naiz gai. Nire burua ezagutzen dut, eta eguna negarrez emango nuke. Gainera, nire arrain ontzitik ateratzen banaiz... nork ziurtatzen dit bizitza hobeago bat izango dudanik?

 

Izkina batean eserita, burumakur.

 

            Bizitza hobea? Bai, zera!, bizitzak eraman egiten zaitu, eta zuk aurrera egiten duzu, aurrera gurpilak azpian harrapatu ez zaitzan. Horretarako baino ez zara gai, gurpilak azpian harrapa ez zaitzan. Bizitzaren zurrunbilo horretan zapaldu, birrindu, txikitu, bultza, iraindu, alde batera utzi, mespretxatu, baztertu... egiten bazaituzte ere, zure helburu bakarra gurpil azpitik ihes egitea da.

 

Bat-batean, ionen deiaz akordatuko da.

 

            Ai ama, amaginarrebaren oparia. Joder! Zer erosiko diot? loni deituko diot. Ez dakit zenbat diru gastatu. (Bitartean telefono zenbakia markatuko du) Ergel hutsa naiz. Orain ere oparia erostearen marroia niretzat.

 

Bere burua animatu nahian barrez hasten da. ionek, zarata egiteari utzi eta deiari erantzungo dio. ion hitz egiten hastean, ana desagertuz joango da.

 

ANA: Ion, zera, jakin nahi nuen...

ION: Zenbat? Ez dakit. Tira, ez zaitez pasa baina ez erosi txinatarren denda horietako batean. Zeuk ikusi. (...) Bai emakumea, zerbait ona, originala, ez dakit. Ez gastatu gehiegi baina tira, behingoagatik... Ez dakit, 78 urte beteko ditu eta ez dakigu ezta ere zenbat iraungo duen. Ilusio handia egingo dion zerbait, badakizu... joder, ez da hain zaila ere!

ANA: (Telefonoa eskegiz) Lehen baino okerrago geratu naiz. Ergel hutsa naiz: ergel, ergel, ergela!. Joder. Bekokian idatzita dut eta adnan iltzatua. Seguru! Gurasoek nire ergelkeriagatik indemnizazioa eman behar balidate, urretan blai egongo nintzateke. Horrekin jaio egiten da, bai, ze... ni astelehen batean larrutan egitetik sortua izango naiz gero! Eta jaio nintzenetik horrelaxe gogoratzen dut nire burua. Txikitxitxi-txikitandik... Bai, bai, bai! Hara, umetan, jolasean ibiltzen ginenean ere, etxe dotore batzuk zeuden plazan ibiltzen ginen. Lastima, bota egin zituzten. A ze pena! Xarma berezia zeukaten... eta, bi egunetan bota zituzten. Zein azkar desagerrarazten duten ederra dena. (Isilunea) Eta zertarako? Gaizki egindako porlanezko kutxa itxi batzuk eraikitzeko. Tira, ba hori, plaza horretan ibiltzen ginela jolasean eta bazen etxe bat, zuria, zoragarria, handitan bertan bizitzea amesten duzun horietakoa.

            “Kondenatuen etxea” deitzen zioten. Orduan ez nekien zergatik. Bertan bizi ziren bi emakumeak sorginkeriagatik edo, kondenatuak izan zirelako zela uste nuen, baina gerora jakin nuen arrazoia: Itxura denez, bertan bizi ziren bi ahizpei, ezkonduko ote ziren galdetzen zietenean, beraiek “Gu ezkondu? Uy... nosotras... ¡O con un conde o nada!”.

 

Barre egiten du.

 

            Xelebreak izango ziren, baina “kondenaren” kontu horrengatik, umeak jaten dituzten sorgin gaiztoak bezala ikusten nituen nik. Eta baloia beren etxe aurreko lorategira erori, eta berreskuratzeko txirrina jo behar izaten genuenean... ai, ama, a ze beldurra ematen zuen txirrina jo eta zain egon beharrak! Bihotza puztu eta eztarriraino igotzen zitzaizun. A! Eta halako batean, poliki-poliki, atea ireki eta bertatik haietako atso bat ateratzen zen oihuka, kartzelara eramango gintuela esanez eta baloiarekin geratuko zela.

            Zertarako behar ote zuen atsoak baloia?. Tira baina, bere besapetik pasa, korrika baloia hartu eta ziztu bizian ateratzen nintzen ito beharrean, zeharo ikaratuta. Behin baloia eskuetan, plazara itzultzean, desagertu ziren adiskide guztiak azaltzen ziren berriro, arriskuaren aurrean bakarrik utzi ninduten guzti haiek. Izan ere, beti niri tokatzen zitzaidan baloiaren bila joatea. Beti. Behin ezik. Hartan, gu baino txikiagoa zen ume lerdo xamar bat zebilen gurekin jolasean. Eta baloia lorategira erori zenean, berak joan behar zuela bila esan nuen. Harritzekoa, baina inork ez zuen kontrakorik esan. Orduan umea, negarrez hasi zen, erabat atsekabetuta, begiak bere onetik ateratzeko zorian!. Eta adiskide guztiak nire aurka jarri ziren halako bidegabekeria eragiteagatik. Eta nor joan zen baloiaren bila? Ergela! Munduko ergelen arteko ergelena!

            Ai, ergelei buruz ari naizela.... lapikoen agoniaren ordua. Ze berandu!!! (Bere buruari) Ene, ene, hobe duzu sukaldean hastea. Ion etorriko da eta... Hara, patata tortila bat egingo diot eta kito. Lehorra eta patata hojaldratuekin. Aaa, a ze pazientzia, hojaldratuekin!

 

Senarraren ahotsa imitatuz.

 

            “Joder, patatak zati finetan mozten badituzu, tortila askoz ere goxoagoa geratuko da, patata gorrituagoekin.”

 

Ikaraz hitz eginez..

 

            “A, fin-fin xerratuta, ezta? Patata hojaldratuekin, ez?...

            ... Hurrengoan halaxe egingo dut”

            Tuntun padera naiz. Ez. Gara. ga-ra. Niri atsegina izaten erakutsi zidaten, atsegina eta besteentzako gustagarria. Zakur bat bezalaxe, mingaina zintzilik bere nagusiaren atzetik: guau, guau.

 

Mantal bat jantzi eta musika jarriko du.

 

            Musikatxo pixka bat... Eta, amaginarrebari mantal dotore bat erosiko banio? Edo, sukaldeko errobot horietako bat? Ez, antzarrak ferratzera bidaliko nau. Ederra da ba bera!

 

Musikarekin animatzen joango da, patatak zuritzen jarraitzen duen bitartean.

 

            Horrela askoz hobeto, bai jauna! Horrela, ederki aterako zaizkit patata hojaldratuak, eta behar den guztia! Ea ez didan behintzat zaunkarik egiten...

            Telebistarako sukalde saio bat egin beharko nuke. Sukaldeko bere saio propioa egingo du.

            Egun on jaun-andreok. Gaur, patata tortila prestatuko dugu. Eta ez nolanahikoa, Ezzz. Patata tortila berezia, munduko senarrik..., senarrik... zakarrena ere, goxatu, xamurtu eta isilarazteko modukoa. “Kraska-kraska” gera daitezen ondo gorritutako patatekin egindako tortila. Ikusten?. Horrelaxe xerratzen dira patata, fin-fin. Gero zuringoa ontzi batean jarri, gorrigoak beste batean eta bakoitza bere aldetik nahastuko ditugu. Zuringoak pixka bat harrotu....

 

Arrautzak atera eta bol batean puskatzen ditu, eta indar handiz irabiatzen ditu. Amorruz.

 

            Gero zuringoa ontzi batean jarri, gorrigoak beste batean, eta bakoitza bere aldetik nahastuko ditugu. Zuringoak pixka bat harrotu....

            Horrela nahastu eta, ikusten zeinen apartsua geratzen den nahasketa? Ba alferrik da, zuek saiatuta ere ez dizuete sekula eskertuko. (Isilunea) Ni saiatzen naiz; bai, saiatu ere! baina ez naiz ezer ondo egiteko gauza. lonek jaten du, baina ez du prestatzen diodanarekin gozatzen. Ez. Uste dut, sukaldari hobea banintz, bera gusturago egongo litzatekeela.

 

Haserre izpi bat kanporatuz.

 

            Baita ni ere bera trebeagoa balitz ...! Hara bestea! Beharbada, konturatu gabe bere amarekin konparatzen nau, baina zeinek eman ama baten maila!. Grazia egiten dit. Bere ama asko maite du eta guzti hori, baina zenbat egoten da berarekin? Ratutxu bat eta agur. Eta orain, urtebetetzearen kontu honekin, ni nagoelako, bestela, beragatik balitz, atsoentzako kolonia horietako bat erosi ondo geratzeko eta... listo! Emakume gaixoa! Bizitza osoa familiari kasu egiten. Haientzat bizi da. Senarra eta semeak haserre ez egoteagatik kakan ere arrastaka ibiliko litzateke, gajoa. Ze... familiko gizon guztiak halakoxeak dira, beti marmarka, beti haserre dabiltzan horietakoak.

            Nik uste dut izaera kontua dela. Zeren, Ion ere pixka bat... (deprimitua esan nahigabe) ez da batere animosoa, guztia beltz ikusten duten horietakoa da. Eta jakina, horrelakoa izanda, edozerk, danba! Zulora eramaten du. Orain, lantokian bolada txarrarekin dabiltza. Lan gehiegi dutela eta ikaragarrizko ordu pila sartu behar, eta bat-batean, eskaera bakar bat ere ez eta, kontratatu zituzten bi mutikoak nola ordaindu asmatu ezinik.

            Hori gutxi balitz, bere sozioa potro handi bat da, sudur puntan jarri eta loni ezer esan gabe oporretara alde egiten duten horietakoa. Ion, ez da ezer esaten ausartzen. Dena irentsi, dena barruan gorde... baina, hori nonbaitetik atera behar zaio. Eta nik esaten diot, hori ere nire errua al da ba?

 

Isilunea, arrautzak irabiatzeari utzita.

 

            Tira, berari ez diot ezer esaten. “Okertzen” denean esaiozu ba zerbait! Baina pentsatu, pentsatzen dut.

            Bere lanaren kontu hori matraka izugarria da, etengabeko kezka. Horrela, gainezka dagonenean begietan antzematen diot. Egunen batean ultzeraren bat aterako zaio, tira, edo okerragoa den zerbait! Gizajoa.

            Gero, etxera etorri eta ez du hitz erdirik ere egiten. Horrelaxe ohituta dago lanean, eta etxean beste hainbeste egiten du. Eta ni berriz, munduko berriak jakiteko irrikan... azkenean, isildu egin behar, zerbait galdetuz gero urduri jartzen da-eta. Telefonoz deitzen dutenean ere urduri jartzen da! Ez dio axola nor den telefonoaren bestaldean dagoena. “Eskegi, eskegi behingoz telefono hori” hasten da builaka. A ze estuasunak pasarazten dizkidan. Baina ez da pertsona txarra, ez. Ona da berez, ez da inorekin sartzen eta ez dauka etsairik, eta hori ba da zerbait. Sinpatikoa... ez da, baina mundu guztia agurtzen du, bai. Hainbeste arazorekin ordea, aldatzen ari da, eta noski, gero gogaitu, gehitxo edaten du, ez du kontrolatzen..., eta galdu egiten da.

            Pena ematen dit, pena handia. Batzuetan gustura esango nioke, “hara gizona, joan zaitez psikologoarengana edo, gutxienez, medikuarengana”, baina inoiz ez dut une aproposa bilatzen, eta horrela dagoenean are eta gutxiago. Horrela jartzen denean, hoberena ekaitza jasan eta isilik egotea izaten da. Hortxe, jasan, txikia egin, eta listo.

            Gainera... ekaitzaren ostean barealdia etortzen da, azkenaldian jasa gehiegi egiten badu ere.

 

Isilunea. Zerbait jaso edo entretenitzera doa.

 

            Egun batean, lagundu nahian, burutik ondo ez zegoela eta zerbait egin beharko zukeela esatea bururatu zitzaidan, eta... (gogoratzeak larritu egiten duela keinu bidez adieraziz) sutan jarri zen! Bera ez da konturatzen. Nik uste dut ez dela bere buruaz jabetzen. Ziur nago, orduan grabatu eta hurrengo egunean erakutsiko banio, ez lukeela bere burua ezagutuko. Ezta urrutitik ere! Bere ustez, normal aritu izan balitz bezala da. Joder, normal! Inoiz, bezperan nola jarri den gogoraraztean, aluzinatu egiten du. Beste pertsona batekin egon izan banintz bezala da. Azkenean, arazoa beti nigan dago: hilerokoaren zain nagoelako, sentiberegia naizelako edo eta ahoberoegia. Batzuetan sinetsi egiten diot gainera. Bai, ikaragarri sentibera bihurtu naiz eta ez dauden tokian ere mamuak ikusten ditut. Hori izango da. Gogorragoa izan behar dut. Gogorragoa, bai. Eta ez nieke gauzei hainbeste garrantzi eman behar. Izan ere, ordu asko pasatzen ditut etxean bakarrik eta... bizitzaz barre gehiago egin behar dut, eta buruari buelta gutxiago eman. lonek fuerte hitz egiten duela? Ba hitz egin dezala! Niri bost! Kexarik ez, behintzat.

            Ez zait kexatzea gustatzen. Ez zait batere gustatzen, batere ez.