Ezin dut egia esan
Jokin Oregi
Ezin dut egia esan
Jokin Oregi
Artezblai, 2005
Ezin dut egia esan
Jokin Oregi
Artezblai, 2005
[aurkibidea]

 

Amaia

 

Udazkena da. mikel etxetik atera da, galtza marroiak eta jertse beltza soinean. Eskuak igurtzi ditu, hotz egiten du. Etxe barrurantz hizketan hasi da.

 

MIKEL: Hotz handia egiten du, eguerdirako uztea hobe dugu, orduan giro hobea egin dezake eta. Zer iruditzen?

INES (OFFEAN): Nahiago orain.

MIKEL: Ongi da.

 

mikel hondartzara jeitsi eta ataritik aldendu da. Buelta hartu du eta atarira begira jarri da. ines dator, oinez, halamoduz, trakets, bastoia lagun duela. Lehen ahoskatzerakoan zuen zailtasuna orain ez da hain nabarmena.

 

INES: (Kexuka) Ez didazu lagundu behar?

MIKEL: Ez ba, gaur bakarrik egin beharko duzu. Itxaron baina, begira niri, geldi hor.

 

mikelek argazkia egin dio. ines hondartzara dator.

 

INES: (Pozarren eta duda-mudatan) Zure beso gihartsu eta sendoez ahaztu egin behar dudala esan nahi al du honek?

MIKEL: Tamalez hala behar du.

INES: Ez dakit ba, erreabilitazioaren alde hau ez dut batere atsegin, ez al gabiltza bizkorregi?

 

mikel hurbildu eta musu eman dio ezpainetan.

 

INES: (Lotsak zipristinduta) Zergatik hori?

MIKEL: Gaizki iruditzen?

INES: (Maiteminduta) Ez, ondo dago.

 

mikelek bastoia kendu dio eta inesengandik urrundu da.

 

INES: Zertan zabiltza?

MIKEL: Seguru nago egin dezakezula. Zain naukazu.

 

ines saiatzen da eta lortu du mikelen ondora iristea. Besarkatu egin dira. ines emozioak jota dago, bastoia eskuratu du autonomia eske.

 

MIKEL: Laster itsasoan igeri egin ahal izango duzu.

INES: Eta orain egiten badugu?

MIKEL: Hotz handiegia egiten du, gaixotu egingo zara.

INES: (Etsita) Zer egingo diogu ba, bizitzan ez dago nahi adina egiterik.

 

biak itsasora begira daude.

 

INES: Luciak gezurra esan zizun, Mikel.

MIKEL: (...)

INES: Nik maite zaitut, beti maite izan zaitut. Oraindik ere gogoan dut elkarri eskutik oratu genion lehen aldi hura. Bartzelonako kamarero haren lepotik barre egiteko egin genuen, senar emazte ginela uste izan zuelako. Egia izatea desio nuen, munduak eman ziezagula aukera hori. Senar emazte izan, une batez bazen ere. Zuk ez didazu sekula aitortu, baina seguru nago zuk ere maite nauzula.

MIKEL: Badakizu baietz.

INES: Zergatik egiten duzu negar?

MIKEL: Ez dakit ba, pozaren pozez beharko, ez dut negar askorik egin azken boladan...

INES: Egizu negar ene bihotza.

 

inesek beso artean hartu du mutila.

 

INES: Zenbat hilabete egin dut hemen?

MIKEL: Ia zortzi hilabete.

INES: Denbora asko da, ederto zaindu nauzu.

MIKEL: Ez ba, zuk zaindu nauzu ni. Hala da. Lortu ez duzun bakarra nire lanak garaiz entregatu ditzadan izan da. Editorea zeharo aztoratuta dabil kontu horrekin.

INES: (Irri) Guztiok dugu akatsen bat, zurea zure editorea da. (...) Ni berriz, apetatsua naiz eta oraintxe bertan bainua hartuko dut.

MIKEL: Ines...

 

inesek musu eman dio.

 

INES: “Udazkeneko bainuak uxatzen ditu katarruak”, ez al zenekien?

MIKEL: Horiek aspaldiko kontuak dira, Prestigea hondoratu aurrekoak.

 

ines itsas ertzerantz doa.

 

INES: Pisua zara gero galipotaren kontu horrekin. (Geratu da bat-batean) Mikel, imajinatzen al nauzu haurdun, tripa handiarekin?

MIKEL: (Zirarraren zirraraz ez da ezer erantzuteko gauza)

INES: Nik ere gauza bera uste dut, oso guapa egongo nintzatekeela.

MIKEL: Ines...

 

koldo atera da etxetik. Beltzez jantzita dago hau ere. Kopa bat eskuan duela dator. ines oraindik ere han dago baina koldok ez du ikusiko.

 

KOLDO: (Apur bat mozkor) Hara, Mikel, aurkitu zaitut azkenean. Zer moduz?

MIKEL: Tira...

KOLDO: Ia... Elizkizuna ederra izan da, benetan... gustatu zait. Oso txukuna. Lucia zure bila dabil.

MIKEL: Berehala joango naiz.

KOLDO: Gertatu dena ez da zure errua, Mikel, Ines inprebisiblea zen erabat, ondotxo dakizu zukhori... (...) Atsegin dut hilerria, Luciak leku aproposena aukeratu du... Agian zuk aukeratu duzu? (...) Ez dio axola. Hainbeste maite zuen lekuan egongo da, bejondeiola...

 

mikelek inesi egin dio so, oraindik ere han dago eta. inesek “adio” esan dio keinu batez, maitekiro, eta desagertu egin da. mikelek ari begira jarraitzen du.

 

KOLDO: Ezin zuen jasan istripuaren ondorengo sofrikarioa, ezin oinez ibili, dantzarako ezgauza, asko maite zuen dantza egitea... eta igeri egitea, are gehiago... Ez zen guk uste bezain indartsua... guri hala erakusten ahalegintzen zen arren. Bere buruaz beste egitearena anekdota hutsa da, harendako hilda zegoen istripua izan zuenetik, sinetsidazu...

 

lucia atera da orain etxetik. Dolu erropak soinean, hau ere.

 

KOLDO: Hemen senarra, Lucia, neronek aurkitu dut. Banoa barrura, oraindik ere ireki gabeko botila bat badagoela uste dut eta. Zera, ez dakit jakingo duzuen baina Inesen aita alaba hil baino hiru minutu lehenago hil egin zen...

LUCIA: (Zur eta lur) Hori berria da...

KOLDO: Inesek ezin izan zuen jakin, baina, badirudi patuak erakutsi nahi zigula hortxe dagoela zelatan, putakumea!

LUCIA: Inesek asko maite zuen aita.

KOLDO: Miretsi egiten zuen. (mikeli begira) Ez dut uste beste inor hainbeste maite izan duenik.

 

koldo badoa. lucia mikelen ondora hurbildu da.

 

LUCIA: Zu nirekin Donostiara etortzea nahiko nuke, badakit baina ez duzula eskeintza onartuko... beraz, zera eskatu nahi dizut... pentsatzen aritu naiz eta hona itzuli nahi dut, zure ondora. Ez dizut besterik eskatu nahi, ez dut ezer espero, benetan, baina hemen egon nahi dut, mesedez, toki hau faltan bota dut egunotan... Zera, lo goiko gelan egin nezake...

MIKEL: (Zintzo eta bestearen hitz jarioa etenda) Nik ere zu hemen egotea nahi dut. Etxea beti izan da zurea, nirea bezain beste.

LUCIA: Ni, ordea, dagoeneko ez naiz “zurea”, ez al da?

MIKEL: Ohartu zenidala esan nahi al didazu?

LUCIA: Bai ba, horixe bera. Zuk baino hobeto ezagutzen nuen nik Ines, inguruko guztiok ezagutzen genuen zuk baino hobeto.

MIKEL: Baliteke.

LUCIA: (...) Zera, Mikel, esan al zenion maite zenuela?

MIKEL: (...)

LUCIA: Banekien hala...

MIKEL: (besteak esaldia osatu aurretik) Bai, esan nion.

LUCIA: Zer?

MIKEL: Esan niola, aitortu niola maite nuela.

LUCIA: Eta? Zer esan zuen berak?

MIKEL: Ez zuen hitzik esan. Irrifarre egin zuen, apal, gero begiak itxi zituen... eta hil egin zen.

LUCIA: (Isilune luze baten ondoren) Ez duzu jendea agurtu behar?

 

lucia eta mikel etxerantz doaz. Sartu da lucia. mikelek buelta eman du. ines agertu da. Dagoeneko ez du bastoirik behar, normal dabil. Elkarri begiratu diote. mikel etxean sartu da. ines kanpoan geratu da. Bukatu da.