Ezin dut egia esan
Jokin Oregi
Ezin dut egia esan
Jokin Oregi
Artezblai, 2005
Ezin dut egia esan
Jokin Oregi
Artezblai, 2005
[aurkibidea]

 

Egia aurpegira (B)

 

lucia itsas ertzean dago itsaso zabalera so. Atarira mikel eta koldo irten dira. mikelek keinu baten bidez adierazi dio koldori lucia non dagoen. koldo luciarengana dator. mikel etxean sartu da berriro.

 

KOLDO: Zer moduz dago nire ikaslerik kuttunena?

LUCIA: Sentitzen dut zu honaino alferrik etorri izana, uste nuen Inesek deituko zizula joan egin dela esateko.

KOLDO: Badakizu nolakoa den Ines...

LUCIA: Nolakoa da ba?

KOLDO: Inprebisiblea oso. Berdin dio, pozten nau etorri izanak, aspaldi zu ikusi gabe nengoen.

LUCIA: Denbora asko, bai.

KOLDO: Ze moduz?

LUCIA: Ongi. Hau leku zoragarria da.

KOLDO: Benetan. Inesek beti esaten du hemen etxea erosi behar dugula.

LUCIA: Ondo legoke. Ines, baina, ez da zuregana itzuliko.

KOLDO: (Kezkatuta) Hori esan al dizu? Zer esan dizu?

LUCIA: Zelan unibertsitatean? Ziur nago honez gero neskato guztiak lerdea dariela izango dituzula...

KOLDO: Lucia...

LUCIA: Orain ere gonbidatzen dituzu zure ikasleak etxera, zure arte bildumarekin txora-txora eginda uzteko? Birmaniarra zen, ez da?

KOLDO: Korearra.

LUCIA: Barka beza, Korearra. Zure etxera joateko gonbitea egin zenidanean ez nion arreta gehiegirik eskeini.

KOLDO: Puritana peto-petoa eginda zaude, Lucia, ez doakizu ondo.

LUCIA: Ba banaiz, oso gainera, sinetsidazu, beti izan naiz puritanaegia, aitortzen dut, hori da egia.

KOLDO: (...) Esan al diozu inoiz zu eta biok...?

LUCIA: ...Zu eta biok maitaleak izan ginela zuk hura ezagutu aurretik? Ez, inoiz ez diot esan, konbentzituta nengoen zuk esango zeniola. Ez dakit nola eutsi diozun morboari. Inortxok ere ez daki, Mikelek salbu. Ez duzu ba usteko horregatik utzi zaituela Inesek?

KOLDO: Ez ba, jakina... izan ere, horrek ez luke izango zentzurik, baina badakizu nolakoa den Ines...

LUCIA: Nolakoa da ba?

KOLDO: Apetatsua oso. Aitortuko dizut honuntza nentorrela zuok biok imajinatu zaituztedala, berbetan... Ines hona zergatik etorri den jakin nahi nuen... Badakit lagunak zaretela, Mikel ere haren laguna dela, baina halakoetan, haserrealdietan, badakizu, ahizparen etxera joaten zen eta...

LUCIA: Orain ere haren etxerako bidean izango da, seguru.

KOLDO: Ez dakizu ziur ala?

LUCIA: Ez dit esan.

KOLDO: (...) Banoa ba.

LUCIA: Itxaron, joan aurretik gauzatxo bat erakutsi nahi dizut.

 

lucia etxe barrura doa korrika. Ia talka egin du mikelekin. Hura hiru garagardo botilakin dator. koldo dagoen tokira hurbildu da.

 

MIKEL: Egarrituta egongo zinela otu zait.

KOLDO: Hala da, mila esker.

 

koldok hartu du berea eta edaten hasi da.

 

KOLDO: Zuk ere uste al duzu honek ez duela atzera bueltarik?

MIKEL: Zerk baina?

KOLDO: Inesen eta bion artekoak.

MIKEL: (Buru makur) Batek daki... Ines inprebisiblea da oso.

 

lucia dator. Lehen margotu duen koadroa dakar.

 

LUCIA: Zure eritzia jakin nahi dut, ez dit axola gezurra esaten badidazu ere, jakingo dut zure hitzen esanahia aztertzen.

KOLDO: (Denbora behar du koadroa aztertzeko) Zerekin margotu duzu neskatilaren ilea... ?

LUCIA: Galipota da, txapapotea.

KOLDO: Hara! Interesantea. Koadro gehiago duzu?

LUCIA: Batekin ez al da nahiko?

KOLDO: Jakina, oso ondo dago. Zer deritzozu zuk Mikel?

MIKEL: Ba zera uste dut nik, Luciaren pintura irakasle ohia izateko ez diozula asko lagundu emandako erantzunarekin.

KOLDO: Koadroaz duzun iritzia galdetu dizut, ez besterik.

MIKEL: Oso ondo dagoela uste dut.

KOLDO: Nik ere hala uste dut. Koadroa ona da, Lucia, benetan, bizitasun handia du, kontrasteak ederrak dira, batez ere alde honetan, itzala hedatzen den honetan, aparrarekin egin duzun jokoa harrigarri ona da, galipotarena, ene eritziz, azaleko elementua da, soberan dago, ikutu infantilegia ematen dio koadroari. (...) Ez baduzu koadro gehiago pintatzeko asmorik ergela zarela esango nizuke. Talentu handia duzu.

LUCIA: (Zintzo) Mila esker, maisu.

KOLDO: (Zintzo) Plazerra izan da. Banoa, ez dizuet enbarazu egin nahi, laster ilunduko du. Eskerrik asko garagardoagatik.

 

Badoa. luciak hartu du bere garagardo botila eta aretan eseri da. Koadroa alboan utzi du. mikel luciaren ondoan eseri da.

 

MIKEL: (Isilunea) Margotzen jarraitu beharko zenuke.

LUCIA: Hala egingo dut.

MIKEL: (...) Zer dela eta joan da Ines?

LUCIA: Begira itsasoari, zoragarri dago, “el mar, y cuanto mar, se sale de si mismo a cada rato, dice que sí, que no, que no, que no...”

MIKEL: Ez didazu erantzun...

LUCIA: Lehengo batean Nerudaren beste olerki bat irakurri nuen. Egurrean idatzi dezaten nahiko nuke... Egongelan jarri ahal dugu... “...aquí estamos al fin, sin soledad y solos, lejos del desvarío de la ciudad salvaje” Gero jarraitzen du... “...Hasta que en ella se elevaron, gemelos, la razón y el amor, como dos alas. Así se construyó la transparencia”.

MIKEL: Ederra da.

LUCIA: Ba...!, ez zen horrela, ez dut ondo gogoratu. Gainera luzeegia da egurretan idazteko... Ahaztu ezazu.

MIKEL: Zer duzu?

 

lucia zutitu da. Etxerako bidea hartu du baina mikelek besotik hartu dio.

 

MIKEL: Lucia, mesedez...

LUCIA: (Negar malkotan) Mikel, maitea, maitea...

 

Ihes egin nahi du baina mikelek ez dio uzten.

 

LUCIA: (mikel besarkatuz. Negarrari eutsi ezinda) Laztana, maitea, nere zoriona zara, jakingo bazenu zenbat maite zaitudan... Zenbat maite zaitudan, laztana...

MIKEL: Lasai, ...

LUCIA: Maitea, bihotza...

MIKEL: Ondo da, maitea, lasaitu mesedez.

 

mikelek laztandu egiten du maitekiro. lucia bere onera dator apurka apurka.

 

MIKEL: Lasai, ondo dago dena, pasa da, maitea.

LUCIA: Ez nazazu bakarrik utzi, inoiz ez, mesedez. Inoiz ez, Mikel, mesedez, esadazu... ez didazu hutsik egingo, ez da?

MIKEL: Hitza ematen dizut, Lucia, lasai. Hobeto zaude?

LUCIA: Neurekoia naizela uste duzu hori eskatu dizudalako? Esadazu. Nire ondotik joango bazina hil egingo nintzateke. Hil. Ezin dut zu gabe bizi. Pentsatze hutsarekin larritu egiten naiz, arnasa estutu eta ito egiten naiz. Itota hilko naiz, horixe.

MIKEL: Nahikoa da, lasai. Zurekin nago, zurekin nago hemen, ez naiz inora joan. Zurekin nago. Bakarrik gaude zu eta biok.

LUCIA: Oso zoriontsu naiz, Mikel. Zuri esker naiz zoriontsu...

 

ines agertu eta atariko eserlekuan eseri da, bikoteari arretaz begira jarri da. luciak ez, du ikusiko, ez entzungo.

 

LUCIA: Guztia hasieran bezala izatea nahiko nuke. Gogoratzen? Elkarrekin joaten ginen arrantzara... eta margotu egiten nuen. Bihar arrantzara joan gintezke, zer deritzozu?

MIKEL: Ondo da, oso ideia ona da.

LUCIA: Gustoko nuen arrantzan egitea... Ondo egiten nuen gainera, trebea nintzen... Beti eskatzen zenidan zurekin joateko. Bilutsik egiten genuen igeri... larrutan ere egiten genuen ontzian, behin edo behin..., gogoan duzu, ez da, ez duzu ahaztu?...

MIKEL: Ez dut ahaztu.

LUCIA: Orain ere halaxe izango dira gauzak, lehenago bezala, ikusiko duzu. (...) Gustatzen zait zurekin hitz egitea. Barkatu negar malkoak. Ezin dut ulertu zer gertatu zaidan. Bat-batean, sabel erdi-erdian korapiloa nuela sentitu dut, bazirudien norbait tiraka ari zela korapiloari helduta, tiraka, barrurantz... pisua astuna balitz legez, hori da, baten batek zerbait pisutsua bihotzetik eskegi izan balit bezala..aingura!, norbaitek nere barrura aingura jaurti izan balu bezala, eta aingura etengabe doa jausten, zulo beltzean barrena, zulo beltz horrek zurrupatu egiten du, etengabe... burugogor. Eta badirudi desegingo zarela, ezereztatu, ondar bihurtu, ondar ale... (...) Pasa da. (...) Erotu naizela pentsatuko duzu.

MIKEL: Ez ba.

LUCIA: Ez gara gu erotuko elkarrekin egonda, ez gu. Ez dugu umeren beharrik. Zu eta biok bakarrik, inoren beharrik gabe. (...) Zer nahi duzu afaldu?

MIKEL: (...) Arraina dago, garbitu egin dut, hozkailuan dago...

LUCIA: Geratu hemen nahi baduzu, prest dagoenean abisatuko dizut.

MIKEL: Konforme.

LUCIA: Ederki...

 

lucia etxean sartu da.

 

INES: (Ataritik, dagoen tokitik altxa gabe) Esan daitekeen gauzarik okerrena dena lehen bezala izango dela esatea da, ez da?

 

mikelek irri iluna du ezpainean. ines altxa eta harengana doa.

 

INES: Ez diozu esango, ez da? Ez diozu kontatuko zer gertatu zen gure ontzi partikularrean... Bartzelonara altzari bila lagundu zenidan hartan jasotakoa... Ez diozu aitortuko nola ari ziren dardarka zure hankak, eta eskuak... niri bularra ikutzeko ez gauza, zirrararen zirraraz. Orain ere dardarra duzu eskuan hurbildu naizelako.

MIKEL: Ezin dut apenas arnasarik hartu. Umezurtz nago, bilutsik, hotzikarak astinduta, zure besoek noiz besarkatuko nauten zain, matraila zure bizkarrean ipintzerik banu... hatzamarrak zure ile artean galtzen diren bitartean...

 

Musu. lucia presaka eta larri atera da atarira. Hitz egiteko ez gauza, izua begietan. mikel eta ines banandu dira.

 

LUCIA: Jainko maitea, Mikel, Inesek istripua izan du, istripu larria!!!

MIKEL: Zer diozu baina?!

 

mikel etxera doa korrika. ines geldirik dago bere tokian.

 

LUCIA: Telebistan esan berri dute, informatiboan, haren autoa zen Mikel, birrinduta zegoen, zisko eginda. Ez dut ondo ulertu esan dutena, bizirik dagoen ere ez dakit!

MIKEL: Nola dakizu haren autoa zela? Baliteke...

LUCIA: Inesen autoa zen, Mikel...!!!

 

biak sartu dira etxean. inesek buelta erdia hartu eta ikusleei bizkarra eman die. Ilun.