1. AGERRALDIA
aitor eta sebe
(Fraide-komentu bateko bisitagelan gaude. Eszenatokian zurezko mahaia eta bi aulki ikusten dira.
Ikusleen aurreko paretan San Frantziskoren beirate koloretsu eta argiztatu bat ikusten da, irudian besozabalik eta txoriz inguraturik dagoela.
Mahaiaren gainean zutikako Jesukristo gurutziltzatu bat dago. Argiek eszenatoki osoa argiztatzen dute, baina mahaia bakarrik argiztatzeko aukera ere badago.
Hasiera-hasieratik ageri da eszenatokian hogei urteko gazte bat. aitor da eta bisitan iritsiko zaion sebe aspaldiko lagunaren zain dago. Kaleko jantzi normalak daramatza;
praka bakeroak, alkandora eta jertsea.
aitor atzera eta aurrera ibiliko da eszenatokian, gogoeta ahots gora egiten duela, ikusleei noiznahi begiratuz hitz egin bitartean.)
AITOR: Arraioa! Nork esan behar zidan goizean, gaur Sebe berriro ikusiko nuela? Hiruzpalau urte izango dira ez dugula elkarren berri, eta orain hona etortzear dago. Hemendik hurbil dagoen taberna batetik badatorrela esateko telefonoz hots egin didanean, hotzikara sentitu dut bizkarrean, goitik beherako bidean. Lehengo ahots berbera dauka.
(Geldialdia egingo du, exageraziorik gabe pentsatzeko une batez)
Zumako ikastetxean elkar ezagutu genuenean nik hamabost urte nituen eta berak hamazazpi. Beraz, orain zenbat urte dituen jakiteko kontua erraza da: nik hogei ditudanez, berak hogeita bi. Hogeita bi. Zenbaki polita. (Geldialdi laburra) Garai nahasia izan zen niretzat Sebe ezagutu nuenekoa. Oso-oso gizena nengoen eta konplexu handia neukan hargatik; pertsona iluna nintzen ondorioz, eta arropa beltzak eta marroiak janzten nituen. Beti bakarka ibiltzen nintzen, ikastetxe berrian ere lagun berriak egiteko ahalmenik ez nuela. Zertarako bidali ote ninduten gurasoek hara delineatzaile ikastera? Garbi asko esan nien ez nuela ikasten jarraitu nahi. Baina temati jarri ziren, ama gehienbat, eta han joan behar izan nuen goibel eta burumakur, nik benetan egin nahi nuena untxiak, oiloak eta ahateak haztea zenean.
(Eszenatokiaren eskuinaldera joango da, han bisitagelako atea dagoela pentsatzen baita, eta lepoa kanpora begiratzeko moduan luzatuko du.
Inor ez dator oraindik)
Ikastetxe hartan urtebete baizik ez nuen egin, eta eskerrak. (Poliki, baina etengabe dabil aitor, batzuetan mahaia inguratuz, eskuak aulkietako baten bizkar gainean ipiniz...) Hura zen gauza, hura! Bost axola zitzaidan delineazioa, eta hantxe egon behar nuen egunero-egunero goiz eta arratsalde. Baina “bataren gaitza besteak on” dio esaera zaharrak, eta urte hartantxe ezagutu nuen Sebe. Ni bezala, beste herri batetik zetorren Zumara, delineazio ikasketak egitera. Trenez etorri ohi zen goizez, eta berdin joaten zen arratsaldez, klaseak amaitu eta gero. Ez dut ongi gogoratzen nola adiskidetu ginen, baina susmoa daukat bera ere bakarti samarra zelako edo eguerdietan Zuman arratsaldeko klaseen zain bakarrik geratzen zelako, hasi ginela elkarrekin ibiltzen. Behin baino gehiagotan geratu nintzen eguerdiz Zuman berarekin, nire etxera bazkaltzera joan gabe. Hamaika kontu izaten genuen hizpide, ikastetxetik kanpo batera ematen genituen orduetan. Bera ni bezain aberezalea zen, eta bazeuzkan akuriak, txakurra eta ahateak. Haietaz maiz hitz egiten genuen, eta behin txakurkume bat oparitu zidan.
“Loti” jarri nion izena, eta urteetan eduki genuen etxean, hil zitzaigun arte. Seberekin nuen harremana galdu eta gero ere, Loti ondoan neukan, leial. (Geldialdia) Sexuaz ere hitz egiten genuen, noski; nola ez ba, adin hartan? Nik baino bi urte gehiago zituenez, nik baino esperientzia gehiago ere bazeukan kontu horietan. Kanpaia jotzeko eta larrutan egiteko moduez eskola teoriko asko eman zizkidan, baina teorikoak baizik ez, egia esan, biok estreinatu gabe geundelako orduan. Nire kasuan ez zen hain harrigarria, hamabost urte besterik ez nuenez eta hain gizena nengoenez, baina bera mutil lerdena izan da beti, garai samarra eta argal giharretsu horietakoa. Zinea ere aipagai izaten genuen, jakina. Eneee! (Irribarre egingo du oroitzean) Gogoan dut ikaragarri gustatu zitzaigula John Travoltaren “Grease” pelikula, eta polita zen hura dantzan imitatzen ikustea Sebe...
(Burua biratuko du zer edo zer entzun balu bezala, berriz ere ate aldera begiratzeko.
Eskuak igurtzi eta urduri samar jarriko da. Ikusleei begiratuko die)
Ene! Badator, badator! Pausu hotsak aditzen ditut hona hurbiltzen.
(Hogeita bi urteko sebe argala bisitagelan sartuko da.
Jantzi normalak daramatza, artilezko jaka fin gorri bat soinean jarrita. Aspaldiko bi lagunek elkar ikustean, irribarre egingo dute pozik.
Elkarrengana hurbiltzean, ez dute jakingo bostekoa luzatu ala besarkatu egin behar ote duten. Eskuak atzera eta aurrera behin edo bitan mugitu ondoren, azkenean hauek sutsu estutu eta elkar besarkatuko dute)
SEBE: Motel, motel! Zenbat denbora hi ikusi gabe! Zer moduz hago? (Harrituta) Nola argaldu haizen!
AITOR: Ondo nago, ikusten duzu. Barka nik zuka egitea, hika egiten didazunean, baina gure herrian ia ez da hika egiten eta etxean aitarekin beti zuka egin izan dut. Badakizu ama erdalduna dudala.
SEBE: Jakingo ez dut ba! (Esku bat prakako poltsikoan sartuko du) Arraroa egin zaidana, lehen telefonoz euskaraz egitea izan da. Zuman genbiltzanean beti egiten genuen erdaraz.
AITOR: Egia. Nire erruz, orduan ez bainekien ondo euskaraz. Nahiago izaten nuen jendearekin erdaraz egin, euskaltzaletu nintzen arte. Nola diren gauzak, ezta?
SEBE: Bai horixe. Nahi duzun bezala hitz egingo dugu, baina jakizu hiketa politagoa dela zuketa baino: barnekoiagoa.
AITOR: Erabiltzen duzuenontzat izango da hala, ez besteontzat. Baina zuk ere hitz egizu nahi bezala, ondo ulertuko dizut-eta.
(Mahaia eta aulkiak seinalatuko ditu aitorrek)
Eseriko gara, ala nahiago duzu kanpora irtetea pixka bat ibiltzera?
SEBE: Eser gaitezen, mesedez.
(Biak aurrez aurre eseriko dira. Orduan inguruko argiak itzaliko dira eta mahaia bakarrik geratuko da argitan)
SEBE: Zumako Josuk esan zida ba, hemen Arantzazun zeundela, duela hilabete batzuk etorrita. Ez asko, ezta?
AITOR: Ez, ez asko. Bost bat hilabete izango dira hemen nagoela.
SEBE: Eta? Fraidetzeko asmorik bai?
AITOR: Tira, badakizu gauza horiek ondo pentsatu beharrekoak direla. Horixe egiten ari naiz orain: pentsatzen. Frantziskotarrek ongi tratatzen naute eta ni pozik nago beraiekin. Ez ezetzik eta ez baietzik ez nuke esango. Ikusiko dugu.
(Isilaldi laburra.
sebek hatz bat pasako du mahaiko Jesukristoren buruaren gainetik)
Eta zu, zer? Untxiak-eta zaintzen jarraitzen duzu?
SEBE: Ez, bai zera! Aspaldi utzi nion horri. Osaba batekin nabil lanean, elektrikari laguntzaile. Ez zait gustatzen eta ez dut uste luzaro iraungo dudanik horretan. Marraztea eta pintatzea da niri gustatzen zaidana.
AITOR: A. Ondo polita da ba hori. Ni itzultzaile lanetan sartuta nabil hemen nire tarte libreetan. Ingelesa polito ikasi dut, eta literatura itzultzen ari naiz.
(sebek entzun berri duenaren onarpena adierazteko, bi aldiz mugituko du burua nabarmen, baiezkoa adieraziz)
SEBE: Gogorra da hemengo bizimodua?
AITOR: Gogorra? Ez, ez zait niri hala iruditzen. (Alde batera mugituko du aitorrek bere aulkia; horrela saihetsez mahaiaren ertza ukituko du, eta hankak gurutzatuko ditu mahaipetik aterata) Fraideak orain ez dira lehen bezala bizi. Orain, esate baterako, ez dira goizaldeko lauretan jaikitzen otoitz egitera. Denok bezala egiten dute lo gau osoan. Eta baten bat ezin bada edozein arrazoirengatik otoitzaldietara joan, ez da ezer gertatzen. Komentuetan ere gauzak asko aldatu dira. Hobera, nire ustez.
(Isilaldi luze samarra sortuko da.
aitorrek begietara begiratuko dio bere solaskideari, eta honek mahai ertzetik pasako ditu eskuak, haren leuntasuna neurtzen ari balitz bezala)
Zer ba? Zeuk ere denboraldi bat eman nahi zenuke hemen? Buruan ote dabilkizu frantziskotarra izatea?
SEBE: (Oraindik begirada aitorren aurpegira jaso gabe) Ez, ez da hori.
AITOR: Zuk nahi duzuna egin dezakezu, noski. Ni hemen harrapatu nauena, fraideen bizimodu baketsua baino gehiago, San Frantzisko bera izan da. Ba al zenekien santu hau (Beirateari begiratuko dio hau esatean. sebek berdin egingo du jarraian) xii. mendeko ekologista zela? Imajinatzen duzu? Zaldunak izatea eta gerrak irabaztea beste helbururik ez zeukaten gazteen artean, berak tximeletak, arrainak eta otsoak babestu egin behar zirela esaten zuen. Ez didazu sinetsiko, baina bide batetik zihoanean, lurreko harrak, inurriak eta gainerako zomorroak zaintzen zituen, haietako bakar bat bera ere ez zapaltzeko. Nik esango nuke, benetan esan ere, maitasunaren aldarrikapena egiten zuela San Frantziskok. Baina aldarrikatu bakarrik ez; praktikatu ere egiten zuen, inor bazterrean utzi gabe.
SEBE: Bai, (Orain lagunari aurpegira begiratuz eta irribarre eginez) ezaguna da legenardunekin egiten zuen lana, ezta?
AITOR: Bai horixe. Gaixoak zaintzea izan zen bere zereginik garrantzitsuenetako bat. Hori bai dela lagun hurkoarekiko maitasuna, ezta?
SEBE: Benetan. (Isilalditxo bat egingo du, burumakur samar) Eta ez nik aipatu behar nizuna.
AITOR: Zer aipatu behar zenidan, ba? Maitasuna?
(sebek baietz erantzungo du buruaz)
Maiteminduta zaudela esan nahi zenidan?
(Oraingoan sebek ezezkoa adieraziko du buruaz)
SEBE: Hain zuzen ere, ez naizelako maitemintzen etorri naiz zuregana, Aitor. (Eskuak etsipen pixka batez estutuko ditu mahaiaren gainean) Edo, hobeto esanda, inork ez nauelako maite.
AITOR: Bai zera! (Eskuak lagunaren ukabilen gainean jarriko ditu) Denok daukagu bereziki maite gaituen norbait.
SEBE: Ez naiz gurasoez edo Jainkoaz ari! (Behar baino altuago ahoskatuko ditu hitz hauek amorruaren eraginez)
AITOR: Ezta ni ere. Ez nintzen hori esaten ari. Orain ez baduzu, izango duzu maite izango zaituen norbait, neska izan edo mutila izan.
SEBE: Maritxua naizela pentsatzen duzu? (Lehen baino askozaz apalago hitz egingo du, norbaitek entzungo duen beldurrez-edo. Gainera, lagunaren eskuen azpitik erretiratuko ditu bereak, altzoan jartzeko)
AITOR: Ez dut uste. Gainera, ez dut nik horrelakorik esan. Aukera aipatu besterik ez dut egin, balizko bideren bat zabaltzearren.
SEBE: Zergatik ez naizen maitemintzen jakin nahi nuke, Aitor. Jende guztiaren moduan ibili nahi dut, maite nauen nire neskarekin.
AITOR: Badaiteke gu oraindik gazteegiak izatea. Urte asko dauzkagu oraindik bizitzeko. Dena etorriko da.
SEBE: Bai, baina noiz?
(Mahaiko argitasuna itzali egingo da poliki, ingurukoa era berean pizten den bitartean.
Mahaia eta sebe itzalean geratuko dira horrela. sebe geldi egongo da , han ez balego bezala.
aitor argitara aterako da eta, hasieran bezala, eszenatokian alde batera eta bestera ibiliko da ikusleei hitz eginez, nahi duenean noranahi begiratzen duela)
AITOR: Nola jakingo dut, ba, Sebe noiz maiteminduko den? Jakin, zera ere ez dakit: zergatik ez ote diodan esan egia. Zergatik ez ote diodan adierazi Zumako ikastetxean benetan gertatzen zena, bera inoiz ez ohartu arren. (Geldialditxoa) Ala ohartzen zen eta, hain zuzen, horrexegatik etorri da? Izan ere, orain arte inoiz maitemindu ez bada, ni bai ordea. Eta berarekin gainera. Ezin dut guztiz ziur esan maiteminduta ote nengoen hitzaren esanahi betean, baina oso gogoko nuen orduan Sebe... (Gero eta sutsuago hitz egingo du) eta autobusa hainbeste aldiz galdu nuen nahita eguerdi osoa berarekin bakarka egoteko... eta beti izaten nuen gogoan, baita etxean nengoenean ere... eta sexuaz hitz egiten zidan bitartean, nik berarekin praktikatzeko irrika izaten nuen, goxo eta samur... eta betiko egon nahi nuen berarekin... eta... Ez al da hori maiteminduta egotea, Jauna?
(Azken galdera besoak gorputzetik bereiziz eta eskuak erabat zabalik dituela egingo du, zerura begira.
Ondoren urrats batzuk egingo ditu lurrera begira, atsekabetuta, eskuak ipurgainean biltzen dituela.
Lehen baino apalago hitz egingo du orain)
Baina ez nion inoiz ezer esan. Ez nintzen ezer esaten ausartu. Izan ere, zer gertatuko zen gogoko nuela esan banio eta horregatik baztertu banindu? Berak ni modu berean gustuko izatea oso zaila izango zen; are zailagoa, sexu berekoak maita ditzaketen gizonak hamarretik bat baino ez direnean. Ez nuen itxaropenik, ez nuen uste nire aitorpena Sebek onartuko zuenik, eta isildu egin nintzen. Isildu egin nintzen nire kaltetan. Nire kaltetan eta berean, ziurraski. Bai, berean ere bai; izan ere, gustatzen zitzaidala esan banio eta berak onartu banindu, gure bizitzako unerik ederrenak bizi izango genituen nerabezaroko gaztetasun gartsuan. Eta, alderantziz, onartu ez banindu, gutxienez gizonak zintzo maite dituzten gizonak badaudela ikasiko zuen, lehendik ez bazekien.
(Publikoari begiratuko dio, pixka batez zutik geldi geratzen dela)
Baina isilik geratu nintzen, eta Zumako ikasturte hura amaitu zenean, ikasteari utzi nion eta ez nuen Sebe berriz ikusi, neure herria den Azpira itzuli nintzenez. Eta gaur ere isilik geratu naiz, gaian sartzeko aukera txiki bat eman diodan arren. Ez diot ezer argirik esan, eta berriz urrunduko zait ezer jakin gabe. (Geldialdia) Baina axola ote zait hori orain? Ba al dut Sebe lehen bezain gogoko? Ezezkoan nago, eta ez dut grina zaharrik piztu nahi orain. Lasai bizi naiz hemen, ongi, lagun onez inguratuta. Eta esku onetan nago: Jainkoaren eskuetan. Zertarako konplikatuko dut bizitza? Fraidetu egingo naiz, gure Jaunari otoitz egiten zahartzeko, bizitza lasai eta buruhausterik gabe emateko. Orain etxe honetan dauden fraide xahar maitagarriak bezalakoa izango naiz, eta bake-bakean hilko naiz nire azkeneko orduan.
(Isilaldi laburra egingo du, bere hitzetan pentsatzen ari balitz bezala. Azkenean, hauekin konforme geratuko da eta, adostasun hori sendotzeko, eszena amaitu aurreko azken hitza esango du)
Amen!
(Argiak guztiz itzaliko dira poliki. Oihala behera)