Aurkibidea
Hitzaurrea Josu Camara
Aurkibidea
Hitzaurrea Josu Camara
Lehen agerraldia
Taularen ezkerrean kalkulagailu erraldoia da. Bertan sartuko dira zenbakiak. Begi bistan izateko eta guztiek uler dezaten zer den, zutik paratzea proposatzen dut. Kalkulagailu hau ez da zientifiko horietariko bat izanen, sobra tekla baitu. Gurea xinple xinplea izanen da; zenbaki oro, gehiketa, kenketa eta abar labur hori ukanen duena.
Eskuinean, berriz, liburu erraldoia egonen da. Izenbururik gabekoa izanen da (Inolako autore ez dadila profitatu obra handi honetaz). Hemen bizi dira eleak. Goiko aldean balkoia dute munduaren gorabeherak ikusten ahal izateko.
liburutzarra eta kalkulagailu erraldoiaren artean zuhaitza dago, bien arteko mugan, erdi-erdian hain juxtu. Bere adaxka batetik fruitua dago eskegirik: tinta botea. Zuhaitza paperezkoa da eta urtean behin baino ez du fruitua ematen; tinta botea da berau, zenbaki eta eleen jakia. Preziatua da beraz, basamortuan ura den gisa berean.
Ezkerraldean, kalkulagailuaren eremuan, argi txuriak bertzerik ez dira izanen. Eskuinaldean, aldiz, nahi den kolorea erabil daiteke. Ideia nagusia bi eremuak kolore bitartez bereiztean datza. Bata txuri beltza litzateke —hertsia eta homogeneoa—, bertzea koloretsua litzatekelarik —irekia eta anitza—.
Oihala irekitzean zenbakiak manera militarrean desfilatuz sartuko dira. Taularantz zuzen ala zeharka joko dute. Lerroturik joango dira, hierarkikoki: lehen 1a izanen da, gero 2a, horrela hondarraino.
1: (Aginduz, gogoz baina errutina dela jakitun). Bat, bi, bat, bi, bat, bi... Gu nor gira? (Ohiukatuz, yankien ejerzitoan bezala, lehenak leloak botako ditu bertze gainerakoek errepika dezaten)
BERTZE ZENBAKIAK BATERA: Gu nor gira?
1: Zenbakiak!
BERTZE ZENBAKIAK BATERA: Zenbakiak!
1: Mundu honetan!
BERTZE ZENBAKIAK BATERA: Mundu honetan!
1: Lehenbiz(i)koak!
BERTZE ZENBAKIAK BATERA: Lehenbiz(i)koak!
1: A zer inbidia!
BERTZE ZENBAKIAK BATERA: A zer inbidia!
1: Letrena!
BERTZE ZENBAKIAK BATERA: Letrena!
1: Geeeelditu!
BERTZE ZENBAKIAK BATERA: Geeelditu!
1: Amaitu da, etzazue (ez ezazue) errepika!
BERTZE ZENBAKIAK BATERA: Amaitu da, etzazue (ez ezazue) errepika!
1: (Kokozpeko bana emanez) Ixiltzeko behingoan! Orain, segi dezagun azken mila urte hauetan egin duguna egiten: har dezagun atseden eta bakar batek egin dezala egin beharrekoa, behar den gisan. Bi: (biri zuzenduz) zure ardurapean utziko ditut gure eremu matematikoaren garbiketa lanak. Ariketa akatsik gabe eta zuzen beteko duzulakoan, tori. (Suskia luzatzearekin batera kalkulagailuan sartuko da)
2: Mila esker komandante zenbakide. Hiru! (hiruri zuzenduz) zure ardurapean utziko ditut gure eremu matematikoaren garbiketa lanak. Ariketa akatsik gabe eta zuzen beteko duzulakoan, tori! (Suskia luzatzearekin batera kalkulagailuan sartuko da)
3: Mila esker subkomandante zenbakide. Bortz! (beroni zuzenduz) zure ardurapean utziko dut gure eremu matematikoaren garbiketa lanak. Ariketa akatsik gabe eta zuzen beteko duzulakoan, tori! (Suskia luzatuko dio eta kalkulagailu barnera joanen da)
5: Mila esker teniente zenbakide. Zortzi! (zortziri zuzenduz) zure ardurapean utziko ditut gure eremu matematikoaren garbiketa lanak. Ariketa akatsik gabe eta zuzen beteko duzulakoan, tori! (Bertzeen jarduera bera honek ere)
8: (Ironiaz) Mila esker pribilegiatua zaren marizenbakipotoloski! Bederatzi!: (Zenbaki hau taulagainean bailegoen) zure ardurapean utziko ditut gure eremu matematikoaren garbiketa lanak. Ariketa akatsik gabe eta zuzen beteko duzulakoan, tori! (Suskia luzatuko du baina ez da inor hartzeko. Eutsiko dio apur batez eta gero errealitatera itzuliko da: bakarrik dago) ... (Inorendako elekatuko bailitzan) Oh! Bederatzia ez dago gaur ere ez! Hau zoritxar matematikoa! Mila demonio! Hau ekuazio okerra neurea! Zenbaki asko dago munduan, baina ni beti gehitzen naiz memelo hauekin. Zenbakien artean, gainera, beti-beti-beti dago jerarkia nazkagarri hura: (Trufatuz) lehen bata, bigarrena bia (umeei zuzenduz) zuek ere badakizue ezta? Seguru nago baietz. Ea ba: lehen bat da, gero zein dator? (Horrela arituko da hogeigarrena aipatu artio edo) ... (Galdera erretorikoa) Ez ote da posible zenbaki gehiago nirekin gehitzea?... (Hasperena egin, ikusleriari begiratu triste eta etsia eta suskiatzen hasiko da. Instant bat geroago e hizkia ageriko da liburuaren ixkina batetik)
e: (Pozez gainezka) Eeeeeeeee! Eguraldi ederra diagu, bai horixeeeeee! Atera etxetik behingoan eta ez izan txotxoloak! (Hau erranen du liburu barrenera zuzenduz. Ondoren korrika hasiko da liburuaren aitzinean)
o: Oooooooooh! Egia dun, hau eguraldi itxurosoooooooa! Erranen zionat iri jalgitzeko.
e: Niri? Kanpoan niagok baina!
o: Hiri ez, i-ri. (e-k ezulertzearena eginen du) i: jalgi hadiiiii!
i: (n-ren i-ekin bat eginen du) liiiiiiiiiiii! I-i-i-i-karagarria dun. Aspaldian ez ninan ikusten halako parajerik; (Hatzamarrarekin seinalatuko du alde batera zein bertzera) mendi berde hauek, liiliii horiiiiiak, iiiiilargia (Segundu batez ageriko da taulagainean eta agerian den bitarte hartan i letrak jarraituko dio ibilbidea hatzamarra eta hitzarekin, azken hau luzatuz ilargia present den bizkitartean), o laguna, e kidea eta... (Pausa laburra egoeraz jabetzeko) 8a! Begira, begira nor dagoen hemen... (8ak gorrarena eginen du)
o: Kontxo, kontxoooooo, gerria estuegia eta kristoren burua duen zenbakitxoa... zer ari haiz, dezimalak garbitzen? (Ele ororen irria)
8: (Harro eta haserre antzean, erratza pasatzeari utziko dio) Guk behintzat badugu garbitzea, ez zuek bezala; hizki ziztrin eta zikin hutsak baino ez baitzarete!
i: (Ironiaz) Eskerrak zenbakitxoak garbi dauden... batez ere ekonomian... Suitzako bankuek garbitzen dizuetelako aurpegia... eta ipurdia! (hizkiek irri eginen dute, talde gisa)
8: Zuek beti berdin, literatura txarraren kumeak bertzerik ez zarete, ez duzue deus jateko, ez dakizue antolatzen gu bezala, egun osoa jolasteko, marmarrean jarduteko erabiltzen duzue. (Paperezko zuhaitzerantz hurbilduko da hitz egin bitartean) Udaberrian gaudenik ere ez dakizue: (Mezprezuz) ez dakizue zenbatzen egunak, ez eta txokolatinak, ez kanikarik, ez deus... (Gora begiratuko du harrokeri keinu batez eta tinta botearekin eginen du topo, erabat asaldaturik) Alajaina, zuhaitzak fruitua eman du!
e, i, o: (guztiok urduri eta jauzi ttipiak emanez. Batera eta zuhaitzari begira) Gurea da, gurea da, gure eremuan dagota.
8: Bai zera!, 1-i abisua ematera noa! (kalkulagailuan sartuko da lau oinean)
e: (Urduri) i, erraion a-ri etortzeko!
i: (Haserre) Niri ez erran. Hortxe duk o, lasai askoan.
o: (Haserre hau ere) Ni ez nauk lasai, aizak. Ezinak ez du legerik.
e: (Artegago) Zer lege eta zer denge? Ezin diok erran?
i: Hori hori...
e: (Haserre oraingoan) Hi, i, ixilik, ez hago-ta gonbidaturik eztabaida honetan...
o: Hori hori...
e: (Azken hitzen silabak banan banan erranez eta ozen ahoskatuz) Behingoan nor joa-nen ote duk tin-ta bo-te-a a-tzema-te-ra?
i: Goazeman hirurok.
e, i, o: (Batera) Ados! (Korrika abiatuko dira zuhaitzerantz. Botea altuegi dago eta ez dute hartzerik jauzi hutsarekin. Saltoka ari dira, halere. Saiakera zenbaiten ondoren, estilo ezberdinak erabil ditzakete —altuera jauzi olinpikoa kasu, balet klasikoko bat...—, zenbakiak azalduko dira)
1: (Lerroturik aterako dira jerarkia gordetzen. Paso militarrean ibiliko dira. Ekintza oso zehatza izanen da, deus ere alferrik egin gabe: prezisioa dute bertutetzat. zenbakiek ekintza burutzen duten bitartean hizkiak begira geratuko dira, ezinean amildurik) Bat, bi, bat, bi, bat, bi... Geldi! Bi: zuzendu eskilara! Hiru: eutsi eta lagundu biri. Bortz: igo eta har ezazu hain preziatua zaigun tinta botea. Hartutakoan emaiozu zortziri! Zortzi: jaso ezazu bortzek emaniko bote preziatua! Goazen: bil dezagun eta bil gaitezen! (Ekintza amaiturikoan. zenbakiek manatuari men egiten diote. letrak, halere, muga erreklamazio planteatuko diete)
i: Bil, bil, bil, Bufalo bil!... Raso polita hartu duzue tinta botea, eta eskertzekoa da, benetan, baina bote hori gure lurraldean dago. Gurea da.
1: (Serio eta patxadaz eginen du elkarrizketa osoa) Zuek ez duzue hartu. Guk bai.
e: (Mindurik) Normala alajaina! Zuek hartzen duzuelako protagonismo osoa ahal duzuen guztietan. Protagonismoa eta bidetik aurkituriko oro. Lapurra hutsak zarete, horixe!
1: Ez hasi betiko trapuak haizeratzen, kiratsa aski darie-ta.
o: (Enfasia gure-etan) ooooooooooooooooooooooh! Kiratsa, kiratsa. Mr. Argi-ta-garbik hitz egin digu. Udaro-udaro kontu bera gertatzen da; zenbaki ordenatuak gure etxera etortzen dira, gure janaria hartzen dute, gure umorea lapurtzen digute, gure itxaropena bahitzen dute eta gure ikusleen txaloak jasotzen dituzte. Ba, jakin ezazue: aski da. Ez gaituzue prest tamaina honetako injustizia bere horretan uzteko! Bi aukera dituzue hemendik aitzina: botea manera onean ematen diguzue ala ikusiko duzue noraino iristeko gauza garen! (Keinazko doinuaz, ahalik eta serioen)
1: Eta noraino iritsiko zinatekete?
o: Ba (Erantzunik gabe dela ohartu eta bere bi kideengana hurbilduko da. hiruron artean bat bateko batzarra eratuko dute, errugbiko melearen itxurakoa) ...noraino iristeko prest gaude? (Apal-apal)
e: (Segundu batzuen buruan. Seguru) Ez dakigu noraino iritsiko ginatekeen! (zenbakiak barrez hasiko dira)
1: Ba, honenbertzez, bagoaz. Hagitz atsegina izan da zuekin solastea. Gero arte. Bat, bi, bat, bi, bat, bi (Izkutatuko dira jin diren bezala)