Zenbakiak ala eleak. Pedagogoak gogoan
Aitor Txarterina
Zenbakiak ala eleak. Pedagogoak gogoan
Aitor Txarterina
Artezblai, 2002
Zenbakiak ala eleak. Pedagogoak gogoan
Aitor Txarterina
Artezblai, 2002
[aurkibidea]

 

Bigarren agerraldia

 

eleak noraezean geratuko dira, zer egin jakin gabe, geldo, bakoitza bere postuan. Honela egonen dira lipar batez, zuzendariak agintzen duenaren ingurukoa. Egoera honetan diren bitartean Mikel Laboaren lekeitioak diskoaren Gernika abestia paratzea proposatzen dut, (4. minututik aitzina, 30 segunduz, gora behera) gaiarekin zuzen loturik baitoa.

 

o: O, o, o, o, oooh! Urtero gauza bera, beti gertatzen zaiguk... eta orain ahuenka hasiko gaituk, negarrez hasiko gaituk. (Negarrez hasiko da)

i: Ez izan tontoa, arazoa zera duk, ez zekiagu antolatzen, eleok hobeak gaituk mintzatzen eta drama, komedia edota epika arloetatik ibiltzen, baina ez gaituk praktikoak, ez zekiagu praktikoak izaten. Gu kaosaren seme-alabak gaituk... Onena diagu batzar eratzea. Ni joanen nauk bertzeak abisatzera. Zuek pentsatu zeri buruz mintzatuko giran... (liburu gibelera doa)

e: (g-ri zuzenduz) Ea, hasi pentsatzen.

o: (e-ri erantzunez) Eta hik zer eginen duk bien bitartean?

e: Ni pentsatzen ari nian, baina orain despistatu nauk.

o: Bai, bai, seguru. Hik ez duk deus pentsatu hire bizitza osoan.

e: Hara non azaltzen zaigun filosofo kritikoa, ja ez dakiena!

o: (Haserre hurbilduko dira bakoitzak bertzearen sudurra sentitzeraino) Ni behintzat borobila nauk.

e: Zer erran nahi duk, potolo mokolo...

o: O, o, o, o, o, o, o, o, o, o, o, o...

 

bertze hizkiak sartuko dira, tropel koloretsu eta kaotikoa irudikatuz: a, i, u, p eta r.

 

a: Zer gertatzen dun? Berriz ere lapurtu zigunate janariaaaaaaa? noren errua izan dun?

e: (o-ri seinalatuz hatzamarrarekin) o izan duk.

o: (e-ri jokaldia bihurtuz) e izan dun.

e: (Bere hortan) o izan dun.

o: (Bere hortan baitere) e izan duk.

r: (e eta o-ren artean kokatuz, era bizkorrean) Mila arrrrrrrraio! Orrain kontua ez diagu jakitea norrr den errrrrruduna. Orrain jakin beharr dinagu zerr eginen duten zerrrrri nazkagarrrri horriek, numerrrroak...

i: (v-ren diskurtsoa oztopatuz. r ez da geldituko eta dena arrapaladan erranen du) Zenbakiak erran nahi duk?

r: ...Ez diate sekula geldirrik izaten. Eta gainerra beti arri dituk zerrrbait igarrrtzen gurre kontrra... Kopetarraino niagon!

p: Egia dun. Ez diakiniagu zer ari diren zenbakiak. Ziur aski gure kontra ari ditun zerbait prestatzen. Errek asmatu duk, jakin behar diagu zer ari diren zenbakiak.

o: Eta zertarako jakin behar dinagu?

u: Begira, zenbakiek zer egin behar duten baldin badakiguuuu, guk prestatzen ahal diagu kontraerasoa, eta beraien asmoak zapuuuuuuztu. Bertzinaz gertatuko duk beti gertatzen dena: beraiek raso azkarrak dituk, eta raso ongi prestatzen diate dena. Raso ongi antolatzen dituk, gu, aldiz...

a: Ados naun. Orain pentsatu behar dinagu zer egiten ahal diagun jakiteko zer asmoa dituzten. Noski, beraiek ohartu gabe...

o: (Etsita) Ooooh, beraiek ohartu gabe...

e: Badiakiat! Deitzen ahal diagu h-ri, gure espia ikustezinari; ez duk hitz egiten, ikustezina duk, hagitz ttipia diagu... egon dadila zenbakien artean eta gero konta diezagun zer ikusi duen. Plan ona duk ezta?

a: Ongi duk baina...

p: Polita duk, haler...

r: Errrrrraza duk pentsatzea, horrri bai...

i: Nik uste diat denok pentsatzen dugula ideia ona dela baina h arriskupean paratzen dugula. Ez diakiat h berak zer pentsatuko duen...

e: Abisatu eginen dinat (Badoa liburu barnera).

 

Une bat geroago h-rekin itzuliko da. Bien bitartean taulagaineko eleak hizketan arituko dira

 

e: Hemeeeeeen diagu gure zelatari kirolari!

r: (h-ri zuzenduz) h, hi haiz gurre itxarropen handiena. H, hi gurre itxarropen bakarrrra. H, hi gabe ez gaitun ezerrrrerrre-ez. H, maite haugu. H, hi haiz gurre itxarrropen handiena.

i: Errrepikatu duk hori... ui, zenbat erre...

 

h-k sorbalda altxatuko du. Honekin adierazi nahi du jakin nahi duela zer egin dezakeen.

 

a: Jakin nahi duzula zer egiten ahal duzun? Ba, begira... pentsatu diagu hi haizela gutariko egokiena zenbaki ziztrinak espiatzeko, zelatari lanak burutzeko. Hi haiz mutua, ttipia, antenaduna eta ahoskaezina. Hi haiz gure agente tente eta inteligente.

 

h harrotu egin da, eta lotsatu pixka bat ere bai.

 

u: Orain pentsatu behar dinagu noiz den abagunea hatxeak zelatari lanak egiteko...

o: Nik uste dinat zenbakiek noizbait egiten dutela gimnasia, baina ez nauk ausartzen erraten noiz...

e: Nik uste diat arratsaldeko zazpietan ateratzen direla. Behin akats tipografiko batek jota hemendik nenbilan galdurik eta zenbaki nazkagarriak topatu nituela hor (zenbakien eremua seinalatuko du) ergelkeriak burutzen. Gimnasia edo deitzen ahal diagu, nahi izanez gero...

u: Orain arratsaldean gaituk ezta? (Obra goizean taularatuko balitz arratsalde ordez goiz hitza erabiliko genuke)

BERTZE HIZKIAK BATERA: Ez diakiagu!

u: (Ikusleriari zuzenduz) Barkaidazue, letrok pittin bat despistatu gira... ez dugu erlojurik eta ez dakigu zer ordu den, ezta goiz ala arratsa den. Erraten ahal didazue zer den, goiza ala arratsa?

 

Ikusleek erantzunen dutelakoan nago. Hala bedi, guzion onerako. Dena dela konprenitzen ez bada berriz ere errepikatuko da, erantzuna jaso arte.

 

u: Esker mila. (Raso urduri) Aizue, arratsaldean gaituk! h, prest! Gu, ezkuta gaitezen, arin!

 

Arrapaladan, letra guztiak izkutatuko dira liburu gibelean. e-ri, baina, burua atzematen zaio lipar batez, gero baten batek sarrarazten dio burua liburu barnera. h kokatuko da paperezko zuhaitzaren azpian, zain. Laster ageriko dira zenbakiak, ohiko martxa militarra eramanez.

 

1: Bat, bi, bat, bi, bat, bi... (Geldiunea egin eta formazioan geratuko dira. 8-aren gibelean h egonen da) Badakizue, ariketak egiten ez baditugu gero ezin izanen dugu egon sasoian. Sasoia galduta badakizue zer gerta dakigun: balioa galtzea! Aizu, 2 zuri gustatuko litzaizuke orain zaren bezalakoa izan beharrean pittin bat txikiagoa izatea, nagitsua izanagatik? Adibidez 1,92 izatea... Ez, prefosta... inori ez zaio gustazen itxura aldatzea. Letra madarikatuak salbu, horiek aparte kontsideratu behar ditugu. Indartsu segitu behar dugu egoten, letrei jipoi galanta emateko. Gimnasiak lagunduko gaitu letrak menperatzen. Hau errana, has gaitezen: Bi: hiru gehi lau?

2: Zazpi!

1: Hiru: zenbat da lau ken bi?

3: Bi!

1: Hagitz ongi... bortz: zenbat da bi bider hiru?

5: Sei!

1: Primeran! ...ea ba, zortzi: zortzi ken zortzi?

8: Zero patatero!

1: Ongi da, zero bai... patatero ez dut uste, halere. Eta orain, egin ditzagun jauziak.

 

8a kalkulagailuan sartuko da eta lau kubo aterako ditu. Kubo bakoitzean simbolo bat dago idatzita: +, -, x eta +. Lerraturik paratuko ditu metro bat utziz oztopoen artean. Bitartean zenbakiak begira daude. h letra bezala.

 

1: Ea, guztiok egin behar dugu jauzi. Animo, Santa Algebrak zain gaitzala! (Honek eginen duena gainerakook errepikatuko dute, hau da 2, 3, 5 eta 8, h zain geratuko da)

            (Lau saltoak elkarren segidan eginen ditu. 1. jauzia: gehiketaren gainean): handiagoa naiz! (2. jauzia: kenketaren gainean): txikiagoa naiz! (3. jauzia: biderketaren gainean) askoz handiagoa naiz! (4. jauzia: zatiketaren gainean) askoz txikiagoa naiz! Zenbaki bera naiz!

 

zenbaki guziok aplikatu dute erretorika bera. h dago bertze aldean, agerian, geldo eta beldurrez.

 

1: (Naturaltasunez, deus jakinen ez bailuen) Zure txanda da, ea jauzi egin!

 

h-ek beteko du manatua, baina manera baldresean, estrapozoka, agerian utziz bera ez dela zenbakia. Amaiturikoan i-aren aitzinean kokatuko da, etsirik eta beldurrak airean.

 

1: (Kopeta ilun) Emadazu oraintxe bertan zure nortasun zenbakia (h-ak ezulertzearena eginen du). Zer uste zenuen, inuxente hori, ez genekiela zelatari lanak ari zinela egiten? Bi, hiru eta bortz!, bota ezazue hizki nardagarri eta zikin hau gure eremu matematikotik. Ostikoka ahal baduzue! ...eta gaiztoagoak izateko, ken iezaiozue antena, horrela ezin izanen du zelatari ibili bertze behin ere ez!

 

zenbakiok nagusiak erranikoa beteko dute: ostikoka aterako dute h gizajoa. Antena kenduko diote barren artean, sadismo puntu bat gordeko dutelarik.

 

1: 8, batu itzazu kuboak. Bertzeak, goazen kanpamendura: bat, bi, bat, bi, bat, bi, bat, bi... (Lerroturik sartuko dira, atera diren era berean)