Kontrako bidean
Pablo Barrio
Kontrako bidean
Pablo Barrio
Euskaltzaindia / BBK, 2008
Kontrako bidean
Pablo Barrio
Euskaltzaindia / BBK, 2008
[aurkibidea]

 

2. EKITALDIA

 

Aretoa argiztatu eta eserlekuen arteko pasabidetik etorrita, zinegotzia agertokiaren aurrealdera igo eta ikusleekin hizketan hasiko da. Hitz-jario errazekoa, behar denean serio, etxeko tonu hurbilean gehienetan, keinuetan eta mugimenduetan suelto, horrelako trantzetan murgiltzeko eskarmentua ageri zaio.

 

ZINEGOTZIA: Gabon, jaun-andreak, eta, lehen-lehenik, eskerrik asko etortzeagatik. Zuetako batzuek ezagutuko nauzue agian, beste batzuek ez seguru asko; Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia nauzue, eta, ezertan hasi baino lehen, barkamena eskatu behar dizuet bilera hau desordu hauetan egiteagatik. Dagoeneko gehienek jakingo duzuen moduan, gaur goizean herriko zaharren egoitzako zerbitzuetako langileak greban hasi dira. Gauzak horrela, zuen senidekoen zaintza gure eskuetan uzteak dakarkigun erantzukizunaren jakitun, eta egoeraren informazio zuzena eta egokia jasotzeko duzuen eskubidea kontutan hartuta, berehala hasi gara zuei banan-banan etxera deitzen lehenbailehen bilera informatibo hau konbokatzeko. Horregatik, berriro, eskerrik asko.

            Esan dudan bezala, zaharren egoitzako zerbitzuetako langileak, haien enpresarekin dituzten bai soldatari bai lanordu kopuruari dagozkion desadostasunak direla medio, greban hasi dira. Horren aurrean, udalak, greba-eskubidea errespetatuz beti ere, ez du ez ezer esaterik ez muturra sartzerik. Kasu honetan, beste guztietan bezala, enpresari eta langileei dagozkie haien arteko tirabirak konpontzea. Gure zeregina, udal moduan, legea betearaztea da; legea betearazi eta, jakina, bertan bizi diren pertsonen beharrizanak asetzea eta lasaitasuna bermatzea, are gehiago hau bezalako kasu batean, non jokoan dagoen gure aitona-amonen ongizatea. Hauxe da, benetan dizuet, hauxe da gure ardura handiena une honetan: gure zaintza eta ardura guztia merezi duten pertsona horiek bizitzan dena eman dutena, eman digutena hobe esanda, nik baino hobeto dakizue zuek, senideek, bada, nola zaindu, nola babestu pertsona horiek, grebak sortutako egoeragatik kaltetuak ez izateko. Zentzu horretan, oso... ez dakit nola esan, oso larria, oso mingarria iruditzen zaigu, beti ere langileen greba-eskubidea errespetatuz, lehen esan dudan moduan, baina oso kezkagarria iruditzen zaigu gure adinekoen lasaitasunarekin horrela jokatzea helburu partikular batzuk, errespetagarriak, bai, baina partikularrak azken batean, lortzeko.

            Hori esana, badago guretzat, udal moduan, benetan onartezina den beste elementu bat; hain zuzen, langileek udalaren kontra egiteko hartu duten bidea. Izan ere, kalean ikusi ahal izan dituzuen karteletan eta pankartetan “Subrogaziorik ez, udaletxeak aurpegia eman”, “Soldata duin baten alde, udaletxeak negoziatu” eta antzekoak irakur daitezke. Horren aurrean, udal honek oso argi utzi nahi ditu pare bat gauza. Lehenengoa, eta errepikatuko naiz, baina, tira, komeni da gauzak oso garbi geratzea: udalak ez du inongo harremanik langile horiekin. Langile horiek ez dira udaletxekoak, baizik eta une honetan zaharren egoitzako zerbitzuen kontrata duen enpresakoak. Aldian behin, zerbitzu horiek kudeatzeko deialdia egiten da, baldintza batzuk ezarri, enpresek haien eskaintzak egiten dituzte, eta, azkenean, udalak eskaintza onenari ematen dio kudeaketa; kito, horixe da prozedura. Langileak, kontrata lortu duen enpresak jarri behar ditu. Eta honekin lotzen da argitu nahi dudan bigarren gauza, subrogazioarena hain zuzen, askotan horixe baita sartzen den enpresa berriak langileak kontratatzeko erabiltzen duen bidea: aurreko enpresak kontratatuak zituen langileak bereganatzea; noski, langileen baldintzak eta eskubideak mantenduz. Ikusten duzuenez, enpresen arteko akordio bat da, haiek erabakita eta lege aldetik babestuta. Esan beharrik ez dago, udalak ez du inongo zerikusirik enpresen arteko akordio horrekin. Horregatik, eta ez dut nekagarri gertatu nahi, gauza bat eskatu behar diet langileei: dituzten errebindikazioak haien enpresaren aurrean egin ditzatela, baina, mesedez, berriro diot, mesedez, ez nahastu tartean udaletxea.

            Hau guztia esanda, lasaitasun mezu bat bidali nahi dizuet udalaren izenean. Beste edozein planteamenduren eta oztoporen gainetik, gure aitona-amonak dira inportanteenak, eta, zalantzarik ez izan, eskura ditugun mekanismo eta baliabide guztiak abian jarriak dira dagoeneko, greba iraun bitartean, zuen senidekoen beharrak ahal den modurik onenean asetzeko. Noski, ezin dizuet ukatu, ezohiko egoera batean gaude eta beti sor daiteke arazoren bat, ez dakit, mementuren batean atzerapen txiki bat, lehen egiten ziren aktibitate batzuen murrizketaren bat edo beste, edota, kasuren batean agian, bertan behera utzi behar; baina, edozeren gainetik, ziurtatzeko moduan nago bertan bizi diren adinekoek bizimodu egokia eraman ahal izango dutela; horretaz ezta zalantza txikienik ere ez duzue izan behar.

            (Erlojuari begira) Tira, gehiegi luzatu naiz agian. Ez dakit, zuen partetik galderaren bat egin nahi baduzue... hauxe da unea, hemen nauzue edozein zalantza argitzeko prest.

 

Isiltasuna. Inork ez du ezer esaten. Azkenean, aurreko lerroetako batean eskua altxa eta ahots bat entzuten da ikusleen artean. patxi da, ramonen eta juliren semea.

 

PATXI: Bai, arratsaldeon, zera, galdera bat egin nahi dizut.

ZINEGOTZIA: Bai, mesedez.

PATXI: Hor, zera, gutxienezko zerbitzuak-eta, zera, nahikoak izango al dira, ala...

ZINEGOTZIA: (Bukatzen utzi gabe) Ez, lasai egon zaitezte alde horretatik. Kontuan izan aitona-amonekin harreman zuzena duten langileak bakarrik daudela greban; besteak, sukalde-jantokian eta garbiketan aritzen direnak beste kontrata batzuetakoak dira eta horiek betiko moduan ari dira lanean. Lehen esan dudan bezala, aktibitate batzuen falta sumatuko dute, hori horrela da, baina (Uste osoz), oro har, konfiantza izan, zuen senideak ongi zainduta egongo direla garantizatzeko egoeran gaude.

PATXI: Horixe da, hain zuzen, jakin nahi nuena, ea zer nolako garantiak ditugun gure senideak ongi zainduak izango direnik. Ze, gure gurasoen kasuan adibidez, hor daude biak, aita eta ama, eta, kasualitatez, aita gaizki esnatu gaur goizean, medikua etorri, analisiak agindu eta ez dakigu oraindik zer sortuko den, baina... horixe, ez dakit, arreta berezia beharko du agian, eta gure ama, gaixoa, baditu lan nahikoak bere buruan arreta jartzeko!

ZINEGOTZIA: Egon zaitez lasai, udalak baditu mekanismoak egoerari aurre egiteko, eta, zalantzarik ez izan, behar izanez gero, abian jarriko ditugu erabakitasun osoz. Azken batean, bezeroak agintzen duela, ezta? hala esaten da, eta hala izan behar du gainera; bada, zuen gurasoak eta aitona-amonak dira gure bezeroak, eta bezeroak moduan tratatuko ditugu, haien aginduetara eta beharretara egongo gara alegia, haiek baitira guretzat inportanteenak.

PATXI: Agian, ez dakit, ideia moduan botako dut, baina agian zer edo zer egin genezake guk ere, senideok, presio moduan esan nahi dut, langileen aurrean, ze, nahita edo nahi gabe, gure senideak erabiltzen ari dira, txantaje moduan, haien helburuak lortzeko. Enpresaren kontra zerbait badute, enpresaren aurka jo dezatela baina zaharrak bakean utzita, mesedez!

ZINEGOTZIA: Tristea iruditzen zaigu guri ere ahulenak diren agureekin horrela jokatzea, baina... Lehen esan dizudan bezala, udalak jakingo du erabakitasunez jokatzen, lasai zentzu horretan.

 

Isilunea.

 

ZINEGOTZIA: Beste galderaren bat?

 

Inor konturatu gabe, txaro sartu da ikusleen artean, atzeko partean.

 

TXARO: Galdera bat egin nahi nuke.

ZINEGOTZIA: (Eskuarekin biserarena eginez, fokuak direla-eta publikoaren artean solaskidea ikustearren) Aurrera, bai.

TXARO: Egia esanda, galdera bat baino gehiago dauzkat, baina, beno. Zera, pentsatu al duzue noizbait udala bera pribatizatzea?

ZINEGOTZIA: (Sorpresaz harrapatuta, galderaren nondik nora ezin ulertuz) Zer?... Nola esan duzu?...

TXARO: Horixe, kale-garbitzaileen edo zaharren egoitzako langileen lanak pribatizatu dituzuen bezala, zergatik ez gauza bera egin alkatearekin eta zinegotziekin? Enpresa baten bidez kontratatu eta kito.

ZINEGOTZIA: Aizu, nor zara zu?

TXARO: Berez, erraza da; kontrata-enpresek haien eskaintzak eta kanpainak egiteko epea zabaldu, jendeak hauteskundeetan boto eman, eta horrela, remokratiko-remokratiko, boto gehien lortzen duen enpresari, bada, berari esleitu udaleko kudeaketa hurrengo lau urtetarako. Listo. Berak kontratatuko ditu gero, aldi baterako, alkatearen eta zinegotzien lanak egingo dituzten langileak. Diru mordoska aurreztuko genuke horrela, ez duzu uste?

ZINEGOTZIA: (Egoeraz jabetuta azkenean) Hau lotsagarria...

TXARO: (Abiadurak hartuta) Ez da ideia batere txarra. Gainera, herritarrok bezero bihurtuko ginateke horrela, ez zara konturatzen? Irrikan nago ni, ea xeoxer agintzen dugun behingoz!

ZINEGOTZIA: (Egoera kontrolatuz) Jaun-andreak, ez dut uste ezer erantzun behar diodanik sabotaje honi. Nik mila hitzak esan baino argigarriago, hortxe dituzue greban dagoen langile, berriro diot, langile, ez senide, langile horren azalpenak eta jarrerak. Ze hau, ez ahaztu, senideentzako bilera bat da, senideentzako eta ez beste inorentzako, kaltetu nagusienen senideei informazioa emateko. Baina, tira, hori ere errespetatzen ez denean...

TXARO: (Moztuz) Eskubidea izango dute bertsio guztiak entzuteko, ezta? Ze hemen, norberaren ardurak hartu beharrean, oso erraza da langileak agureen etsai moduan agertzea, baina...

ZINEGOTZIA: (Entzungorrarena eginez) Ulertuko duzuenez, jaunandreak, ez daukat ezer eztabaidatzerik errespetuzko eta gizalegezko minimoenak ere betetzeko gauza ez direnekin. Esan beharrekoak esana daude dagoeneko eta, nik uste, hemen amaitu dezakegu bilera hau. Bakarrik, lasaitasun mezua berretsi nahi dizuet: udalak baditu mekanismo nahikoak zuen senideen eskubideak bermatzeko eta, lasai egon, behar izanez gero, erabiltzen jakingo baititugu, inongo zalantzarik gabe.

TXARO: Langileon ustez askoz egokiagoa litzateke zuen erantzukizunei aurre egitea behingoz eta benetako arazoari...

PATXI: (Moztuz, haserre puntu batez) Isilduko ez zara bada, emakumea.

ZINEGOTZIA: (Irteerara abiatuz) Edozein modutan ere, harremanetan egongo gara zuekin daukagun informazioaren berri emateko, eta, esan beharrik ez dago, irekiak dituzue udaletxeko ateak edozein kontsulta egiteko.

 

zinegotziak alde egiten du, txaro geratzen da hitzaren jabe.

 

TXARO: Hauxe duzue arazoei aurre egiteko udalak duen moduaren adibidea: eskuak garbitu eta agur ben-hur. Irtenbideak bilatu beharrean, langileei errua bota eta...

PATXI: (Eserlekutik altxatuz) Ene! Hau asperdura! Ni banoa...

TXARO: Bada, ez dut uste aspergarria izan beharko duenik, gizona. Hemen jokoan daudenak ez dira bakarrik gure lan baldintzak, horiek ere bai, noski, baina hemen jende adindua zaintzeko eredua da kolokan dagoena, eta ez bakarrik gaurkoak, gu ere zahartuko baikara, ez ahaztu!

PATXI: (Eserlekuen arteko pasabidetik barrena irteera aldera abiatuz) Begira, nik gauza bat esango dizut bakarrik: zuen enpresaren kontra jo nahi baduzue, aurrera, jo ezazue, baina, mesedez, zaharrak ez erabili; ze, zahar ahul batzuk arma moduan erabiltzeko prest daudenek, benetan, legitimitate guztia galtzen dute niretzat.

TXARO: Nola zaharrak erabili...? Aizu, hemen ez dago ezer asmatu beharrik, hau greba bat da, lanuztea, eta horixe baino ez dugu egin, lana utzi...

PATXI: (Ezer gehiago entzuteko gogorik ez, aretotik atereaz) Agur.

 

Argiak itzali.