Kontrako bidean
Pablo Barrio
Kontrako bidean
Pablo Barrio
Euskaltzaindia / BBK, 2008
Kontrako bidean
Pablo Barrio
Euskaltzaindia / BBK, 2008
[aurkibidea]

 

5. EKITALDIA

 

Bere gelan dago juli, butakan eserita, aldizkariren bat irakurtzen edo. Bakarrik dago. Euli baten konpainian omen. Euli gogaikarria, kopetan ez denean, eskuan edo besoan pausatzen dena; julik esku keinu batez uxatu arren, behin eta berriro itzultzen dena.

 

JULI: (Nekatzen hasia) Nazkante zikin euli hori! Zer, zahar usainak gasolina ematen dizu, ala? Ikusi, ikusi egin behar dugu kanposanturako bidea aurrena nork egin!

 

Aldizkaria bildu eta zigor moduan erabiliz, euliaren kontra oldartzen da jo eta bertan akabatu nahian; butakatik altxatu gabe hasieran, zutik jarrita gero, nazkantearen atzetik, mahaitxoaren gainaldetik telebistaren pantailaraino, gortinatik ezkontza-argazkiraino... kale eginez beti. Halako batean, euliak altura pixka bat hartu eta paretan pausatzen da. Behin eta berriz saiatu arren ezin du julik ailegatu.

 

JULI: Koldar hori! (garbitzaileak utzitako zoru-garbigailua ikusi eta alaitu egiten zaio aurpegia) Itxoin, itxoin, itxoin... ea bestearen hiletan kukurrukua nork jotzen duen!...

 

Zoru-garbigailua martxan jarri eta hor hasten da euli madarikatuaren atzetik, xurgatze tutua gora altxatuta, euliarengana hurbildu eta zurrupatu nahian. Horretan dagoela irati sartzen da, juliren eta ramonen biloba, poltsa handi bat esku bakoitzean.

 

IRATI: (Harriduraz) Baina, amona, zertan ari zara?

JULI: (Ehizatzeari utzi gabe) Hemen, ea nork nor lurperatzen duen! (Txiripaz-edo, eulia xurgatu nonbait) Hara! Zureak egin du, nazkante hori!

 

Pozak eramanda, zoru-garbigailuaren tutuarekin ezkontza-argazkia jo eta lurrera botatzen du nahi gabe. Kraskatu egiten da kristala.

 

JULI: Ai ene! Hildakoaren mendekua! (Lurretik hartuz) Begira, kraskatu egin zaio kristala.

IRATI: Lasai, aldatuko diogu.

JULI: Baina Ramon enteratzen bada... Ez dakit bihar ekarri behar duten.

IRATI: Ez, bihar ez, amona, gaur, gaur bertan. Laster, laster iritsiko dira; aitarekin hitz egin berria naiz telefonoz eta bidean daude dagoeneko, anbulantzian datoz. Hementxe dakartzat haren gauzak.

JULI: (Urduri) Ezer ez dakizula esan, e! Nik apurtu dudala jakiten badu, zer pentsatuko du!

IRATI: (Txantxetan) Auskalo, berarekin ere apurtu nahi duzula agian. (Argazkia hartuz eta bere lekuan jarriz, kristalaren urradura eta guztiz) Lasai, hemengo garbitzaileren bat izan dela esango diogu.

JULI: Ramon, gizajoa... Azkenean, zer...? Zera, karramarroa aurkitu diotela, ezta? Barruan, esan nahi dut. Niri ez didate ezer esaten baina...

IRATI: (Sorpresaz harrapatuta-edo, gaia desbideratuz) Karramarroa?... Olagarroek dute arrisku gehiena nire ustez, amona. Badaude ale batzuk...! Zer, olagarrorik ez dago hemen? (amonak ez dio ulertzen, keinu esanguratsu batez adieraziko dio iratik) Ipurdian-eta!...

JULI: A!... Olagarro. Egongo da, ez dakit...

IRATI: Badakizu, beso luzeak, esku zirrikatzaileak...

JULI: A, bai... artritisak jota hemengo olagarroak baina! (Barre egiten dute biek; barre laburra julirena baina, serio jartzen da) Karramarroak ere hanka luzeak ditu...

IRATI: Memoria txarra duzula? Bai zera!

JULI: (Bilobarekin baino, bere buruarekin) Kontrako bidean egiten du horrek ere pauso, karramarroak. Ikusten, Ramon? Badugu hor antzekotasunik.

IRATI: Ez kontrako bidean, amona, aurrera begiratu egin behar da.

JULI: Gaztea zara, Irati, eta ni... ni gazte izana. Ikusten duzu diferentzia? Beldurra pixka bat ematen du aurrera begiratzeak.

IRATI: Barkatu, ez nuen hori esan nahi.

JULI: Lasai, umea (Seriotasuna albora utziz) Zer? Zer moduz ikastolan?

IRATI: Unibertsitatean hasi berria naiz aurten, amona.

JULI: (Sorpresaz) Unibertsitatean jada? Ene...! Badakizu, hemen, zahar etxean, ez digute ezer esaten eta...

IRATI: Gaztetxean bezala orduan, han ere ez digute ezer egiten utzi.

JULI: A, ez?...

IRATI: Udaletxekoek, itxi nahi digute.

JULI: Malaletxekoek, ezta? Ez nau harritzen. Giro gaiztotua dago hemen ere; ez dakit, ez nago ziur, baina drogaren konturen bat-edo.

IRATI: (Itxurazko eskandaluan) Drogak zahar etxean? Eneee...! Hamaika ikusteko jaioak, baina hamabi edo dozena ikusi behar ere!

JULI: Sss... garrasirik ez egin. (Ahopeka) Ez dakit langileak drogatu ez ote nahi dituzten...

IRATI: (Barrez, zertaz ari zen ulertuta azkenean) A!... Subrogazioarena-edo!

JULI: Zer esan dizut, bada?

IRATI: Ez, beste zera bat ulertu dut nik.

JULI: Zera, protesta egin beharko genuke, zahar etxekoek eta gaztetxekoek, denok batera.

IRATI: (Barrez) Ez da ideia txarra, amona!

 

Horretan daudela, patxi eta ramon sartzen dira. Aulki gurpildun batean ramon, patxik bultzatuta.

 

RAMON: (Nekatu samar baina itxura mantendu nahian) Baina, baina, baina... zer da, zer da hau! Ni hemendik egun batzuk falta eta, begira, Patxi, dena hankaz gora! Ama protestan eta matxinatu bidean ia!

PATXI: Katua faltan, saguak dantzan, aita, beti izaten da horrela.

JULI: Ui! Ramon! (Harengana abiatuz musu emateko, errieta itxuran baina) Zu, zer? Asto joan eta mando etorri, ala?

RAMON: Astoago itzultzeko ez du merezi joateak, ez duzu uste?

PATXI: Gainera orain, amak egingo dizkizun maite-maiteekin, ikusiko duzu nola egiten duzun aurrera.

JULI: (Serio jarrita bat-batean) Aurrera... karramarroa bezala, ezta? Aurrera eginda egiten duela atzera...

 

Poker aurpegiak. Denbora gelditu egiten da istant labur batez, nola edo hala eten beharreko istantea, juli izan ezik, denak harrapatu baititu ezinegonak.

 

PATXI: (Nondik atera ez dakiela) Zer karramarro...

IRATI: (Poltsetakoak armairuan gordetzen ari zela, azkar) Olagarro, olagarro esan nahi du amonak. Dezente omen daude hemen, gogoa bai baina... artritikoak zorionez, bestela...!

PATXI: Zer olagarro...

IRATI: Bai, olagarroak (Aurrekoan egindako keinua errepikatuz, ipurdia haztatzearena edo) Noski, zuri ez dizute inoiz eraso egin, ezta? Tripatxo horrekin...

PATXI: Niri...

RAMON: (emazteak esandakoari ez entzunarena eginez, itxura mantenduz, harengana egiten du, samur) Zatoz, zatoz hona maitea... Gainera, ez nintzateke harrituko olagarroren bat egotea, e, Juli? Badakizue, ez Esteponan ez Puente Genilen ingurutan ere ez zegoen neska hau bezalakorik.

JULI: (Elkar besarkatuz) Oi, oi, oi... gure zaharra, burua galtzen hasia zaigu.

PATXI: Hara, begira ezkonberriak!

RAMON: Ezkonber... (Ezkontza-argazkia aldera begiratu eta apurtuta ikustean, ustezko haserrean, emazteari begira) Baina, baina, zer gertatu da hemen?! Olagarro... edo ez dakit “zeozer” gehiago ez ote den ibili hemen. Gure argazkia nola zaindu duzun ikusita, zer? Partitzeko asmotan, ala, Juli?

JULI: (Urduri bat-batean, bekatuan harrapatutako umea bezala) Ni ez naiz izan, e! Eulia izan da, Ramon, ez ni! Galdetu bestela honi, zerari... (Bilobaren izena gogoratu ezinik)

IRATI: Irati.

JULI: Horixe, Iratiri, ez nuen izena gogoratzen, galdetu hari.

IRATI: (aitonaren txantxa tonuari jarraituz) Lasai, aitona, amona ez da izan, zin dagizut!

RAMON: Zin dagizut, zin dagizut... Aizue, ni engainatu nahi baduzue, engainatu, baina lehendakarikeriatan ez hasi nirekin, e!

IRATI: Ezetz, aitona, ez dela amona izan. Zaintzaileren batek apurtuko zuen; ez dakit horrelako zer edo zer entzun ez ote dudan.

PATXI: Badakizu, greba dela eta ez dela, halako porruk sortzen dira gero!

RAMON: Ederra marka! Ditudan urteak ezin eraman ia, eta orain adarrak kargatu behar!

JULI: (Txantxa serio hartuta, errieta egin dioten umea bezala, negarrez ia) Ez da egia, nik ez dizkizut adarrak jarri, inoiz ez dizkizut adarrak jarri. Gainera, adarrak badituzu ni ez naiz izan.

RAMON: (Adorea galduz, emaztearen bat-bateko aldarte aldaketaren eraginda) Txantxa bat baino ez zen, Julita, badakit ez duzula...

JULI: Bai, txantxa bat, txantxa bat... (Benetako sentimenduaz negarrez hasita) Nik ez badizkizut adarrak jarri, zergatik esan behar didazu, bada? E? Esan. Zergatik esan behar didazu adarrak jarri dizkizudala, e? Nik inoiz ez...

PATXI: Ez egin negar, ama, badakizu aita nolakoa den, beti bromatan.

JULI: Bada, nik ez badizkiot adarrak jarri zergatik esaten du...

PATXI: (Besarkatu egiten dio) Lasai, ama, ez du berriro esango...

JULI: Utzi bakean niri (Haserre, besarkadari alde eginez)-Ni banoa hemendik. Etxera joan nahi dut.

PATXI: Baina, ama, nola etxera? Hau da zure etxea orain.

JULI: (Ate aldera abiatuz, negarrez beti) Etxera nahi dut, Leitzara.

PATXI: Baina, ama...

IRATI: Utzi, aita, nik lagunduko dut. (Besotik heltzen dio amonari) Goazen, amona, goazen Leitzara-edo...

 

Bi emakumeak atera, ramon eta patxi geratzen dira bakarrik, isilik; alditxo bat behar dute gertatutakoa bereganatzeko.

 

RAMON: (Abailduta) Nekatuta nago, ohera nahi dut.

PATXI: Bai, aita, lagunduko dizut.

 

Argiak itzali.