Aurkibidea
Hitzaurrea Patxo Telleria
Aurkibidea
Hitzaurrea Patxo Telleria
B
Egurrezko ataria oholtzaren atze aldean, ikusten ez den etxe bateko atzeko sarrera dena. Handik proszenioraino hondartza eta aurrerago (Ikusleak dauden tokia) itsasoa. Atarian emakume bat dago (lucia), egurrezko eserlekuan eserita. luciak hogeitamar urte beteak ditu. mikel atarira irten eta handik hondartzara abiatu da. Buelta hartu bezain laster konturatu da lucia hor dagoela, aurretiaz ez da ohartu ere egin. Argazki kamera atera du.
MIKEL: Begiratu itsasorantz, Lucia, haratago, horizontera...
Argazkia egin dio.
LUCIA: (Emozio izpirik erakutsi gabe) Inesek deitu du. Bisitan dator.
MIKEL: (Emozioari eutsi nahian) Primeran. Aspaldi ez gara harekin egon... Eta Koldo?
LUCIA: Ez dit hura aipatu, bakarrik datorrela suposatu dut.
MIKEL: (Isilune luzea) Zer egingo duzu gaur, margotu egingo duzu?
LUCIA: Bai, baliteke. Zergatik galdetu didazu?
INES: Zera... Pintzelei hautsa kentzen ikusi zaitut lehen eta...
LUCIA: Ez naiz konturatu begira zeundenik... (...) Berriak erosi beharko ditut, pintzeletako bat puskatu egin zait. Eta zu? Esan behar al diezu behingoz nagusiei bukatu duzula itzulpena?
MIKEL: Ez, oraindik ez. Errepasoa eman behar diot.
LUCIA: Primeran dago barren.
MIKEL: Hobe, denbora gutxiago beharko dut.
LUCIA: Badirudi dagoeneko ez duzula atsegin zure lana...
MIKEL: Batzuetan bai... Testuren batek erakartzen nauenean...
LUCIA: Ez duzu interesgarririk aurkitzen ala?
MIKEL: Bai, baina gero eta gehiago kostatzen zait horietako bat aurkitzea.
LUCIA: Exijenteegia bihurtu zara.
MIKEL: Lehen ere hala nintzen.
LUCIA: (...) Arrantzan egingo duzu?
MIKEL: Bai, baliteke.
mikel itsasora begira jarri da. lucia etxean sartu da.
MIKEL: (Bere kautan) Ines...
Orain ines agertu da lucia desagertu den leku beretik.
INES: Ez duzu txirrina entzun?
MIKEL: Ez. Hemendik ez dago entzuterik. Esan dit Luciak etorriko zinela. Pozten naiz. Arrantzara joateko asmoa dut, etorri nahi?
INES: Eta Lucia?
MIKEL: Margotu nahi omen du, baina ez dakit, beti esaten du gauza bera eta gero...
INES: Ze ondo hala balitz...
MIKEL: Pozten nau zu hemen ikusteak. Zure falta izan dut.
ines lotsak harrapatu du derrepentean.
INES: Zergatik ez didazu hots egin?
MIKEL: Itzulpenarekin nahikoa lan izan dut eta...
INES: (Ausart) Ez dut uste ondo aterako litzatekeenik.
MIKEL: (Harrituta) Zer?
INES: Gure artekoa.
MIKEL: (Goibel) Zalantza bera dut nik ere... zera... ondotxo dakidala esan nahi dut.
INES: Asko maite zaitut eta zugandik gertu behar dut egon baina...
MIKEL: (Haren jarioa eten du) Nik, aldiz, nahiago zenbat eta urrutiago, zu maitatzen jarraituko badut.
INES: Nire beldur zara?
MIKEL: (...) Bai, ezerk ez nau beldurtzen zuk adina, zure isiluneei beldur diet, pentsatzen duzun horri beldur diot, esango duzunari, esateko erari, esaterakoan begiratuko didazun moduari, edozein keinuk egin diezadake min, min zorrotza da, liztorraren ziztadak bestekoa. Niri min emateko gaitasun harrigarria duzu. Bai, jakina, beldur handia dizut... baina maite dut izu-ikara hori, maite dut dakidalako, egunen batean, bat-batean, derrepente, eskutik hartu eta zurekin eramango nauzula, korrika, belar luzeko soroetan barrena, antxintxika, nekeak jota lurrera jausi arte, eta han geratuko gara kuzkurtuta, elkarri begira... loak hartuko gaitu... elkarri begira.
INES: Maitasuna ez al zen orduantxe agortuko?
MIKEL: Ikusten? Min eman didazu orain ere.
mikel etxera hurbildu eta barruruntz egin du so.
MIKEL: Luciak badakiela uste duzu?
INES: Ez dakit. Esan egingo diozu?
MIKEL: (Akituta) Ez, zertarako? Zatoz, goazen arrantzan egitera, itsasoa primerakoa dago.
gizona atarira joan eta han dagoen saski batetik arrantzarako tresneria atera du.
INES: Ondo da, zorabiatzen ez banaiz, gaitzerdi.
MIKEL: Itsas ertzeko puntu jakin bati begiratzen badiozu ez zara zorabiatuko. Inportantea da lurra beti begibistan edukitzea.
INES: Arrantzaleak joaten dira ba haratago, begibistan ura besterik ez duten lekuetara...
MIKEL: Eurentzako kalte...
Badoaz etxea atzean lagata. lucia ageri da orain atarian, mikel aurkitu nahian dabil, edonora begira. mikelek zabaldu duen saskia ikusi du eta jakin du arrantzara joan dela. ines agertu da atetik.
LUCIA: Arrantzara joan da, aparejoak eraman ditu...
INES: A ze inbidia, ni ez naiz gai itsasontzian ibiltzeko, itsasoa bare-bare egonda ere ez.
LUCIA: (Itsasora begira, kezkatuta) Gaur ordea ez dago itsaso onik, haizea dabil eta itsasoa zakartu egingo da... Laster itzuliko da, badaki etortzekotan zinela.
ines hondartzara jeitsi eta oinutsik jarri da.
INES: Bilbotik atera naizenetik ez nuen besterik buruan. Hau gozatua!
LUCIA: (Irrifartsu) Zoro halakoa, hoztu egingo zara.
INES: Hona etortzen naizen bakoitzean etxea saldu eta hemen berria erosteko gogoa pizten zait... Baina ez dakit ba, hemengo errepideek ez didate ongietorri berorik egiten, bigarren aldia da gurpila zulatzen dudana.
LUCIA: Benetan?
INES: (Esku zikinak erakutsiz) Bai ba, hemendik zazpi bat kilometrora. Auto bakarra ere ez da geratu niri laguntzeko, zer deritzozu?
LUCIA: Inguru honetan oso lagun gutxi bizi gara, mesfidati samarrak guztiak, batez ere ezezagunekin.
INES: Oinez etortzeko gogoa izan dut. Baina beldurtu egin naiz, baten batek autoa lapurtuko ote zidan beldurra...
LUCIA: Hara, beldurra! Mikeli antzeko zerbait gertatu zitzaion orain pare bat hilabete, baina alderantziz. Autoarekin arazoak zituen gizon bati laguntzeko geratu zen. Ba, hara, agureak Mikel hurbiltzen ikustean aterkiarekin mehatxu egin zion bakean uzteko aginduz. Gizona zeharo ankertu omen zen. Mikelek autoa eramango ziola edo uste izan zuen hark, edo eraso egingo ziola karterako sosak kentzeko, batek daki... Mikelek buelta erdia hartu eta han utzi zuen zaharra bere arazo eta izuarekin.
INES: Horrelakoak hiri handietan bakarrik gertatzen zirela uste nuen...
LUCIA: (Esaldia azpimarratuz) Ez dakit zerk beldurtzen gaituen gehiago, bakardadearen isiltasun jasangaitzak edo eta hiriko burrunda zekenak. En fin, kontua beldurra edukitzea da.
INES: Mikelek beldur handiagoa dio isiltasunari.
LUCIA: Zergatik diozu hori?
INES: Ez dakit ba, noizbait hala esango zidan.
LUCIA: Niri ez dit ba halakorik aitortu’ Berdin dio, Mikelek gauza bat behin esaten duenean dagoeneko mundu osoari esan diola uste izaten du.
INES: Hasi al zara margotzen?
LUCIA: Ez, oraingoz ez. Denbora behar dut...
INES: (Zintzo) Oso guapa zaude.
LUCIA: Zu bai guapa... beti bezala.
INES: Mila esker. (Lagun) Piper beteak ekarri dizkizuet, Bilboko goxoenak.
LUCIA: (Zirraraz) Egaņanekoak?
INES: Ez ba, denda berria ireki dute etxe azpian, hauek askosaz hobeak dira...
LUCIA: (Sinesgogor) Egaņanekoak baino hobeak?
INES: Zalantzarik gabe, alde ederra. Mikeli ere gustatzen zaizkio piper beteak?
LUCIA: Mikeli dena gustatzen zaio. Begira, han dator. Nola dago zure aita?
INES: (Kopetilun) Azkenetan.
LUCIA: Sentitzen dut.
mikel arrantza egitetik dator. Pozarren dator arrain handia eskuan dakarrela.
MIKEL: Zer iruditzen? Gaur arraina jango dugu, ez galdetu ze izen duen ez dakit eta, ez dut inoiz halakorik ikusi. Grosse legume deitu ahal diogu, izan ere, Frantziako uretan hartu dut eta potoloa bada behintzat...
mikelek musu eman dio matrailean inesi.
MIKEL: ...Gurekin bazkalduko duzu, ez da?
INES: Kontua da egun batzuk hemen egitea nahiko nukeela, traba handiegirik ez badizuet egiten behinik behin... Koldo eta biok utzi egin dugu gure artekoa.
luciak mesfidati begiratu dio inesi. mikelek lurrean iltzatu du begirada. Ilun.