Aurkibidea
Hitzaurrea Josu Camara
Aurkibidea
Hitzaurrea Josu Camara
HITZAURREA
Haurrentzako antzerkia
ala ikuslego orokorrarentzakoa
Egun bi dira Arte Eszenikoek euren difusio edo zabalkunderako sortu dituzten tresna propioak. Bata ikus-entzunezkoa eta bestea literarioa izan arren, biak dira aldizkariak, bakoitza bere formatuan. Eszenako sektoreko aldizkari dagokion egite horretan, biek ageri agerian erakusten dute arloarekiko daukaten konpromisoa.
artez, arte eszenikoen aldizkaria, eta Hau komeria - Desde el gallinero etbko programa dira Euskal Herrian antzerkia, dantza edo eszenako musikaren inguruan sortzen diren berrien isla, eszena gaineko gertaera guztien berriak lau haizetara zabalduz arte hauen bizitasuna modu normalizatu batez gizarteratzen dutenak.
Lan neurtezina eta estimagarria da gure aldizkari hauek egiten dutena, arte eszenikoak egoera normalizatu batez gizartean kokatu daitezen ezinbestekoa.
Baina honetaz gain aldizkari biek, literarioa zien ikus-entzunezkoa, euren lan propioetatik aparte beste ahaleginak ere egiten dituzte eszenaren alde. Batak Euskal antzerkiaren historia bideo irudietan argitaratuz, etbren eskutik eta artezen bidez zabaltzen dena, eta bigarrenak egun taula gainean ikus daitezkeen lanen edo gaur egungo idazleen antzerki testuak editatuz eta argitaratuz.
Ausarta eta txalogarria da artezblaik zabaldutako bide hau, antzerkiak, genero literario bezala, ez baitu ohiko argitalpenetan isla handirik izaten, zabaltze momentuan ez baita nahikoa errentagarria, eta gure gizartean errentagarria ez denak jai dauka.
Baina ausardia areagotu egiten da artezblaik hartutako bide honetako zortzigarren emaitza hau umeei zuzendutako bi antzerki lan literarioekin osatzean. Haurrentzako antzerkia idazle gutxik lantzen duen generoa izanda, nahiko ezezaguna egiten da horrelako argitalpenetan sartzea. Umeentzako antzerkian aritzen diren konpainiek, normalean, bere testuak moldatzen dituzte eta oso kasu bakanetan argitaratzen dira. Antzerkia genero literario txikitzat gizarteratuta dago eta haurrentzako antzerkia, tamalez, are gehiago oraindik. Agian artezblairena bezalako iniziatibekin molde zahar eta globalizagarri hori apurtzen joango da, eta haurrentzako idatzitako eta egindako antzerkiak behar duen errekonozimendua lortuko du.
Egoera honetan oso itxaropenagarria da Aitor Txarterina bezalako gazteen ahalegina, literatura genero honetan aritzen direnean. Aitorrek hogeita hamar urte bete gabe ditu eta 1997tik hona, gazte zein nagusientzako ipuin kontalaritzan aritu ondoren, antzerkian ere murgildu da. Duela gutxi berak idatzitako “KeTakoiak” lana oholtzaratua izan da.
Bere burua sukaldari eta soziologo amateurtzat eta ardogile prestutzat ematen duen autore honek umeentzako antzerki testuen mundua ere jorratu du, Nafarroako Antzerki Eskolako haurrendako antzezlan lehiaketako 1999 eta 2000ko edizioetan saritua izanik.
Sarituetariko testu bat dugu liburu honetan lehen irakurgai, 2000koa hain zuzen, “Zenbakiak ala eleak. Pedagogoak gogoan” eta ondoren “Eko-logikoa”. Bi lan, bi gai eta bi estilo guztiz ezberdinak. Batean letrak eta zenbakiak anarkian edo diziplinan oinarritzen diren gizarteak irudikatuko dira eta bestean ekologia baten absurdotasuna islatzen da. Batean sinboloak dira pertsonai eta bestean animaliak eta gizakiak. Lehenengoan oso gune abstraktu eta irudimenezkoan gertatzen da ekintza eta bestean etxe batetako gela zehatz eta konkretuan. Batak txotxongilo mundura bideratzen dit adimena eta besteak antzerki naturalistara.
“Zenbakiak ala eleak. Pedagogoak gogoan” lanera joanda, bi gizarte mota kontrajarriak islatzen dituela ikusiko dugu, eleena eta zenbakiena. Zenbakiena orden matematikoarena da, zeinetan mugimendu guztiek zergatia izan behar duten, jarrera militar itxurakoa alegia. Oso gizarte hierarkizatua, sormenari betarik ematen ez diona. Zenbakien jokoak eta ekintzak formuletara loturik daude eta emaitzak beti aldez aurretik pentsatutakoak izan behar dira. Lan egiteko orduan dudarik ez, argi aski dago zeinek egin behar duen lan eta zeintzuk agindu bakarrik. Harroturik bizi dira antolatu duten gizatalde perfektu horrek ematen dieten boteretsu izatearen sentsazioarekin.
Eleek, aldiz, gizatalde zoroagoa osatzen dute, akaso larregi batzutan. Bizitza antolamenduan nahiko jarrera anarkikoa daukate;itxuraz momentu batean agintzen duenak jarraian hutsaren hurrengoa da. Joko libreetan oinarritzen da daukaten sormen ahalmena, apropos egiten ez badute ere, beti daukate esanahia. Eleak, bizi diren munduan, hau da liburuan, mila mundu ezberdin sortzeko gai dira. Zoramen horretan libreagoak dira. Baina, zenbakien aurrean ahul sentitzen dira, zenbakien ordena eredugarria iruditzen zaielako, euren iritziz, zenbakiek beti lortzen dutelako nahi dutena.
Aurrez aurre jarrita dauden bi talde hauek gauza bat dute amankomuna, bizirauteko beharrizana alegia eta hau zibilizazio bi hauen artean dagoen zuhaitzaren fruituan datza. Baina badira fruitu hau konpartitzeko gai direnak eta ez direnak, eta bigarren hauek gaitasun handiagoa erakusten dute beti bizitzaren arbolaren fruituaz jabetzeko.
“Eko-logikoa” antzezlanean ekologia absurdo bat planteatzen da, zeinetan hiru animali, bi pizti eta klonatua den hirugarrena, euren bizitza erosoagoa egiteko eta euren biziraupena ziurtatzeko gizakiaren munduan sartu nahi dute eta giza-ohiturak ikasiz “gizakizatzean” ikusten dute alternatiba gelditzen zaien bakarra.
Ikusten dugun bezala, testu bi hauek, haurrengan izan arren lehentasunezko hartzailea ez dira azpiedukietara eta azpilengoaietara makurtu. Egungo gaietan oinarritu du Txarterinak edukiak eta haurrentzako lanak direla esan arren, bi urtetik ehun urtetara arteko umeentzako interesgarria izan daitekeela esango nuke. Eszena lan bat, arrazoi ezberdinak direla medio, umeentzat egokia ez dela eta nagusientzako dela soilik esaten dugunean, haurra, ikusle potentzial bezala, baztertzen dugula adierazten dugu, arrazoizko bazterketa izan arren. Bestalde haurrentzako egindako lanetan ez da hori gertatu behar, lana egokia bada eta umea eta nagusia mundu berdinean murgilduta gaudela onartzen badugu, berarentzat egingo ditugun lanak adin ezberdinetako ikusle zein irakurleentzako baliagarria izango dira, beraz, lan hauek definitzerakoan ikuslego orokorrarentzako ikuskizuna terminoa izango litzateke egokiena. Eta liburu honetan agertzen diren Aitor Txarterinaren bi antzezlan literario hauek, dudarik gabe, ikuslego orokorrarentzako egindako lanak bezala eszenaratu daitezkeela esango nuke.
Josu Camara
Kukubiltxo taldeko zuzendaria