Kontrako bidean
Pablo Barrio
Kontrako bidean
Pablo Barrio
Euskaltzaindia / BBK, 2008
Kontrako bidean
Pablo Barrio
Euskaltzaindia / BBK, 2008
[aurkibidea]

 

9. EKITALDIA

 

2. agerraldian gertatu den moduan, aretoko argiak piztu eta, pasabidetik etorrita, agertokira igotzen da zinegotzia. Serio dago, larritasun egoerari dagokion moduan, eta tonu horretan arituko da.

 

ZINEGOTZIA: Gabon, jaun-andreak, eta eskerrik asko etortzeagatik. Beste ezer baino lehen, eta badirudi horrela hasi behar dudala beti zuekin, barkamena eskatu behar dizuet bilera hau konbokatzeko moduarengatik, azkar eta korrika eta inongo argibiderik eman gabe. Orain harira ez datozen arrazoiak direla medio, beste modurik ez dugu izan gauzak egiteko; besteak beste, zuen presentzia, zaharren egoitzan dauden aitona-amonen senideen presentzia bakarrik ziurtatu nahi genuelako eta ez beste inorena, aurreko bileran, zoritxarrez, gertatu zen bezala. Behintzat, arrisku hori saihestu nahi izan dugu.

            Baina, tira, gaian sartuta, ez dakit zer edo zer entzun duzuen, nire azken datuen arabera, badago irratiren bat notizia zabaltzen ari dena; gauzak horrela, eta informazio zuzena eta manipulatu gabea jasotzeko duzuen eskubidea, ez bakarrik errespetatuz, baizik eta horren defentsa sutsua eginez ere, kezkaz beterik gaituen gertaera baten berri eman behar dizuet, azken ordu hauetan sortutakoa. Denok dakizuenez, greban ari dira zaharren egoitzako zerbitzuetako langileak, modu ulertezinean luzatzen ari den greba batean nire ustez, borondate politikoren bati lotua seguru asko, baina tira; kontua da, duela ordu batzuk, egoitzako emakume bat, deskuiduren bat aprobetxatuz-edo, zorrozki aztertzen ari gara hori, kalera atera eta galdu dela, desagertu dela. Esan beharrik ez dago adinean sartutako emakumea dela, eta, hori da kezkagarriena, buruko eritasun batek jota. Ordu dezente pasatu dira, egia esan, eta ez dugu ezkorrak izan nahi, (Zalantza txiki bat eskapatzen zaio oharkabean) baina... esperantza ez dugu galdu, inolaz ere ez. Esan beharrik ez dago, desagerketaren berri izan bezain laster, udaltzainen eta poliziaren esku jarri dugu kasua, horiek baitira horretan adituak...

 

Publiko artean dagoela, zutik jartzen da patxi.

 

PATXI: (Hitza hartu nahian) Mesedez...

ZINEGOTZIA: (Konturatu ez) Ezin dut azpimarratu gabe utzi greba egiteko deitu dutenek hartu duten ardura. Lehen esan dudan bezala, aztertzen ari gara gauzak nola gertatu diren eta norenak diren erantzukizunak, baina garbi geratu da, aurreko bileran salatu nuen moduan, nola gure, zuen, aitona-amonen lasaitasunarekin eta ongizatearekin jolastu duten...

PATXI: (Moztuz) Jolastu edo ez jolastu, horretaz hitz egin nahi dut, hain zuzen.

ZINEGOTZIA: Itxoin, mesedez, ez dut bukatu...

PATXI: (Erneguz) Ez, ez dut itxaron egingo; ze, hain justu, zuk esandakoari lotuta dago esan nahi dudana. (Publikoari) Gabon denoi. Desagertutako emakumearen semea naiz, eta, gertaeraren aurrean, udalak hartu duen jarrera salatu nahi dut zuen aurrean. Nire amaren desagerketa jakin eta berehala berria zabaldu eta jendearen laguntza eskatu beharrean, gauzak ezkutatzen ibili da...

ZINEGOTZIA: Ulertzen dut zure egoera, berez, larria dela, baina ezin dut inolaz ere onartu zuk esandakoa. Gauzak ahal den modu diskretoenean eramaten saiatu bagara, hain zuzen, gure aitona-amonek greba dela-eta bizi duten tentsio egoera ez areagotzeko izan da, ez bestelako...

PATXI: (Amorruaz, inpotentziaz) Pertsona baten bizia dago jokoan, eta ez dut onartzen...

 

Bat-batean, publikoaren artean erdi lotan zegoen juli suspertu egiten da.

 

JULI: Oi! Ezagutu ere ez zaitut egin hasieran... Baina zer? Zer egiten duzu hemen?

PATXI: Ama!!...

JULI: (Lasai antzean, inguruan daudenei azalpenak ematen) Badakizue nor den, ezta? Hau, zera (Semearen izena buruan trabatuta), tira, ez naiz orain bere izenaz gogoratuko, hauxe amorrua! Zera, hau... nire semea, kontxo; nola duzu izena?

PATXI: (amarengana abiatuz) Patxi, ama!

JULI: Horixe, Patxi. Hau burua, semearen izena ez gogoratzea... lotsa eta guzti ematen dit. Nire semea duzue Patxi, bai, gizon zintzoa eta esanekoa; esanekoegia agian nire gusturako, baina, tira, zintzoa, hori bai....

PATXI: (Besarkatuz, musukatuz) Ama! Ondo al zaude?

JULI: Oi, motel, kontuz, kontuz, apurtu egingo nauzu, horrenbeste besarkada eta musu...! Loteria tokatu zaizu, ala?

PATXI: Baina, ama, zer egiten duzu hemen? Nola iritsi zara hona!

JULI: Etxera joan nahi nuen, baina bidean hainbeste errepide-eta semaforo-eta jarri dituzten ze, azkenean, nahastu eta ez dakit kontrako bidetik hartu ez ote dudan. Baina, tira, hemendik pasatu eta zahar etxeko horiei (Oholtza aldera seinalatuz) begira-begira geratu naiz ni ere, lagun hauen konpainian; badakizu, hauei bisita bueltatzeko-edo, bide batez.

PATXI: Baina, ama, hau ez da...

JULI: Hemen eseri eta erdi lotan geratu naiz. Ai ene, horixe kulebroia galanta horko familiarena! Aitona-eta, biloba-eta, zaintzailea-eta... garbitzailea bera ere, ene bada! Horixe duten kakanahastea! Ni, buruan ezin gorde denak eta lo seko geratu naiz berehala!

PATXI: Goazen, ama, goazen...

patxik lepotik besarkatuta ama, pasillotik barrena oholtza aldera abiatzen dira.

JULI: (Konfidentzia moduan) Badakizu? zaharra hilko dela uste dut...

PATXI: (Ez ulertuarena eginez) Zein zaharra?

JULI: (Oholtza seinalatuz) Horkoa, zera, pilikula horretakoa. Itxura txarra hartzen diot nik...

PATXI: Ez pentsatu horretaz orain, ama. (Pausoka-pausoka, oholtzara igotzeko eskaileratxoaren aldera) Ondo al zaude?

JULI: Nekatuta pixka bat, bai, hori bai... baina, tira, goazen etxera.

 

Eskaileratxoa igo bitartean aretoko argiak itzali eta oholtzakoak piztu egingo dira pixkanaka. Bere aulkian, hantxe dago ramon.

emaztea ikusi eta zutik jarriko da, pilatutako emozioak jota.

 

RAMON: (Ahul, julirengana pauso batzuk emanez) Juli...

JULI: (patxiren laguntza eskaileratxoaren buruan utzita) Gogoratzen zara izaten genituen bisitariak? Bada, bisita bueltatu diet.

 

Argiak itzaltzen dira pixkanaka.

 

JULI: (Azken argitxoa itzali baino lehentxeago) Demontre, motel, zer dela-eta horrenbeste negar?

 

Ilun.