Lagun mina
Aitor Arana
Lagun mina
Aitor Arana
Euskaltzaindia , 2003
Lagun mina
Aitor Arana
Euskaltzaindia , 2003
[aurkibidea]

 

5. AGERRALDIA

 

aitor eta sebe

 

(Eszenatokiko argiak piztean aitorren eta alexen etxeko langela ikusiko da.

Ikusleen aurreko paretan leiho gortinaduna dago.

Mahai zabal eta handi bat ere badago, ordenadorea eta liburu dezente dituena.

Eskuin aldeko paretaren lekuan beste mahai bat jar daiteke, paperez eta liburuz beteta. Paper eta liburu pila guztiak ongi ordenatuta daude. Mahaiek aulki bana daukate aurrean.

Ezker aldeko paretan, berriz, artxibategiak, karpetak eta liburu gehiago dituen apalategia dago. Apalategi ondoan egongo da gelan sartzeko atea, jarri edo ez jarri egin daitekeena.

aitor ordenadorean ari da lanean, euskarri batean jarrita dauzkan paperak itzultzen. Etxeko arropez dago jantzita: zapatilak oinetan, txandal prakak eta jertse zabal eta handi bat soinean.

Argiak piztu eta, segundo batzuetan, lanean jarraituko du.

Gero zutitu, eta itzultzeko zenbat orri geratzen zaizkion begiratuko du euskarrian.

Eskuak bizkarraldean batuko ditu eszenatokian atzera eta aurrera ibiltzen hasteko.

Ohi bezala, gogeta egingo du ahots gora, noizbehinka publikoari zuzenean hitz eginez.)

 

AITOR: Dagoeneko hiru hilabete joan dira Sebe ikusi gabe: uztaila, abuztua eta iraila. Abuztuan oporretan ibiliko zen, askotan bezala, Europa erdialdeko eta iparraldeko leku berriak ezagutzen. Baina zergatik ez zuen deitu uztailean? Eta zergatik ez da azaldu irailean? Uztaila aurreko bi hilabeteetan gurekin irteteari utzi zion emeki-emeki. Lehenengo, asteburu batean ezin zela zinera joan, eta gero, bi asteburutan jarraian... hirutan... Nola aurkitzen dudan faltan! Gurekin ez dabilenetik barre gutxiago egiten dudala konturatuta nago, asteburuak lehen baino astunagoak zaizkidala, eramangaitzagoak.

 

(Isilaldi laburra)

 

            Eskerrak Alex maitea ondoan daukadan, bestela Seberen erabateko isiltasun honek zulo beltzera eramango ninduke, hondo gabeko depresiora. Eta eskerrak, bestalde, ez nagoen Seberekin maiteminduta. Hori behintzat ziur dakit; ez nekiena zen lagun mina izatera iritsi den lagun batek honenbesteko mina egin zezakeenik.

 

(Eszenatokiaren erdialdean geldituko da pixka batean gora begiratuz, pentsatzen ari denaren moduan)

 

            Nola hondatu da guztia? Edo, hobeto esanda, nola bukatu da hondatzen? Ekainean nik hiruzpalau aldiz deitu nion; berak behin ere ez. Ordurako erabakita zeukan, bistan da, gu uztea. Gainera, nahiago zuen Alex gurekin ez gehiago etortzea, elkarrekin atera ginen azken bi aldietan. Noski, Alexek gauzak argi esan dizkio-eta beti: gauza onak argi eta gauza txarrak argi. Hori ez da eramaten erraza, baina ez da zaila izaten jakitea noiz egiten diguten horrelakorik gure hobe beharrez eta noiz asmo txarrez. Gogoan dut gau batean, zinetik etxera bidean, nola esan zidan Sebek Alex beragandik urruntzen ari zela sentitzen zuela. Egia izango zen agian edo badaiteke, bestalde, gurekiko haustura prestatzen hasita egotea; aitzakien bila ibiltzea, alegia. Ekainean egin nizkion hiru edo lau deialdi antzu eta alferrikako haien ondoren, gehiago ez deitzea erabaki nuen, hurrengo deia Seberi tokatzen baitzitzaion egitea, interesik baldin bazeukan behintzat. Lehenago, biok deitzen genion beti elkarri, ez txandak kontuan izanez, baina bai edonork edonoiz. Hori bukatu egin da, ordea.

 

(Ikusleei begiratuko die)

 

            Zuetako batek baino gehiagok honez gero pentsatuko zuen Sebek ez duela jadanik nitaz ezer jakin nahi, eta gutxiago Alexez, bere ahulezia gogorazten diogulako, nahi gabe ere. Gugandik ikasi nahi zuena ikasi duela eta orain, gure arteko elkarrizketa batzuk errepikatzen hasi direnean eta zer pentsatzen dugun ongi dakienean, bazterrean utzi gaituela, erleak lorea zimeltzen uzten duen bezala, zukua atera dionean. Eta arrazoia izango duzue, ez dut ukatuko hala denik. Baina nik lagun nuen, lagun min sentitzen nuen, eta orain... bere hutsa nabari dut. Sebek eta biok Benito Lertxundiren, Olatz Zugastiren eta Iņaki Urdangarinen kantuak abestu ditugu batera kotxean, zinera bidean, behin baino gehiagotan. Sexuaz hitz egin dugu zintzo hamaika aldiz anaiek egiten duten bezala, eta oso kontu pertsonalak eta esperientzia barnekoiak kontatu dizkiogu elkarri lotsarik eta inork ezer zabaltzeko beldurrik gabe. Eta orain, ia egun batetik bestera, beti leiala izan natzaion lagunak bazterrean utzi nauela ikusten dut penaz eta minez; bazterrean, jabe bihozgogorrek beren zakurrak errepidean uzten dituzten bezala.

 

(Isilaldi laburra. Atzera eta aurrera berriz)

 

            Eta bitxiena da ez diodala ezinikusirik. Harrigarriena da, hala nahi banu ere, ez diodala gorrotorik, neure bame-bamean badakidalako gizon ona dela, bere ahuleziak menperatua; eta gutako nor ez da bere ahulezien menpeko?

 

(Isilaldi laburra)

 

            Maite dudan zerbait emango nuke bera berriz ikusteagatik, lehen bezala, berak deskafeinatua eta nik kafesnea hartu bitartean, ulertu ez dudan pelikularen baten gakoa azaltzen didala. Bere barre alaiak ni alaitzea nahi dut, eta adarra pixka bat jo nahi diot berriz, sakralizatuta dauzkan gure herria eta hizkuntza Jainkoen pareko ikusten dituela esaten didanean. Baina ez. (Burua etsipenez pixka bat makurtuko du) Hori guztia ez da berriz gertatuko eta min dut. Eta inoiz ez du berriz telefonoz deituko. Eta min ematen dit bera esplikaziorik gabe galdu izanak, eta ondoez handiagoa dut badakidalako zein den esplikazioa. Ez da sekretua: Alexek eta biok gizarte honetan, beldurrez eta existitzen ez diren mamuz beteriko gizarte gizajo (bi hitzok nabarmen indartuko ditu) honetan ez dugulako geure burua ezkutatzen. Eta hau da ordaina, askatasuna, txikia bada ere, beti ordaindu delako garesti, oso garesti.

 

(Etxeko txirrina adituko da.

aitor irekitzera joango da eta, ate aldera pixka batean begiratu ondoren, seberekin itzuliko da langelara, harriturik eta atseginez.

sebe, betiko moduan, ongi jantzita dago eta uztai antzeko belarritakoa darama.

Eskuetan kaxa dotore bat dakar)

 

AITOR: (Langelako atetik sartzen ari dela) Ez dakizu nola pozten naizen zu berriz ikusteaz.

SEBE: Baita ni ere. (Dotore bildutako kaxa emango dio aitorri. Irribarre egin arren, oro har serio dago) Hau zuentzat da, opari txiki bat.

AITOR: Eskerrik asko, gizona! Zer da?

SEBE: Pasteltxoak. Badakit Alex eta zu gozozaleak zaretela eta...

AITOR: Bai, hala gara, hala garenez. (Ordenadore ondoan utziko du kaxa) Baina eser zaitez, mesedez (Eskuin aldeko mahaiko aulkia eskainiko dio) Nahi al duzu kafe pixka bat, Sebe?

SEBE: Ez, ez. Mila esker, baina ez daukat astirik.

 

(Biak eseriko dira aitor lanean ari den mahaiaren aurrean, bien artean hankak gurutzatzeko moduko tartea utzita)

 

AITOR: Presaka etorri zara? (Pixka bat desilusionatuta) Hemen bazkal zenezake, hala nahi izanez gero. Alex ez dago etxean; badakizu hirurak arte ez dela ateratzen lanetik. (Gehienbat, xehetasun horretaz jabetuta dagoela adierazteko esango dio azken perpausa)

SEBE: Hara, Aitor. Zer gertatzen den jakitera etorri naiz.

AITOR: Zer gertatzen den? Baina zerbait gertatzen da, orduan? (Bizkarra torero batek baino tenteago jarriko du, galdetzen ari dena nabarmena dela badakiela adierazteko)

SEBE: Jakina. Orain ez gara elkarrekin ateratzen. Zinera ere ez gara joaten larunbat gauetan.

AITOR: Eta niri galdetzen didazu hori? (Bi eskuak bularrera eramanez) Gogorazi nahi dizut neuk deitu nizula azkena, dezentetan deitu ere, eta ez nuela erantzunik jaso. Gero uda osoa joan da bizi zarenik ere jakin gabe, aurreko bi oporraldietan itzuli zaren bezain azkar deitu diguzunean. Jainkoak daki nola itxaron dudan aurten abuztu bukaera aldeko dei hori; oraindik egin ez duzuna. Baina orain, udazken eta neguko gau luzeak eta berorietako tristura eta bakardadea zuregana datozenean, hemen ez da ezer gertatu eta banoa Aitorrengana ea zinera laguntzen nauen. (Berotuz joango da) Nik ere joan nahi dut zurekin zinera, Sebe! Baina horrezaz gain, lagunak izatea nahi dut. La-gunak!!

SEBE: Ez dakit zergatik jartzen zaren horrela nirekin. Sabini ez diozue eskatzen niri bezainbat.

 

(aitorrek eskuak izterretan jarriko ditu, ukondoak kanpora, eta harriduragatik ahoa pixka bat zabalduta)

 

AITOR: Sabin diozu? Zaude isilik, mesedez! (Esku bat altxatuko du oso serio) Baina ez al zaude konturatuta, zu, Alex eta ni bost axola gatzaizkiola Sabini? Denborapasarako hartu gintuen, beste lagunik ez zeukanerako, besterik gabe. Hasieran oso elkarrizketa interesgarriak izaten genituen berarekin, ezta? Baina non dago orain? Ez da inoiz gutaz arduratu. Horra egia. Eta, egon zaitez ziur, horregatik “ez diogu eskatzen hainbeste Sabini” zuk diozun bezala. Zuri eskatzen dizugu, bai, egiazko lagun sentitu zaitugulako, estimazio handia dizugulako. Baina ez ahaztu eskatu adina emateko prest egon garela beti.

 

(Isilaldi estu samarra sortuko da, astuna)

 

            Erraza da Sabinekin ongi egotea eta hari gauza handirik ez eskatzea, hasieran bestela bazirudien ere, geroak erakutsi duelako oso axaletik zebilela gurekin, behar gintuenean bakarrik hurbilduz.

SEBE: Baina hori denok egiten dugu, ez didazu ukatuko.

AITOR: Ez, ez dizut ukatuko: ez dizut ukatuko axaleko lagunengana beharra dugunean joaten garenik denok, ukatuko ez dizudan bezala, egiazko lagunengana, lagun minengana, behar dugunean eta haiek behar gaituztenean joaten garela.

SEBE: Nik bakarrik dakit oso ondo genbiltzala, eta gero Alex nigandik urruntzen hasi zela, eta orain zu berarekin geratu zarela — eta hori ulertzen dut, bikotea zaretenez—, ni bazterrean utzita.

AITOR: Bazterrean? Berriro gogoratu behar dugu, ba, nork deitu zion nori azkena, ezezkoak eta aitzakiak entzuteko, edo erantzungailu gorrotagarri batekin behin eta berriz topo egiteko?

SEBE: (Begiak une batez itxita eta esku bat bien artean jarriz) Ez dut kaka nahasten hasi nahi.

AITOR: Nik ere ez, Sebe. Zeuk jakingo duzu zertara etorri zaren hona benetan. Nik entzun dut esan didazuna eta bene-benetan eskertzen dizut bisita.

SEBE: Larunbatetan aterako gara elkarrekin, orduan?

AITOR: Ni desiatzen nengoen horrelako zerbait entzuteko.

 

(sebe zutitu egingo da. aitor ere bai, ondoren)

 

SEBE: Beno ba, orduan, deituko diogu elkarri. (Esku bat jarriko dio aitorri sorbaldan)

AITOR: Bai, deitu lasai larunbat honetan zinera joateko. Alexi ere esango diot. (Eskukadatxo bat emango dio bizkarrean dagoeneko ate aldera doan lagunari)

SEBE: Ongi, Emaizkiozu eskuminak, eta laster arte.

AITOR: Hori da, Sebe: larunbatera arte.

 

(Bi lagunak batera aterako dira langelatik, aitorrek kanpoko ateraino lagunduko baitu sebe.

Handik gutxira langelara itzuliko da.

Pastel kaxa ireki eta pasteltxo bat hartuko du pentsati.

Gero bere lanera itzuliko da, eta papereko testua itzultzen jarraituko du ordenadorearen teklei arin eraginez.

Argiak guztiz itzaliko dira poliki.

Oihala behera)