7. EKITALDIA
juliren eta ramonen logela. Ez dago inor. patxi eta irati sartzen dira bisitan. Motxila moduko bat dakar iratik bizkarretik zintzilik.
PATXI: Hara, ez daude hemen. (Komunean begiratu) Ez dago inor.
IRATI: Hor nonbait egongo dira, telebista ikusten-edo.
PATXI: Ekarri, kristala jartzeko aprobetxatuko dugu.
IRATI: (Motxila lurrean utzi eta argazki-ezkontzarako kristal berria ateratzen du paperean bilduta) Tori...
Paretatik jaitsi ezkontza-argazkia eta kristala aldatzeari ekiten diote bion artean. Horretan daudela ramon sartzen da, tarraka-tarraka, bere aulki gurpildunari emanez.
IRATI: Begira nor dagoen hemen, 1 formulako aulki-gidaria! Mik! Mik! Turuta jarri behar diozu, aitona.
RAMON: Egin, egin barre...
IRATI: Bueltatxo bat utziko didazu, ezta? (aitonarengana hurbildu eta musua ematen dio) Bestela, badakit! Horko atsoren bati berea lapurtuko diot eta autotxoketan ibiliko gara!
RAMON: Horixe besterik ez nuen behar, kaskarreko bat hartu eta tirita bat kopetan jarrita joan behar zulora! Ez, ez, ez, elegante nahi dut nik.
PATXI: Zer, iluna gosaldu dugu gaur, e?
RAMON: Umore beltza, motel. Badakizu, ilunari konfiantza hartzeko-edo... Barkatu, ez nuen hori ahots goran esan behar. Zertan, zertan ari zarete...
PATXI: Hementxe, aita, bisitan. (Gaia desbideratzeko asmotan) Eta kristal berria jartzen bide batez; ea gauzak bere onera ekarri eta adar kontuen susmoak uxatzen ditugun.
RAMON: O, ez nekatu burua, Patxi, bere onera ekartzerik gauza gutxi dago... (Esandakoaz damu) Barkatu, barkatu berriro, lehenengo lepotik bueltan ari naiz konturatu gabe.
IRATI: (Bat-batean sortu den isilune txikiari irteera emanez) Eta amona? Non dago amona?
RAMON: Ez dakit, nire atzetik zetorren...
PATXI: Hortxe egongo da, pasiloan, edo telebistako gelara joan da agian.
RAMON: Ez dut uste, ez dio kasu handirik egiten telebistari.
PATXI: Begiratuko dut...
patxi atera eta ramon eta irati geratzen dira bakarrik. Neskak motxila hartu eta malabarak egiteko hiru pilotatxo ateratzen ditu.
IRATI: Begira, aitona. Aleop!... (Nola edo hala, pilotak gora eta behera hasten da jolasean) E!... E!...
RAMON: Hara, titilimundi horietakoak bezala.
IRATI: Txerpolari esaten da, aitona.
RAMON: Txerpozer?... Zer euskara mota da hori?
IRATI: Txerpolari, edo titiriterua.
RAMON: Horixe bada, titilimundi.
IRATI: Gaztetxean malabar tailer bat antolatu dugu eta apuntatu egin naiz. (Eroritako pilotak lurretik jasoz) Tira, hasi besterik ez dugu egin...
RAMON: Malabar tailerra? Zer, zeuek fabrikatuko dituzue, ala? Malabarrak, esan nahi dut.
IRATI: Ez, aitona, tailerra baina ikastaroa esan nahi du, erabiltzen ikasteko.
RAMON: A... Eta zer, zer moduz gaztetxean, badago girorik?
IRATI: (Pilotatxoei ekinez berriro) Bizirik gaude behintzat. Badakizu, udaletxearekin eta herritar txintxoekin borrokan beti...
RAMON: Los bienpenxantitos... Ordena edozein izanda ere, horiek, ordenaren barruan beti.
IRATI: Baina gustura, mementoz badago indarra eta gauzak egiteko gogoa.
RAMON: Inbidia ematen didazu. Gure garaian mendira jotzen genuen gure gauzak egiteko.
IRATI: Egunen batean kontatu behar dizkidazu horiek guztiak, aitona; kalera botaz gero horrelako zerbait egin beharko dugu guk ere, mendia okupatu-edo.
patxi itzultzen da.
PATXI: Ez dut aurkitu.
RAMON: (patxiri) Ikusten? Titilimundi bat familian. Bazen garaia.
PATXI: Hobe beste gauza batzuk egiteko gogo bera erakutsiko balu.
IRATI: Badakizu, aitona, gaztetxeak kalte egiten dio nire “lehiakortasunari”.
RAMON: (Txantxa tonu xume batez) Zure leihokortazerri? Zer, abeltzaintzari dedikatzeko asmotan, ala?
IRATI: Lehiakortasuna, aitona, lehi-a-kor-ta-su-na, kortak-eta zerriak-eta ez nahastu hemen; animalia eskuzabalagorik ez dago, gainera, zerria; duten guztia ematen dute eta!
RAMON: (Ezin ahoskatzearena eginez) Lehio-kort... Benetan euskara petrala duzuna, neska.
IRATI: Denok denon kontra esan nahi du, merkatuaren legea.
RAMON: Ui...! “Zutik lurrean kondenatu diren langile tristeen” aldekoa izan naiz ni beti.
PATXI: Bai, egin barre zuek. Baina...
RAMON: (Kasu egin gabe, iratiri) Aizu, neska, zure aita... umore beltza ez, umore gorria... ezta txiripaz ere. Orduan, zer? Txiste berdeak bakarrik?
PATXI: Hori, hori, zuk animoak eman umeari. Hor denbora galdu beharrean, hobe gainera datorkion munduari aurre egiteko prestatuko balitz.
IRATI: Gainera etorri, zentzu zehatzenean eta fisikoenean esan nahi duzu, ezta? Kanka! Buruan jo eta zapaldu.
PATXI: Nahi duzun bezala hartu, baina gainera datorkizu.
IRATI: (Aurretik izandako eztabaida askoren segidaren itxura hartuz) Zuk sinestu ez arren, horretarako prestatzen naiz hain zuzen, aita, munduari aurre egiteko, apal-apal, baina benetan aurre egiteko.
PATXI: Bai, kale kantoian malabarak egiten, horrela egingo diozu aurre!
IRATI: Ez, zuen lantegiko langileek erreferendumean onartutakoa bezala, ezta? Aurre ez, men egingo diot horrela!
PATXI: Eta zer gertatzen da orain gure lantegiko erreferendumarekin?
IRATI: Ezer, ezer ez. Zure kintakoen erdia aurrejubilatu, eta horien ordez sartu diren gazte apurrak begira zer nolako baldintzetan. Langileek onartuta, e! Ez bakarrik onartuta, horren alde botoa emanda!
PATXI: Toki askotan ematen diren baldintza berberetan, ez txarragoak.
IRATI: Alboan duten zure kintakoen lan berbera egin eta soldata erdia kobratu, ez dizu zer pentsa ematen horrek?
PATXI: Bai, zer edo zer salbatu dugula gutxienez, bestela, auskalo nora joango zen enpresa. Gainera, soldata erdian ez baduzu nahi, ez egin, beste batzuek egingo dute gustura; hortxe dituzu magrebiarraketa, beltzak-eta, jende langilea eta esanekoa.
IRATI: Halabeharrez! Bestela...!
PATXI: Baina, noski, gure neska oso fina da, oso progrea, eta kanpokoek egiten dutena ezin du berak egin!
IRATI: Aita! Karka baino karkagoa jartzen zara batzuetan!
aitaren eta alabaren arteko eztabaidaren tonua gero eta beroago bilakatu da.
PATXI: (Tonua aldatuz, sortutako tentsioa baretu nahian) Tira, ez gara aitonaren aurrean eztabaidatzera etorri.
RAMON: Ez, ez, nire aldetik ez dago arazorik. Egia esanda, oso interesgarria iruditzen zait. Nire bizitza osoa eman dut horrelako eztabaidatan sartuta eta, benetan esaten dizuet, poztu egiten naiz, kontrakoa esaten diguten arren, horrelako kontuak hain bizirik daudela ikustean.
PATXI: Aita!...
RAMON: Ezetz, ezetz, benetan, zuei entzun eta bizi-bizirik sentitzen naiz, gaztetu egiten naiz, tartean muturra sartzeko gogoz.
IRATI: (Txantxetan) Aire! Jarraituko dugu orduan!
PATXI: (Erlojuari begira, ate aldera begira) Irati...!
IRATI: Harrigarria da, aitona, nola zu bezalako tipo batengandik aita bezalako tipo formala sor daitekeen. Ez dakit zer nolako heziketa eman zenion!
RAMON: Tira, hori bezain harrigarria gertatzen zait niri, zure aita bezalako tipo batengandik zu bezalako neska “titilimundi” sortzea. Ez dakit zer nolako heziketa eman dizun (Barre txikitxoa eginez). Nahiz eta, agian, heziketa kontua ez izan...
PATXI: (Ate aldera abiatuz) Utzi tontakeriak esateari, kontxo.
RAMON: (iratiri) Aizu, malabar ikastaro edo tailer edo zera hori bukatzean, lagunak hartu eta zahar etxera ekarri, e! Emanalditxo bat antolatu behar dugu aitona-amonak alaitzeko.
IRATI: Horixe, aitona! Eta gero zu gaztetxera joan, ziur batailatxo bat baino gehiago izango duzula kontatzeko. Batailatxoak... benetako batailatxoak esan nahi dut, ulertzen didazu.
RAMON: Hori, hori...! Zahar etxearen eta gaztetxearen elkarren arteko harremanen hasiera izan daiteke hori. Eta hortik aurrera...
IRATI: Horixe. (Konspiratzaile peto-petoaren plantan) A! Eta koordinadora bat sortu behar dugu. Seko garrantzitsua da koordinadorarena, koordinaziorik gabe ezta malabarak ere ezin dira egin. Besterik ez digute azpimarratzen tailerrean!
PATXI: (Kanpo aldera begiradatxo bat bota eta itzuliz) Ez da amona ikusten.
RAMON: Arraroa... Bingorik ez dagoenez, nirekin zetorren eta.
IRATI: Itxoin, zaintzaileei galdetuko diet.
irati atera eta bakarrik geratzen dira bi gizonak.
PATXI: (Isilune baten ondoren) Bestela, zer? Ondo?
RAMON: Esan beharko. Botikekin-eta suspertzen ari naiz pixkanaka...
Isilik geratzen dira.
PATXI: Hitz egin genuenaz pentsatu al duzu zer edo zer?
RAMON: Zertaz? Etxera joatearenaz?
PATXI: Hitz egina dugu Iratik eta biok eta ez dago inongo arazorik. Ni libre nago, eta Iratik behar den guztian lagunduko du, dudarik ez izan.
RAMON: Ez, ez, dudarik ez daukat, ez da hori... Eta amona?
PATXI: Bera ere etor daiteke etxera, jakina. Edo hemen geratu, nahiago duzuna. Zuk ezer esan ez arren, ziur nago ez dizula batere onik egiten haren ondoan egotea, kontrakoa.
RAMON: Ni naiz munduarekin galduko duen azken harremana, ulertzen? Burua erabat galdu baino lehen, esan nahi dut. Edo gutxienez, burua galduta ere, arrasto gozoren bat sumatuko du agian nire ahotsean; ez dakit, hala esaten dute behintzat, eta esperantza hori daukat.
PATXI: (Tentuz) Amonarena, ezin da esan, baina urte batzuetako kontua izan daiteke oraindik.
RAMON: (Hasperen txiki batez) Eta nirea ez da horren luze joango, ezta? (Isilik geratzen da patxi) Bihotzez eskertzen dizut, Patxi, baina geure kabuz etorri ginen hona gure azken urteak elkarren ondoan pasatzeko eta halaxe egingo dugu. Gainera, ospitaletik bueltatu eta gero, oso makalduta ikusten dut gure Julita, bere inguruko aldaketa txikienak ere kalte egiten dio... Ez, ez, ez, ez naiz zure etxera joango; gaizki edo oker, ez gara hemendik mugituko.
PATXI: Nahi duzuna, ez dizut behartu nahi. Dena dela, iritziaz aldatzen baduzu... (Lasai egoteko erantzuten dio agureak keinu batez)Egia esanda, ez nuen beste erantzunik espero. (Tonu barnekoiagoan patxik) Aita, horrenbeste urtez elkarrekin bizi eta gero, zer da amarekin lotzen zaituena, maitasuna?
RAMON: Zergatik galdetzen duzu?
PATXI: Zuek bezalako bikoteak ikusteak beti sorrarazten dit, ez dakit nola esan, harridura bera. Nire emaztearekin banatzeak izango du horren errua.
RAMON: (Lepoa jasoz) Beldurra ere izan daiteke agian. Une batetik aurrera, bakarrik egoteari beldurra baino ez da agian. Baina tira, ez dakit, eta ez zait inporta.
irati sartzen da korrika, kezkatuta dator.
IRATI: (Serio) Zaintzaileek ere ez dakite; ez dute aurkitzen.
Argiak itzali.