Lagun mina
Aitor Arana
Lagun mina
Aitor Arana
Euskaltzaindia , 2003
Lagun mina
Aitor Arana
Euskaltzaindia , 2003
[aurkibidea]

 

7. AGERRALDIA

 

aitor eta sebe

 

(Hogeita hamar urte igaro dira.

Eszenatokian zaharren egoitza bateko irakurgela ikusten da.

Hiruzpalau besaulki eroso daude, leiho zabal bat ikusleen aurreko paretan. Honen ondoan, tente jarrita edukitzeko aldizkari eta egunkarientzako apalategi bat dago.

Eszenatokian zutik eta eskuetan egunkari bat daukala, aitor egongo da.

Ia hirurogeita hamar urte ditu eta, adina irudikatzeko, adin horretako aktore bat jar daiteke, edo lehengoa egoki itxuraldatu. Alkandora zuria, artilezko jaka berdea eta praka gris zabal samarrak daramatza.

Oinetan etxeko zapatilak.

sebe agertzen denean, berdin itxuraldatuta edo beste aktore batek ordezkatuta egongo da.

aitorren antzera jantziko da.

aitor zaharra ahots gora arituko da bere gogoetaren berri ematen.)

 

AITOR: Goiz lasai honetan, arinduta sentitzen dut bihotza. Arinduta lehen aldiz, Alex maitea duela urtebete pasa hil zitzaidanetik. Eskerrak nire lanari, ia bizitza osoko nire itzulpen maiteei, horiek lagundu baitidate nire bihotzeko Alextxoren heriotzak hankapean zabaldu zidan zulo beltzetik ateratzen. Bizilegea lege da, eta legea bete egin behar da: maiteen ditugunak ere hil daitezkeela ez genuke hain erraz ahaztu behar, beraiek gu baino lehen joanez gero, ahalik eta min txikiena izan dezagun, bizilegea bete egin behar baita, lege denez.

 

(Isilaldi laburra)

 

            Adineko jendearentzako etxe honetan, etxean bakarrik baino hobeto nago; entretenituago lana bukatzen dudanean, bertako zaindari eta bizikide atseginei esker. Oso gogoko dut, esate baterako, eguerdietan hona etorri eta egunkaria lasai irakurtzea. Telebistagelan jende gehiegi egoten da, eta ozenegi jartzen dute aparatua. Hemen askozaz lasaiago nago, eta askotan tertulia polita sortzen da, irakurtzera etorriak gutxi garenean.

 

(Hitzok esan ondoren, aitor besaulkietako batean eseriko da bere egunkaria irakurtzeko asmoz.

Handik gutxira sebe sartuko da irakurgelara)

 

SEBE: (aitorri) Egun on. (Apalategitik egunkari bat hartuko du)

AITOR: Baita zuri ere.

 

(sebe eseri egingo da besaulkietako beste batean. Egunkaria zabaldu eta irakurtzen hasiko da.

Bat-batean burua altxatu eta aitorri begiratuko dio. Aldi berean aitor gauza bera egiten ari da.

Igarotako urteak gora-behera, elkar ezagutuko dute)

 

AITOR: (Harridurak ahozabalik daukala) Sebe? Sebe zara, ezta?

 

(sebek ez du ezer erantzungo.

Guztiz urduri, zutitu, egunkaria besaulkian edonola utzi, eta irakurgelatik alde egingo du ia estropezuka.

aitor zutitu egingo da, egunkaria eskuan, sebe joan den aldera begira)

 

            Arranopola! Bera da eta! Horrenbeste urteren ondoren ez nuen inondik inora hemen ikusterik espero. Noiz etorri ote da?

 

(Betaurrekoak kendu, eta bi hatzez begi itxiak ferekatuko ditu sudur ondoko aldeetan.

Gero egunkaria apalategian utziko du, jarraian seberena bildu eta leku berean uzteko)

 

            Ez dut ukatuko Sebez noizean behin oroitu naizenik azkeneko urteetan. Oso bitxia da, eta niretzat egiazko misterioa izan da beti, nola desagertu zen gure ingurutik kea balitz bezala, gure bizitzatik behin betiko irtetea erabaki eta gero, nahiz eta Goitin bizi izaten jarraitu.

 

(Geldialdia egingo du, xehetasunez oroitzeko ahalegina eginez. Horretarako, eskuak bizkarrean jarri eta burua goratuko du)

 

            Lagun minak izan ginen garai zoriontsu eta labur hartan, beti jotzen zuen bozina pit-pit-pit-pit! modu errepikakor eta politean, bere lantokitik autoz irten eta bidean ikusten gintuenean. Alde egin zuenean, berriz, nahiz eta leku berean lanean jarraitu eta gu behin baino gehiagotan ikusiko gintuen, ez genuen berriro pit-pit-pit-pit! alai hura inoiz entzun. Eta gauza bera gertatu zen Goitiko Eroskin: lagunak ginen bitartean askotan egiten genuen han topo, ustekabean, erosketak egiten genituen bitartean. Horretaz baliatuz, elkarrekin irteteko eguna eta ordua adosten genituen sarritan. Gero, berriz, bere lantokiko bisitagelan izandako azken elkarrizketa triste haren ondoren, inoiz ez genuen ikusi Eroskin. Alexek eta biok behin baino gehiagotan galdetu genion geure buruari nola moldatzen ote zen gurekin ez topatzeko: Eroskira inoiz ez ote zen berriz joan, ala gu joaten ez ginenean joaten ote zen. (Hasperena) Kontu tristea inondik ere, argi erakusten duena bere askatasuna ere murrizteko gauza zela gu ez ikusteagatik. Oraintxe hemendik alde egitean egin duen bezala.

 

(Isilaldi laburra)

 

            Esan beharrik ez dago ez zidala deitu, esan nahi nizkion bi gauza haiek, benetan bihotzez esan nahi nizkionak, entzuteko. Eta, egia esan, bi gauza haiek, esateko bezain errazak ziren entzuteko, bihotzez eta bihotzaz esatekoak zirenez. “Beti jarraitu nahi dut zure laguna izaten” zen esan nahi nion lehenengo gauza eta “Beti izango duzu gure etxeko atea zabalik.”

 

(Mukizapi bat aterako du poltsikotik, begietara etorritako malkoak xukatzeko)

 

            Arraioa! (Irribarre egingo du) Xahar sentimental hutsa bihurtu naiz. Seberi hemendik gertu dagoen zinera joateko gonbitea egiten diodanean, seguru negar egingo dudala pelikula txatxuren bat ikustean!

 

(aitor poliki aterako da eszenatokitik.

Argiak guztiz itzaliko dira.

Oihala behera)

 

amaiera