—II—
Argi aldaketa. Tabernan topo egin zuteneko une hartara joango gara. anak edalontzi bat dauka eskuetan eta ion erretzen ari da.
ANA: Kaixo.
ION: Kaixo. (Harrituta) Ezagutzen al zaitut?
ANA: E... ez, ez.
ION: Bai, ezagutzen zaitut baina ez dakit zertaz. Ez zara ba gaur goizean isuna jarri didan udaltzaina izango, ezta?
ANA: (Barrez) Eeez.
ION: A, hura zakar hutsa baitzen. Baina, zertaz ezagutzen zaitut?
ANA: Tira... (Isilunea) mandoarena naiz.
ION: Ze mando?
ANA: Ez, ez. Ezer ez, ezer ez.
ION: Bai, bai... mandoarena? Mandoarena...? Zeu zara mando itxura zeukana eta bat-batean, printsesa bihurtu dena...?
ANA: Baita zera ere!
ION: A, badakit. Hiper horretarakoa zara, ez?
ANA: Bai.
ION: Jakina, kutxan zeunden.
ANA: Bai.
ION: Oso ondo hartu ninduzun, eskerrak. Ze... gero, bakailu bat baino lehorragoa zen zure lankidearengana joan behar izan nuen.
ANA: Konpondu al zizuten mandoa?
ION: Bai. Tontakeria bat baino ez zuen. Eskerrik asko. Zerbait hartu nahi?
ANA: Ez. Ez. Lagunekin nago.
ION: (Seduktore) Baina zure lagunek, utziko didate zu gonbidatzen, ez?
ANA: Ba...
ION: Zer nahi duzu?
ANA: Ura.
ION: Ura? Nola eskatuko dizut ba ura? Ez emakumea, ez. Garagardo bat eskatuko dizut?
ANA: (Iritzirik eman ezinda) Garagardoa? Ondo da.
ion edaria eskatzera joatean, ana ez du bistaz galtzen. anak lotsati begirada jaitsiko du. ion begira ez duenean, ilea atonduko du anak.
ION: (Botilatxoa ekarriz) Tori. Ez zintudan ezagutzen. Maiz etortzen al zara inguru hauetara?
ANA: Bai, batzuetan bai. Tira, ez naiz gehiegi ateratzen.
ION: Mutila daukazulako, ezta?
ANA: Ez, ez. Bai zera!
ION: Utzi berriak zarete.
ANA: eeeez.
ION: Ez esan mutilik ez daukazula!
ANA: (Lotsati, buruarekin ezekoa eginez)
ION: Ez da posible. Hau konpondu beharra dago. Nire neskalaguna izan nahi al duzu?
ANA: (Barrez) Ez zaitut ezertaz ezagutzen-eta!
ION: Nola ezetz! Ondo dabilkidan mando bat dudala ba dakizu, eta garagardo bat hartzera gonbidatu zaitut, beraz, erregina baten pare tratatuko zaitudala ere ba dakizu. A, eta nire izena Ion da. Eta zu...? Itxoin, ez esan. Miren, Rosa, Begoña... Maite.
ANA: (Barrez) Ez. Ana.
ION: Benetan?
anak buruarekin baietz egiten du.
ION: Nire izenik gustukoena da. Ikaragarri gustatzen zait.
Gainera... nola esaten zaie zurea bezalako izenei...?
Poligamoak?
ANA: (Barrez) Ez, palindromoak.
ION: (Txantxetan) Tira, ba horixe. Nonbaitera joan nahi al duzu? Zinera akaso?
ANA: (Larrituta) Ez dakit, beharbada beste egunen batean.
ION: Beharbada beste egun batean ez gara hemen egongo, edo, agian, beste batekin joango zara, edo ikusi nahi dugun pelikula ez dute emango. Gustatuko zaizun pelikula bat jartzen dute: Pretty Woman. Ikusita?
ANA: Ez.
ION: Goazen, neuk gonbidatzen zaitut. Bat zor dizut.
ANA: Eta nire lagunak?
ION: Ez duzu ba nahiko zure koadrila osoa eramatea, ezta?
anak pozez irribarre egiten du.
ION: Ziur baimena ematen dizutela, eta gainera, inbidiaz jota geratuko dira.
ANA: Ez dakit ba...
ION: Ez dut inor jaten, ez kezkatu. Pelikula bat ikustera baino ez goaz. Utz iezadazu gonbidatzen.
ANA: (Irribarre egiten du)
ION: Horrek baietz esan nahi al du? Tira, goazen. (Erreberentzia zeremoniatsu bat eginez) Mademoiselle...
ANA: Monsieur...
Barrez eta korrika batean, desagertuko dira.