Kontrako bidean
Pablo Barrio
Kontrako bidean
Pablo Barrio
Euskaltzaindia / BBK, 2008
Kontrako bidean
Pablo Barrio
Euskaltzaindia / BBK, 2008
[aurkibidea]

 

10. EKITALDIA

 

Aulki gurpildunean eserita, kalera ateratzeko moduan dago jantzita ramon. Gaixotasunak sator lana egiten jarraitu arren, bentaja polita egin du gizonak, aldarteaz behintzat asko hobetu da. Ohe ondoko txirrinari saka eta saka, urduritasun puntua nabari zaio. Butakan eserita dago juli.

 

RAMON: Alperrik, alperrik da hemen txirrina jotzea...!

JULI: Txirrina erre, begira zer esaten dizut, txirrina erre egingo duzu azkenean. Ai ene!... Umeari geldirik egoteko esatea eta aitonari saltoka hasteko esatea, berdin.

RAMON: Erreko ez dut ba, inork ez du kasurik egiten! (Txirrina sakatzeari utzi eta gau mahaian hasten da arakatzen) Ziur ez duzula ikusi?

JULI: Ikusi zer?

RAMON: Esan dizut, koadernoa! Dena apuntatuta daukat bertan.

JULI: Ez dut inongo koadernorik ikusi.

RAMON: Mahaitxoaren gainean utzi nuen, baina orain... (Tiraderak ireki eta itxi) Ziur zuk hartu duzula eta auskalo non utzi gero.

JULI: Nik? Zertarako nahi dut nik... (Mutur-beltz bat-batean) Gainera, zer uste duzu, lapurra naizela? Bada, ni ez naiz, e! Ez naiz inoiz izan eta ez naiz orain hasiko...

RAMON: Nahi gabe, esan nahi dut, Julita, nahi gabe hartu duzula eta gero ahaztu duzula non utzi duzun, horixe esan nahi dut; badakizu zer nolako burua daukazun.

JULI: (Sesioan) Eta zer burua daukat, e? Esan. Zer gertatzen zaio nire buruari, e? Zuk galdu eta orain niri erruak bota! Hori gizon faltsu eta traidore, hori!... (Erantzun ez ramonek, apaldu egiten da juli) Noski, dena ahazten zaidala eta horretaz aprobetxatzen zara. Gainera, ez dakit zertarako behar duzun zera... zera hori.

RAMON: Koadernoa, Juli, koadernoa.

JULI: Hori, koademoa, zer esan dizut nik bada!

RAMON: Tailerrerako behar dut.

JULI: Bo, bo, bo... Ikusten? Burutik jota zaude. Zure adinean eta tailerrera joateko asmotan? Non ikusi da hori!...

RAMON: Gaztetxean eman behar...

JULI: (Barrez lehertzen) Gaztetxoa...? Pena, pena eman behar duzu, zer besterik? Saguzar zaharrak baino zaharragoa, eta begira gure Ramontxo, gaztetxo ustean orain?

RAMON: (Pazientzia agortzear) Gaizki ulertzen duzu dena, Juli. Gaztetxoa ez, gaztetxea, gaztetxea esan dut nik.

JULI: Bai zera! Zuk ere burua kili-kolo, e?... Ai ene, ez dago pastilaren bat nire gizonarentzat? Fundamentuan sartzeko gutxienez. Gaztetxoa dela esaten ez du bada...

RAMON: Gure herriko azken hamarkadetako historiaz tailer edo ikastaro bat antolatu dute gaztetxean, eta hara joateko gonbidatu naute, nire esperientziatxoaz hitz egiteko.

JULI: Maisu, bai, zu maisu orain!...

RAMON: (Txirrina sakatuz berriro) Koadernoan apuntatu ditut kontatu beharrekoak, badaezpada, ahaztuko ditut gero bestela, Mitxelingo grebarena-eta.

JULI: (Barre egiteari utziz, argi arrasto bat piztu zaio memorian) Mitxelingo greba... A, bai... Gogorra baina ederra izan zen hura, bai...

RAMON: Kontxo! Memoria errekuperatu, ala?

txaro sartzen da, paparrean pegatina daramala, beti bezala.

TXARO: Zer dira, zer dira algara horiek, pasillotik entzuten dira, greba dela eta ez dela eta zer dakit...

RAMON: Honek... Mitxelingo ehun eguneko greba historikoaz-eta kontatu behar diet gaztetxean eta barre egiten dit.

TXARO: A, oso ondo. Bada, ez ahaztu hemengoarenaz zer edo zer esatea; gurea ere historikoa izateko bidean dago eta, luzera aldetik behintzat.

RAMON: Ez da, ez da ideia txarra.

TXARO: Zer? Zergatik deitzen zenuen?

RAMON: Bada, horixe, kontatu behar nituenak koaderno batean apuntatu, eta zera, galdu egin dut. Ea bilatzen laguntzen didazun.

TXARO: Ea, bada... (Bilatzen hasten da. Komodan, armairuan, arroparen artean begiratu baina alferrik) Ez dakit, ez dut ikusten...

JULI: Zeren bila ari zara?

TXARO: Ramonen koadernoa...

JULI: Itxoin, lagunduko dizut...

 

Butakatik altxa juli eta hantxe agertzen da koadernoa, haren gainean zegoen eserita.

 

TXARO: Begira non zegoen...!

JULI: (Pozik) Hara! Nik aurkitu dut! Ikusten? (Ikusleen balizko barreak gaizki hartuz bat-batean, minduta) Bai, bai, egin barre zuek, baina asko sufritzen dut horrekin. Burua ezertarako balio ez dudala-eta, ez pentsa erraza denik. Burua, zera... denek esaten didate. Medikuak ere esan zidan... tira, orain ez naiz gogoratzen baina esan zidan. Baina begira orain, e! Ze azkar aurkitu dudan! Ipurdia altxa eta dzast! Hortxe bertan aurkitu!...

RAMON: (Txistea ezin agoantatuz) Ipurdian duzu burua, Julita.

JULI: (Publikoarekin hizketan) Bai, bai, egin barre... baina asko sufritzen dut nik horrekin...

TXARO: Baina, Juli, norekin ari zara?

RAMON: “Bisitariekin”.

JULI: Noski. Haiek gurera etorri, gu haien etxera... horrela!

 

patxi sartzen da. txarorekin ustekabeko enkontrua-eta, halako keinu hotza trukatzen dute elkar.

 

PATXI: (Hotz, gertatutakoa gogoan) Zer, gaur ez duzu greba egin behar?

TXARO: (Tonu berean, defentsiban agian) Lasai, lan eginda ere, greban ari naiz.

PATXI: Ez, ni hemen egonda lasai nago, badakit nire ama ez dela galduko. Kontua da ea beste egoiliarren senideek horren lasai egoteko motiborik dutenik.

TXARO: Grebarik egon gabe ere gerta daiteke; deskuidutik inor ez baitago libre hemen. Gainera, ez nago prest hau grebalarien eta senidekoen arteko liskar motibo bihurtzeko. Arazoa ez da hori.

PATXI: Bada, ia lortzen duzue, bai.

RAMON: (patxiri, giroa gozatze aldera) Zer, zaharroi ez diguzu kasurik egin behar?

PATXI: Kaixo, aita.

RAMON: Eta Irati?

PATXI: Autoa aparkatzen geratu da, oraintxe dator. Zer, ziur joan nahi duzula? Bestela, nekatuta zaudela esan eta kito.

RAMON: Jakina nahi dudala. Zergatik utzi behar diot joateari?

PATXI: Aita...! Gazteen kalenturak baino ez dira; pasatuko zaie. Bizitza zer den ere ez dakite oraindik.

RAMON: Hara, eta zuk? Ba al dakizu zuk? Ez nik erakutsitakoak behintzat.

PATXI: (Nekadura puntu batez tonuan) Mesedez, aita, ez hasi berriro katixima zahar horrekin.

RAMON: Zer, modatik kanpo daude-edo zure gusturako?

PATXI: Aita, ez hasi...! (Hasita dago baina) Asko borrokatu zenuten, ados, oso ondo, eta gauza asko lortu zenituzten, egia da. Zahar etxe hau adibidez, garai bateko borroken ondorioz badauka orain jendeak bere erretiroa eta hau bezalako zahar etxeetan bizitzeko aukera...

RAMON: Bai, nik izan dut. Zure alabak, baina, izango al du zure alabak?

PATXI: Gaztetxean-eta, potorro jorran denbora galduz gero ez dakit, baina...

RAMON: Baina bazterrak nahasten ibilita-eta ez dago modurik, ezta? (Hasperentxo bat) Tipo ona zara, Patxi, horretan asmatu genuen, e, Julita? (Aita-semearen artekoaz galduta, baietz-edo egiten du julik keinu batez) Baina herritar txintxoa ere bai, eta kale galanta egin dugu hor.

PATXI: Herritar txintxoa?

RAMON: Esanekoa, bai, gure garaikoen berdin-berdina.

PATXI: A, bai? Bada, nik ez dut sekulan eliza bat zapaldu, Irati ez genuen bataiatu, kaka egiten dut armada guztien gainean, homosexualen alde nago, kanpotarrei mugak irekitzeren aldekoa, dibortziatuta...

TXARO: (juliri, harridura puntu batez) Dibortziatuta?... (Halako keinu anbiguo batez erantzuten dio atsoak).

RAMON: (Semearena jarraituz) Bai, bai, bai, horixe, eta politikarien kontra egiten duzu marmarra noiznahi, bai. A, eta inportanteena! zure autoestimuak behar duen errebeldia-dosia asetzeko-edo, semaforoak, gorri daudenean pasatzen dituzu! mekaguen la Otan!... Hori bai, zure buruarekin bakean beti, e! Zer edo zer gaizki egotekotan, errua besteena da. Errotako harria mugitzen duen astoaren moduan, arrantzaka beti baina arrastotik atera gabe. Tira, Patxi, horixe ez bada gaur egun herritar txintxoa izatea... zuk esan!

PATXI: Ezkerrekoa izan naiz ni beti, ederki dakizu.

RAMON: Pfa...! Kristauak lehen, ateoak gaur, korrontearen aldeko marinelak beti.

 

Sartu berri den iratik azken hitzak entzuteko aukera izan du.

 

IRATI: (aitonarengana hurbilduz eta musu emanez) Hortxe puntazoa, aitona! Sasoian ikusten zaitut, e!

PATXI: (Erantzuteko gogoa bai, baina isiltasuna aukeratuz) Utz dezagun, aita, zer garrantzia du horrek orain? Ez du merezi.

RAMON: (Ilun bat-batean) Zergatik ez du merezi? Gaixorik nagoelako? “Karramarroari” kalte egingo diolako?...

PATXI: Aita ez...

RAMON: Lasai, karramarroen kontra aritzeak, horrexek ematen dit bizia. Horixe besterik ez daukat. Bestela, egin behar nituenak eginak ditut dagoeneko...

IRATI: (Besarkatuz, animatu nahian) Tte, tte, tte, hori ez da egia, aitona, nire kolegak dituzu zain.

 

Isilunea, ramonen ilunaldiak sortua.

 

TXARO: (patxiri, gaia aldatu nahian agian) Dibortziatuta zaudela esan duzu?

PATXI: Bai, eta zer?

TXARO: Ez, bananduta berria naiz ni ere eta...

JULI: (Intentzioz) Ui, horixe aukera, ezta? Adinean ere nahiko parekatuak zaudete...

RAMON: (Ilunaldiari buelta emanez nola edo hala) Ez nekatu, Julita, elkar arrimatzeko zailak ikusten ditut hauek.

TXARO: Bere etxean izan beharko luke gainera, ze nirean... esan nahi dut, erdia dudan nirean, ez dakit, komeriak! Bakarrik ezkontza-argazkia kentzeko jarri gara ados.

PATXI: (Zorrotz) Eta? Kristala apurtuta, hemen egin zenuen bezala, edo apurtu gabe, nola egin duzu?

TXARO: (Ulertu gabe) Zer apurtu eta zer apurtu nik, kontxo!

IRATI: (Txantxetan) Ikusten, aitona, ze arazoak dituzten? Bada, gaztetxean, arazorik ez! Etxea, okupatuta; eta bikotekideak, tira, dibortziatu baino, subrogatu egiten ditugu. Listo!

RAMON: Subrogatu?

IRATI: Bai, bai, batetik bestera pasa, liberal-liberal.

JULI: Ze pena, ezta? Hain gazte eta drogatuta denak.

PATXI: Esan ez dut bada, potorro jorran.

IRATI: Txantxa bat da, aita!

PATXI: Bai, txantxa, txantxa... egiatik izango du gehiena gezurretik baino.

TXARO: Hau ezustea, zu ere subrogazioaren kontra?

PATXI: (ama besotik helduz eta atearen aldera abiatuz) Tira, tira, tira... Goazen, goazen hemendik, ama, ez gara berriz eztabaidatan hasiko.

JULI: Nora joango gara? Etxera, ezta?

PATXI: Etxera nahi baduzu, bai, etxera joango gara. Bidea al dakizu?

JULI: Jakingo ez dut, bada. Baina benetako etxera, e!

PATXI: Leitzara, jakina. Paseotxo bat.

JULI: A, orduan bai. Eta Ramon? Ez da etorriko?

PATXI: Ez, aita Iratirekin joango da, tailerrera.

JULI: Tailerrera? Pena, ezta? Hain zaharra eta tailerrera joan behar.

PATXI: Lasai, gustura doa, ez du greba egingo.

JULI: (Ateratzear daudela, publikoari) Beno, agur, e! Eta beste bat arte.

 

Kalera ateratzeko prestatu dira irati eta ramon. Apur bat urduri dago agurea.

 

RAMON: Eta koadernoa?

TXARO: (Koadernoa luzatuz) Tori, hementxe duzu.

RAMON: Badakizu, badaezpada...

IRATI: (Aulki gurpilduna ate aldera bultzatuz) Lasai, aitona, ondo egingo duzu.

RAMON: Baina, ez ahaztu, e, titilimundiarena egitera etorri beharko duzue gero!

IRATI: Txintxo-txintxo etorriko gara, beldur ez izan.

RAMON: (Ateratzear daudela) Tira, itzali argiak.

TXARO: Lasai, nik itzaliko ditut.

RAMON: Zer, zerbitzu minimoen barruan sartzen da hori?

TXARO: Ez, noski.

 

ramon eta irati ateratzen dira. Haien atzetik, argiak itzali ondoren, txaro.

 

amaiera