Ezin dut egia esan
Jokin Oregi
Ezin dut egia esan
Jokin Oregi
Artezblai, 2005
Ezin dut egia esan
Jokin Oregi
Artezblai, 2005
[aurkibidea]

 

HIRUGARREN ATALA

 

koldo hondartzan dago itxaroten, udako erropak soinean, izerdia bekokian, lore sorta eskuan. Halako batean, lorak hondarrera bota ditu, ez haserre, bai, ordea, goibel. mikel atera da etxetik. Lipar batez koldori begira egon eta badoa haren ondora.

 

KOLDO: En fin, zer egingo diogu ba? Ez nau ikusi nahi, egia esan ez dit ezer zor. Gutxienez izaera ez zaio aldatu eta horrek pozten nau. (...) Cardiffeko unibertsitatean lan egiteko aukera eskeini didate, eskeintza onartu egingo dudala uste dut. (Txistea egin nahian) Hala ere, margolaritza baztertu egin beharko dut, hango kritikoak anker hutsak omen dira, basapizti gupidagaitzak, eta okerragoa dena, arrenkuratsuak. Nere fantasietako bat beti izan da uharte batean bizitzea, ba hara, haurtzaroko ametsa bete ahal izango dut. Zuk bete al duzu umetako ametsik, Mikel?

MIKEL: (Apal) Ez dakit ba, baten bat beteko zela suposatzen dut.

KOLDO: Ez al zaude ziur?

MIKEL: Denok bizi gara irla batean. (Esan duen ergelkeriagatik damu da)

KOLDO: “Bide orok itsasoa du helmuga... eta han zain dago heriotza”. Ez al didazu aitortuko?

MIKEL: Aitortu?

KOLDO: Zoriontsu bizi al zara hemen? Atxagak liokeen moduan, “zoriontsu al zarete mugaz bestaldekoak”?

MIKEL: Lekuak ez du zoriontasunarekin zer ikusirik...

KOLDO: Egia borobila, galdera inozoa zen. (...) Hala ere, ez duzu uste andaluziarrak gu baino alaiagoak eta zoriontsuagoak direnik?

MIKEL: Dibertigarriagoak, baliteke, baina zoriontasun kontuetan pareko gabiltzalako susmoa daukat.

KOLDO: Orduan “maitasuna” baino ez zaigu geratzen...?

MIKEL: Maitasuna, besterik ez.

KOLDO: Maitasuna berdin sexua?

MIKEL: Litekeena da. Zuk badakizu hori.

KOLDO: (Bekokiko izerdia batu du zapiaz) Bero nazkagarria.

MIKEL: Tenperaturak gora egingo omen du gainera, hala iragarri dute.

KOLDO: Itogarria da.

MIKEL: Arratsalde partean eraman errezagoa izaten da, hor bestela, itsas ertzean.

KOLDO: Autoko girotzailea izorratu egin zait. Sinestezina...! Bi urte bete berriak ditu autoak, eta hara!

MIKEL: Barrura joan nahi duzu?

KOLDO: Ez, banoa, berandu egin zait.

 

Badoa.

 

KOLDO: (Atzera begiratzeke) Eman gorantziak Luciari nire partez. Orain ez zarete hainbeste elkarrekin egongo, ez da? Amigo, ospearen ajeak, badakizu.

 

Joan da. mikelek loreak batu eta etxera eraman ditu. Handik gutxira berriro agertu da. Atariko eserleku bat hartu eta hondartzara jeitsi du, itsas ertzetik ahalik eta gertuen utzi du, betiko errutinan ari dela dirudi. Gero etxean sartu da berriro. Handik gutxira berriro dator besoetan ines hartuta. mikelek ines hondartzara jeitsi duen eserlekuan jarri du, neskak begietara so egiten dio. Eseri ondoren, ines itsasoari begira jarri da.

 

MIKEL: Hemen goxo-goxo egongo gara.

INES: Hotzak nengoen. (Ahoskera ez da zeharo garbia, ezpain mutur bat paralizatuta duelako)

MIKEL: Itxaron.

 

mikelek beste aulki bat hartu du inesen ondoan jartzeko. ines kostata dabil hobeto jarri nahian. mikel bere ondoan eseri da azkenean.

 

INES: Ospa egin al du kabroi horrek?

MIKEL: Bai.

INES: Ea betiko den... Horrela ikusi nahi nau hark, barre egingo luke gogotik...

MIKEL: Ines...

INES: Egia da eta, zuk ere badakizu hori... Nire bila etorri dela esan dizu?

MIKEL: Ez, agian Cardiffera joango dela esan dit... lanera.

INES: Ikusten? Ihesean dabil.

MIKEL: Zeren ihesi?

INES: Nigatik balitz..., baina ez da hori arrazoia, porrot egin du eta ihesi doa. Sasi irakaslea izan da beti, bigarren mailakoa... Cardiff, lanpostu hori bera orain bi urte eskaini zioten eta orduan uko egin zion birritan pentsatu gabe, bere karreran atzerapausoa egitea litzatekeela zioen, handiuste halakoak...

MIKEL: Ihes egitea alternatibetako bat besterik ez da, ez dut uste beste aukera batzuk baino eskasagoa edo okerragoa denik...

INES: (Ironiaz) Egia, badago beste bat, geldirik egotea, ezer egin gabe, goiari eustea, eustea eta sufritzea... laster zerbait, zerbait miresgarria gertatuko denaren itxaropenaz, derrepenteko zeozer, esnatu berritan hor agertuko dena... salbatzaile... bat batean, bizitza berria... (Maltzur) Niri halako zerbait gertatu zait.

MIKEL: Ines...

INES: Ez dut erreabilitazioan jarraitu nahi, Mikel.

MIKEL: Ez esan lelokeriarik.

INES: Zein demontre zarela uste duzu, polizia?!

 

mikelek ez du hitzik egingo.

 

INES: Sentitzen dut...

MIKEL: Badakit...

INES: Barkatu, Mikel.

MIKEL: Zoaz pikutara, beti berdina egiten didazu.

 

ines barre algaraka hasi da.

 

INES: Arrazoi duzu, gaiztoa naiz. Pastilek dute horren errua. Noiz eramango nauzu arrantzan egitera?

MIKEL: Nahi duzunean.

INES: Itsasoan igeri egin nahi dut... marrazorik ez da ibiliko ez da?

MIKEL: Marrazoak txapapotejale bihurtu dira, ez dute besterik nahi, bizipoza ematen omen die...

INES: Beti zabiltza txapapotea gora eta txapapotea behera, pisua zara gero!

MIKEL: Eta zu oso gaiztoa.

 

ines barrez hasi da berriro.

 

MIKEL: (Abestu) Galipota, pota, galipota, pota...

INES: (Hau ere kantuan)

                        ... jende andanarekin hondartza itota,

                        Galipota, pota, galipota, pota,

                        Tiro egin eta arranoa bota

                        Galipota, pota, galipota, pota,

                        Autoen kearekin egingo dut oka...

 

Biek barre. ines serio jarri da, ostera ere.

 

INES: Luciak aitortu zidan egia, azkenean.

MIKEL: Zertaz ari zara?

INES: Ez dakit nola ez nintzen lehenago jabetu. Badakit zergatik ez duzuen seme alabarik eduki. Zuk ez zenidan sekula esan.

MIKEL: Luciak hala eskatu zidalako. Ez nuen ondo egin.

INES: Horregatik utzi zion margotzeari, umetokia kendu ziotelako.

MIKEL: Hala da.

INES: Nik uste nuen gurea jakin zuelako utzi ziola margotzeari, Bartzelonan gertatutakoagatik..., harroputza naiz, gero.

 

ines mikelen eskuaren bila dabil. Haien eskuek bat egin dute. Baina, norbait datorrela eta, askatu egin dituzte eskuok. lucia da atari aldetik datorrena, oso guapa eta lirain.

 

LUCIA: Hara, hemen zaudete, non bestela? Nola ez dut lehenago igarri, “itsaso anaiaren adoratzaileak”. Ez al zarete zorabiatu dagoeneko hainbeste joan etorrirekin? Hau zorabioa, jainko maitea.

 

mikel zutitu da eta musu eman dio luciari.

 

MIKEL: Zer moduz, maitea?

INES: Zelan dago Europako margolaritzan jaio den izar berria?

LUCIA: Ez adarrik jo, gero.

MIKEL: Esan al dizute zerbait?

LUCIA: Angelek dioenez, “egina ziok”, baina ez dakit, beldur naiz, aterako ez balitz kolpe handia jasoko nuke. Hain azkar gertatu da guztia.

INES: Ez izan ikaratia Lucia, orain ez.

LUCIA: (Minduta) Ez naiz ba, eta hala balitz zuri bost axola.

INES: Nahiago nuke lortuko bazenu. Koldoren ezkutuko ilusiorik handiena Berlinen bere koadroak erakustea da, hark baino lehenago lortuko duzula jakiteak narrituta nauka zeharo...

LUCIA: Gaur Donostian egon naiz, oinez ibili naiz handik eta hemendik, aspaldiko txokoak bisitatu ditut. Kilikilia sentitu dut, Mikel. Zer moduz hara itzuliko bagina, hirurok joan gaitezke, zer diozue? Berlinekoa aterako balitz, ez genuke etxe hau saldu ere egin beharko.

INES: Koadroak erakustea noiztik da hain errentagarria ba?

MIKEL: Hango erakustazokan parte hartze hutsagatik koadroen erdia erosten dizute... kontratuz.

INES: Hara! Hori diru asko da...

LUCIA: (inesi) Ez baduzu nahi ez duzu zertan Donostiara etorri behar gurekin.

INES: (...) Donostia ondo dago.

 

luciaren sakeleko telefonoa zarataka-kantuan hasi da. Hartu du. Beste biak hari begira daude, jakinminez.

 

LUCIA: (biei) Ez da Alemaniatik..., sentitzen dut, oraintxe nator.

 

biengandik urrundu da, etxerako bidea hartuta. Barruan sartu da.

 

INES: Pozik dago.

MIKEL: Hala da. Merezi zuen. (...) Barkatu, ez nuen hori esan nahi.

INES: Zergatik ba? Nik ere merezia daukat, abiada biziegian nindoan.

MIKEL: Ines... Ondo egongo zara aurki, ikusiko duzu.

INES: Ez dakit ba, nere bizitza pikutara bota dut. Koldorekin huts egin nuen, altzariak saltzen ibiltzea ez dut atsegin, ez lehenago bezala, behintzat... Lehenago bai, gustatzen zitzaidan, batez ere bezeroen etxeetan sartzen nintzenean eta etxea txukuntzen laguntzen nienean... Zenbat bikote zoriontsu ezagutu dudan... Zelan egongo dira orain? Elkarrekin jarraituko ote dute? Gure altzariak ondo zainduko al zituzten? (Txistea egin nahian) Agian txiki-txiki eginda daude dagoeneko, hango burruken biktima isilak... Bigarren aukerarik egon daitekeela sinesten al duzu, Mikel?

MIKEL: Bai, zergatik ez.

INES: Koldoren ondora itzuli behar dudala uste al duzu?

MIKEL: (Minari gailenduta) Ez dakit ba... Berak maite zaituela dirudi.

INES: (Nostalgia begietan) Nik ere maite izan nuen. Zeharo maiteminduta egon nintzen harekin. Gizon interesantea zen, zentzuzkoa... gehienetan...

MIKEL: (Min egiteko asmoz) Aita baten pare, orduan.

INES: Ez... baliteke. Berdin dio, non geratu da hura guztia? Portzierto, Mikel, ez eskatu berriro niri barkamenik, ezin dut jasan.

 

lucia dator ostera ere.

 

LUCIA: (Nazkatuta) Joan beharra dut, bilera dut Baionan. Afal orduan hemen egongo naiz, hala espero dut behintzat.

 

mikel lucia dagoen tokira hurbildu da. inesek ezingo du entzun bien arteko elkarrizketa. Lokartzen joango da besteek hitz egiten duten bitartean.

 

MIKEL: Lucia... Ez dut Donostiara itzuli nahi.

LUCIA: Gero hitz egingo dugu horretaz nahi baduzu...

MIKEL: Nahiago orain. Hemen geratu nahi dut, Ines zaindu nahi dut. Leku honek on egiten dio, entzun zenuen medikuak esandakoa... Laster hasiko da oinez ibiltzen...

LUCIA: Eta zer egingo dut nik? Ni hemen geratzea nahi duzu ala nahiago alde egiten badut?

MIKEL: (...) Zurea da erabakia.

LUCIA: (...) Berak ez zaitu maite, Mikel. Hasieran baietz uste nuen, baina orain badakit ez dela horrela.

MIKEL: Badakit. Hori ez da baina importanteena, nik maite dut, horrek du garrantzia.

LUCIA: Azkenean ausartu zara aitortzen!

MIKEL: Sentitzen dut, Lucia...

LUCIA: Bai zera... (Gogor) Ez da zuk uste bezain ona, Mikel, orain zure beharra du, baina gero? Gero hala ez bada hor utziko zaitu edozein zabor kontenedoretan botata. Zer egingo duzu orduan?

MIKEL: Dendara joan erropa berria erostera?

LUCIA: (Irri) (...) Zure buruari min egitea gustoko duzu beraz, pozik biziko bazara... ez da? Hori al da zure egia?

MIKEL: Inola ere ez, hobe beharrez ari naiz. Zuretzako ere irtenbide hobea da, gainera orain ez nauzu behar, zuk libre behar duzu...

LUCIA: Zaude isilik, Mikel, mesedez, ixo... Nahikoa da, arren eskatzen dizut.

MIKEL: Ondo da.

LUCIA: Hobe beharrez diozu... (...) Berriro nere ondora etorriko zaren itxaropenari eutsi ahal izango nioke, ala ez?

MIKEL: Batek daki, edonola ere ez litzateke izango guztia lehenago bezela izateko, joandakoa berreskuratzeko, aurrera egiteko baizik, dugunarekin aurrera, atzera begiratu gabe...

LUCIA: Ez dakit gauza izango naizen. Ez dut uste zure zain egongo naizenik.

MIKEL: Egiten duzuna egiten duzula ondo egongo da.

LUCIA: Galdera bat Mikel, aitortu al diozu inoiz Inesi maite duzula? Behingoagatik bada ere gustatuko litzaidake hori esaten entzutea, beste emakume bati bada ere.

MIKEL: Ez dut uste beharrezkoa denik.

LUCIA: (Gogor) Jakina beharrezkoa dela, nor zarela uste duzu? Hitz egingo dugu gauean.

 

Badoa lucia. mikel inesen ondora itzuli da berriro. neska erdi lo dagoela ohartu da. Jertsea hartu eta harekin estali du neskaren gerri eta sabelaldea. Neska esnatu egin da nahiz eta oraindik ere ez dagoen zeharo esna.

 

MIKEL: Etxean sartuko gara? Jateko zerbait prestatuko dizut.

INES: Ez, nahiago dut hemen geratu. Haize honek on egiten dit... Geratu nere ondoan, mesedez.

 

mikel lehengo lekuan eseri da.

 

MIKEL: Ines...

INES: Zer?

MIKEL: (...) Donostiara joatea nahi al duzu?

INES: Eta zuk?

MIKEL: Nik ez.

INES: Ezta nik ere.

MIKEL: Primeran.

INES: Ederto.

 

ines negarrez hasi da, apal. mikelek harrituta begiratu du. Ilun.