Kontrako bidean
Pablo Barrio
Kontrako bidean
Pablo Barrio
Euskaltzaindia / BBK, 2008
Kontrako bidean
Pablo Barrio
Euskaltzaindia / BBK, 2008
[aurkibidea]

 

6. EKITALDIA

 

Altxa berria da juli eta hortxe ari da, komodako tiraderak irekitzen eta ixten, barrukoak atereaz eta gordez, modu nahasian. Ohean dago ramon. Paretan, ezkontza-argazkiaren kristala puskatuta dago oraindik. Bazterrean, aulki gurpilduna. Irratian eguraldiaz eta errepideetako egoeraz ari dira. Tenperatura ematen dute: hamaika gradu.

 

JULI: (Marmarrean, termometro aldera abiatuz) Hamaika gradu, hamaika gradu... Ikusten? Hogeita bat. Irrati hau bota egin behar dugu, Ramon, ez du ezta txiripaz ere egia esaten.

RAMON: Zer, gaur ez dituzu loreak ureztatu behar?

JULI: Loreak? A!... (Bat-batean gogoratuz, tiraderak ahaztu eta edalontziaren bila hasten da) Eta edalontzia? Non ezkutatu didazu edalontzia? (Amak umeari bezala, errieta gozoan, irriņoa ezpainetan) Umetxo bat ematen duzu, Patziku, zera..., Ramon, beti gauza guztiak ezkutatzen niri...

RAMON: (Ohe ondoko txirrina sakatuz) Ezkutatu? Ohetik altxatzeko laguntza eske ibili behar eta begira zer esaten didazun, zure gauzak ezkutatzen ari naizela!

JULI: (Publikoari galdezka bat-batean) Baietz bera izan!

RAMON: (Inpotentziak hartzen hasia) Baina ez duzu ikusten makal nagoela eta ezin dudala?

JULI: (Publikoarekin hizketa gozoan, lagunkoian) Zergatik ez duzue barre egiten, bada? Ez zaizue barregarri iruditzen, hain gizon... heldua ez, zaharra, ez dago zertan gezurretan ibili behar zuekin, hain gizon zaharra eta horrelako bihurrikerietan ibiltzea, e? Amari edalontziak ezkutuka ibiltzea...! (Barre txikia) Ai ene, nik egingo banu... Jainkoak libra gaitzala!

RAMON: Ez, zuk ez duzu inoiz ezer egiten... (Txirrina sakatuz berriro, pazientzia agortzeko bidean) Dio...! Ez da inor etorriko, edo zer?

JULI: (Umea balitz bezala) Oi, oi, oi, gure Ramontxo... mainak egiten, ala? (Publikoari, ahopeka) Gizajoa... Badakizue zer daukan barruan, ezta? Bai, harro dabilkio, zera... (Esan baino, ezpainak mugitu), karramarroa...

RAMON: (Eztanda eginez) Bai, Julita, badakit zer dudan barruan, ez duzu zertan behin eta berriz errepikatzen ibili behar, ederki dakit zer dudan!...

 

Errietak kokilduta, isildu egiten da juli. Isiltasuna luzatzen da apur batez, isiltasun latza. Bitartean, geldi gabe ari da ramon txirrina saka eta saka.

 

JULI: (Publikoari, ahopeka) Bai, barre egin beharko zenukete orain... Ez, suspertze aldera esan nahi dut; ea, barreak entzunda, ea horrela animatzen dugun, Ramontxo gizajoa...

RAMON: Juli!!...

 

Seko isilik geratzen da juli. Isiltasun latza berriro. txaro agertzen da azkenean.

 

TXARO: (Korrika dator) Zer gertatzen da... Garrasi bat entzun dut...

 

Isilik ramon eta juli.

 

TXARO: Kontaidazu, Ramon, zer gertatu da?

RAMON: (Hizketan hasiz azkenean) Gorriak ikusi ditut nire bizitzan, baina hau...

TXARO: (Egoeraz jabetuta) Itxoin pixka bat, Ramon... (juliri) Komunekoa egin duzu, Juli?

JULI: (Eskua ipurdira eramanez) Ez, pardela jarrita daukat oraindik.

TXARO: Ba, hori kendu egin behar orain. Goazen komunera.

 

txarok eskutik hartu juli eta komunera abiatzen dira. Ohean geratzen da ramon, abailduta. Halako batean, indarrak bildu eta, kosta arren, ohetik altxatzen da bera bakarrik.

 

TXARO: (Komunetik atereaz) Baina, Ramon, altxatu egin zara.

RAMON: (Ahul, baina zutik, erabakitasunez) Hil arte bizi, ezta? Bada, gutxi edo ez asko izan, geratzen zaidan denbora bizi egingo dut.

TXARO: (Aulki gurpilduna hartuz) Bai, baina heroiarena ez egin; ez dituzu indarrak alperrik gastatu behar. Eseri hemen. (Eseri egiten da ramon) Zer? Zer moduz orain?...

RAMON: Tira, hobeto...

TXARO: Ospitaletik pasatu eta gero, denbora pixka bat beharko duzu bizkortzeko.

RAMON: Halaxe esan zidan medikuak, bai. Baina hori ez da arazoa...

TXARO: (Isilune baten ondoren) Zein da arazoa?

 

Isilik ramon, barrua irekitzeari uzkur.

 

TXARO: Julirena, zuena, biona... (Isilik ramon) Barruan gordeta, barrua jaten dizun mamuari bazka ematea baino ez da.

RAMON: Mamuari? Zein mamuri, “karramarroari”?

TXARO: Ez bakarrik horri. Edozein kasutan, horretarako ere ez dizu txarrik egingo barrua askatzeak.

RAMON: Gauzak diren bezala hartu behar; inork ezin du ezer egin.

TXARO: Diren bezala hartu behar, bai; baina, ahal den neurrian, diren bezala ez izaten jarraitzeko.

RAMON: Erraza da hitz egitea...

TXARO: Hitz eginda, beste biderik ez dugu mina egiten diguna kanporatzeko. (Isilik gizona, beste bidetik egiten du proba txarok, beste tonuan) Gorriak ikusi dituzula zure bizitzan... baina, entzun dudanez, zu ere nahiko gorria izan zara, ezta?

RAMON: Eta banaiz, ez pentsa, nahiz eta gaur egunean modan ez egon...

TXARO: Moda kontua zen?

RAMON: Ez, inolaz ere ez; ez niretzat behintzat. Baina, tira, askorentzat bai agian, halaxe ematen du.

TXARO: Beste garaiak ziren agian.

RAMON: Aitzakiak; ez da garaiei errua bota behar. Beste ideologia bat zen, beste humanismoa... Nire begiekin ikusia dut, ez da asmatua: fabrika bat greban hasi eta herriko fabrika eta tailer askok eta askok grebalariekin bat egin eta gelditu.

TXARO: Zure begiekin ikusita bakarrik? Ez dizut sinesten! Bazterrak nahasten ere han ibiliko zinen, saltsaren erdian, ziur!

RAMON: (Irriņo pikaro batez lehenengo aldiz) Tira...

TXARO: Zure laguntza behar dugu hemen, Ramon. Gurean, nahiz eta oinarri-oinarrian denok egoera berean egon, ezta zahar etxeko langileok ere ez dugu bat egiten! Hortxe ari gara, zaintzaileok, garbitzaileak, sukaldekoak, bakoitza bere aldetik!

RAMON: Horixe, ideologia burgesa; klase-kontzientzia falta.

TXARO: Ez dakit zer den, baina...

RAMON: (Ironiaz) Zuk ikusi, lankideak kontzientziatu... edo berradiskidetzen hasi beharko duzu zure senarrarekin; berriro ezkontzeko bidean, esan nahi dut.

TXARO: Hara bestea, nire lepotik barrez orain!

RAMON: Ez, ez nago barrez; irriņo bat lapurtu didazu, eta eskertzen dizut, baina...

TXARO: Dena dela, badaukat beste aukera bat: kanpin-denda bat erosi eta listo!

RAMON: Ez, ez, ez... ez da barre egiteko.

TXARO: Ez naiz txantxetan ari. Ez omen nintzateke lehenengoa izango.

RAMON: Hainbeste borroka eginda lortutako eskubideak...

TXARO: Pribatizazioa etorri eta denak jan! Inor konturatu gabe, inork borroka egin gabe.

RAMON: (Aurkikuntza moduko bat balitz bezala) Metastasia, horixe bada, orain esan duzu. Dio! Sendagileak karramarroarena horren garbi esplikatuz gero azkar ulertuko nion!

TXARO: (Sorpresaz harrapatuta) Nola metastasia...

RAMON: Horixe, konturatu gabe, haren kontra erremedio jarri gabe, baina barrutik jan-jan-jan egiten dizu, eta konturatzen zarenerako, ņaka, zuloaren atarian zaude! Metastasia egina du karramarroak edo pribatizazioak edo dena delakoak!

TXARO: Lehenengo harira zu, ezta? Edozein gai atera baina zu... zulora-eta, horrelako pentsamendu ilunetara.

RAMON: Hara, kasu egiten dizut... eta zuk, gaizki hartu! (Isilune txikia) Ez duzu ulertzen? Zuk zeuk esan duzu lehen, mamuaz hitz egin behar da, arrazoia zenuen; barrua jan eta ahuldu egiten dizun horretaz hitz eginda egiten zaio aurre.

TXARO: Baina, badaude beste gai... ez beti zuloa eta zuloa.

RAMON: Ziur? Nire egoeran, esan nahi dut.

TXARO: Beti dago...

RAMON: Kontatu behar al dizut zertan nekatzen dudan burua isilik nagoenean?... (Isilik txaro) Bizirautea besterik ez zait geratzen. Tira, ezta hori ere...

TXARO: Familia ere baduzu, ahal dutena egiteko prest ikusten ditut...

RAMON: Bai, halaxe da, baina... Haien aurrean horrelako gauzez hitz egitea, ez dakit, itxura mantendu behar dudala sentitzen dut, ez ditut larritu nahi.

TXARO: Horregatik kontatzen didazu niri.

RAMON: Errazagoa da ezezagun batekin agian. Azken batean, ni ez naiz karga bat zuretzat; haientzat bai. (Isilik geratzen da une batez) Inbidia ematen dit emazteak batzuetan. Ni ere, Julitaren burua banu, ez nintzateke ezertaz konturatuko.

 

Isiltasuna sortzen da, komunetik juliren ahotsak apurtuko duena.

 

JULI: Inor ez al dago hor, ala? Berandu egingo zaigu, bestela.

TXARO: (Komunera abiatuz) Berandu? Zertarako?

JULI: Oi, zertarako... etxera joateko!

TXARO: Baina, etxean zaude.

JULI: Bai zera, Leitzara!

txaro ateratzear dagoela ramonek deitzen dio.

RAMON: Txaro... Grebarena, zer moduz?

TXARO: Nola galdetzen duzu, kaltetutako moduan... edo gorri moduan?

RAMON: Bietatik seguru asko.

TXARO: (Zalantzazko keinu bat eginez) Gero dugu beste bilera bat, hamaikagarrena.

RAMON: Suerte... (Atera egiten da txaro) Eta azkar konpondu, mesedez.

 

Argiak itzali.