3. AGERRALDIA
aitor eta sebe
(Eszenatokian etxe normal bateko sukaldea ageri da.
Arraska, sutokia bere kanpaiarekin, paretako armairuak eta, eszenatokiaren erdialdean, sukaldeko mahaia hiru aulkirekin ikusten da.
aitor eta sebe bertan jarrita daude, afaltzen ari baitira.
Mahaian, ohiko tresneria ikusten da, pitxer eta guzti.
aitor etxeko arropez dago jantzita, hau da, txandal praka eta alkandora bat. Oinetan etxeko zapatilak.
sebe, kanpotik etorri denez, praka eta alkandora daramatza, eta oinetan kirol zapatilak.
Eszena honek ez du aitorren aurkezpenik.)
SEBE: Oso entsalada goxoa jarri duzu, Aitor. Nire gusturako, neurri-neurrian egin duzu olio, gatz eta ozpin nahasketa.
AITOR: Pozten naiz. Gero legatza jango dugu, Alextxok prestatuta utzi digu-eta.
SEBE: (Pitxerra hartuko du, eta aitorri edalontzia urez bete ondoren, bere burua zerbitzatuko du) Pena da Alexek gaur kanpora joan behar izatea, ezta?
AITOR: Tira, hainbesteko pena ere ez da.
SEBE: (Harrituta) Nola ezetz? Ez dizu pena ematen bera orain gurekin ez egoteak?
AITOR: Eneee, Sebe! (Jateari utziko dio pixka batean, hitz egiteko) Ez al dakizu egunero gaudela batera? Batzuetan on egiten du pixka baterako bereizteak. Eta horrek ez du inola ere esan nahi laguna ez duzunik maite. Esan nahi duena esan nahi du: pixka bat bereiztea ona dela, besterik gabe.
SEBE: Nik uste nuen maiteminduek beti elkarrekin egon nahi izaten zutela.
AITOR: Eta hala da, baina “beti” horrek ez du “minutuero” esan nahi. (Komatxo arteko hitzak modu indartuan ahoskatuko ditu) Nire ustez, elkarrekin bizitzeko eta elkarren ondoan zahartzeko nahia adierazten da “beti” esatean. Ala ez zara zu izango, Sebe, bikotekideen harremana ongi joateko, beti musuka eta liskarrik sortu gabe izan behar duela pentsatzen duten horietakoa?
SEBE: Beno, hala balitz hobe, ez?
AITOR: Hala balitz, zeuk esan duzu, baina ez da hala. Gutxien espero denean sortzen dira eztabaidak, eta oso pazientzia handia izan behar da askotan. Horiek gainditzea edo ez sortzen jakitea da, bi maiteminduek elkar ondo ezagutzen dutenean egin behar dutena, beren maitasunak iraungo badu. Eta horrek ez du zerikusirik noizbehinka bereizita afaltzeak edo leku ezberdinetara joateak on egitearekin.
SEBE: Buf! (Indartsu egingo du putz) Benetan beldurtzen naiz bikoteen horrelako kontu serioak entzuten ditudanean. Nik egunkarian laguna aurkitzeko iragarkiak jartzen ditudanean, oso bestelako gauzak ditut buruan: maitasuna, une goxoak, opor lasaiak maitearekin, leialtasuna...
AITOR: Uuuii! (Esku bat altxatuz) Kontuz hitz potoloekin!
SEBE: Zer ba? (Aurpegi harritua eta aldi berean serioa jarriz) Zer esan dut ba?
AITOR: Leialtasuna aipatu duzu, baina nongoa?
SEBE: Nola, nongoa?
AITOR: Bai, hori: nongoa? Bihotzekoa ala hankartekoa? Ez baitira nahasi behar.
SEBE: Baina zer esaten didazu? Leialtasuna bat eta bakarra zela uste nuen nik.
AITOR: Bai horixe, Jainkoa bezala: hiru batengan. Leialtasuna, berriz, bi batean.
SEBE: Eta nola da hori?
AITOR: Tira, nola den ez dakit ongi, baina nola ikusten dudan esan diezazuket. Bihotzeko leialtasuna, nire ustez, zure maitea zintzo eta egiati maitatzea da. Eta hankarteko leialtasuna, berarekin bakarrik oheratzea. Konforme? (sebek baiezkoa adieraziko du buruaz) Beste lagunen batekin noizbait oheratuz gero, baina maitea bihotzAz — ez bihotzEz bakarrik— maitatzen jarraituz gero, ez da bihotzeko leialtasunaren hausturarik gertatzen, nahiz eta hankarteko leialtasuna ez mantendu. Aldiz, bihotzeko leialtasuna ez mantenduz gero — hau baita garrantzizko bakarra—, bikotekidea ez den beste norbaitekin maitemintzean adibidez, orduan dator egiazko arriskua bikotearentzat eta, agian, harremanaren haustura. Zenbat bikote hausten diren munduan bi leialtasunak batean nahasteagatik! Batek izan dezake maitea ez den beste norbaitekin aldi batez oheratzeko gogoa edo ilusioa, baina bihotza beti maitearengan duela.
SEBE: Ui, ze zaila iruditzen zaidan horiii...
AITOR: Horrela hezi gaituztelako. Baina aproba egitea nahikoa da jakiteko hankartea eta bihotza ez daudela loturik, sudurra eta oina ez dauden bezala.
SEBE: Nik nahiago nuke, ba, nire balizko bikotekidea leiala balitzait.
AITOR: Bihotzetik ala hankartetik?
SEBE: Bietatik!
AITOR: A, zuk dena nahi duzu! (Irribarrez hitz egiten du aitorrek, sebek agian behar baino serioago hitz egiten duen arren) Ba dena nahi duenak dena galdu ohi du, txikito!
(sebe pentsakor geratuko da aldi batez)
SEBE: Ez dakit ba zer esan.
AITOR: Ez ba ezer esan orduan. Nire ustez zuri gertatzen zaizuna da oso erromantikoa zarela, Sebe. Familiaz duzun zure ideia horrekin bezala. Dagoeneko berrogei urte dituzu eta ez duzu bikotekide finkorik izan — nahi duzun arren—, batetik, eta ez duzu familiarik sortu, bestetik. Biek dauzkate alde ona eta alde txarra, zuk ona bakarrik ikusteko joera duzun arren. Eta urteekin mutilzahar ohiturak hartu dituzu, eta horrek berak gero eta zailagoa egiten dizu bikotekidea aurkitzea eta familian bizitzea. Sorgin-gurpil bat da hori, eta denbora zure aurka duzu.
SEBE: (Bere platerari begiratuz) Badakit. Baina nik oso maite dut nire familia.
AITOR: (Zutitu eta platerak aldatuz, legatza su gainetik mahaira ekartzeko, entsalada ontzia ere kendu ondoren. Zerbitzatu egingo du) Ez dizut ezetzik esango, baina hala ere — eta barka gauzak honen gordin esatea— ezkutatu egiten diezu zure izatearen zati garrantzitsu bat, ez baitakite eta ez baitiezu esaten gaya zarenik.
SEBE: Nik edozer egingo nuke nire etxekoengatik. (Ahotsa goratuz) Edozer!
AITOR: Bai horixe! Edozer, bai: egia ezkutatu ere bai. Ikusten dut.
SEBE: Nahikoa da, mesedez. (Oso serio jarriko da) Alex ez daukagu hemen, baina oraintxe hemen balego bezala hitz egiten ari gara.
AITOR: (Aulkian tentetuz zerbaitez ohartu balitz bezala) Egia, aizu. Denbora gehiegi daramat Alexen ondoan, e? Konturatu gabe ere, berak bezala militatzen dut. (Txantxetan jarraian) Beragandik bereizteko garaia heldu zait, Sebe!
(Irribarre egingo dute biek)
Ez, serio esaten dizut. Zuk familia maite duzun bezalaxe maite bazaitu zu, ez zaitu inola ere baztertuko gaya zarela jakiteagatik. Eta baztertuko bazintu, zure maitasuna merezi ez duen seinalea litzateke.
(Isilik geratuko dira aldi batez, pentsakor)
Arrazoia duzu, Sebe. (Irribarrez gehituko du) Nahikoa da gaurkoz. Alex ez dagoela aprobetxatu behar genuke beste zerbaitez hitz egiteko.
(Isilaldi laburra)
SEBE: Egia esan, niri oso on handia egiten dit zuekin hitz egiteak. Etxean, lanean eta lagunartean ez dakite gaya naizenik eta, beraz, nire eguneroko inguruetan ez dut kontu horretaz hitz egiten. Gai askotan isildu behar izaten dut neure egiazko ikuspegia, eta ditudan erreakzioak ere etengabe neurtzen ditut. Zuekin egotean baizik ezin dut esan benetan pentsatzen dudana. On egiten dit zuekin hitz egiteak, bai, eta oso pozik nago zuen laguna izateaz.
AITOR: Gu ere oso pozik gaude zurekin. Horixe da egia. (Legatz mokadu bat hartuko du hitz egin bitartean) Eta ongi sentiarazten du horrek.
(Jaten jarraituko dute biek pozik)
SEBE: Zer moduz afalondoan zinera joango bagina? Hiriburura joan gabe, Beitin bertan beldurrezko pelikula dagoela uste dut.
AITOR: Banekien hori proposatuko zenuela (sardexkaz laguna seinalatuko du) eta ez, adibidez, hankarteko leialtasuna aproban ipintzea! (Txantxetan)
SEBE: Txiiist! (Hatz bat ezpainetara eramanez) Horrelakorik niri ezta txantxetan ere, entzun?
AITOR: Jeeesuus! Nola jartzen garen txantxa txiki batengatik. Ondo da, ondo da. (Platerak jasoko ditu berriz) Zure pelikula hori ikustera joango gara txintxo-txintxo, bakarrik gaudenez. Badakizu Alexek kontrako botua emango liokeela horrelako pelikula bati.
SEBE: (Mahaia jasotzen laguntzeko zutituko da) Zuzen zaude, Aitortxo, zuzen zaudenez.
AITOR: Kafea kanpoan hartuko dugu, sarrerak hartu ondoren.
(Mahaia jasotzen jarraituko dute.
Argiak guztiz itzaliko dira poliki.
Oihala behera)