Lagun mina
Aitor Arana
Lagun mina
Aitor Arana
Euskaltzaindia , 2003
Lagun mina
Aitor Arana
Euskaltzaindia , 2003
[aurkibidea]

 

2. AGERRALDIA

 

aitor, sebe eta alex

 

(Ia hogei urte igaro dira.

Eszenatokia aldatu eta taberna batean gaude orain. Tabernako barra jar daiteke, edo ez.

Bezeroentzako mahaiak eta aulkiak dira eszena honetan garrantzizkoak: hiruzpalau mahai behar dira beren aulkiekin.

Mahai bat libre egongo da aktoreentzat eta, besteetakoren batean, girotzeko, maniki jantziak jar daitezke, edo ez.

Txoko batean eta goialdean telebista aparatu bat dago. Ahotsik gabe piztuta nahiz itzalita egon daiteke.

Eszenatokian aitor bakarrik agertuko da hasieran.

sebe eta alex aurrerago sartuko dira banan-banan.

sebek artilezko jertse oso koloretsua eta praka bakeroak jantziko ditu. Zapata marroiak, alexek eta aitorrek bezala. Belarri batean uztai itxurako belarritakoa darama, ez oso handia. Igaro diren urteak irudikatzeko, ilea zuriz pixka bat margotuta, edo ile motxarekin agertu behar du.

alex praka bakeroz eta jertse horiz jantzita agertuko da. Sorbaldatik zintzilik, laranja koloreko bizkarzorroa darama beti. Betaurrekoak erabiltzen ditu, eta ile motz samarra izan ohi du.

aitor zutik ageri da eszenatokiaren aurrealdean. Orain burusoil jar daiteke, edo bestela oso ile motxarekin. Praka bakero berdeak eta jertse zuria dauzka jantzita.

Lehendabiziko eszenan bezala, atzera eta aurrera ibiliko da eszenatokian, narrazioa ahots gora egiten duela, ikusleei noiznahi begiratuz.)

 

AITOR: Ia hogei urte igaro dira Sebe azken aldiz ikusi nuenetik. Denbora luzea da, dudarik ez dago, eta denbora horretan guztian, ez dugu inoiz elkarrekin hitz egin, ez gara harremanetan jartzen saiatu. Nor bere bidean ibili da, berriz ere, herri ezberdinetan bizi izan garenez. Berarekin ez egon izanak, ordea, ez du esan nahi inoiz ez dudanik gogoan izan. Goiti du izena Seberen herriak eta, hartatik igaro naizen guztietan izan dut gogoan.

 

(Isilaldi laburra.

Lurrera begiratuko du, berehala hizketan jarraitzeko)

 

            Batzuek diote norberaren patua aldez aurretik erabakita dagoela eta izarretan edo liburu erraldoi moduko batean idatzirik daukagula bizitza osoa. Hori horrela bada, atzo Seberekin berriz topatzeko eguna zela zioen orrialdera iritsi nintzen. Non eta Eroskin, aizue! Gauzak errotik aldatu dira gure azken topaketatik hona. Egia esan, atzo saltokian ikusi nuenean, ez nengoen guztiz ziur bera ote zen, gauzak adina aldatu baikara bera eta biok ere fisikoki. Hasteko, badira hamabi urte Arantzazutik atera nintzela, eta zortzi baino gehiago Alexekin nabilela. Beraz, betirako fraidea izango nintzela noizbait pentsatu nuen arren, erlijio mundua utzia dut aspaldi, eta bikotekidea izateko zortea daukat. Hain zuzen ere Alexekin ari nintzen erosketak egiten Goitiko Eroskin, Sebe topatu dugunean. Bada urtebete Alex eta biok elkarrekin bizitzen jarri ginela eta, beti ez, baina dezentetan joaten gara Goitiko Eroskira, Beiti izeneko ondoko herrian bizi garenez.

 

(Isilaldi laburra)

 

            Erosteko gauzez betetako apalen artean, Seberi Alex aurkeztu nion eta, egia esan, zertxobait harritu zela antzeman nion. Oso ondo hartu zuen Alex, eta Alexi ere atsegina iruditu zaio bera. Horregatik egin dugu hitzordua gaur iluntzean hemen, taberna honetan, hitz egiteko eta elkar pixka bat ezagutzeko. (Geldialdia) Egia esan behar badut, duela ia hogei urte Sebek Arantzazun esan ez zidana gaur esango didala uste dut. Nik orain orduan baino askoz hobeto ezagutzen dut inguratzen nauen mundua, eta senak esaten dit Sebe laguna Alex eta biok bezain sexu berekoen zalea dela. Gehiago ere esango nuke: zorte onik ez duela izan, edo egokierarik ez zaiola suertatu bikotekidea aurkitzeko orduan, bakarrik dagoela esan digunez, eta aurkitzeko gogorik baldin badu, behintzat. Hala nahi badu, laster esango digu berak hori guztia. Norbait datorrela uste dut. (Ate aldera begiratuko du, lepoa pixka bat luzatuz) Alex da. Autoa aparkatzera joan da ni hona sartu bitartean, horrela Sebe luzaroegi bakarrik ez uzteko hemen egon balitz. Baina oraindik ez da heldu.

 

(alex sartuko da, sorbaldatik zintzilik bizkarzorroa dakarrela.

aitorren ondoan geldituko da)

 

ALEX: Zer, pottoko? Bakarrik zaude? (Ingurura begiratuko du) Jarriko gara mahai batean?

AITOR: Ondo. Zer hartuko duzu?

ALEX: Salda bero-beroa, kanpoan hotz dago-eta.

 

(aitorrek barran prestaturik dauden bi salda katiluak eramango ditu mahaira eta alexekin eseriko da.

sebe berehala sartuko da eta, ingurura begiratu ondoren, lagunen mahaira joango da)

 

SEBE: Arratsalde on, lehenengo gauza. Barka atzerapena. Zer moduz? Beste zerbait ekarriko dizuet?

AITOR: Ez, lasai. Oraintxe heldu gara gu ere.

 

(sebe barrara joango da, bere kikararekin itzultzeko.

Mahaian libre dagoen hirugarren aulkian eseriko da)

 

SEBE: Mekatxis, orduan bikotea eginda zaudete, e? Hori da zortea, hori! Eta? Zer moduz hartu zuten albistea etxean?

ALEX: Nik aspaldi esan nuen, lehenik ikastetxean hamalau urte nituenean, eta geroago etxean. Ikastetxean egiazko liberazioa izan zen nire izatea jendaurrean ezkutatu gabe agertzea, horrela ikaskide gaixtoak ez baitziren gehiago sartu nire kontra. Etxean ez zuten pozik hartu, baina onartu egin zuten. Dena den, bikotekiderik izan aurretik jakinarazi nuen nire joera.

AITOR: Nik, berriz, Alexekin ibiltzen hasi arte ez nuen ezer esan. Berri deigarria izan zen lagunartean eta etxean, baina ez zen ezer berezirik gertatu. Alexen ekimenez, lehenengo urtetik beretik joan ginen Gabonetan biok batera gure gurasoen etxeetara, txandaka. Ondo hartu gintuzten bietan, normal.

ALEX: (seberi) Eta zu, zer? Etxean esanda zaude?

SEBE: (Harrituta) Etxean esanda, zer?

AITOR: Nola, zer? Zuri zeure sexukoak gustatzen zaizkizu, ezta? Nik baietz esango nuke, behintzat, eta barkatu atrebentzia. Ez hartu gaizki, ez baita gaizki hartzeko gauza.

SEBE: Eta zergatik esango zenuke gustatzen zaizkidala?

AITOR: Tira, ba, nire ustez gay tipo baten eredukoa zarelako. Txukuna, ongi jantzia, ikasia, hizkera neurtukoa... Izaera eta itxura askotako gayak gaude, baina nire ustez zu esan dudan eredu horretakoa zara.

 

(Isilaldi laburra)

 

SEBE: Ba hala da, bai, baina inoiz ez nuen pentsatu inork antzeman ziezadakeenik.

ALEX: Niri iruditzen zait edonor izan daitekeela gaya, baina ukaezina da joera ezberdinak daudela aukera horren barruan.

AITOR: Duela hogei urte, nik ez nuen bereizten jakingo, baina orain bai. Eta zintzo esaten dizut atzo Eroskin antzeman nizula. Eta zer? Ez da ezer gertatzen.

ALEX: (seberi) Baina oraindik ez dakigu etxean esan beharrik izan duzun ala ez.

SEBE: Ez, ez. Ama hilko litzaidake disgustuarekin. Nire gurasoek urte asko dauzkate eta ez dut inoiz egokierarik izan.

ALEX: Ona da, ba, ingurukoek gu ezagutzea eta jende normala garela ikustea. Badakizu gizonezkoen artean ehuneko hamar garela gayak? Leku guztietan gaude, eta kaleko jende hetero gehienak ez daki hori. Hortik datoz, gero, zuk aipatu duzun amaren disgustua bezalako disgustuak: ezjakintasunetik. Guraso hetero guztiek naturaltasunez jakingo balute beren seme-alabak sexu berekoen zaleak izateko aukera nahiko handia dela, ez lukete disgusturik (hitz honi tonuaz indar emanez) izango, berez disgustutarako arrazoia ez den kontu batekin.

SEBE: (alexi) Ai ama! Hori da gauzak azkar eta ondo esatea!

ALEX: Usoak hegan bezala, e? Azkar eta ondo.

SEBE: Bai horixe. Une batez mitin batean geundela uste izan dut.

AITOR: (seberi, esku bat alexen sorbaldan jarrita) Ez dago esan beharrik gure Alextxo ehgameko militantea dela; Euskal Herriko Gay Askapenerako Mugimendukoa, alegia.

SEBE: (aitorri) A, bai? Eta zu ez zara?

AITOR: Ez ba. Nik nahikoa daukat nire itzulpenekin. Ordu asko eskatzen dituen lana da itzulpengintza. Gainera, etxean lan egiten dudanez, beti traban dauden etxeko lanak ere egin behar izaten ditut bakarrik nagoenean: sukaldea, arropak, garbiketa etabar, etabar.

SEBE: Egia. Nik badaukat nire etxea, baina gurasoekin bizi naiz betiko gure etxean, eta ez ditut lan horiek egin behar izaten. Lanetik irten ondoren, nire etxera joaten naiz, bakardadean lasai pintatzera, gero afaltzera gurasoenera joateko.

ALEX: Hori bai majo bizitzea!

SEBE: Ezin naiz kexatu, ez. Nire etxeko telefonoa esango dizuet, apuntatzeko. (alexek papera eta idaztekoa aterako ditu bizkarzorrotik) 444 333 222.

 

(Isilaldi laburra)

 

ALEX: (seberi, boligrafoa oraindik paper gainean duela) Eta gurasoen etxekoa?

SEBE: Zertarako?

ALEX: Baina ez al duzu esan zure etxean arratsaldez bakarrik egoten zarela? Gauez edo goizez deitu beharra gerta liteke.

SEBE: Lasai, lasai. Etxean badut erantzungailua, eta deituko dizuet hura entzun ondoren.

 

(alexek eta aitorrek elkarri begiratuko diote, ezer esan gabe.

sebek irribarre egingo du)

 

ALEX: (seberi) Gure telefonoa badaukazu. Atzo eman nizun Eroskin, orain baino lehen deitu behar bazenuen ere.

SEBE: Bai, bai. Eskerrik asko.

AITOR: (seberi) Gustatzen zaizu zinea? Bihar hiruok joan gintezke batera.

SEBE: Bai pozik! Asko gustatzen zait zinea, baina ia beti bakarrik joaten naiz. Nik ez dut zuek adina zorte izan eta, neuzkan lagunek utzi egin naute pixkanaka-pixkanaka, gizonak gustatzen zaizkidala jakin dutenean. (Hasperen sakona egingo du) Nekane herriko nire lagunik onena zen, andregai ere izan nuena, eta benetan pozik ibili ginen elkarrekin. Nire izatearen berri hunkiturik eta bihotza eskuetan eman nionean, beti ondoan izango nuela esan zidan. Ez nuen berriz ikusi. (Geldialdia) Horrela, poliki-poliki lagun zahar onik gabe geratu naiz nire berrogei urteetan.

 

(alexek esku bat jarriko du seberen beste baten gainean)

 

ALEX: Baina, begira: orain gu agertu gara.

AITOR: Hori. Bizitza honetan heriotza omen da konpontzen ez den gauza bakarra.

SEBE: Bai, eskerrak horri.

ALEX: Eta bikotekideak? Ez da adiskidetasun berezirik errotu zure eta beste norbaiten artean?

SEBE: Bat baino gehiago ezagutu dut egunkarietako kontaktuen bidez, eta gauza politak gertatu zaizkit.

ALEX: Ikusten? (Eskua erretiratuko du) Nor zen bera?

SEBE: Ertzain bat, aizu. Jatorra eta bihotz onekoa. Asteburuetan elkarrekin ateratzen hasi ginen. Pozik nengoen berarekin, gustura nire etxean edo berean, baina kalean geundenean eskutik heltzen zidan jendaurrean, eta hori ez zitzaidan batere gustatzen.

ALEX: Zergatik ez? Maite duenak heltzen du eskutik, ez?

SEBE: Ez beti, baina bai; oro har ados nago. Baina nabarmenegi agertzen ginen bikote gisa jendaurrean. Nik ez nuen nahi eta berak bai. Kontu horrek eta antzeko beste batzuek elkarrekin ez jarraitzera eraman gintuzten.

AITOR: Eta zer moduz zaude horren ondoren, Sebe? Laguna aurkitu nahi zenuke orain, ala ongi zaude bakarrik?

SEBE: Beno, badakizue gauza horiek nola diren... (Eskuak zabal-zabal jarriko ditu sebek mahai gainean, eta une batez hauei begira geratuko da, pentsatzen ari dena ordenatu nahi balu bezala) Nik pentsatzen dut denok berezkoa dugula laguna edo bikotekidea eduki nahi izatea. Maitatzeko eta maitatuak izateko beharra daukagulako maitatzen dugula ematen du, nolabait falta zaigun zerbait edukitzeko, eta horregatik bilatzen dugula bihotzeko laguna, emakumea izan nahiz gizona izan berdin-berdin. Hotzean begiratuz gero, oso jarrera geurekoia dugula dirudi, baina hala da, ezta?

ALEX: Nik baietz uste dut.

SEBE: Tira ba, nik nahi nuke nire gustuko lagun bat agertuko balitzait. (Geldialdia) Aizue, eta, honetaz ari garela, ez duzue ezagutuko lagun bila dabilen mutil onen bat, ezta?

ALEX: Ba guk geuk ez, baina badugu lagun bat, zure egoera berberean dagoen oņatiar bat ezagutzen duena. Nahi baduzu, edozein asteburutan aurkeztuko dizugu.

SEBE: Bai, mesedez. Kafea har genezake denok batera, elkar ezagutzeko. Ongi.

AITOR: Eta nolako laguna aurkitu nahi zenuke?

SEBE: Ona, bihotz onekoa: hori da garrantzizkoena. Euskalduna izatea nahi nuke, eta garbia ere bai. Ez zait batere gustatzen jende narratsa eta zikina.

AITOR: Tira, pertsona gaiztoa on bihurtzea zaila da, berez ona dena gaizto bihurtzea zaila den bezalaxe. Baina zikina dena txukun eta garbi bihur daiteke, maitasunez eta pazientziaz erakutsiz. Azken batean, maitasunaren osagaietako bat horixe da, ezta? Lagunagandik ikastea eta lagunari irakastea. Elkarren osagarri izan behar du bikoteak, eta bietako inork ez du besteak baino gehiago nabarmendu behar. Eta euskalduna izate edo ez izate hori, berdin. Erdalduna edo euskara bost axola zaion euskalduna suertatzen baldin bazaizu, poliki-poliki erakutsi beharko zaizkio euskararen ontasunak, ikas dezan edo, bigarrenaren kasuan pixka bat maita dezan. Ez dut uste ona litzatekeenik bihotz oneko gizon bat baztertzea zikina delako edo euskaraz ez dakielako. Elkarrekin ibiltzen hasi aurretik baztertuz gero, ez dago biderik egiterik.

SEBE: Beno, baina aukeratzea baldin badago...

ALEX: Nik ez nuke gaiztoa izan nahi, baina zer da aukeratzea? Maitea alde batera uztea, kalean eskutik heltzen dizulako? Hobe litzateke harekin kontu horretaz hitz egitea eta nola edo hala konpontzen saiatzea, ala?

SEBE: Gauzak, ordea, ez dira beti izaten pentsatzen dugun bezain errazak.

ALEX: Ezta pentsatzen dugun bezain zailak ere.

SEBE: Badaiteke. Ez dut ezetzik esango.

AITOR: (Hatz bat altxatuko du, hitz egiteko baimena eskatzen duenaren moduan) Ideia bat daukat. Zer iruditzen zaizue hementxe bertan mokadu bat hartzea eta gero zinera joatea? Egunkarian begira genezake ze pelikula dauden ikusgai.

SEBE eta ALEX: (Batera) Primeran, oso ideia ona!

 

(Barre egingo dute hiruek.

Argiak guztiz itzaliko dira poliki.

Oihala behera)