Aurkibidea
Hitzaurrea Josu Camara
Aurkibidea
Hitzaurrea Josu Camara
Hirugarren agerraldia
h negar betean dago. Zotinka. Letren eremuan dago, etzanik. Argia ilun samarra da; musika entzunen da: Rachmaninoven pianorako kontzeruaren 2. zenbakia C minorren, Op.18. obraren lehen konpaseak entzunen ditugu, minutu bat inguru.
Gero, argia kolorea hartzen hasiko da eta pixkanaka pixkanaka letrak ateratzen hasiko dira.
p: (Harriturik eta h-rengana hurbilduz) Ene bada! h, zer gertatu zaik? Zer egin diate? Minik ba al duk? Zurbil hago... ekarriko diat tinta kikara bat hobetzeko... (liburura joanen da horren bila)
e: (Urduri) Arranopola! h patxatxe! zer gertatu duk, ai ene! Zenbaki hauekin ez duk giro... zein gaixtoak diren! (r, p tinta kikararekin, a, i, o eta u aterako dira)
a: (Asaldaturik) h, erraigun zer egin diaten, zer erran duten, nor dun hiltzailea, zergatik hodeiak batzuetan zuriak ditun eta bertzeetan beltzak, non diagon Atlantida eta ea hozkailuko yogurra, gauean janen dudana galdurik den... batez ere erraigun zer erran duten!
h hasiko da mimikaz adierazten zenbakien helburua. o-k mimikaren ekintzak berba bilakatuko ditu. o-ren diskurtsoa etenduko da adierazteko lehenago bere elea baino lehenago h-ren mimika datorrela
o: Zer... zenbakiek gimnasia egin dutela... indartsu egoteko... eta balioa ez galtzeko... ez dutela arrozesnea gustokoa... ezetz, ez dela hori... ez dutela gustokoa igerilekura joatea... ezta ere?... ez dituztela gustokoak... letrak!... gu geu orduan!... eta jipoia emanen digutela!... (Beldurturik) Hau beldurra hau!
r: (Haserre eta ozen hitz eginez) Mila deabrru! Zenbaki madarrrikatu hauekin ezin dun fio... Orrain jipoitu nahi gaitiate, harrrrapazak horri! Horrrrelako kontuek sutan jarrtzen naiate! Asperrrturik niagok betiko memeloa izateaz... gu haiek baino hobeak gaituk eta demostratu beharrra diagu, mekatxisenlamarrrsalada! Errrronka botako zieagu, apustua eginen diagu haiekin, ikusiko diate nor giren, eta noraino iristeko prest gauden!
o eta e: Hori, hori, noraino iritsiko gaituk?
r: Errrrronka luzatuko zieagu. Tentatuko dizkiagu. Ea norrr den hobea, haiek ala gu...
a: Bai, baina nola?
r: Gerro kontatuko dizuet. Egidazue kasu. Zuek sarrrtu etxean, utzi ene eskuan aferra hau...
Letrak liburuan sartuko dira r izan ezik. p eta u-k lagunduko diote h-ri sartzen, mindurik baitago.
r: (Zenbakien eremura begira, jarrera erronkazalea) Aizue, zenbaki handiuste eta kakalarriak: kasu egidazue! Zuek uste duzue gu baino gehiago zarrretela... ba, jakin ezazue guk berrrdin pentsatzen dugula: zuek gu baino okerrrago, txikiago eta itxusiagoak zarrretela eta gurrre aurrrka gogo guztiz arrituta erre ezin izanen duzuela deus errrdietsi!, gu zuek baino hobeak girrrelako. Beldurra prraketan ukanik erre etorrr zaitezte, ohorrre pittin bat gelditzen bazaizue oskola matematiko herrrtsi eta gupidarrrik gabekoarrren azpian!
1: (Bakarrik aterako da. Pauso mantsoa, begirada lasaia eta odol hotzean) Zer dugu?
r: Okerrrrr ez banago, bai zuek, bai gu aski nazkaturrrrik gaude egoerra honekin. Oso leku gutxi dugu bizitzeko eta elkarrrrren arrrrteko hika-mikak amaitezinak dirra. Pentsatu dut konpondu beharrr dugula behin betiko arrrazo hau.
1: Badirudi beldurtzen hasi zaretela. Arazoa izatekotan nola konpon daitekeen, jakin badakizula ematen du... zihur aski xelebrekeriaren bat botako didazu...
r: Errrrronka luzatzen dizuegu: epaile neutrrralen aitzinean frrroga ezberrrdinak beteko ditugu eta irrabazle aterrratzen denak errramanen du tinta potea urrrterro. Ados?
1: Erraten nuena, xelebrekeria galanta.
r: Badirrudi beldurtzen zaretenak zuek zaretela. Akaso erridikulua egiteko beldurrrra ote da?
1: (Haserre eta harro) Hemen ez da inor kokilduko. Nahi duzuen eremutan borrokatuko dugu. Geuk irabaziko dugu, gure efikaziak ez du mugarik. Zeintzuk izanen ditugu epaileak?
r: Guk prrroposatzen ditugu parrrentesi anaiak.
1: Orduan guk proposatzen dugu izartxoa.
r: Ados. Mahaia parrrrratu beharrrko da zuhaitzarren aitzinean.
1: Egia da: guk jarriko ditugu mahaia eta aulkiak, horretarako azpiegitura egokia baitugu.
r: Orrrduan gerrro arrrte. (Liburu gibelera doa)
1: Bi, hiru, bortz! Mahaiak eta aulkiak ekar itzazue berehalakoan eta jar itzazue zuhaitzaren aitzinean gure eremu eta letra eskasenaren artean!
zenbakiok agindurikoa beteko dute eta i-a kalkulagailuaren gibelera doa. Liburuaren gibeletik, halaber, parentesiak ageriko dira, kuxkuxero eta marmartiak.
(): (Bi burudun gorputz bakarra izanen da, hau da: bi buru, bi beso, lau hanka... bakarrizketa bailitzan arituko da, —marmarrean hobe erranik— bi izan arren. Hitz eginen dute mahairako bidean, eta behin jezarri ondoren izartxoa agertu arte) Bazen garaia, bai, epaileak izateko, askotan ematen du ez dugula lekurik mundu honetan... ja! Lekua eta zerbait gehiago... gugatik ez balitz ez dakit nola eginen lituzketen liburuak... eta esaldiak... eskasak izanen lirateke... horixe baietz! Guk babesten ditugu han hemenka kabida ez dutenak... babes goxoa da geurea: beldurti eta izuturik sartzen dira eta sendaturik atera... a zer itxuraldaketa! Hori bai, esker txarrekoak dira gure apopiloak. Hitz onik ez guretzat, ez onik ezta txarrik ere, hitzik ez. Ele apalenak onartzeko prest gaude, hitz txikiena, arinena... inor ez da ohartzen gu existitzen garenik. Zerbitzu ezinhobea ematen diegu, zertarako baina? Ordaintzen hasi beharko lukete: ele bakoitzeko hiru euro, edo seiehun pezeta. Nahi baduzu har ezazu, bestela ospa hemendik eta utzi lekua zure gibelean daudenei, zuk baino behar handiagoa dutelako, seguru. Zenbat egoskor dagoen mundu honetan; txotxolomerke guztiak ezagutzen ditugula ematen du, eta duinak garenon gainean erortzen dira, alajaina! Behintzat orain epaileak gu geu gara... begira: izartxoa hortxe ageri da! (izartxoa agertuko da, alai)
*: (parentesiei zuzenduz) Aupa mutilok, zer gisa? Betiko martxan ezta? Beti elkarrekin ikusten zaituztet. Banaezinak zaretela ematen du. Ongi dago lagunak izatea, etsaiak izatea baino hobea da azken finean... portzierto, ni aukeratu naute epailea izateko letra eta zenbakien artean, zuek ere horretarako zaudete hemen, ez da hala?
(): Bai, azkenik eman digute aspaldi merezi genuen ohorea. Zatoz, zatoz hona, kontatuko dizugu nola eginen dugun.
izartxoa bilduko da parentesiekin eta une batez kuxkuxeatzen arituko balira bezala izanen dira, keinuka eta imintzio ugari eginen dituzte, aktibitatea irudikatzeko. Amaiturikoan izartxoa ikusleengana hurbilduko da eta lehiaketaren nondik norakoak emanen die, baita beren partehartzea zertan datzan ere.
*: Arratsalde on, jaun andreok. Arratsalde on neska eta mutilok. Arratsalde on, asto eta zaldi, piper eta tomate, handi zein txiki, itsusiak eta ederrak. Arratsalde on orori. Laster letrak eta zenbakiak lehiatzen ikusiko ditugu. Epaileak gu izanen gara, parentesi anaiak eta ni neu, izartxo jauna. Epaileak geu izanen gara, baina zuen esku dago irabazlea nor izanen den erabakitzea. Zuek ere parte hartu beharko duzue, erabakitzeko zeinek irabaziko duen: letrak ala zenbakiak. Zuen papera erreza eta erabakiorra izanen da aldi berean; froga bakoitzaren ondotik zuen txaloak izanen dira elementurik garrantzitsuena neurtzeko frogen balioa. Zuek txalotu beharko duzue hiru eratan; lehena: akaso ez zaizue oso gustatu ikusi duzuena. Orduan txalo gutxi eta mantsoak eman behar dituzue. Horrela (Agindu bezala txalotuko du). Orain zuek, froga egin dezagun, bat bi eta hiru... (Ikusleak txalotu beharko dute izartxoak erran duen maneran. Bertzinaz errepikatuko dute ongi egin arte. Guztiok edo bederen gehiengoak egin behar du. Hemen izartxoaren papera zirikatzea izanen da, behar izanez gero). Arras ongi! Orain eman dezagun oso gustatu zaizuela ikusi duzuena. Orduan bihotz guztiaz txalotu behar duzue! Gogo handiz, ni bezala (Froga eginen du). Orain zuen txanda da, bat, bi eta hiru: (Ikusleen txaloak). Primeran, eskola onekoak zarete. Baina, baina, ikusi duzuena hain txundigarria izan bazaizue, benetan ikaragarria izan bada zuentzat, orduan... orduan txalotu behar duzue inoiz txalotu ez duzuen bezala, eta oihukatu eta guzti, horrela (Ero baten pare txalotuko du). Orain zuek, hori bai, horrela txalotzen baduzue aulkitik altxatu behar duzue. Ea ba, bat, bi eta hiru! (Jendea erotu behar da, bertzinaz errepika dadila). Ederki, asmatu duzue bete betean! Baten batek nahi izanez gero earra! edo eta ona! edo eta eutsi! edo antzekorik botatzen ahal du. Onarturik dago. Eta alferrik luzatzeko asmorik ez dugunez, jo dezagun harira: parentesi anaiak, azal ezazue lehen froga.
(): Lehen froga kanta bana abestean datza. Nahi duten kanta kantatzen ahal dute, errimaturik, errimarik gabekoa, tango, jazz, rock, makailua edo saltsa, dena onartzen dugu. Lehenak, zenbakiak:
1, 2 eta 3 aterako dira. Txano bana eramanen dute sinbolizatzeko ez direla betikoak, lehiaketan daudela, alegia. Beti bezala lerratuko dira perpendikularki ikusleekiko.
KANTA:
(leloa) bat, bi hiru lau
bat, bi, hiru lau,
bost sei, zazpi,
bost, sei, zazpi
zenbakiak irabazi, irabazi, aurrera!
Arabiatik gatoz-ta
ez dugu parekorik
gu gabe mundu honetan
ez legoke dirurik!
(leloa)
Zenbakirik gabeko
mundua ezin da aurkitu
baina letrarik gabe
guk ez dugu sufritu!
(leloa)
zenbat urte dugu
hor(re)tarako balio
letreez honenbertze
ezin zaitezte fio!
(leloa eta amaiera)
*: Txaloak zenbakiendako!
(): Mila esker, zenbakiak. Puntuazioa eman dezagun: (parentesiek bi txartel erakutsiko dute eta izartxoak bat. Hiruretan puntuazio bakarra dago idatzita: 10) Orain, letren txanda heldu da.
o eta e hizkiak ageriko dirafutbol partidu batera bailihoazen: txano, tapauka, eta bandera pare bat eramanen dute.
KANTA:
oe, oe, oe, oe, oe, oe, oe
(Luza daiteke nahi bertze. Guk proposatzen dugu minutu bat edo. Horretarako, jakina, koreografiaz lagundu behar da, hitzak eskasak baitira)
*: Txaloak orain letreendako!
(): Eskerrik asko, letrok. Puntuazioa (Aurrean gertatu bezala). Orain froga librea bete beharko dute. Lehenak, hizkiak.
u eta i ageriko dira. Bi bokal hauekin beteko dute eskena, honela: i kotxea izanen da, u geldo dagoen bitartean, egunkaria irakurtzen edo. i oso arin doa, arinegi, azkenean urekin tronpatuko da, hau gertatzear dela i-k balaztatuko du (iiiiiiiii) eta u-k ikararen keinuaz gain onomatopeia azalduko du (uuuuu). Biak lurrean daudela minaren soinua eginen dute (ui, ui, ui). Azkenik, biak anbulantzian sartuko dira eta elkarrekin eginen dute hondar bidaia, anbulantzia zarataren bitartez irudikatuz (iu, iu, iu, iu...)
*: Txaloak letrendako!
(): Mila esker letrok. Puntuazioa (Lehen bezala). Eta orain gurekin... zenbakiak datozela!
Zirkoaren itxura hartu behar du numero honek. zenbakiak saltinbankiaren papera bete beharko dute. Nola? Honela:
Taulagainean 2, 3 eta 5 izanen dira. Bi kokatuko da lehena. Beronen gainean hiru igoko da. Magia pixka batez bi eta hiru bortz bilakatuko dira, ume ororen gozamenerako. Numero hau keinu eta imintzio ikusgarriz josi behar da, funtzionatzen ahal izateko.
*: Txaloak zenbakiendako!
(): Eskerrik asko, zenbakiok. Eta orain azken puntuazioa (10, 10 eta 10). Azken emaitzak berdinketa teknikoa erakusten digu. Ez dago galtzaile, ezta irabazlerik. Guztiok irabazle ala guztiok galtzaile!
*: Ni banoa, nire lana bukatutzat ematen dut. Agur Yogur. (kalkulagailuaren gibelean sartuko da, perentesi anaiek eginen duten gisan. Ondoren 1 eta 3 aterako dira kalkulagailutik. a eta p, berriz, liburutik. Guztiok erreklamateko nahia azalduko dute. Hitzak gero eta gordinagoak izanen dira eta giroa berotzen joanen da. Haserrea gorantz joanen da, beraz)
1: Ez nago batere konforme! Ez dago justiziarik, gure lana beraiena baino txukunagoa izan da!
p: Inondik inora! Zuena erraza baino errazagoa izan duk. Bururik gabe jokatu duzue eta gurea zuena baino arrakastatsuagoa izan da! ( ;
x: Parentesi anaiek zuen alde jokatu dute, argi eta garbi. Hau guztia zuen trikimailu zikin bat bertzerik ez da izan, salbatzeko asmoz.
a: Salbatzeko zer?
1: Salbatzeko zuek!
p: Salbatzeko zer dela eta?
1: Deskuidatzen bazarete kristoren jipoia emanen dizuegu. Momentuz argi ibili!
a: Beldurtzeko asmoarekin erran baduzu, huts egin duzu, txorapito!
1: Ez zarela beldurtu? Ikusiko dugu orain! Aizue zenbakiok, formazioan! prest erasorako, bat, bi eta...
Une horretantxe pi zenbakia sartuko da publiko aldetik eta ekintza bere hitz jarioarekin moztuko du. Elekatuko den bitartean taularantz abiatuko da, bertan amaitzeraino.
PI ZENBAKIA: Aizak hiru lehengusua, aspaldiko!
zenbakiak prest zeuden erasorako eta eleek ere jarrera oldartu dute. Orain denak ari dira pi-ri begira, geldi.
PI ZENBAKIA: A zer leku xelebrea zuena! Liburua alde batean eta kalkulagailua bertzean... aizak lehengusu: (3-ri zuzenduz) non bizi haiz hi? erraidak, izan ere urrundik etorri nauk bisitan, ongi dakizunez... zer, agurtuko nauk ala bueltan joan behar diat?
1: (3-ri) Nor da hau?
3: (Lotsaturik) Greziako lehengusua...
1: Lehengusua? Erraidazu nor den, ez bainuen zure familiaren berri...
3: (Lotsaturik eta mantso mantso hitz eginez, aitorpen kontaezina eginen bailuen) Hau pi da, pi zenbakia... eta letra.
Zenbakia eta ...elea da. Zenbakia da 3,1416 delako eta letra da grekoek erabiltzen dutelako... p-ren familiakoa da... Arkimedesen alaba da...
p: Aizan, hi ere gure leinukoa haiz...
1: Aizu! pi hau zenbakia da! gurekin geratuko da!
p: Bai zera, ikusiko dugu!
PI: Aizue, zer da kalapita hau? ...ni zenbakia naiz... eta letra ere bai... guztiok bezala... matematikan denok dugu leku bat, eta literatura ezin da ulertu zenbakirik gabe, batez ere jakiteko zenbat liburu argitaratzen den... ergelkeria da egiten ari zaretena, eta handia gainera halako errietak izatea... (Isiltasuna) ...Zer, ez dit inork ostatua emanen?... portzierto, gaur egun ez dakit nola bizi zareten hain leku gutxirekin eta bi etxe zaharkitu horiekin. Orain modan dagoena ordenadorea da... ea berritzen dituzuen buruak...
1: (Jakin nahiaz) Zer da delako ordenadore hori?
PI ZENBAKIA: (Barrezka) Zuek bai zaharkiturik zaudetela, Jesus, Maria eta Jose! Egun erabiltzen dena da, batez ere aberatsak direnen artean... oso lagungarria da, zenbakiak eta letrak daude elkarrekin, eta sarritan elkarrekin ateratzen dira karrikara, impresora deitzen den gailu batetik. Erraten dute kalkulagailuak eta liburuak laster desagertuko direla... nik ez dut uste, baina argi dagoena zera da, kristo guztiak ezagutzen dituela ordenadoreak, (Publikoari) zuek ere bai, ezta? (Publikoaren erantzuna) ...ikusi duzue? Guztiok ezagutzen dute ordenadorea, zuek izan ezik...
p: Baina elkarrekin bizitzeko badago hor barnean aski tinta guziondako?
1: Zer arraroa! Gose eta egarri, zuen benetako kezka horixe da...
a: Aizu, zuk ez baduzu halako arazorik tinta aski duzulako izanen da... lapurtzen duzuelako urtero!
1: (Keinazko keinua) Ahalegindu zaitez berriz ere lapurra deitzen!
PI ZENBAKIA: Tematiak zarete horratio! Lasai egon zaitezte guztiok, ordenadorean denok duzue lekua, denok duzue janaria... hor baino erosoago biziko zarete. Pentsa: liburuak ordenadorean egoten dira paperera iragan aurretik, eta ordenadorean kalkulagailu batean baino mila aldiz zenbaki gehiago bizi dira... ez izan txoriburuak eta kontura zaitezte behingoan elkarren beharra duzuela... alda itzazue zuen etxe zahar horiek, bilaka itzazue ordenadore modemo eta eroso! Denon onerako da. Bo, nik aski erran dizuet, bidaia luzea egin dut Grezia urrutitik eta akiturik nago. Atseden hartzera noa (liburu gibelean sartuko da. Taulagainean diren zenbakiak eta eleak mutu geratzen dira elkarri begira instant batez, hausnartuko balute bezala pi-k erranikoa)
a: Nik susmatzen dut arrazoi pittin bat baduela...
1: (Buruan hozka eginez) Akaso bai...
p: Ba... konpon ditzagun etxebizitza ...eta elkarbizitza!
1: (Pixka bat duda mudatan izan ondoren) Ados! Zuek hasi zuen etxetik, geuk gurearekin hasiko gara eta...
a: Amaitu dira aginduak, aizu!
1: (Pixkat lotsaturik) Ongi da, ongi da...
zenbakiek eta letrek elkarri luzatuko diote bortzekoa eta honen ondoren eszenografia aldatzeari ekinen diote, musika alaia aditzen den bitartean. liburua eta kalkulagailuak bat eginen dute eta elkarketa honetatik ordenadorea sortuko da. Lana amaitu ostean eleak eta zenbakiak aterako dira azkenekoaz taulara dantzatzera. Hau egin ondoren ordenadorean sartuko dira, ikusleria agurtuz.
amaia