Aurkibidea
Hitzaurrea Josu Camara
Aurkibidea
Hitzaurrea Josu Camara
Ohar pare bat hasi aitzin:
Jabetuko zaretenez, jokalariak ez dira gizakiak (Batzuk raso gizajoak badira ere). Ez lukete hankarik, ez besorik, ez eta bihotzik, prefosta. Antzerkian halere, errealismotik landara joan gaitezke, kezka handi eta hautsak gehiegi harrotu gabe. Are gehiago haurrak direlarik balizko ikusleak. Gure jokalariek, beraz, hanka, begi, bihotza eta kasu gehienetan, ahotsa izanen dute.
Eleek eta zenbakiek tratamendu ezberdina erabiliko dute komunikatzeko. Zenbakiak zuka ibiliko dira. Eleek, berriz, hitanoa erabiliko dute, berezitasun batez baina: eleek ez dute sexurik —antzezlan honetan ez bederen— hortaz, elkarren artekoetan berdin erabiliko dute sexu bati zein bertzeri dagokion marka. Batzueta -n eroriko zaio pertsonai bati, hurrenean akaso -k jasoko du. Pertsonaiak berak jasotzen ahal du behin zakildunen marka eta hurrenean bigarren sexuarena, honek giro eroagoa izaten lagunduko baitu. Lizentzia literariotzat jotzen dut neuk. Erabat pertsonala. Askatasun gramatikalari atxiki natzaio, nahiz Euskaltzaindiaren erabakiek halako jokaldiak ifernuratuko ninduketen. Bego ene arima ifernuan, beude ene jokalari eroak taula gainean. Azken oharra. Matematikako irakasleak ez ditut inoiz gustokoak izan. Aspergarriak eta konprenigaitzak bilakatu zitzaizkidan ikasketa garaian Ene inspirazioa haiengandik datorkit, obra honetan bederen. Halere, ez diet gorrotoa gordetzen, eta zenbakiek mundu hau gobernatzen dutela jakin arren —eta sufritu arren— maitasun pittin bat zor diet, izan ere badakit jakin beraiekin gabe nekez biziko ginela, eta bizitza, azken buruan askoz tristeago litzatekeela.
Jokalariak:
zenbakiak: 1, 3, 2, 5, 8. Beltzak dira, denak dira tamaina berakoak.
eleak: a (Urdina eta borobil xamarra), e (Luzea eta laranja), i (Horia eta tipia), o (Lodia, berde esmeralda), u (Gotiko itxura, marroia, mardula), h (Mutua, tipia, antenaduna, arrosa), p (Dotorea eta gorria), r (Hiru r izanen dira; bat erdian, handiena eta sinboloa irudikatuko duena eta bertze pare bat ttipiagoak aldakan paraturik. Urdina eta bizarduna. Bizar luzea)
epaileak: () (Parentesiak, bikiak dira eta elkarrekin daude, loturik) eta * (Izartxoa, koloretsua eta hagitz ikusgarria)
pi zenbakia: grafia grekoa izanen du eta jantzi greko klasikoekin joanen da. Maletekin sartuko da bidaia luzea burutu duelakotz.