6. AGERRALDIA
aitor eta sebe
(Eszenatokian, bisitak hartzeko bulego itxurako bisitagela bat ikusiko da argiak piztean.
Metalezko bizpahiru armairu baxu jar daitezke paretetan, gainean karpetak eta artxibategiak dauzkatela.
Erdian mahai borobil bat dago, berau ere metalezkoa, eta lau aulki dauzka inguruan jarrita. Gainean aldizkari eta foileto batzuk dauzkala ikusten da.
Itxarongelan aitor ageri da hasieran bakarrik, eta nabarmena da zain dagoela, izkinetara eta aldizkariei tarteka begiratzen baitie, zutik dagoela.
Izterretarainoko beroki ez oso lodi bat darama jantzita, udazkena aurrera doan seinale.
Eskuak berokiko poltsikoetan dauzka sartuta.
Ohikoa denez, gogoeta eginez emango du egoeraren berri, eta noiznahi zuzenduko zaie ikusleei.)
AITOR: Ez omen dago munduan maitasun traizionatutik sortutako gorrotoa baino gorroto handiagorik. Hala izango da, hala esaten dutenez, eta nik gehituko nuke ez dagoela munduan adiskidetasun traizionatutik sortutako mina baino min handiagorik.
(Isilaldi laburra)
Sebek ez zuen deitu aste osoan, duela hilabete pastelak ekarrita bisitan etorri zitzaidanean iradoki genuenaren kontra. Ni zain egon nintzen larunbat arratsaldera arte, larunbat gauean zinera joan behar omen genuenez, eta neronek deitu nion telefonoz arratsaldeko zazpiak aldean, hitzordua zehaztu eta pelikularen bat ikustera joateko garaiz ibiliko nintzen itxaropenarekin. Alexek ordurako esana zidan Seberekiko pazientzia agortu zitzaiola eta bera ez zela zinera joango: gu biok joateko. Horixe zen nire asmoa, baina ezusteko handia izan nuen, Seberen etxera, hau da, bere erantzungailura deitu, eta emakumezko ahots batek, deitutako zenbakiak matxura zuela behin eta berriz esan zidanean. Esan beharrik ez dago larunbat hartan ez nuela Seberekin hitz egiterik izan, bere gurasoen etxera deitzerik nahi ez duenez.
(Eskuak ukabil bihurturik aterako ditu poltsikoetatik eta bata bestearen kontra joz mugituko ditu bularraren parean, sentitzen duen egonezina baretu nahian.
Laster ipurgainean batuko ditu eskuak, bere joan-etorrian jarraitzen duela)
Baina hurrengo aste osoan ere telefonoak matxura zuen, eta hurrengoan ere bai. Egonezin handiak harrapatuta nindukan, bi aste haietan garbi ikusten nuelako — eta eskerrak ematen dizkiot Jainkoari ikusten nuelako— Sebek ez zuela, noski, nirekin ez hitz egin nahi, ez zinera joan nahi gehiago, ni deika ari nintzaion denbora hartan guztian, berak ez deitu eta ez etorri ez zuelako egin. Behin baino gehiagotan egon nintzen neroni tentatuta arratsalde batean bere etxera joateko; ez gurasoenera, baizik eta erantzungailua daukan horretara, baina ez neukan bere baimenik. Eta bere baimenik gabe ez dut joan nahi izan.
(Isilaldi laburra)
Ia egunero deitu diot joan den hileko bi lehen aste horietan, eta beti ateratzen zitzaidan emakumezko ahots grabatua. Norbaitek imajina ote dezake zenbaterainokoa zen nire etsipena? Jadanik ez nuen deitzen —pentsatuko zenuten bezala— berarekin zinera joateko, ez. Ez naiz horren inozoa eta Seberenganako nire adiskidetasunak ez nau itsutu, zorionez, azken unera arte borondatetsua izaten saiatu naizen arren. Baina berarekin azken aldiz hitz egiteko desioa nuen, beharra ere bai, bi gauza esateko; ez gauza pare bat esateko, baizik eta bi gauza: bat eta bi. (Esku batez bi hatz erakutsiko ditu) Bi gauza soil eta sinple, bertatik bertara esan beharrekoak. Horregatik, deika jarraitu dut joan den hilabete osoan zehar eta, hirugarren astean, itxaropena ia erabat galduta nengoenean, Sebek bere eskuz hartu zuen telefonoa. Etxean tximista sartu zitzaiela esplikatu zidan, eta etxepe osoan telefono guztiak erre zirela; baita etxetresna elektriko mordoa ere. Sinesgarria bere esplikazioa. Ez dut dudarik hala izango zela.
(Isilaldi laburra)
Hala ere, Seberekin azkenean telefonoz hitz egin ahal izateak ekarritako poza min-iturri berri bihurtu zen, lagunaren —“lagun ohiaren” esan behar dut, noski— jarrera berriagatik. Aste hartako larunbat iluntzerako egin genuen hitzordua eta, eguna iristean, elkartzeko ordubete eskas falta zenean, etxera deitu zidan — orain bai, lau hilabeteren ondoren!— elkartzerik ez zeukala esateko, ez dakit zergatik eta badakit zergatik. Onartu egin nion hitzorduaren ezeztapena, eta mesedez eskatu hurrengo larunbaterako geratzeko. Eta ez zidan ba galdetu “zertarako” eta “merezi ote zuen”? Bi gauza, bi bakarrik esan nahi nizkiola adierazi nion, eta leku, egun eta ordu berean elkartzeko hitzordua egin genuen berriro. Ez didazue sinetsiko — beno, ziurraski bai—, baina hurrengo larunbatean, hau da, herenegun, berriro deitu zidan hitzordua baino ordubete inguru lehenago. Eta berriro ezeztatu zuen bazeukalako gurasoekiko konpromisoren bat. Nik berriz onartu, eta atzoko eskatu nion hitzordua, iganderako alegia. Onartu egin zidan.
(Eszenatokian hara eta hona ibiltzeari utziko dio.
Zutik egongo da orain geldirik, ikusleei goibel hitz egiteko)
Iluntzeko zortzi t’erdietan joan nintzen atzo betiko gure tabernara, bezperan adostu bezala. Banekien Sebe ez zela garaiz helduko, gutxitan heltzen delako esandako orduan puntuan, eta atzokoan gustukoa izango ez zuen elkarrizketara zetorrenez, gutxienez hogei bat minutuz itxaron beharko nuela pentsatzen nuen. Handik hogei minutura etorri gabe zegoen, eta bederatzietan ere ez zen azaldu. Bederatzietan hain zuzen, Alextxoren dei bat izan nuen sakelako telefonora. Sebek etxera deitu zuen non ote nengoen galdetzeko, eta Alexek esan zion bere zain nengoela adostutako lekuan. Sebek, berriz, nire kotxea aparkaturik ikusi zuela, baina ni ez nengoela tabernan esan zion Alexi. (Geldialdia) Zin egiten dizuet izotzezko irribarre bat sortu zitzaidala Alexen hitzak tabernan eserita telefonoz aditzen nituen bitartean, ni komunera joateko ere ez bainintzen mugitu, hara joan eta orduantxe Sebe etorriz gero, alde egingo zuen beldurrez; sobera bainekien ez zidala itxarongo gizalegeak agintzen dituen bost-hamar minutuetan ere. Alexek orduan esan zidan sakelako nire telefonoaren zenbakia eman ziola Seberi. Baina nik ez nuen Seberen deirik jaso. Guztira berrogeita bost minutu egin nituen lagun ohiaren zain. Tabernan zegoen jendea erretiratuz joan zen denbora hartan ni ia bakarrik utziz, igande gaua zenez. (Hasperen sakona egingo du) Sebe ez zen azaldu. Esan beharrik ez dago. Eta mingotsa egin zitzaidan gogoratzea gurekin pozik zebilen garaian nahikoa izaten zela ordu erdi lehenago telefonoz deitzea bere etxean pintatzen ari zenean, zinera edo afaltzera elkarrekin joateko. Ordu erdi! Orain nik hilabete eman nuen ia etengabe deika hitzordu ziztrin bat lortzeko eta, lehenik matxuragatik eta ondoren Seberen beraren ezeztapenagatik, mila deabmren ahalegina egin eta gero, ez zen azaldu. (Besoak zintzilik, eskuak zabaldu eta ikusleei erakutsiko dizkie) Ez zen azaldu, eta kitto.
(Isilaldi laburra egingo du, ondoren eszenatokian berriz ibiltzen hasteko)
Ni pertsona naiz, eta errespetua merezi dut, denok merezi dugun bezala, alajaina! Horregatik, ez diot Seberi berriro deitu nahi, beste hilabete osoan, hitzordu txiki bat adosteko. Baina, aldi berean, esan nahi dizkiodan nire bi gauzen berri eman nahi diot, barrenak hala eskatzen didalako. Seberekin izandako garai onengatik, edo bestela bakerik izango ez dudalako, baina hemen nago, bere lantokiko bezeroentzako bisitagelan. Ezustekoa izango du, nire berri ematen diotenean bezeroren bat naizela pentsatuko baitu. Sebe gizajoa!
(aitorrek hitz egiten bukatu eta segundo batzuetara, sebe bisitagelan sartuko da.
Harridura nabarituko zaio, baina laster zirkunstantzi aurpegia jarriko du, azkenik irribarre egiteko.
sebek mahaia bien artean utziko du, babesgarri gisa, baina aitor mahaia inguratuta hurbilduko zaio)
SEBE: Kaixo, Aitor! Atsegina da zu hemen ikustea.
AITOR: Egun on, Sebe. Zer? Zer gertatu zen atzo? Zure zain egon nintzen berrogeita bost minutuz.
SEBE: Hori. Nik ere atzokoa aipatu behar nizun. Tabernara joan nintzen eta ez zeunden han.
AITOR: (Arrazoiak ematen duen baretasunaz) Zer ordutan joan zinen ba?
SEBE: (Urduri) Bederatziak inguruan. Barraraino sartu nintzen barrua ere begiratzeko, jende asko zegoenez. Inguruko tabernetan ere bilatu zintudan ondoren.
AITOR: Ni han nengoen, ba, zortzi t’erdietatik eta komunera joateko ere ez nintzen altxatu nire mahaitik, orduantxe azalduko zinen beldurrez. Baina, hala ere, tabernara etorri eta ez zenuen pentsatu, gizalegeak agintzen duen bezala, bost-hamar minutuz itxarotea? Eta eskertzen dizut inguruko tabernetan ni bilatzea, baina ez ote zen zentzudunagoa geratutako tabernako mahai artean bilatzea barran ez banengoen?
SEBE: Berandu zenez, joanda ere egon zintezkeen...
AITOR: (Ironiatsu) Noski, noski. Arrazoia.
(sebek eskumuturreko erlojuari begiratuko dio urduri, zer egin ez dakienez)
SEBE: Lanera itzuli beharra daukat, Aitor.
AITOR: Jakina. Arrazoia berriro. Eta orain ere, bezero bat banintz bezala ezin duzu jokatu zure nagusiaren aurrean, nik lasai hitz egin diezazudan. Labur-labur esango dizut, beraz, esan beharrekoa. Baina, lehenik, baimena emango didazu nire harridura azaltzeko, ezta?
SEBE: Harridura? Zer ba?
AITOR: Lehen nahikoa zen telefono dei bat, ordu erdiren buruan gu elkartzeko, eta orain hilabetez deituta ere ez dugu lortzen.
SEBE: Zirkunstantziak izan dira, Aitor; ez da inoren errua. Tximist hura sartu zen etxean eta...
AITOR: (seberen hitzak etenez) ...eta orain hitzorduak ezeztatzeko bakarrik deitzen diezu lagunei. Duela hilabete zuk bakarrik zenekien zertarako etorri zinen benetan gure etxera pastel kaxarekin, Sebe. Baina orain biok dakigu. Ez du horrek esplikazio beharrik.
(Isilaldi laburra izango da, aitorrek hizketan jarraitu aurretik)
Hara, Sebe: atzo tabernan bi gauza esan nahi nizkizun, bi, eta bihotz-bihotzez. Baina gauzak noraino iritsi diren edo noraino eraman dituzun ikusita, bi gauza horiek zer diren jakin nahi baduzu, badakizu gure etxea non dagoen, askotan afaldu baituzu han gurekin. Berriz ere afal zenezake lasai asko. Gainera, gure etxeko, hau da, gu bizi garen etxeko telefono zenbakira jo dezakezu, guk zure gurasoen etxera, hau da, zu bizi zaren etxera deitu ezin dugun bezala. Horrezaz gain, Alexek atzo sakelako nire telefonoaren zenbakia eman zizun, nik oraintxe emango ez nizukeen arren. Deitu edo etorri lasai gurera. (Bisitagelako atera hurbilduko da irteteko asmoz)
SEBE: (Eskuak zabalduz) Zirkunstantziak izan dira...
AITOR: Zirkunstantziek antolatzen dutena, gizakiek moldatu eta egokitu egin dezakete, horretarako borondatea izanez gero. Bi gauza garrantzitsu esan nahi dizkizudala esaten dizut behin eta berriz, eta, zer gauza diren galdetu beharrean, zuri esatea bururatzen zaizuna da ea merezi duen hitz egitea, telefonoz deitu nizun haietako batean esan zenidan bezala, eta orain lanera itzuli beharra duzula. Garbi esan duzu, beraz, hitz egin gabe, esan nahi duzuna. Hala ere, berriro diotsut: deitu eta lasai hitz egingo dugu.
(aitor joan egingo da.
sebek esku bat jarriko du kokotean, eta hasperen sakona egingo du.
aitor eszenatokitik joan eta segundo batzuetara, bera ere joan egingo da.
Argiak guztiz itzaliko dira poliki.
Oihala behera)