Aurkibidea
Hitzaurrea Patxo Telleria
Aurkibidea
Hitzaurrea Patxo Telleria
A
Emakume bat (ines) presaka atera da etxe bateko terrazara. Goibel dago. Gaua da. Hiriko burrundaia apaldu da. Hogeitamar urte beteak ditu inesek. Terrazan, aurretiaz ikusi ez dugun gizonezko bat dago (mikel), neskaren adin beretsukoa.
MIKEL: (Isilune luze baten ondoren) Hobeto?
INES: (Buru makur) Primeran...
MIKEL: Hitz egiterik nahi?
INES: Ez, nahiago ez. (inesek buelta eman eta mutilari begira jarri da. Maitekiro) Utz nazazu bakarrik, mesedez.
MIKEL: Hori al da nahi duzuna?
INES: Bai, hobe duzu alde egin.
MIKEL: (emakumeari irria sorrarazi nahian) Zuk gonbidatu nauzu ba hona...
INES: (Irri) Sentitzen dut.
MIKEL: Ez ba, gau osoan ez da egon gauza interesanteagorik.
INES: Deituko dizut eta hitz egingo dugu, ados?
MIKEL: (Atsekabe printza batekin) Urtebete pasa da zure azken deia jaso nuenetik...
INES: Urte eta erdi zuk deitu zenidanetik... Horrek zerbait esan nahi du, ez duzu uste?
MIKEL: Ondo da, banoa hala nahi baduzu.
INES: Hobe da horrela.
MIKEL: Hobe da horrela.
mikel ez doa inora.
INES: Ez zoaz?
MIKEL: Besteekin itzuliko zarela hitz eman behar didazu aurrena. Egizu negar nahi beste, egizu garrasi eztarria urratzeraino, leku aproposa duzu hau horretarako... Baina itzuli.
INES: (Terrazatik beheko kalera begira. Isilunea) Itzuli egingo naiz. Denok dakizue itzuliko naizela. Koldok atsegin du ni umiliatuta ikustea itzultzen naizen bakoitzean. Badaki egunen batean ausartuko dela maletak hartu eta etxetik alde egiten, baduela horretarako nahikoa indar. Horrela boteretsu sentitzen da. Dagoeneko ez nau aguantatzen. Horixe da egia, badakizu beraz.
MIKEL: Eta zuk?
INES: Ea maite dudan? (...) Sekula ez didate galdera hori egin. Koldok berak ere ez. (...) Koldok okela gordinegia mahaira atera duenean zutaz oroitu naiz. Oraindik ere gorroto diozu okela gordinari, ala? Koldo tematuta dabil azken boladan ahalik eta gordinen jan behar den kontu horrekin... Zure esaldia gogoratu dut: Inoiz ez dut okela gordinik jango, baliteke gustatzea eta.
MIKEL: Pisua naiz gero.
INES: Ez dut esaldi horren esanahia sekula ulertu.
MIKEL: Ez duelako ezer esan nahi. Gustuko dut esaldi zentzugabeak esatea, besterik gabe. Ume-umetatik dudan afizioa da. Norbaitekin nagoenean isiluneak ezin ditudalako jasan gertatzen zait.
INES: Horretan badugu antza biok.
Une horretan beste gizon bat dator (koldo). koldok berrogeitamar urte inguru ditu, betegabeak halere. mikel ondoan izango duen arren, ez du ikusiko ez entzungo. inesek ez dio mikeli begiratuko aurrerantzean, eszena hau bukatu artean behintzat.
KOLDO: (Minduta) Ederki, lortu duzu nahi zenuena. Berriro ere lagunarteko afariko izar bihurtu zara.
INES: Ez nuen espero nire bila etorriko zinenik. Senar kezkatuaren plantak egin behar zenituen zure unibertsitateko lagun aspergarriaren aurrean? Edo haren emazte panpoxa inpresionatzeko egin duzu?
KOLDO: Badakizu? Alde egin dute guztiek. Bakarrik gaude zu eta biok. Dagoeneko gure gonbidatuak ez dira larritzen zure gorabeherekin. Inor ez da geratu zure eszena txalotzeko.
INES: Garai batean barre egiten zenuen ba “eszena” horiekin...
MIKEL: Esaterako bere kotxe gainera igota zurekin ateratzeko erregutu zenionean...
INES: Atsegin zenituen...
MIKEL: Zoriontsu egingo zenuela zin egin zenion ohiuka, ez zegoela munduan zoriontsuago egingo zuen emakumerik...
INES: Konturatu naiz zelan begiratzen zenion.
KOLDO: Ez esan txorakeriarik! Gaixo zaude, ez al zara ohartzen? Ez da zentzuzkoa, ez da normala norbaitek zure lagun Luciaren koadroa kritikatzeagatik jarri zaren moduan jartzea.
INES: Zure laguna ere bada, ahaztu egin al duzu?
KOLDO: Ez, Jainkoarren.
INES: Eta zer egin nezakeen ba, ezin dut jasan etxera datorren edozeinek gure koadroak kritikatzen hastea, zer dakite horiek? Lucia ez zegoen ondo koadro hori margotu zuen garaian eta gainera...
KOLDO: Beraz onartzen duzu ez dela koadro borobil-borobila.
INES: Ez dut ba onartuko, ondotxo dakit hori, baina horrek ez dio axola, koadroak ez dio axola... Luciak bai ordea, koadro zoragarriak, kilikagarriak margotzeko gai zen Lucia... Eta halere, dagoen dagoenean egin zuen, ez zuen apurtu, edo ezkutuan gorde, ez zion bizkarra eman... Ezin izan zuen hobeto egin, besterik gabe... (...) Badakizu zergatik erosi nion Luciari? Koadroa beregandik urruntzeko. Ez dakit ondo egin nuen, ez dakit. Margotu zuen azkena izan zen. Harrez geroztik ez du bakarra ere pintatu, bakar bat ere ez.
KOLDO: Zergatik jokatzen duzu haren amatxo izango bazina bezala? Zergatik uste duzu hain ahula dela?
INES: Ez da hori egia...
KOLDO: Luciak guk biok adinako indarra du.
INES: Badakit...
KOLDO: (...) Goazen barrura, Ines. Hotz handia egiten du.
MIKEL: Ahaztu egin du nola itzuli zinen beregana, harremana hautsi eta egun gutxira, lehen aldia zen zuon artekoa bertan behera uzten zenutela. Etxeko atarian egon zinen haren zain, eskaileretan eserita. Ilea buztita zenuen, egun hartan euria ari zuen eta. Oinak berriz, hotzak.
INES: (...) Aitari bisita egin diot gaur.
KOLDO: (...) A... nola dago?
INES: (Tristeziak jota) Larrosa baten pareko.
Badoaz. mikel bakarrik geratu da oholtza gainean. Ilun.